Amantal, dabantal, mantal, mandar… izen ugari ditu erabiltzailearen gorputzaren aurrealdea babesten duen pieza horrek. Hitza antzinako frantsesetik (devantau, aurrealdekoa) ekarri du euskarak[1].

Errementaria, ez ohiko amantalarekin.
Errementaria amantalarekin.

Azalpena aldatu

Egun, gorputzaren aurrealde osoa, lepotik gerriraino edo gerritik orkatilaraino babesten duen pieza da. Gerritik beherakoa bakarrik denean gerrian lotzen da (mahai-zerbitzarien mantal frantses klasikoa orkatilaraino iristen zen); bularra ere babesten duena sama edo lepo atzetik pasa eta bularrean edo gerrian lotzen da. Neurri higieniko gisa edo arroparen higidura, igurtzi, zipriztin eta orbanetatik babesteko erabiltzen da eta, eskuarki, etxeko lanetan diharduenaren ezinbesteko arropa ez ezik, ostalaritzako langileen (sukaldari, zerbitzari, etab.) uniformearen funtsezko osagaietako bat da. Laneko uniforme gisa erabilita, jantzi honek erabilera asko izan ditu arrazoi praktiko, apaingarri eta zeremonialengatik[2].

Materialak aldatu

Mantalak zein erabilera izango duen, halakoa izango du osagaia:

  • oihala (natural, artifizial, sintetikoa): sukaldaritzako langileak, osasungintzakoak, etxeko lanak, eskola-umeak;
  • larrua: sommelierrak, errementariak, lorezainak
  • beruna: erradiologoak
  • PVC eta antzeko plastikoak: harraskako langileak
  • kautxua: produktu kimiko arriskutsuekin lan egiten dutenak
  • papera: erabilera bakarrekoak dira, oro har.

Gremioen tradizioari jarraiki, lanbide batzuek berariazko mantalari eutsi diote, uniformearen osagai: harakinek, alkandoraren gainetik, lerro berde eta beltz bertikalez osatutakoa, besaburu bakarrean eusten zena; arrain saltzaileak, zuria, lepo atzean lotzen zena; zapataginak, larruzkoa; arrantzaleek, galtza eta marinel jaka urdina, etab.

Formak aldatu

 
Danborradan mantalarekin.

Mantalaren formak anitzak dira, bete beharreko erabilera desberdinen arabera.

  • Soilenak, gerrian (aurre edo atzealdean) lotzen diren pieza karratuak dira eta sabela eta izterrak babesten dituzte;
  • Osatuxeagoak, eskegirik doan pieza hori gorantz luzatua daukate, bularraldea estaltzeko; luzakin hori lepo atzean lotzen da;
  • Hortik aurrerakoak, kasuan kasuko beharrei egokitzen zaizkie.

Konparazio baterako, maisu harakinak eta sukaldari buruak (XV.- XVIII. m) larruzko janzkera enblematikoa zeramaten, aiztoak eta zorrozkailua gerritik eskegita, arropa (aresti arte, biziki garestia) babesteko eta, hein handi batean, beren goi mailako estatusa adierazteko.

Historia aldatu

 
Zinta-dantzan amantalarekin.

Mantalaren irudi zaharrenak greziarrak dira. Esklabo, soldadu, esku-langile eta merkatariek exomis izeneko tunika greziarra zeramaten astegunean, hau da, oihalez osatutako bi pieza soilek eratutakoa. Hauek zilindro bat osatzen zuten, alboetan asimetrikoki elkartuta, hots, ezker sorbaldaren gainetik hartuta, harakinen amantala bezala. Antzinatean ez zen aldaketa nabarmenik gertatu: amantala gorputza edo arropa babesteko gain-jantzi gisa baliatzen zen.

XIII. mendean jada, gizonezko artisau eta sukaldariek arkume-larruz egindako amantalak janzten zituzteneko froga dugu; handik mende batera hasi ziren emakumeak janzten (neskameek eta esku-langileek, oro har). Industria Iraultzaren garaian, mantalak lanerako arropatzat hartu ziren fabriketan.

XIX. mendean ohikoa zen emakumeak etxean lan egitea eta, azpian zeramaten arropa garbi mantentzeko, mantala zeramaten, testigantza literarioek transmititu duten modura. XX. mendearen hasieran mantala ohiko egiten hasi eta modako jantzia bihurtu zen. Depresio Handia etorrita, lan gogor eta nekosoetan arropa estaltzeko batez ere erabili zen. 1940ko hamarkadan, amantalak etxe gunera itzuli ziren eta kontu jakina da arteko emakumeek ez zutela beren burua txukun ikusten horietako bat edo batzuk jantzi gabe (modelo desberdinak izaten zituzten, egin beharreko zereginen arabera).

Erreferentziak aldatu

  1. Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela, 30 or. ISBN 978 84 9172 259 5..
  2. Frankmasoneriako kide batzuek kargua adierazten duen amantala janzten dute ospakizun handietan.

Kanpo estekak aldatu