Lanperna-musua (Fratercula arctica) Fratercula generoko animalia da. Hegaztien barruko Alcidae familian sailkatuta dago. Ozeano Atlantikoaren iparraldean bizi da, Euskal Herritik Zembla Berriraino eta Groenlandiatik Ingalaterra Berriaraino.

Lanperna-musu
Iraute egoera

Kaltebera (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaCharadriiformes
FamiliaAlcidae
GeneroaFratercula
Espeziea Fratercula arctica
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa376 g (helduen pisua)
Zabalera55 cm
Lanperna-musua harrapatu dituen arrainekin.

Deskribapena aldatu

28-30 cm luze da eta 47-63 zentimetroko hego-zabalera du. Ez du sexu dimorfismorik, baina arra normalean emea baino pixka bat handiagoa izaten da. Aurpegi gris argia eta azpialde zuria ditu, buruaren atzealdea eta bizkarra beltzak dira. Hanka laranja-gorriak ditu. Haren ezaugarri nabariena moko triangeluarra da, puntan gorria eta aurpegitik gertu, beltza. Hainbat marra ditu: haien kopuruak hegaztiaren adina adierazten du. Mokokada indartsua du[1]. Neguan koloreak apaldu egiten zaizkio. Gaztea denean, masailak eta mokoa grisak izaten dira.

Lurrean ez da bere familiako beste espezieak bezain baldarra, ez ibiltzean, ezta lurra hartzen duenean ere. Sarritan uretan murgiltzen da eta igerilari bikaina da.

Habitata aldatu

Migrazioak aldatu

Lanperna-musuak udazkena eta negua iparraldeko itsaso zabaletan igarotzen ditu eta udaberrian kostaldera itzultzen da, itsaslabarretan habia egin eta kumatzera[2]. Kumatze garaian talde handiak eratzen baditu ere, negu aldean hegazti bakartia da[3].

Koloniak aldatu

Lanperna-musu gehienak (5 milioi bikote baino gehiago) Europan bizi dira eta % 60k Islandian kumatzen du[4]. Europan, Errusia iparraldeko uharteetan, Norvegian, Faroe uharteetan eta Eskoziako uhartedietan ere da. Amerikako kolonia handiena Ternuako Witless Bay erreserba ekologikoan dago eta 260.000 bikote inguru ditu[5].

Elikadura aldatu

Arrainak (Ammodyteak, sardinzarrak, panekak...) eta krustazeoak jaten ditu gehienbat, baita molusko eta itsas zizareak ere[6]. 7 cm inguruko harrapakinak hartzen ditu eta lanperna-musu heldu bakoitzak haietako 40 ale inguru jaten ditu egunero. Lehendabizi harrapakina detektatzen du, airetik edo burua uretan sartuta eta, azkar murgildu ondoren, arrainaren atzetik egiten du igeri. Hamabost metroko sakonerara iristen da baina 60 metroraino ere murgil daiteke[3]. Harrapakinak mokoan garraiatzen ditu eta azkar irensten ditu gainerako itsas hegaztiek lapur ez diezazkioten[2].

Hartzen duen gatz soberakina giltzurrunetan iragazi eta sudurzuloetako guruin berezietatik kanporatzen du[7].

Ugalketa aldatu

Kumatze aroan, arrantza baliabide handiak dauden eremuetako kostaldean kolonia handiak eratzen ditu Labarretan zuloak egiten dituzte: metro bateko luzerako tunela eraikitzen dute barnean eta zulo labirinto batean hainbat bikote ezartzen diren arren, bikote bakoitzak habia bera darabil[8]. Emeak arrautza zuri bakarra erruten du eta berak 40-43 egunean txitatzen du; bitartean, arrak habia atontzeko lanak hartzen ditu[9].Txitak jaiotzen direnean, guraso biek elikatu eta zaintzen dituzte eta 38-40 egunean erabat garatzen dira. Habia uzten dutenean hegan egiteko gai direnez, kolonia berehala uzten dute. Ez dira handik bi urtera arte itzultzen[2].

Taxonomia aldatu

Carl von Linneok 1758an Systema naturae liburuan deskribatu zuen eta Fratercula arctica izena eman zion. Fratercula Erdi Aroko latinetik dator eta "fraidea" esan nahi du, monasterioetan erabiltzen ziren toga jantzita duela ematen baitu[10]. Arctica izena Artikoaren inguruan bizi delako jarri zion: izen hori grekerazko άρκτος ("arktos") hitzetik dator eta "hartza" esan nahi du.

Lanperna-musuak hiru azpiespezie ditu:[11]

  • Fratercula arctica arctica (Linnaeus, 1758)
  • Fratercula arctica grabae (Brehm, C.L., 1831)
  • Fratercula arctica naumanni Norton, 1901

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «Cabot discovery» Audubon Project Puffin 2015-12-22 (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  2. a b c «Frailecillo atlántico» SEO/BirdLife.
  3. a b (Gaztelaniaz) «Frailecillo Atlántico» Audubon 2015-12-15 (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  4. «The IUCN Red List of Threatened Species» IUCN Red List of Threatened Species (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  5. «Wayback Machine» web.archive.org 2015-09-24 (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  6. Falk, Knud; Jensen, Jens-Kjeld; Kampp, Kaj. (1992). «Winter Diet of Atlantic Puffins (Fratercula arctica) in the Northeast Atlantic» Colonial Waterbirds 15 (2): 230–235.  doi:10.2307/1521457. ISSN 0738-6028. (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  7. Boag, David; Alexander, Mike. (1995). The Puffin. London: Blandford. ISBN 0-7137-2596-6..
  8. Kress, Stephen W.; Nettleship, David N.. (1988). «Re-Establishment of Atlantic Puffins (Fratercula arctica) at a Former Breeding Site in the Gulf of Maine (Re-Establecimiento del Frailecillo del Atlantico (Fratercula arctica) en el Golfo de Maine)» Journal of Field Ornithology 59 (2): 161–170. ISSN 0273-8570. (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  9. (Ingelesez) Creelman, E.; Storey, A. E.. (1991-05-01). «Sex Differences in Reproductive Behavior of Atlantic Puffins» The Condor 93 (2): 390–398.  doi:10.2307/1368955. ISSN 0010-5422. (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  10. Jobling, James A.. (1991). A Dictionary of Scientific Bird Names. Oxford University Press, 164 or. ISBN 0-19-854634-3..
  11. (Ingelesez) Zoonomen. Birds of the World -- current valid scientific avian names.. .

Kanpo estekak aldatu