Lantenoko eskolak

eraikitako euskal ondare nabaria Aiaran

Lantenoko eskolak Aiarako Lanteno auzoan dauden heziketarako eraikinak dira.

Lantenoko eskolak
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAiara
Koordenatuak43°07′00″N 3°05′41″W / 43.11677°N 3.09465°W / 43.11677; -3.09465
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XIX. mendea
Arkitektura
EstiloaArkitektura eklektikoa
Ondarea
EJren ondarea55

2002ko, martxoaren 26an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak aldatu

Planta angeluzuzeneko hiru gorputzek (gorputz nagusia eta alboko bi atxikiak) osatzen dute eraikin exentu hau. Gorputz nagusia altuagoa da eta simetria-ardatza da multzoaren konposizioan. Eraikina 40 metro luze eta 15 metro zabal da.

Gorputz nagusia planta angeluzuzenekoa da, estuagoa eta altuagoa; erdisotoa, beheko solairua, bi solairu eta teilatu azpiko solairua ditu. Estalkiak teila zeramiko lauak ditu bi isurialdeetara, eta gailurra fatxada nagusiarekiko perpendikularra da, ekialderantz, eremuaren sarrerarantz orientatua.

Erdiko gorputzaren bi aldeetara, ortogonalean, bi eraikin daude, zabalagoak eta baxuagoak. Horien estalkiek teila zeramiko lauak dituzte, hiru isurialdetara. Alboko erakin horiek erdisotoa, beheko solairua, lehenengo solairua eta teilatu azpiko solairua dituzte. Multzoaren zerbitzu-hegalak dira eta bigarren maila batean azaltzen dira, erdiko gorputzaren fatxada nagusiarekiko. Alboko muturretan, luzapen txikien antzera, irtengune batzuk daude: dorre itsatsiak dira, arbelezko estalki piramidalak dituztenak, malda handia duten lau isurialdetara. Multzoaren behealdean erdisotoa dago, fatxada nagusian ageri dena.

Eskolaren fatxada nagusiak espazio ireki batera ematen du. Espazio hori sartzeko kalea baino gorago dago. Eremuaren eta basamentuaren artean kareharrizko basamentua dago, eta haren erdian sarrera ireki da. Sarrera nagusia aurrealdean dago, ekialdera orientatua, eta bi arrapalako bi eskailera ditu, erdiko gorputzaren bi aldeetara. Eskailerek zuzenean beheko solairura eramaten dute.

Ekialdeko fatxadaren gorputz nagusia 2 metro ateratzen da, pinoi edo hastial antzera; bi bao-ardatz ditu, eta, goialdean, erloju bat horman eta kanpaia gailurrean. Alboko gorputz simetrikoek bosna bao-ardatz dituzte, solairuen arteko bereizketa argia dela. Beheko solairuaren nagusitasuna nabarmenduta dago: oso bao altuak ageri dira, eta erdi-puntuko arkuak goialdean. Eskantzu eta forja guztiek, hurrenez hurren, hortz handiak eta inpostak dituzte nabarmentzeko. Eskola hareharrizko harlanduzko eskantzuekin luzituta dago, fatxada nagusian, erdisotora sartzeko baoetan eta arrapalen gailurrean; gainerako eskantzuak, berriz, zarpiatuta daude. Ordena soila da, eta erdiko gorputza nabarmentzen da. Gorputz horretatik sartzen da eraikinean, alboko gorputzak baino aurrerago jartzean sortu den alboko espaziotik, hain zuzen. Erdisotora sartzeko bi ate daude.

Mendebaldeko fatxadan, bigarren mailako sarrera dago behealdeko eraikinera sartzeko. Eskailerarik ez da ageri, lurraren malda dela-eta. Erdisotoa aireztatzeko, metro bat zabal den patio ingelesa dago, harlanduzko harrizkoa. Konposizioa oro har ekialdeko fatxadarena bezalakoa da, baina fatxada osoa laua da eta plano bakarrean dago.

Iparraldeko eta hegoaldeko zeharkako fatxadek konposizio berdina dute; alboko gorputzen zabalera nabarmentzen da, eta haiei atxikitzen zaizkie, erdialdean, lehen deskribatutako dorreak. Horiek 4 x 1,5 metrokoak dira, eta multzoaren izaera eklektiko eta zehaztugabea areagotzen dute. Gainerako fatxadek 2 ardatz dituzte dorrean, bao zorrotzak dituztenak, eta haren bi aldeetan bina ardatz gehiago, puntu-erdiko baoak dituztenak. Dorre itsatsien estalkien erpinean, erremate gisa, esfera eta oilar-itxurako haize-orratza ageri dira.

Egitura arkupez osatua dago, barne hartzen dituen gorputz edilizioaren gailurraren norabidearen arabera jarrita. Arkupe gehienak egurrezkoak badira ere, erdiko gorputzaren behealdekoak burdinurtuzkoak dira. Eraikinaren egituran egurrezko zutabeak nabarmentzen dira, eta horietan eutsita haritz-egurrezko panelak daude.

Erdisotoan, erdiko gorputz edilizioan, atondo zabala dago. Hartara fatxada nagusian dauden bi ateetatik sartzen da, eta hortik zehar alboko gorputzetara. Hor, hain zuzen, erretiratuentzako lokala, buztingintza-tailerra eta esku-langintzako tailerra daude. Lehenengo solairura fatxada nagusiaren arrapala simetrikoetatik sartzen da. Bertan eskolak daude; erdiko gorputza jolaserako gunea da, eta alboko gorputzak mutilen eta nesken gelak, hurrenez hurren. Egun, pintura-ikastaroak egiten dira bertan. Dorretik solairu horren alde batera sartzen da, eta bertan etxebizitza bat dago, abandonatuta eta egoera txarrean. Solairu horretan, gainera, kontsultategi medikoa dago. Lehenengo solairuan, lau etxebizitza eta lokal bat daude. Bigarren solairua eta teilatu azpikoa ez dira erabiltzen, beren egoera txarra baita.

Mapak aldatu

Nesken eta mutilen gelan 3 mapa zituen altzari bat zegoen, 1883an datatuak. Administrazio Batzarrak 2020an altzari hori zaharberritzeko eskatu zuen, Arabako Foru Aldundiak Toki Erakundeen ondasun historiko-artistikoak kontserbatzeko edo zaharberritzeko esku-hartzeetarako urtero deitzen dituen dirulaguntzen bidez.[1] Zaharberritzea lan handia izan zen, mapak paper eta oihal erruloak baitziren, eta ez baitzen oso ondo ikusten haren edukia.[2]

Altzari bakoitzak hiru mapako erroilu jarraia du, bigarren mailako euskarri den oihal batean itsatsia eta euren artean josiak. Altzariek mapak gordetzen zituzten eta horretaz gain, ikusgai egoteko balio zuten. Aztertu beharreko gaiaren arabera, sistema baten bidez hiru mapetako bat ikusteko aukera ematen zuen. Goiko aldean finkatuta zegoen egurrezko barra batek mapak tenkatzen zituen, biribilkatzen edo askatzen beste bi barraren gainean — beheko aldean jarriak — biradera batez biratzen zenean. Erroilu bakoitzak Espainiako eta Portugalgo mapa bat, Europako bat, eta, zeruko eta mapamundiko kartografia bat ditu, eguzki-sistemaren edo planetarioaren irudiekin, ilargiaren faseekin, eklipseen teoriarekin, urtaroekin edo lur-geruzaren basotxo geologiko batekin.[2][3]

Irudi galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa
  1. (Gaztelaniaz) Euskadi, elDiario es. (2021-02-02). «Álava restaura dos muebles con seis mapas del siglo XIX pertenecientes a las escuelas de Llanteno» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-03-29).
  2. a b (Gaztelaniaz) Pérez, Pablo José. (2021-04-12). «Recuperando los tesoros de los pueblos de Álava» Diario de Noticias de Álava (Noiz kontsultatua: 2023-03-29).
  3. Press, Europa. (2021-02-02). «Concluye la restauración de dos muebles con seis mapas del siglo XIX pertenecientes a las escuelas de Llanteno (Álava)» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2023-03-29).