Leiroko kaskoa

Urrezko kasko formako objektua

Leiroko kaskoa urrezko kasko edo katilua da, segur aski Brontze Arokoa. José Vicente Somozak ustekabean aurkitu zuen 1976ko apirilaren 7an, Corruncho de los Cerdos izeneko tokian, Leiroko hondartzatik (Rianxo) gertu dagoen eremu harritsua. Buztinezko ontzi baten barruan zegoen, eta etxola bat eraikitzeko lanetan aurkitu zuten.[1] Gaur egun, Museo Arqueolóxico e Histórico Castelo de Santo Antón-en dago, Coruñan. [1]

Leiroko kaskoa
Jatorria
Aurkikuntza lekuaLeiro (en) Itzuli
Aurkikuntza data1976ko apirilaren 7a
Ezaugarriak
Materiala(k)urrea
Dimentsioak19,5 (diametro) × 15 (altuera) cm
Pisua270 gramo
Deskribapena
Honen parte daBrontze Aroko urrezko kapeluen urregintza estiloa
Kokapena
LekuaMuseo Arqueolóxico e Histórico (La Coruña, Spain) (en) Itzuli
Koordenatuak42°38′55″N 8°46′18″W / 42.64854357°N 8.77178907°W / 42.64854357; -8.77178907
Map

Beste ale batzuekin parekotasunak ditu, hala nola Axtrokiko katiluak eta Europako iparraldeko beste batzuekin.

Ezaugarriak aldatu

 
Casco de Leiro, Castelo San Antón (A Coruña)

Esferaerdikoa da eta oinarri estuko kono-enbor txiki batean amaitzen da. Gehienez ere 195 mm-ko diametroa izango du, eta 150 mm-ko altuera gehi 23 mm-ko punta. Bere pisua 270 gramokoa da.

Erdialdeko eta Ipar Europako antzeko piezak bezala, jatorriz katilu bat izan zitekeen, erritu motaren baterako erabiltzen zena. Beste bigarren erabilera bat proposatu da: militar erakustaldietarako kasko gisa erabili zela, hierarkia baten barruko agintaritzaren sinbolo gisa alegia, xaflaren mehetasunak defentsa-aplikazio oro baztertzen baitu.

Kaskoa pieza bakarrekoa da. Lehenbizi metala urtuko zuten eta, ondoren, mailukatuz, urrezko xafla altxatuko zuten. Goiko punta hasierako pieza horren parte zen jada, eta, beraz, ezin da esan gerora gehituko zitzaiola. Objektuaren barnealdean, hasierako urtzearen ondoriozko sakonune bat ikus daiteke punta horren oinarrian.

Piezak gainazal osoko dekorazioa du, bozelketa-teknikaren bidez egina. Motiboak zerrenda horizontaletan jartzen dira, hiru ildaska paraleloko multzoez bereizita. Lerro batzuetan zirkulu sinpleak jarri dira baina besteetan beste marrazki konplexuagoa: lau boliño edo zirkulutxo artean kokatutako lau hari zirkular zentrokideez inguratutako bola bakunak.

Dekorazio mota hori egiteko puntzoiak aldatu

Azken Brontze Aroko Europako zenbait gordailutan[2], hala nola Generalard-en, Frantzian, kontserbatzen dira era horretako dekorazioak lortzeko erabili ziren matrize konplexuko puntzoiak. Puntzoi konplexu horiek, batzuetan alde bat positiboan eta beste bat negatiboan dutela, brontzean egiten dira, argizari galduzko galdaketa-teknikaren bidez; beraz, Azken Brontzea eta, zehazkiago, Villena-Estremoz izeneko eremu teknologikoarena dela uste da. Oraingoz ez dugu horrelako objekturik ezagutzen Iberiar penintsulan.

Paraleloak aldatu

Europa osoan mota horretako objektuen erabileraren erreferenteak daude, batzuk kapelen antzekoak (adibidez, Avantongo urrezko konoa Frantzian, edo Ezelsdorf-Bucheko urrezko konoa eta Berlingo urrezko kapela, biak Alemanian) eta beste batzuk katiluak edo kaskoak eta baxerak: Alakanteko Villenako Altxorra edo Irlandako Comerfordeko Koroa edo Eskoriatzan agertutako Axtrokiko ontziak. Nolanahi ere, bere berezitasunagatik objektu erritualtzat hartu behar da.

Erreferentziak eta oharrak aldatu

  1. a b (Galizieraz) Mouzo Riobó, Íñigo. (2018). «Cando ofreceron un porco a cambio dun dos maiores tesouros de Galicia, o Casco de Leiro» Historia de Galicia (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  2. Brontze Aroan metalezko arma eta objektuez osatutako multzoak leku zehatz batzuetan uzten ziren, agian arrazoi erritualak medio. Gaur egun arkeologiak aurkitu eta izen hori eman die: Brontze Aroko gordetegi edo biltegiak.

Kanpo estekak aldatu