Lertxun (Populus tremula) Salicaceae familiako zuhaitza da, hazkuntza oso azkarrekoa, eta 15-20 metroko altuera lortu ohi du. Zuhaitz hosto-erorkor hau Europa eta Asiako eskualde hotz eta epeletan hazten da[1].

Lertxun (zuhaitza)
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaMalpighiales
FamiliaSalicaceae
GeneroaPopulus
Espeziea Populus tremula
Banaketa mapa
Artikulu hau zuhaitzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lertxun».

Euskal Herrian nahiko zuhaitz ohikoa da eta horren adierazle dira bere izen arruntak, eskualdetik eskualdera erabat desberdinak direnak, esate baterako, buzuntza, burtzuntxa, edo bursontza Erronkarin; Ikararbolea edo ikaratzea Zaraitzu ibarrean; Ikara Lapurdin; Orrikara Gernika, Lekeitio, Markina eta Bergaran; Zuntzuna Oiartzunen; Firi-firia Sakana eta Burundan... Izen horietako askok, baita zientifikoak ere, haizeak hostoak mugitzean sortzen duen efektu dardartsuari egiten dio erreferentzia.

Ezaugarriak aldatu

 
Enborra

15-20 metroko altuera lortzen duen zuhaitza da eta enbor fina du (metro baterainoko diametroduna). Azal zurbila du, gris-berdexka ale gazteetan, diamante formako lentizela gris ilunekin hasieran, baina gris iluna eta zartatua alerik zaharrenetan. Adakera zabala du, argia eta biribildua.

Hostoak aldatu

Hosto helduak (brakiblastoetakoak) biribilduak dira, luzeak baino pixka bat zabalagoak, 3-7 x 3-8 cm-koak. Ertz horzduna dute eta peziolo lau eta oso luzea, 4-8 cm-koa. Peziolo lau hau da hain zuzen ere haize gozoa egon arren hostoetan efektu dardarkari hori sortzen duena, eta zuhaitzari izen zientifikoa ematen diona.

Hosto gazteak (makroblastoetakoak) oso desberdinak dira, bihotz forma edo triangeluarra dute eta handiagoak izaten dira, 20 cm-rainokoak. Hauen pezioloa, gainera, ez da horren laua.

Hostoen linboa kolorgabea da eta hauen oinarria moztua. Glabroak izaten dira eta bi aldeetatik berdeak.

Loreak aldatu

 
Gerba arrak
 
Gerba emeak

Lertxuna espezie dioikoa da, hau da, lore eme eta arrak ale desberdinetan daude banaturik. Lore ar zein emeak amentu motako infloreszentzietan antolatzen dira, airearen bidezko polinizaziorako moldaturik daudenak. Amentuak, hostoak baino lehenago agertzen dira zintzilik eta lazinia motako ezkata glabro batzuez babesturik daude. Amentu arrak berde eta marroiak dira, 5-10 cm luzekoak eta nahiko lore estuekin (5 mm irekitzean). 6-30 estamine dituzte baina normalena 10-20 izatea da. Deigarriak dira estaminetako antera more txiki batzuk.

Aldiz, amentu emeak motzagoak dira (2-4 cm ugal-aroan) eta 10-20 lore izaten dituzte. Lore emeek disko nektarifero lobulatua dute, pedizelo laburrak, obario eseria eta konikoa, bi estigma horixka dituzte eta obulutegiaren tamainako lau lobulu estigmatiko. Lertxunak, uda hasieran loratzen dira.

Fruituak aldatu

Fruituak 3-4 kuskuko kapsulak dira, itxura obalatukoak, 7-9 cm-koak eta multzoetan agertzen dira adarretatik zintzilik amentu erako egituratan. Haziak txikori belarraren (Taraxacum officinale) antzeko itxura hartzen du: bixar leun itxurako bilduki zuri batek inguratzen du, ile luzez eraturik dagoena eta haizearen bidez distantzia handiak kolonizatu ditzake. Haziak kolore arrekoak dira. Hazi ekoizpen maximoa udan ematen da.

Banaketa aldatu

Lertxuna, jatorriz eskualde umel eta epeletakoa da, Europarra, ipar Afrikarra eta mendebaldeko Asiarra. Hegoaldean, eskualde garaietan agertzen da, esaterako Kantaurialdeko ekialdetik Pirinioetako ekialdera.

Ekologia aldatu

Espezie landatarra da, negu luze eta hotzak eta uda epel eta luzeak behar izaten dituena. 1.800 metrorainoko altueratan bizi daiteke, [[ur gazi])etatik urrun eta lurzoru hezeetan, buztintsu zein silizeoak. Eremu irekietan hasten da, orokorrean lur txiroetan (asko erabili izan da metal astunen fitoerremediazioan), dominantea izatera iritsi daitekeelarik. Populus generoko beste zenbait espezie bezala, sustraietako kimuetatik aurrera dispertsatzen da, zuhaitz-gurasoetatik 40 metrorainoko distantzian, kolonia klonal zabalak sortuz.

Fenologia aldatu

Lertxuna udaberrian eta uda hasieran loratzen da, eta fruituak udazken hasieran heltzen dira.

Erabilera aldatu

Lertxunaren zura zuria eta arina da, homogeneoa, elastikoa eta gutxi markatutako zurgiharrekoa. Zurgizena kolore zurikoa da baina zurgiharra gris edo krema kolorekoa. Bere arintasuna dela eta elikagaiak garraiatzeko kutxak eratzeko erabili izan da.

Medikuntza alternatiboan, irakindako hostoen zukua haluzinazioen aurka erabiltzen da.

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Tremex fuscicornis liztorrak Populus generoko zuhaitzak parasitatzen ditu baina batez ere lertxunekiko afinitatea dute. Liztor hauek lertxunaren hostoetan arrautzak txertatzen dituzte, Cerrena unicolor onddo sinbiontearen esporekin batera. Onddo honen esporak liztor larbentzako elikagai modura balio dute baina muki fitotoxiko bat sortzen dute, hostoen zimeltzea eraginez.

Horrez gain, lertxuna onddo espezie ugarirekin elkarrekintzan aurkitu da, esaterako, Trichothecium roseum, Cladosporium maculicola, Penicillium sp., Elsinoe veneta, Rhizopus stolonifer, Cytospora chrysosperma, Alternaria alternata, Aureobasidium pullulans, Pollaccia radiosa, Leucostoma persoonii, Arthrinium phaeospermum, Ulocladium sp., Trichoderma viride, Aspergillus sp., Melampsora populnea, Marssonina castagnei, Acremonium, Caudospora taleola, Fusarium lateritium, Diatrype stigma, Dothiora sphaeroides, Leucostoma niveum, Discosia strobilina, Camarosporium propinquum, Epicoccum nigrum, Hysterographium elongatum, Melanomma pulvis-pyrius, Nectria cinnabarina.

Erreferentziak aldatu

  1. Rushforth, K. (1999). Trees of Britain and Europe. Collins ISBN 0-00-220013-9.

Kanpo estekak aldatu