Liburutegi publikoa toki-mailako informazio-zentro bat da eta bere erabiltzaileei mota orotako ezagupenak eta informazioa eskaintzen dizkie.

Koldo Mitxelena kulturune eta liburutegia, Donostian

Liburutegi publikoaren zerbitzuak eskaintzeko orduan, oinarrizko baldintza bat da pertsona orok informazioa eskuratzeko orduan eskubide berberak izatea, adina, arraza, sexua, erlijioa, nazionalitatea, hizkuntza edo gizarte-maila edozein izanda ere. Arrazoi desberdinak direla medio, zerbitzu eta material arruntak erabiltzea ezinezkoa zaien erabiltzaileen kasuan, zerbitzu eta material bereziak eskainiko dira, esate baterako, hizkuntz gutxiengoen kasuan, minusbaliotasunak dituzten pertsonen edo ospitaletan edo kartzelan dauden pertsonen kasuan.

Adin-talde guztiek aurkitu behar dute beren beharretara egokituriko materiala. Bildumek eta zerbitzuek mota guztietako euskarri egokiak barne hartu behar dituzte, nola teknologia modernoen ingurukoak hala material tradizionalei dagozkienak. Funtsezkoak dira haien kalitate ona eta bertako premietara zein baldintzetara moldatuak izatea. Materialek gaur egungo joerak eta gizartearen bilakaera islatu behar dituzte, baita gizadiaren esfortzuaren eta irudimenaren memoria ere.

Ez funtsak ez zerbitzuak ere ez dira ideologia, politika edo erlijioa dela eta zentsuratuko, eta ez dira presio komertzialen menpe egongo.

UNESCOk liburutegi publikoari buruz egindako adierazpena, 1994ko azarokoa:

Gizartearen eta gizabanakoaren askatasuna, aberastasuna eta garapena funtsezko giza baloreak dira. Balio horiek lortu nahi baditugu, ezinbestekoa izango da herritarrak ondo informatuta egotea, hartara, berez dituzten eskubide demokratikoak gauzatu ahal izateko eta gizartean zeregin aktiboa betetzeko. Gizabanakoak gizartea eraikitzen parte hartzea eta demokrazia sendotzen laguntzea lortu nahi badugu, heziketa egoki bat beharrezkoa izango da, eta neurri berean, jakintza, pentsamendu, kultura eta informazioa ezagutzeko aukera libre eta mugarik gabekoa eskaintzea ere bai.
Liburutegi publikoa, ezagupena eskuratzeko bidea, oinarrizko baldintza da urteetan barna gauzak ikasten joateko, erabakiak nork bere kasa hartzeko eta gizabanakoaren eta gizarteko talde desberdinen aurrerapena lortzeko.
Adierazpen honen bitartez, UNESCOk liburutegi publikoan jarritako itxaropena islatzen du, izan ere, liburutegi publikoa heziketa, kultura eta informazioa eskuratzeko indar berri bat da, baita bakea eta izpirituaren ongizatea sustatzeko funtsezko eragile bat ere, betiere gizon-emakumeen pentsamenduaren bitartez.
Hortaz, UNESCO erakundeak nazioko eta tokiko agintaritzak animatzen ditu aipatu guztiaren euskarri izatera, eta liburutegi publikoen garapenean konpromiso aktiboa hartzera.

Zereginak aldatu

  • Liburutegi publikoak eskaintzen dituen zerbitzuen funtsa izango da informazioa, alfabetizazioa, heziketa eta kultura eskaintzea; honako hauek dira helburuak:
  • Haurrengan, bizitzako lehenengo urteetan, irakurtzeko ohitura sortzea eta indartzea.
  • Heziketa sustatzea, bai banakakoa bai autodidakta ere, eta maila guztietako heziketa formala indartzea.
  • Sormenerako garapen pertsonala garatzeko aukerak eskaintzea.
  • Haurren eta gazteen irudimena eta sormena suspertzea.
  • Kultur ondarearen ezagupena sustatzea, arteen eta zientzia-mailako lorpenen eta berrikuntzen balorazioa sustatzea.
  • Arte-agerpen guztien kultur adierazpenak ulertzea.
  • Kulturen arteko elkarrizketa sustatzea eta kultur aniztasuna bultzatzea.
  • Ahozko tradizioa indartzea.
  • Herritarrei erkidegoko mota orotako informazioa eskuratu ahal izango dutela ziurtatzea.
  • Toki-mailako enpresa, elkarte eta taldeei informazio-zerbitzu egokiak eskaintzea.
  • Informazioaren erabilerari dagokionez, informatika-bitartekoen bidez aurrerapena erraztea.
  • Adin-talde guztientzako alfabetizazio-programa eta -jarduerak sustatzea eta bertan parte hartzea, eta hala behar izanez gero, programak eta jarduerak martxan jartzea.

Finantzaketa, legedia eta sareak aldatu

Liburutegi publikoak doakoa behar du izan. Liburutegi publikoa toki-mailako eta nazio-mailako agintaritzen erantzukizuna da. Berariazko legeria bat eduki behar du eta toki-mailako eta nazio-mailako gobernuen finantzaketa jaso. Kulturari begira, informazioa hornitzeko, alfabetizatzeko eta heziketarako epe luzerako edozein estrategiaren funtsezko osagaia izan behar du.

Nazio-mailan liburutegien arteko koordinazioa eta lankidetza lortzeko, legeria eta plan estrategiko desberdinek liburutegien sare nazional bat definitu eta sustatu behar dute, zerbitzuak eskaintzeko orduan aldez aurretik erabakitako arauak kontuan hartuko direlarik.

Liburutegi publikoaren sarea liburutegi nazionalekin eta eskualdekoekin harremanetan sortu behar da, baita eskoletako, institutuetako eta unibertsitateetako liburutegiekin harremanetan ere.

Funtzionamendua eta kudeaketa aldatu

Toki-erkidegoak dituen premiak kontuan hartuta, helburuak, lehentasunak eta zerbitzuak definituko dituen politika argi bat landu behar da. Liburutegi publikoa eraginkortasunez antolatu behar da eta funtzionatzeko orduan arau profesionalak hartu behar dira kontuan.

Bitartekari garrantzitsuekin lankidetza ziurtatu behar da, esate baterako, erabiltzaileen taldeak eta toki-mailako, eskualdeko, nazioko eta nazioarteko beste hainbat profesional.

Bertan eskaintzen diren zerbitzuak eskuragarri izango dira erkidego osoko kideentzako. Beraz, liburutegi publikoetako eraikinak kokalekua egokia behar du, irakurketarako eta ikasteko baldintza egokiak eduki behar ditu, teknologia bikainak eskaini behar ditu eta erabiltzaileentzako ordutegi egokia. Aldi berean, liburutegira bertara joan ezin diren pertsonentzako hedapen-zerbitzu bat eskaini behar dute.

Liburuzaina erabiltzaileen eta baliabideen arteko bitartekari aktibo bat da.

Liburuzainak lanbide-prestakuntza jarraitua ezinbestekoa du zerbitzu egokiak eskaini ahal izateko.

Erabiltzaileentzako hedapen eta prestakuntza-programak landu beharko dira erabiltzaileei eskaintzen zaizkien baliabide guztiei behar bezalako etekina atera ahal izateko.

Adierazpenaren gauzatzea aldatu

Nazio-mailan eta toki-mailan erabakiak hartzen dituzten pertsonei eta oro har mundu osoan liburutegiek osatzen duten komunitateari eskatzen zaie, honako Adierazpen honetan azaltzen diren printzipioak gauzatzeko.

Honako Adierazpen hau Liburutegien Elkarte eta Erakundeen Nazioarteko Federazioarekin (IFLA) batera landu zen eta UNESCO erakundeak 1994ko azaroan onetsi zuen.

Kanpo estekak aldatu