Likido-likido erauzketa

Likido-likido erauzketa konposatuek elkarren artean nahastezinak diren bi disolbatzailetan duten disolbagarritasun erlatiboan oinarritzen den erauzketa da. Banaketa prozesu honetan erabiltzen diren bi likidoak ura eta disolbatzaile organiko bat izan ohi dira. Erauzketa mota hau kimika laborategian oinarrizko teknika da eta bertan dekantazio onila erabiltzen da.

Dekantazio onila bi faseekin
1.- Fase organikoa
2.- Fase urtsua

Metodo hau besteak beste mineralen tratamenduan, perfume edo lurrinen prozesamenduan, landare olioen eta biodieselaren ekoizpenean erabiltzen da.

Banatze koefizientea aldatu

Erauzi nahi den konposatua elkarrekin nahastezinak diren bi disolbatzaileetan izango da disolbagarria. Hala ere, afinitate handiagoa duen likidoan bestean baino disolbagarriagoa izango da eta afinitate hau banatze koefizientearen menpe dago. Koefiziente honek konposatuak fase organikoan duen kontzentrazioa fase urtsuan duenarekin erlazionatzen du, azpiko ekuazioan ikus daitekeenez.

 

Ekuazioaren goiko zatian substantziak disolbatzaile organikoan duen kontzentrazioa jartzen da eta behekoan disolbatzaile urtsuan duena. Koefiziente hau 0 baino handiagoa bada, konposatuak afinitate handiagoa izango du disolbatzaile organikoan eta alderantziz. Laburtuz, konposatu organikoek banatze koefiziente altua izango dute eta beraz, disolbatzaile organikoetan dute disolbagarritasun handiagoa. Konposatu polarrek aldiz, banatze koefiziente txikia dute eta uretan disolbagarriagoak dira.

Beraz, erauzketa honen helburua disolbatzaile batean disolbatuta dagoen konposatua, disolbatzaile horrekiko nahastezina den baina konposatu horrekiko afinitate handiagoa duen beste batean disolbatzean datza.

Horretarako, lortu nahi den substantzia disolbagarriagoa den disolbatzaile batean (erauzlea) disolbatzen da hasieran zegoen lekutik (matrizea) erauziz. Substantzia hau baldintza jakin batzuetan erauzlearekin kontaktuan jartzean, matrizearekin dituen loturak ahultzen dira eta erauzlearekin dituenak indartu.

Prozedura aldatu

Lagin likidoari konposatua disolbatzea nahi dugun disolbatzailea gehituko diogu dekantazio onil batean. Ondoren, onila astindu egingo da bi disolbatzaileak nahastuz eta substantzia guk gehitu diogun likidoarekin kontaktuan jarriz. Erauzi nahi den konposatua bigarren disolbatzailera pasako da bertan disolbagarriagoa baita eta inbutua geldirik utziko da pixka batean tapoia kenduta. Denbora horretan bi faseak bereiztu egingo dira nahastezinak baitira, bata bestearen gainean geratuz. Fase horietako bat urtsua izango da (behean geldituko dena) eta bestea organikoa (goian gelditukodena). Azkenik bi faseak banandu egiten dira dekantazio-onilaren bitartez, behean dagoena ontzi batera ateraz.

Disolbatzaile erauzleak beste likidoarekin nahastezina izan eta konposatuarekiko afinitate handiagoa edukitzeaz gain, beste baldintza batzuk ere behar ditu erauzketa eraginkorra izan dadin, hala nola, irakite-puntu baxua izan, emultsioak sortzeko joera txikia, egonkortasun kimikoa eduki eta toxikotasun eza.

Metodo hau giro tenperaturan erabil daiteke, ez dago berotu beharrik. Bolumen txikiekin prozesua errepikatzea komenigarria da.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu