Lepazuria (Martes foina), Mustelidae familiako tamaina ertaineko ugaztun haragijale eta harrapari gautiar bat da.

Lepazuri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaMustelidae
GeneroaMartes
Espeziea Martes foina
(Erxleben, 1777)
Banaketa mapa
Eguneko zikloagaueko
Genomaren kokapenadnazoo.org…
Hezurdura

Deskribapena aldatu

Heldua denean, lepazuriak 40 eta 50 zentimetro arteko luzera izaten du. Isatsak 21 eta 27 zentimetro bitartean neurtzen du, eta bere pisua 1 eta 2 kilo artekoa da[1]. Lepahoriaren oso antzekoa, izan ere amankomuneko arbasoak baitituzte, baina gorputz sendoagoa eta hanka laburragoak ditu, muturra laburragoa eta belarriak txikiagoak, eta, lepahoriagandik, aurreko hanketara urkila eran irekitzen den paparreko zuriagatik ezberdintzen da. Entzumen bikaina eta oso ikusmen eta usaimen onak ditu.

Jokaera aldatu

Animalia bakartia da. Ilunabarrean hasten du bere jarduna eta ilargi beteko gauetan oso aktiboa da[2]. Bizkor mugitzen da bere ehiza toki zabaletik, 2 eta 10 kilometro bitartekoa izan daitekeena, eta beste ar heldu batzuen aurrean gogor defendatzen du eremua[2].

Lepazuriak ez du zulorik egiten ez eta beste animalia baten zuloa aprobetxatzen ere. Zenbait gordeleku izaten ditu harkaitz eta zuhaitz zaharren motzondoen artean, eta batzuk zein besteak berdin erabiltzen ditu habiatarako. Bederatzi metrotako altueran dauden zuloak ere aurkitu izan dira[1].

Elurte gogorrak izaten direnean erbiek edo eskiatzaileek egiten dituzten bideak erabiltzen ditu mugitzeko.

Elikadura aldatu

Karraskari, txori eta anfibio txikiak ehizatzen ditu. Batzuetan, autoen kapotan sartu eta kableak horzkatzen ditu. Gauez bakarrik aritzen da eta Iberiar penintsula osoan ikus daiteke baso, sastrakarte, haitzarte edo landatokietan. Eivissa uhartean desagertua dago.

Ugalketa aldatu

 
Lepazuriaren habian hiru kume.

Lepahoriaren antzeko ugalketa ohiturak ditu. Ekaina eta uztaila artean eratzen dira bikoteak. Ordubete iraun dezakeen kopularen ondoren 236-237 egunetako haurdunaldia izaten du (larrutarako abeltegietan 254-275 egun). Martxoa edo apirila aldera erditzen da eta 3-7 kume izaten ditu. Kumeak itsu jaiotzen dira eta 30-36 egun dituztenean hasten dira ikusten. 40-45 egunetako edoskitze aldia izaten duite ondoren[1].

Habitata aldatu

Lepahoriarekin sarritan konpartitzen du eremua eta orduan nitxo desberdinak okupatzen saiatzen dira biak ala biak. Lepahoriak txoriak eta karraskariak ehizatu ohi ditu normalean eta lepazuriak fruitak eta intsektuak nahiago ditu.

Azeriak, katamotzak, hegazti harrapariak eta basakatuak ditu harrapari ohikoenak.

Gizakiarekin harremana aldatu

George Rolleston zoologo britainiarrak hipotesi bat plazaratu zuen; antzinako greziar eta erromatarrek etxe-animalia gisa katuaren lekuan lepazuria erabiltzea ohikoa zela[3].

gaur egun lepazuriaren larrua oso gai preziatua da, arropa beroak egiteko erabiltzen baita.[4] Horretarako ehizatu egiten da edo larrutarako abeltegietan hazten da.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Geptner, V. G. (Vladimir Georgievich); Nasimovich, A. A.; Bannikov, Andrei Grigorevich; Hoffmann, Robert S.. (1988). Mammals of the Soviet Union. Washington, D.C. : Smithsonian Institution Libraries and National Science Foundation (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  2. a b López-Martín, J.M., Ruiz-Olmo, J. & Cahill. (1992). Autumn home range and activity of a Stone Marten ( Martes foina Erxleben, 1777) in Northeastern Spain. Misc. Zool. 16:, 258–260 or..
  3. Hamilton, Edward. (1896). The wild cat of Europe (Felis catus.). London, R. H. Porter (Noiz kontsultatua: 2020-09-14).
  4. Lur entziklopedietatik hartua.