Luigi Pirandello (ahoskera: luˈiːdʒi piranˈdɛllo; Agrigento, 1867ko ekainaren 28a - Erroma, 1936ko abenduaren 10a) siziliar idazlea izan zen.

Luigi Pirandello

Bizitza
JaiotzaAgrigento1867ko ekainaren 28a
Herrialdea Italiako Erresuma
HeriotzaErroma1936ko abenduaren 10a (69 urte)
Heriotza modua: pneumonia
Familia
Ezkontidea(k)Maria Antonietta Portulano (en) Itzuli
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaBonngo Unibertsitatea
Hizkuntzakalemana
italiera
Jarduerak
Jarduerakantzerkigilea, idazlea, poeta, eleberrigilea, gidoilaria eta errealizadorea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaCompagnia del teatro d'arte di Roma (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna

pirandelloweb.com
IMDB: nm0685063 Allocine: 35484 Allmovie: p218245 IBDB: 7439
Facebook: PirandelloScrittore Musicbrainz: 7024cf30-8a44-4456-bcf5-3dae7ef40ffb Discogs: 2652329 Find a Grave: 21972 Edit the value on Wikidata

Erroak Sizilian, ospea mundu osoan aldatu

Merkatari-familia aberats bateko semea zen. Filologiako ikasketak egin zituen Erromako Unibertsitatean eta Bonnekoan. Erroman hartu zuen gero bizilekua eta literaturgintzari ekin zion bete-betean. 1894an, Antonietta Portulanorekin ezkondu zen; ezkondu ziren arte ez zuten senargai-andregaiak hitz egiterik izan, neskaren familiak etxe barruan itxian eduki baitzuen, Siziliako ohiturei jarraiturik. Uholdeen ondorioz haien familiek lur jo zutenean, Antonietta zeharo erotu zen, familien kontura bizi baitziren, eta azkenean, 1918an, eroetxe batean sartu behar izan zuten.

Berrogeita bost urteko ibilbide literarioan, Pirandellok lau olerki-bilduma, zazpi nobela, berrehundik gora ipuin, berrogei bat antzerki-lan, eta bi saiakera idatzi zituen. Ipuinak izanagatik haren obraren alderdirik aberatsena eta agian originalena, Pirandello antzerkiari esker izan zen ospetsu; 1934an Nobel Saria eman zioten.

Nobelak aldatu

Pirandellok idatzi zituen zazpi nobelak ez dira denak balio eta kalitate berekoak.

Aurrenekoak, L'Esclusa (1901, Baztertua), verismoa deritzan literatura-mugimenduaren eragin handia du. Hurrengoak, Il Turno (1902, Txanda), Uno, Nessuno e Centomila (1926, Bat, inor ez eta ehun mila) erdipurdiko nobelatzat hartu izan dituzte kritikariek; baina badira bi nobela Pirandelloren obran garrantzi handia dutenak: Il fu Mattia Pascal (1904, Mattia Pascal zena), Pirandellok gerora bere antzerkian landuko zituen gizarte- eta psikologia-gaiak aipatzen dituena, eta I Vecchi e I Giovani (1908-1909, Zaharrak eta gazteak), Italiak batasuna iritsi berritan belaunaldien eta klase sozialen arteko liskarrak aipatzeaz gainera, politika eta gizarte-sistema eratu berri hark sortzez zituen akatsak zehatz aztertzen dituena.

Ipuinak: Vergarengandik Kafkarenganaino aldatu

Pirandelloren ipuin ugarien artean bereizkuntza garbirik edo bilakaerarik nekez bereizi badaiteke ere, lau bat multzotan sailka daitezke, nahiz eta, multzo bakoitza beste batzuekin konbinatzen den askotan.

Lehenik, verismoaren eta bereziki haren sortzaile Giovanni Vergaren eragina duten ipuinak: La Giara (Txarroa). Badira abstraktuak esan dakiekeen ipuinak ere: La Tragedia d'un personaggio (Pertsonaia baten tragedia), Colloquii coi personaggi (Elkarrizketa nire pertsonaiekin). Errealitatetik paradoxara eta harrimenera lerratutako ipuinak: Ma non e una cosa seria (1918, Ez da gauza serioa). Eta, azkenik, harrigarritasunezko eta errealitatetik kanpoko ipuinak: Caff notturno (Gaueko kafea), Paura del sonno (Loaren beldurra). Pirandelloren ipuinak haren antzerkiaren ernamuina izan ziren, bai pentsaeraren aldetik, eta bai alderdi teknikoaren aldetik ere.

Antzerkia: vaudevilletik antzerki berrira aldatu

Lehenik, aipatu beharra dago Pirandelloren antzerkiak iritzi guztiz kontrajarriak sortu zituela alde bateko eta besteko kritikari eta irakurleengan; iraultzailetzat zeukatenek neurriz gain goretsi zuten, eta zaharkitua eta modaz pasea iritzi ziotenek jipoi handia eman zioten.

Hasieran Pirandellok komedia burgesa landu eta moldatu zuen, eta hari-azpiak jateko eta zatikatzeko elementuen bidez zeharo aldatu zuen antzerki-mota hura.

Vaudevillearen oinarri ohiturazkoak ustekabeko moduan landuz, azpikoz gora jarri zituen garai hartako teatroaren egiturak: Cosi e (se vi pare) (1917, Hala da, hala iruditzen bazaizue), Il Piacere dell'Onesta (1917, Prestu izatearen atsegina), Il Gioco delle Parti (1918, Antzerkian jokatzeko paperen jokoa), Tutto per bene (1920, Hobe beharrez).

Garai beretsuan, Pirandellok antzeko zerbait egin zuen jatorria verismoan zuen antzerki dialektalaren alorrean. Sizilieraz idatzi eta antzeztutako bere obra asko italieraz moldatu zituen. Bizitasun handiko lanak ziren horiek, bai gertaeren aldetik bai elkarrizketen aldetik, eta horietako asko Pirandelloren beraren ipuinetan zeuden oinarrituak: La Giara (1917, Txarroa), La Patente (1918, Patentea), Sagra del signore della nave (1924, Itsasontziko jaunari eskaintza).

1920tik 1930era, Pirandellok halako dramaturgia berri bat sortu zuen, eta, Brechtenarekin batera, joera berri hura izan zen XX. mendearen lehenengo 50 urteetan antzerkiak izan zuen iraultzarik handiena.

Ezaugarri hauek dira nabarmenenak: antzerki-modu tradizionalak iraultzea, psikologiari dagozkion arazoak lantzea, eta gizarte-liskarren eta gizabanakoen arteko harremanek gizartean duten zereginaren sena izatea. Urte horietako obra handietan gizonari buruz egiten du Pirandellok gogoeta antzerkiari buruz bezainbat, eta gogoeta hori aldi berean egina da, gizonaren bizitza antzerkia delako, eta antzokia delako gizonak bere buruaz gogoeta egiteko baliatzen duen lekua.

Sei personaggi in cerca d'autore (1921, Sei pertsonaia egile baten bila) antzerki-lanak eman zion hasiera bai aldi hari, eta bai egileak nazioartean izan zuen arrakasta handiari ere. Azaletik melodrama erabatekoa izanik, funtsean barne-bizitzaren azterketa egiten du, eta antzerkira aldatzen du azterketa hori. Antzerkia antzerkiaren baitan esan dakiokeen horren tankera bertsuko obrak dira Ciascuno a Suo Modo (1924, Nork bere modura) eta Questa Sera si Recita a Soggetto (1930, Gaur gauean gai jarritako errezitaldia).

1928tik aurrera, Pirandellok bere nobeletan aipatuak zituen gai batzuk oso bestelako teknikaz antzerkirako moldatu zituen: La Nuova Colonia (1928, Kolonia berria), Lazzaro (1929) eta amaitu gabeko I Giganti della montagna (1931, 1934, 1937, Mendiko erraldoiak).


Euskaratutako obrak aldatu

  Sei pertsonaia autore bila (Luigi Pirandello)
Fitxategi:0
Audioa
Josu Zabaleta itzultzailea, Pirandelloren "Sei pertsonaia autore bila" obrako pasartea irakurtzen.
Datuak
Argitaratze-data2017
ISBNELIB201700042
ItzultzaileaJosu Zabaleta
  • Sei pertsonaia autore bila (Sei personaggi in cerca d'autore), Alberdania eta Elkar (Literatura unibertsala; 108), Irun/Donostia, 2013. Itzultzailea: Josu Zabaleta

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu