Koartzatxo itzain

Lertxuntxo itzain» orritik birbideratua)

Koartzatxo itzaina (Bubulcus ibis) ardeidae familiako hegaztia da, Europan, Asian eta Afrikako zenbait eskualdetan bizi dena[1]. Euskal Herrian hedatzen ari den espeziea da, Ebro isurialdeko hezegunetan agertzen da bereziki eta urte osoan egoten da bertan[2]; kostaldean ere gero eta ohikoagoa da neguan[3]. Gipuzkoan 1500dik gora alek igarotzen dute negua.[4]

Koartzatxo itzain
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPelecaniformes
FamiliaArdeidae
GeneroaBubulcus
Espeziea Bubulcus ibis
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
eta

Datu orokorrak
Zabalera92 cm

Deskribapena aldatu

Tamaina ertaineko koartza bat da. 45-52 cm-ko luzera eta 82-95 cm arteko hego-zabalera ditu. 270–512 gramo artean pisatzen du[5]. Sexu dimorfismorik ez du ageri eta lumaia erabat zuria du. Mokoa horia da eta hanken kolorea desberdina izan daiteke ale batetik bestera. Ugalketa garaian kolore okre eta laranjak azaltzen zaizkio pileo bular eta bizkarraldean eta begiak, mokoa eta hankak gorritu egiten zaizkio[6].

Hegan ari denean gainerako koartzek baino gehiago trinkotzen du gorputza[7].

Banaketa aldatu

 
Koartzatxo itzainaren hedapena Amerikan.

Koartzatxo itzainak eremu berriak kolonizatzeko gaitasun handia du. Afrikatik pasa zen Iberiar penintsulara eta hegoaldeko hezeguneak kolonizatu zituen. Poliki poliki iparralderantz jarraitu zuen bere bizilekua hedatuz.

XX. mendean Afrikatik Hego Amerikara igaro zen eta hamarkada gutxitan Erdialdeko Amerika eta Ipar Amerika kolonizatu zituen. Gaur egun Australian, Zeelanda Berrian eta Hawaii uharteetan ere aurkitzen da, baina gizakiak eraman duela pentsatzen da[7].

Euskal Herrian Ebro isurialdeko hezegunetan agertzen da bereziki eta urte osoan egoten da bertan[2]. Hedatzen ari den espeziea da eta gero eta ohikoagoa da neguan kostaldean (Urdaibai, Txingudi, Aturriko bartak,...)[3]

Nafarroako Erriberako hezeguneetan ugaltzen da eta hainbat kolonia eratu ditu, adibidez, Arguedasen inguruko arroz sailetan, Las Cañas aintziran, Bardeako urmaeletan eta Arga ibaiaren behe ibilguko erriberetako basoetan.[3]

Araban, Salburuako eta Guardiako aintzirak udako biztanlea da.[3]

Gipuzkoan 1500dik gora koartzatxo itzainek igarotzen dute negua. Espezie erabat exotikoa izatetik, udazken-neguko denboraldian larreetan ohiko hegazti izatera igaro da. Itsas Enara Ornitologia Elkarteak, 2020ko urtarrilaren 18an, Gipuzkoan negua igarotzen duten aleen kopurua neurtu eta etorkizuneko erroldetarako erreferentzia izateko asmoz espeziearen errolda bat egin zuen. Gipuzkoako lotegi handienak Oria ibaiaren arroan daude.[4]

Lotegia Ale kopurua
Bedua (Zumaia) 168
Plaiaundi 192
Zubieta (Usurbil) 465
Zizurkil 720
Guztira Gipuzkoan 1545

Habitata aldatu

Ardeiden artean uretan gutxien egoten dena da, izan ere abere ugari dagoen eremuetan izaten da, hortik bere izena. Landa soroetan eta sakonera txikiko hezeguneetan bilatzen du elikagaia[7].

Elikadura aldatu

Espezie oportunista da eta tokian tokikoaz elikatzen da. Intsektuak (matxinsalto, oti, txitxarra, euli, sits eta sorginorratzak), zizareak, armiarmak, sugandilak, suge txikiak, anfibioak eta ugaztun txikiak ehizatzen ditu[5]. Zabortegietan ere ikusten dira eta uzta jasotzen duten traktoreen atzean ere egoten da, hark ezkutalekuetatik aterarazten dituen animali txikiak harrapatzeko asmotan. Sarritan behi eta ardien gainean ezartzen da goitik harrapakina hobeto ikusteko[7].

Ugalketa aldatu

Zuhaitzetan egiten ditu habiak kolonia handiak eratuz[2]. Beste koartza eta zangaluze batzuekin batera ere agertzen da[8]. Maiatza erdialdera hasten dira bikoteak sortzen. Horretarako arrak mugimendu erritualak egiten ditu eta hiru egunetan eratzen dira bikoteak. Habia oso desordenatua da eta emeak eraikitzen du arrak ekartzen dizkion sustrai, zurtoin eta adar zatiekin. 20-45 cm-ko diametroa eta 12-25 cm-ko altuerakoa izaten da habia eta lauzpabost arrautza jartzen ditu. Arrautzak zuriak dira tono urdinxka edo berdexka dutela. Guraso biek txitatzen dituzte 22-26 egunetan zehar eta ondoren ere biek elikatzen dituzte. 20 egun dituztenean habiaren inguruko adarretan ibiltzen dira eta 45 egun dituztenean erabat garatuta egoten dira[7].

Taxonomia aldatu

Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean, Systema Naturae liburuan[9]. Ardea ibis izena eman zion baina 1855 urtean Charles Lucien Bonaparte ornitologo frantsesak Bulbucus generoan sartu zuen[10]. Bulbucus izenak "unaia" esan nahi du latinez[11]. Bubulcus ibisek hiru azpiespezie ditu:

  • Bubulcus ibis ibis (Linnaeus, 1758)
  • Bubulcus ibis coromandus (Boddaert, 1783)
  • Bubulcus ibis seychellarum (Salomonsen, 1934)

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Bonaparte, Charles Lucien (1855). Annales Des Sciences Naturelles comprenant la zoologie 4 (1): 141. orr.
  2. a b c «Lertxuntxo itzaina (Bubulcus ibis)» www.turismo.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-10).
  3. a b c d Peñas Patiño, Xosé M. et al.. (2019). Euskal Herriko hegaztien gida. Sua, 30 or. ISBN 978-84-8216-736-7..
  4. a b «Itsas Enara Ornitologia Elkartea: 1500dik gorako lertxuntxo itzain negua igarotzen Gipuzkoan» Itsas Enara Ornitologia Elkartea 2020-01-21 (Noiz kontsultatua: 2020-01-25).
  5. a b (Ingelesez) «Cattle Egret Life History, All About Birds, Cornell Lab of Ornithology» www.allaboutbirds.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-10).
  6. (Ingelesez) Green, David; Krebs, Elizabeth; Hunte, Wayne. (2004-01-01). «Plume Variation, Breeding Performance and Extra-Pair Copulations in the Cattle Egret» Behaviour 141 (4): 479–499.  doi:10.1163/156853904323066757. ISSN 0005-7959. (Noiz kontsultatua: 2019-12-10).
  7. a b c d e «Garcilla bueyera» SEO/BirdLife.
  8. (Ingelesez) «Cattle Egret - Introduction» birdsna.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-10).
  9. Linnaeus, C.. (1758). Systema naturae per regna tria naturae, secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis. Tomus I. Editio decima, reformata.. Holmiae. (Laurentii Salvii)., 144 or..
  10. Bonaparte, Charles Lucien. (1855). Izenburu gabe. Annales Des Sciences Naturelles comprenant la zoologie 4 (1):, 141 or..
  11. (Ingelesez) Valpy, Francis Edward Jackson. (1828). An Etymological Dictionary of the Latin Language. A. J. Valpy, sold by Baldwin and Company (Noiz kontsultatua: 2019-12-10).

Kanpo estekak aldatu