Liechtensteingo historia

Liechtensteingo historia izen bereko dinastiarekin dago lotuta ezinbestez. Mende askotan zehar, lurralde txiki honek, Europako estrategiako guneetatik at kokatuta, Europako historiaren gainean ez zuen inolako eraginik izan. Antzinako garaietan, Rhetia erromatar probintziako zati bat zen. Horren ostean, Hohenemgo kondeen lurraldea zen.

Herrialdeari izena ematen dion Liechtensteingo leinuak jatorria urruneko Austria Beherean dauka, izen bereko gazteluan. Mendeetan zehar, familiak lurralde franko bereganatu zituen, batik bat Moravian, Austria Beherean, Silesian eta Estirian. Hala ere, kasu guzti-guztietan, lur horiek beste jaun feudal baten azpian zeuden, gehienbat Habsburgo leinuko hainbat adarren azpian. Hori zela eta, enperadorearen menpe zuzeneko lurrik izan ezean, Liechtenstein dinastiak ezin zuen Inperioko Dietan (Reichtag) lekurik eduki, nahiz eta zenbait enperadoreren aholkulari hurbilak izan.

Dietan eserlekua edukitzeak zekarren boterearen nahian, Liechtensteingo leinuak Germaniako erromatar enperadorea beste jaunik ez zeukan lurra (unmittelbar) bilatzen zuen. Denbora igaro ondoren, familiak Schellenbergeko jaunerri txikia eta Vaduzko konderria eskuratu ahal izan zuen Hohenem leinuarengandik (1699an eta 1712an hurrenez hurren). Schellenberg eta Vaduz ñimiñoek behar zuten estatusa zeukaten: liechtensteindarrez gain enperadorea zen jaun bakarra.

Halaxe, 1719ko urtarrilaren 23an, Karlos VI.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoak Vaduz eta Schellenberg batu zituen eta printzerri titulua (Fürstentum) eman zien, Liechtenstein izenpean, "Anton Florian Liechtensteingo zerbitzariaren ohorez. Beraz, Liechtenstein familia Germaniako Erromatar Inperio Santuko estatu bateko subirano bihurtu zen. Operazioaren interes politiko hutsa erakustearren, esan daiteke Liechtensteingo printzeak 120 urtetan ez zirela bertaratu.

Napoleondar Gerren ondorioz, 1806rako, Germaniako Erromatar Inperio Santua Frantziako Napoleon I.aren menpean zegoen. Napoleonek Inperioa bertan behera utzi zuen, eta estatu guztietan, Liechtenstein barne, horrek ondorio sakonak ekarri zituen: lotura inperial, legal eta politiko deuseztu ziren. Horrenbestez, estatuburu bakoitzak enperadorearenganako beharrak izateari utzi zion. Egungo argitalpenek gertakizun hauei egozten diete Liechtensteingo burujabetza. Napoleongo babespean Rhingo Konfederazioa sortzean, 1806ko uztailaren 25ean, Liechtenstein kidetu zen, harik eta 1813ko urriaren 19an desegin zen arte. Horren ondoren, Austriako Enperadorea buru zuen Germaniar Konfederazioarekin batu zen Liechtenstein. 1818an Johann I.ak konstituzio bat eman zuen, nahiz eta mugatua izan. Urte horretan, leinuko printze baten lehenengo bisita ere gertatu zen. Hala ere, printze subirano baten lehendabiziko bertaratzea 1842ra arte ez zen jazo.

XIX. mendean, beste aldaketa ugari gertatu ziren: 1836an lehenengo lantegia, zeramika egiten zuen bat, zabaldu zen; 1861ean, estreinako aurrezki eta mailegu bankua sortu zen; Rhin ibaiaren gaineko bi zubi 1868an eraiki ziren; eta 1872an herrialdea zeharkatzen zuen burdinbidea egin zuten.

Austria eta Prusiaren arteko gerra 1866an piztean, Liechtensteinek presio handia jasan behar izan zuen. Izan ere, Prusiak gerra piztearen eragiletzat hartu zuen, bozketa baten kontaketa zela eta. Horrek Liechtensteinek eta Prusiak elkarrekin bake hitzarmena ez sinatzea ekarri zuen, eta, hortaz, gerra egoeran jarraitu zuten, nahiz eta borrokarik ez zen izan. Zio ekonomikoak zirela medio, Liechtensteinek armada 1868an desegin zuen.

Lehen Mundu Gerra bukatu arte, Liechtenstein Austriako Inperioari eta gero Austria-Hungariari hertsiki loturik zegoen. Nolanahi ere, gerra horrek ekarri zuen suntsipenak hegoaldeko Suitzarekin harremanak areagotzera behartu zuen Liechtenstein. Are gehiago, Austria jaio berriak ez zeukan bere burua desegin zen inperioaren oinordekotzat.

Austria Alemania Handian batu zenean 1838ko udaberrian, 84 urteko Franz I.a printzeak abdikatu zuen 31 urteko Franz Joseph hirugarren mailako lehengusu baten alde. Abikatzeko arrazoia adina zela aldarrikatu arren, uste da Liechtensteingo burua izateko gogo handirik ez zuela naziak herrialdean sartzen baziren. Izan ere, bere emaztea Vienako judu aberatsa zen, eta bertako naziek bere arazotzat jota zeukaten. Iritzi horiek gorabehera, Liechtensteinen ez zen inoin inolako alderdi nazi ofizialik izan.

Bigarren Mundu Gerran, Liechtenstein neutral izan zen. Gatazka amaitutakoan, Txekoslovakiak eta Poloniak Liechtenstein familiako ondasunak bahitu zituzten Bohemian, Moravian eta Silesian, germaniar ondasunak zirelakoan. Edonola ere, hurrengo hamarkadetan, herrialdea aberastu zen, enpresen gaineko zerga baxuak erabili baitzituen konpainiak erakartzeko. Liechtensteingo printzea munduko seigarren agintaririk aberatsena da, ustezko 5 milia milioi dolar izanik.


Kanpo estekak aldatu