Lurzorua hobetzeko teknikak

Lurzorua hobetzeko edo indartzeko teknika erresistentzia-propietateen edo zurruntasunaren gehikuntza moduan ulertzen da, lurzoruak jasan behar duen eraikinaren pisua jasateko eta asentu oso handiak ekiditeko. Horrela, edozein zimendapen, eraikuntza edo egitura jasan izango du bere gain. Nahiz eta teknika desberdinak bereizten diren, lehenik eta behin, lurzoruaren hasierako baldintzak erresistentziari buruz ezagutu behar dira azterlan geotekniko bat eginez.

Hobekuntza hauek metodoaren aldakortasunaren arabera behin-behinekoak edo behin betikoak izan daitezke. Adibidez, hasierako lanetan lurzoru batean behar dugun erresistentzia handia bada eraikuntza bat eraikitzeko, baina bukaeran, eraiki ondoren, erresistentzia hori eraikuntzaren asentamenduarekin lortzen bada, erabili beharreko teknika behin- behinekoa izango da.

Behin-behineko tekniken artean bi mota bereizten dira: maila freatikoa jaistea eta lurzorua izoztea.

Horrela, lurzorua hobetzeko behin betiko tratamendu teknikak dira trinkoketa-dinamikoa, aurrekarga, legar-zutabeak, injekzioak eta bibro-trinkoketa; erabilienak, alegia.

Artikulu honetan, aipatutako bost teknikak azalduko dira ondoren, nahiz eta gehiago badauden:

Trinkoketa dinamikoa aldatu

Lurzoruaren gainean hainbat tonako masa bat erortzen uztean datza, erorketa librean, hainbat metrotako altueratik. Lursailaren toki ezberdinetan errepikatu behar da prozesu hau; honela, zuloz beteta geratuko da lur-eremua. Honen helburua, lan egin behar dugun lursailaren trinkotasuna handitzea da.

Trinkoketa dinamikoa

Teknika honek lodiera handiko geruzak trinkotzea ahalbidetzen du. Gainera, aplikazio-eremu oso zabala du: uretara isuritako izaera arrokatsuko betelanetan, harea eta legar solteetan, edozein izaerako material granularretan eta zabortegi industrialetan, adibidez. Baita ere, erabilgarria da ur gutxiko nahiz maila freatikopean ur asetuko lurzoruetan eta azalera handiak tratatzeko, hala nola, petrolio-tankeak, siloak, portu-dikeak, errepide- eta trenbide-plataformak...

Aurrekarga aldatu

Trinkotze-metodo estatiko bat da; hau da, azalean karga estatikoak aplikatuz, lurzorua kontsolidatzea lortzen da etorkizuneko kargen aurrean. Honela, asentuak gutxitu eta kontsolidazio sekundarioko fenomenoak gutxitzen dira. Orokorrean, gainkarga betelanen bidez aplikatzen da. Hau da, eraikuntza-lana egin behar den orubearen gainean lurren pilaketa egiten da puntu desberdinetan, muino txikiak sortuz. Horrela, lur hauen pisuaren ondorioz, lursaila trinkoturik geratuko da. Hala ere, modu gehiago daude karga hauek aplikatzeko: ur-tankeak, maila freatikoa jaitsi, hutsunea aplikatu, aurre-karga erradialak…

Teknika honek edozein lurzoru hobetzeko balio du, nahiz eta erabiliagoa den lurzoru buztintsuetan. Aldiz, desabantaila nagusia tratamenduaren iraupena luzea dela; horregatik, askotan teknika hau erabiltzea ezinezkoa da ezartzen diren exekuzio denborak direla eta.

Legar-zutabeak aldatu

Lurzoru koherenteetan (buztintsuak eta limotsuak) erabiltzen da teknika hau. Bibragailuak sortutako putzuan legar kantitate handiak sartuz lortzen da trinkotzea.

Bibragailua, hodi antzerako aparatu handi bat da garabi batek eusten duena bertikalki. Makina hau, bibrazioz sartzen da lurzoruan, ur gutxiko lurzoru finen kasuan, edo puntako ur-txorroaren laguntzaz, ur askoko lurzoruetan.

Putzuaren ahoan botako legarra trinkotu egiten da, eta bibragailua putzutik atera ahala legarra gehitzen da zutabe bat sortuz. Horrela, inguruko lurzorua trinkoturik geratzen da, lurra desplazatzen baita legar-zutabea eratzerako orduan. Gainera, legar-zutabeek dren bertikal moduan jarduten dute, lurzoru koherentearen drainatzea azeleratuz eta ahalbidetuz, eta horrela, bere erresistentzia hobetuz.

Ondorioz, tratatutako lur-eremuaren azpialdea legar-zutabeez beteta geratuko da. Emaitza kontrolatzeko, karga- plakak erabiltzen dira zutabeen gainean.

Injekzioak, Jet Grouting aldatu

Jet grouting espresioa ingelesetik dator. Jet edo txorro bat erabiliz material bat (zementua, bentonita, nahaste kimikoak, etab.) presio handian lurzoruan injektatzean datza honako teknika. Lurzoru gogorretan, arroketan, erabiltzen da metodo hau.

Jet grouting teknikaren pausuak

Helburua zuloaren inguruan, lurzoruaren haustura orokor bat lortzea da, alboetara injektatutako materiala sartuz. Horrela, lurzoru-emultsio solido misto bat sortzen da, lurzoruak berak zuen erresistentzia eta iragazkortasun hobearekin.

Teknika hau erabiltzearen abantailak honakoak dira: zoruaren hobekuntza maila aurresangarria, iragazkortasun kontrolean maila altua, malgutasun geometrikoa, bibrazio eta zarata minimoak, beharrezko lan espazio mugatua eta inguruan eragindako nahasmena minimoa; ingurumenarentzat egokia den emultsioa soilik erabiltzen da.

Bibro-trinkoketa aldatu

Metodo dinamikoa da, lurzorua hobetu eta indartzeko. Gainera, lurzoru kohesiboetan (hareatsua) erabiltzen da gehienbat. Bibrazio bidezko trinkotzea burutzen da, legar zutabearen teknikaren antzekoa, baina legarra gehitu gabe. Bibragailuak erabiliz lurzorua trinkotzen da. Kasu gehienetan materiala gehitzen zaio lurzoruari trinkotzearen eraginez sortutako bolumen murrizketa konpentsatzeko.

Bibro-trinkotze metodoaren bitartez, honako helburuak betetzen dira: lurzoruaren karga-ahalmenaren handitzea, asentuen murrizketa, kontsolidazio prozesuen azelerazioa eta irristadurarekiko egonkortasuna hobetzea.

Kanpo estekak aldatu