MRP (enpresaren ekonomia)

Artikulu hau ekoizpenaren antolakuntzarako sistemari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «MRP (argipena)».

MRP, ingelesez Material Requirements Planning, euskaraz Materialen Beharkizunetarako Plangintza, ekoizpen-prozesu batean behar diren osagai eta materialak behar den unean eta kopuru egokian ekoiztu eta eskuratzeko sistema bat da, gehienetan software baten bitartez aplikatua. Izakinen kudeaketarako beste eredu zenbait ez bezala, MRP metodoa eskari dependentean oinarritzen da, produktu bukatuen eskaria ezaguna delarik atzera behar diren osagai eta materialak ditu helburu, push sistema bati jarraiki. Halaber, eskari independenteko ereduetan ez bezala, eskaera-unea eta kopurua ez baizik eta beharkizunen zehaztapena du helburu. Bestalde, printzipioz segurtasun-stocka baztertu egiten duen sistema da. Bereziki muntaketa lana burutzen den enpresetan aplikatzen da, ekoizpen lote handietarako. Ikerkuntza eta garapena jarduera garrantzitsua den eta bezeroen eskariz lote txikiak ekoizten diren enpresetarako, berriz, ez da sistema egokiena. Horregatik, pull motako just-in-time ekoizpen sistemen aurkakoa dela aipatu izan da, bi sistemak bateratu daitezkeela ere irizten bada ere.

Funtsean, MRP sistema batek ekoizpenerako programa nagusi batetik abiarazten da, produktu bukatuen beharrak zehazten dituena,eskariaren aurresan finko batean oinarrituta, kopuruz nahiz denborari dagokionean. Programa horrekin batera inbentarioaren egoera aztertuta eta ekoizpen-unitate bakoitzak behar dituen osagaiak eta materialak zehazten dituen fabrikazio zuhaitza delakoa (Bill of Materials edo BOM ere deitua) baliatuz, materialen beharkizunen leherketa delakoa aplikatzen da, emaitza moduan osagaien beharrezko ekoizpenak eta hornikuntza-aginduak zehaztuz kopuruari dagokionean eta behar den unean.

MRP sistemen aitzindaria Joe Orlicky estatubatuarra izan zen 1960ko hamarkadaren hasieran. IBM enpresarentzat lanean hasi zenean, Oliver Wightekin batera, sistema informatikaren bidez garatu eta zabaltzeko aukera izan zuen.

Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.