Lev Vigotski

psikologia eta pedagogia alorretan egile aipatua, konstruktibismo teoriaren sortzailetzat jotzen da

Lev Semionovitx Vigotski[1] (errusieraz Лев Семёнович Выготский ; Orsha, Errusiar Inperioa, gaur egun Bielorrusia, 1896ko azaroaren 17agreg./azaroaren 5ajul. - Mosku, Sobietar Batasuna, 1934ko ekainaren 11) psikologo bielorrusiarra izan zen, psikologia ebolutiboko psikologo esanguratsuenetako bat eta neuropsikologia sobietikoaren buruetako bat. 1960ko hamarkadan haren lana deskubritu eta zabaldu zuen mendebaldeko ingurune akademikoak.

Lev Vigotski

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakלײב װיגאָד, Лев Симхович Выгодский
JaiotzaOrsha (en) Itzuli1896ko azaroaren 5a (juliotar egutegia)
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
HeriotzaMosku1934ko ekainaren 11 (37 urte)
Hobiratze lekuaNovodevitxi hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: tuberkulosia
Familia
Ezkontidea(k)Roza Noevna Vygodskaya (en) Itzuli
Familia
Hezkuntza
HeziketaMoskuko Estatu Unibertsitatea
Moscow City People’s University (en) Itzuli
Doktorego ikaslea(k)Aleksei N. Leontiev (en) Itzuli
Lidiya Bozhovich (en) Itzuli
Leonid Zankov (en) Itzuli
Natalia Grigorevna Morozova (en) Itzuli
Mariya Pevzner (en) Itzuli
Ivan Solovyov (en) Itzuli
Alexander Zaporozhets (en) Itzuli
Hizkuntzakerrusiera
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, psikologoa, pedagogoa, saiakeragilea, unibertsitateko irakaslea eta antropologoa
Enplegatzailea(k)Psychological Institute of the Russian Academy of Education (en) Itzuli
Second Moscow State University (en) Itzuli
Q4059235 Itzuli
Institute of Correctional Pedagogy (en) Itzuli
Moskuko Estatu Unibertsitatea
InfluentziakBaruch Spinoza

Find a Grave: 52117670 Edit the value on Wikidata

Bere obra askotarikoarengatik eta bere heriotza goiztiarrarengatik, Mozartekin parekatu dute psikologiaren arloan. Bere obraren ideia nagusiaren arabera, gizakien garapena elkarrekintza sozialaren terminoetan soilik uler daiteke.

Garapena tresna kulturalak barneratzean datza (hizkuntza, adibidez), hasiera batean gureak ez direnak baina gure gizataldearen baitan daudenak, hark transmititzen baitizkigu. Beraz, kulturak toki nagusia du Vigotskiren teorian.

Biografia aldatu

Vigotski Orshan, Errusian (gaur egungo Bielorrusia) jaio zen, familia judu aberats batean, zortzi seme-alabetatik bigarrena. Familia Gomel hirira joan zen bizitzera Vigotski oso txikia zela eta han hazi zen.

Bere nerabezaroan, antzerkia zuen oso gustuko eta 1915ean Hamleti buruzko saiakera bat idatzi zuen. Moskuko unibertsitatean[2] medikuntzan matrikulatu eta geroago zuzenbidean; ikasketak 1917an bukatu zituen eta 1918an graduatu zen.

Beranduago, Gomel hirira bueltatzen da irakasle izateko, eta psikologia ikasten du. Momentu horretan, Urriko Erreboluzioarekin batera hasten da aktibitate politikoan jo eta su.

Bere jarduera anitzek Gomel hiriko giro intelektual eta kulturalean kokatzen dute. Bertan, hizkuntza eta literatura irakasten ditu Langile Profesionalen Eskolan; psikologia eta logika ere irakasten ditu Institutu Pedagogikoan; estetika eta artearen historia kontserbatorioan, eta antzerki atala bideratzen du egunkari batean; aldizkari literario bat ere sortzen du. Garai horretan hasten da Marx eta Engels, Spinoza eta Hegel, Freud, Pavlov eta Potebnia irakurtzen. 1919an, tuberkulosiaz gaixotu eta 1920an erietxe batean sartu zen. Hala ere, bere bizitza laburra izango zelakoan, egoerak bere lanarekiko gogoa sendotu egin zuen.

Institutu Pedagogikoan psikologia laborategi bat sortzen du ikaskuntza atzerapenak dituzten Haur Hezkuntzako haurrak behatzeko eta horren gainean lan egiteko. Handik jasotzen du materiala 1926an agertuko den "Psikologia Pedagogikoa" liburua egiteko.

1924an, Vigotski Rosa N. Sméjovarekin (1979an hila) ezkontzen da eta bikote honetatik bi ume jaioko dira: Gita L. eta A.L. Vigodskaia. Urte berean, Vigotskik saiakera bat aurkezten du, "ikerketa erreflexologikoen eta psikologikoen metodoei buruzkoa", Leningradon, Psikoneurologiako bigarren Kongresu Panerrusiarrean. Geroago, hobeto aztertuko zituen gai horiek. Aurkikuntza horiek eragin handia izan zuten psikologia marxistaren korronteko buruzagietako bat eta garai hartan Moskuko Unibertsitateko Psikologiako Institutuko zuzendaria zen Alexander Kornilovengan.

Beranduago, Vigostkik Moskuko Psikologia Institutuan lan egin zuen Luria eta Leontievekin, bera baino pixka bat gazteagoak zirenak, geroago mundu mailan aintzat hartuak izango direnak. Beraiek topatu nahi zutena zera zen: teoria psikologikoa berformulatzea, marxismoaren ikuspuntutik, estrategia pedagogikoak asmatzeko analfabetismoa eta "defektologia"ri aurre egiteko. Garai hartan, defektologia erabiltzen zen haur "anormalak" edo "zailak" izendatzeko, eta kategoria horretan sartzen ziren ezkertiak edo atzerapen mentala zuten haurrak.

1925ean, Vigotskik psikologia laborategi bat sortzen du normalak ez diren haurrei irakasteko; handik urte batzuetara Defektologia Esperimentaleko Institutua bihurtuko da eta berak zuzenduko du.

1925eko udaberrian Vigotskik Alemania, Holanda eta Frantzia bisitatzen ditu, Gorren Hezkuntzari buruzko kongresu batera Ingalaterrara joan eta gero. Baina Errusiara bueltan, tuberkulosia dela-eta ospitalera joan beharra dauka; garai hartan bukatzen du Artearen Psikologiari buruzko tesia, udazkenean defendatuko du baina ez da argitaratuko. 1926an berriro sartzen dute ospitalean, non idazten baitu "Psikologiaren krisiaren esanahi historikoa"ri buruzko saiakera bat, argitaratuko ez dena.

Bere osasunak hobera egin ostean, ikerkuntza aktibitate luze bat abiaraziko du bere ikasleekin, psikismoaren kontzepzio historiko-kultural berritik eta psikologiaren irakaskuntzatik, zientzia sozialetik, hezkuntzatik eta defektologiagatik sorturikoa. Hala ere, lan horietako bakan batzuk soilik dira argitaratuak.

Vigotski Freud, Piaget, Kohler, William Stern eta Gessellen irakurle fina zen eta egile horien errusierazko edizioetako hitzaurreak argitaratzen ditu. 1929aren hasieran, bere ospea Errusia osoan hedatzen da, eta horren ondorioz hilabete batzuetarako gonbidatzen dute Tashkenten, Asia zentraleko Unibertsitatean pedagogo eta psikologoak formatzeko.

1930ean mintegi bat bideratzen du Moskun Luria, Eisenstein eta Marr hizkuntzalariekin. 1931n, bere teoria historiko-kulturalari buruzko kritikak agertzen hasten dira eta hogei urteko ikertzaileen taldea banatu egiten da. 1933an, bere obraren sintesi handi bat garatzen du, jaso dituen kritika guztiei erantzuteko. Material hori "Pentsamendua eta Hizkuntza" liburuan jasotzen du.

1934ko udaberrian ospitalera eramaten dute, eta ohean bukatzen du "Pentsamendua eta Hizkuntza"ko azken kapitulu, hil eta gutxira argitaratuko dena. Vigotski ekainaren 10etik 11ko gauera hil zen, eta Novodevitxi hilerrian (Moskun) lurperatuta dago.

Bere bibliografia 180 lanez osatua dago, horietatik 80 argitaratu gabeak. Bere ideiek toki garrantzitsua dute psikologiako eta pedagogiako gogoeta teorikoetan. Hala ere, bere obrak zentsuratuak izan ziren 1936tik aurrera, antimarxista eta antiproletariotzat hartu zituztelako. Bere obrarik ezagunena Pentsamendua eta Hizkuntza (1934) da.

Vigotskiri buruzko espezialista ezagunak: James V. Wertsch eta Angel Riviere.

Lanak aldatu

Vigotskiren obran kontzeptu batzuk agertzen dira garrantzia bereziaz: bere posizio teorikoak, Garapen Hurbileko Eremua (GHE), andamiajea, erraminta psikologikoak, erdikaria, internalizazioa, ...Hala eta guztiz ere, bere bizitzan gai desberdin asko garatu zituen. Hona hemen batzuk:

  • Goi funtzio mentalen sorrera eta garapena.
  • Zientziaren filosofia.
  • Aurkikuntza psikologikoen metodologiak.
  • Ikaskuntzaren eta gizabanakoaren garapenaren arteko erlazioa.
  • Eraketa kontzeptuala.
  • Hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko erlazioa.
  • Artearen psikologia.
  • Jokoa fenomeno psikologiko legez.
  • Ikaskuntza nahasmenduen ikerketa.
  • Gizabanakoaren garapen anormala (Defektologia).

Vigotskik dio inteligentzia garatzen dela haurrak bere ingurunean aurkitzen dituen tresna edo erraminta psikologiko batzuei esker, non, hizkuntza erraminta funtsezkotzat hartzen duen.

Internalizazio prozesua aldatu

Oso garrantzizkoa da goi funtzio psikologikoen garapena ulertzeko, subjetuaren fenomeno psikikoa (internalizazioa). Prozesu hau ulertzen da, dibertsitate handiko operazio sozio-psikologikoei esker intererlazio sozialetik abiaturik. Operazioen dinamika honetan, kultura subjetuan beran jabetuz doa. Subjetuaren jarrera indibidual eta kolektiboaren sorrera sozial eta kulturala, adibide soil bat da ikusteko zer nolako garrantzia duen arauen, baloreen, eta abarren internalizazioaren fenomenoak. Non, gizartearen garapen eta eboluzioa errepresentatzen den eta Vigotskyk honela definitzen du: "Formazio bikoitzaren legea edo garapen kulturalaren lege genetiko orokorra".

Lege honek zera dio, haurraren garapen kulturalean, funtzio oro birritan agertzen dela: maila sozialean eta beranduago, maila indibidualean. Lehendabizi, pertsonen artean (interpsikologikoa) eta geroago, haurraren barnean (intrapsikologikoa). Funtzio psikologiko guztien oinarria gizabanakoen erlazioetan datza.

Internalizazio prozesu honetan, ezin daiteke ahaztu bitartekaritza instrumentuak duten paper garrantzitsua, eta medio soziokulturalari esker daudela sortuak. Vigotskyren perspektibaren ustetan garrantzitsuena, hizkuntza da (ahozkoa, idatzia eta pentsamendua). Internalizaziotzat jo dezakegu fenomeno sozialen transformazioa fenomeno psikologikoetan, erraminta eta zeinuen bitartez. Transformazio psikiko hauek forma honetan sintetiza ditzakegu:

  • Kanpoko aktibitate bat suposatzen duen operazio bat, eraiki eta barnean hasten denean.
  • Prozesu interpertsonal bat ezaugarri intrapertsonal baten transformatzen denean.
  • Prozesu interpertsonala prozesu intrapertsonal bihurtzean, gertaera ebolutibo batzuen emaitza delarik.

Vigotskyren aburuz, internalizazioak prozesu autokonstruktiboari eta berreraiketa psikikoari egiten dio erreferentzia. Internalizazio fenomeno honen garapena sujetuaren lehenengo etapan ematen da, bere jaiotzarekin batera, familiarekin eta eskolarekin interakzioan. Esperientzia hauek gutxinaka-gutxinaka prozesu mentaletan transformatuz. Internalizazio prozesu hau Maria Montessoriren lanarekin konparatu dezakegu, 0-6 urteko haurraren adimenari, Adimen Zurgatzailea deitzen dionean; adimenak zurgatzen duena giroa, ohiturak, arau sozialak, hizkuntza, kultura eta lekua dira.

Planteamendu honen originalitatea, indibiduoa eta bere erlazio sozial konplexuak dira eta beraien arteko erlazioa barne prozesuekin eta bitartekaritza instrumentuen domeinuarekin zerikusia dutela esan genezake. Inportantzia ematen diote baliabide soziokulturalei eta neurketa instrumentuen autoformazioari. Beraien artean, pentsamendua, analisi-sintesi kapazitatea, argudioa, erreflexioa edo abstrakzioa besteak beste. Prozesu interpertsonal bat, prozesu intrapertsonal batean transformatzen da, honen emaitza gertaera ebolutibo luzeak eta kulturaren barneratzeak, pixkanaka, jarrera indibidual eta amankomun batzuetara gidaturik. Prozesu hau errepresentagarria da Vigotskyren teorian. Gizartean ematen da, beraz, dialektikoa da baina maila altu batean.

Laburbilduz, Vigotskyren teoriaren ustetan barne prozesuak pertsonalitatearen sortzaileak dira, kontzientzia indibidual eta sozialarenak. Goi prozesu psikologikoen garapenaren oinarrizko prozesuak dira, non, bitartekaritza instrumentuek hartzen dute parte (bereziki, hizkuntzak). Internalizazioaren prozesu psikikoak, esperientzia sozial bat hartzen du kontutan (haurraren eguneroko hizkuntza soziala, haur hezkuntzan), pixkanaka erabilpen intelektualaren hizkuntzan transformatuko da (haurraren eguneroko hizkuntza, pentsamenduetan transformatuko da), tarteko etapa bezala izanik hizkuntza egozentrikoa.

Hobekuntza honen heinean, sujetuak bere autonomia edo independentzia hartuko du objektu errealekiko. Internalizazioaren azken fase honetan, hizkuntza eta pentsamenduaz hitz egitean haurrak aukera du hitz edo kontzeptu baten orokortzeak egiteko. Hau lortzen duenean hizkuntza barneratua dagoela esan daiteke. Bere funtzioa eraldatua baitago.

Kontzeptu teorikoak aldatu

Oinarrizko eta goi prozesu psikologikoak aldatu

Oinarrizko Prozesu Psikologikoak (OPP) komunak dira gizabanakoan eta beste animalia nagusietan. Oinarrizko Prozesu Psikologikoen (OPP) artean, adibide batzuk aipatu ditzakegu: memoria eta atentzioa. Aldiz, Goi Prozesu Psikologikoen (GPP) ezaugarri nagusietako bat da gizakiarenak direla eta haurrarengan garatzen direla, kulturan barneratzen diren heinean izango litzateke. Ondorioz, esperientzia kultural ezberdinak garapen prozesu desberdinak ekoiztu ditzakete.

Goi Prozesu Psikologikoak (GPP) azpisailkatuko dira orduan, xume eta garatuetan. Bitartean, lehenengoak, kultura baten partehartzeagatik soilik garatuko dira bereziki, ahozko hizkuntzaren bitartez; bigarrenak, instrukzioa behar dute, hots, eskola. Hizkuntza idatzia eta kontzeptu zientifikoak izango lirateke Goi Prozesu Psikologikoen (GPP) adibide.

Garapen Hurbileko Eremua (GHE) eta andamiajea aldatu

Garapen hurbileko eremuak Garapen Erreala eta Garapen Potentzialaren Eremuaren artean dagoen espazioari dagokio. Garapen Errealeko Eremua da haurrak bakarrik iadanik dituen abileziak eta Garapen Potentzialaren Eremua ikasi ditzakeenak heldu baten bitartez. Garapen Hurbileko Eremua (GHE) kontzeptuak barruan sartzen du, haurraren abileziak eta helduaren erlazioaren artekoa. Garapen Errealeko Eremua, haurrak lan egin dezakenean eta ariketa edo eta arazoak konpondu ahal dituenean beste baten laguntzarik gabe. Garapen Potentzialaren eremua da, haur bati heldu batek gidatzen dionean edo beste norbaitek laguntzen dionean egiten duena. Eta bien arteko desberdintasunari Garapen Hurbileko Eremua deitzen diogu. Heldu batek (edo beste berdin batek, ikaskide bat izan daiteke) bitartekari lana egiten duenean haurra eta eginbeharraren artean, honi andamiajea deitzen diogu. Azken kontzeptu hau Jerome Brunerrengatik izan da nahiko garatua.

Pentsamendua eta hizkuntza aldatu

Vigotskyren obraren beste ekarpen bat zera izan da, hizkuntzaren garapenaren eta pentsamenduaren intererlazioa. Guzti hau "Pentsamendua eta Hizkuntza"ren liburuan ikusi dezakegu hobeto garaturik. Bertan barnekonexio izugarria ikusirik, ahozko hizkuntza eta kontzeptu mentalen garapenean.

Ondarea aldatu

Sobiet Batasuna aldatu

Vigotskiren heriotz goiztiarraren ondoren, bere liburuak eta ikerketak debekatuak izan ziren Stalin hil zen arte (1956an argitaratu zen testu nagusien lehen bilduma). Bere kolaboratzaile eta ikasle talde txiki batek bere pentsaera eraman ahal izan zuen ikerketara[3]. Ondoren, taldeko kideek psikologia vygotskiarraren garapen sistematikorako oinarri bat ezarri zuten hainbat alorretan, hala nola memoriaren psikologian (P. Zintxenko), pertzepzioan, sentipenean eta mugimenduan (Zaporozhets, Asnin, A.N. Leont'ev), nortasunean (Lidia Bozhovitx, Asnin, A.N. Leont'ev), nahimenean eta nahikundean (Zaporozhets, A.N. Leont'ev, P. Zintxenko, L. Bozhovitx, Asnin), jokoaren psikologian (G.D. Lukov, Daniil El'konin) eta ikasketaren psikologian (P. Zintxenko, L. Bozhovitx, D. El'konin), baita ekintza mentalak urratsez urrats eratzeko teoria ere (Pyotr Gal'perin), jarduera psikologikoaren teoria orokorra (A.N. Leont'ev) eta ekintzaren psikologia (Zaporozhets). [23] Psikoterapiari dagokionez, Andrey Puzyreyk Vigotskiren ideiak landu zituen, baita esku-hartze psikologiko deliberatuaren testuinguru zabalagoan ere (psikoteknika), oro har[4].

Estatu Batuak aldatu

Vigotskiren bi testu soilik argitaratu ziren ingelesez, 1962an Thinking and Speech itzuli aurretik. Ordutik hona, bere testu gehienak itzuli, eta bere ideiak ikuspegi hezitzaile modernoen giltzarri bihurtu dira[5]. Vigotskiren AEBko lehen defendatzaileak Michael Cole, 1962an Luriarekin ikastera joan zena, eta James Wertsch izan ziren[6]. Gaur egun, Vigotskiren ideietan oinarritutako esparru teorikoaren termino bat Jarduera kultural-historikoaren teoria (CHAT) edo Jardueraren teoria da.

Erreferentziak aldatu

  1. «Hik Hasi aldizkarian Vigotsky» eimakatalogoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-06).
  2. Jaussi, MªLuisa. (2020-06-25). Vygotsky, hezkuntzaren Mozart. (Noiz kontsultatua: 2020-07-06).
  3. (Ingelesez) Kozulin, Alex. (1986-03). «The concept of activity in Soviet psychology: Vygotsky, his disciples and critics.» American Psychologist 41 (3): 264–274.  doi:10.1037/0003-066X.41.3.264. ISSN 1935-990X. (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  4. (Ingelesez) Vassilieva, Julia. (2010). «Russian psychology at the turn of the 21st century and post-Soviet reforms in the humanities disciplines.» History of Psychology 13 (2): 138–159.  doi:10.1037/a0019270. ISSN 1939-0610. (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  5. Marginson, Simon; Dang, Thi Kim Anh. (2017-01-02). «Vygotsky’s sociocultural theory in the context of globalization» Asia Pacific Journal of Education 37 (1): 116–129.  doi:10.1080/02188791.2016.1216827. ISSN 0218-8791. (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
  6. Cole, M. Reading Vygotsky

Bibliografia aldatu

  • (Gaztelaniaz) Vygotsky, Lev .S. Pensamiento y lenguaje. Teoría del desarrollo cultural de las funciones psíquicas. Buenos Aires: Pléyade. 1977.(Lehen argitalpena, jatorrizko bertsioa errusieraz, 1934. urtekoa).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu