Lankide:Naia Zugazaga Mena/Proba orria

Judo aldatu

 

Judo (japonieraz, 柔道, «bide samurra» edo «malgutasunaren bidea») japoniar borroka arte modernoa (gendai budō) edo borroka-kirola da. Kirol horren helburua aurkaria bizkarra lurra ukituz botatzea edo geldiaraztea da. Judoan aritzen denari judoka deritzo.

Historia aldatu

Judoaren jatorria Japonen aurki dezakegu, XVII. mendean. Garai horretan, klase militarrak eragina handia zuen eta, ondorioz, herrialdean armarik gabeko borroka jarduera bezala sustatu zen.

Jigoro Kanok 1882an kirol praktika garatu eta bultzatu zuen ju-jitsua izeneko babes-sisteman oinarrituta eta, ordutik, judoa ezaguna egin da. Kano konplexio txikiko haurra zen eta, fisikoki indartsu sentitzeko, ju-jitsua ikasten hasi zen. Teknika barneratuta, arte martzial berri bat sortu zuen, non alderdi fisikoa ez den funtsezko elementua.

Judoaren ospea pixkanaka-pixkanaka areagotzen joan da, izan ere, 1964an, Tokion, gizonezkoen kategoria kirol olinpiko bilakatu zen. Ondoren, Bartzelonako 1992ko Joko Oinpikoetan emakumezkoen kategoria ere egitarau olinpikoaren parte izatera pasatu zen.

Ju-jitsutik judorako bilakaera aldatu

Jigoro Kanok judoarekin duen helburua pertsona bere osotasunean lantzea da eta, horretarako, bi printzipio nagusi biltzen ditu:

  • "Seiryoku zenyo": energiaren erabilpen eraginkorra
  • "Jita kyohei": elkartasuna eta elkar laguntza

Hortaz, gizartearentzako pertsona hobeak (osasuntsuak, indartsuak, eraginkorrak…) heztea du xede.

Villamón de Broussek (1999) esan zuen modura, judoa kirol bihurtzeko prozesuak eraman du kirol hau defentsa pertsonalaren eremutik kirol olinpiko bihurtzera. Era berean, curriculumaren parte izatera pasa da, beraz, instituzio askotan lantzen den kirola da. Bigarren Mundu Gerra baino lehen judoa ez zen oso ezaguna Japonetik kanpo. Haatik, hiru hamarkadaren osteko bilakaera azkar batek olinpiaden egitarauaren barruan sartzera eraman zuen. Gaur egun, milioika pertsonak praktikatzen dute mundu osoan zehar. Ju-jitsuak ez bezala, judoak borroka alde batera uzten du eta pertsonaren integritatean oinarritzen da, hau da, judoa heziketa-tresna moduan erabiltzen da.

Judoa sortu zen momentua berezia izan zen; Japon garai hartako sistema feudaletik irteten ari zen, mendebaldeko herrialdeak baino ehunka urte beranduago. 1853an sinatu zituen lehen laguntasun hitzarmenak Europako herrialde batzuekin eta, pixkanaka-pixkanaka, nazioarteko komertziora hedatzen hasi zen. 1867an botere politiko guztia enperadorearen esku geratu eta feudalismoa desagertu zen; aldaketa politiko horiek guztiek Japoniako modernizazioa ekarri zuten.

Kanoren irudia oso garrantzitsua izan zen japoniarrentzat, urte askoz ministro egon baitzen. Ju-jitsua kulturaren parte gisa ikasi zuen, bere ustez, ondare kulturala zelako. Horretaz gain, bere burua ahul sentitzen zuelako barneratu zituen teknika horiek eta sortu zuen sistema judo izendatu zuen 1882an.

Teknikak aldatu

Oinarrizko hiru kategoria daude tekniken barruan. Alde batetik, nage-waza (proiekzio-teknika), bestetik, katame-waza (kontrol-teknika) eta azkena, atemi-waza (kolpe-teknika). Judoan teknika ezagunenak lehenengo biak dira.

Nage waza (lurreko proiekzio teknikak) aldatu

  • Ashi waza (zango-teknikak)
    • Osoto gari (kanpo sega nagusia): atzetik oina sartu hanka tartean.
    • Ouchi gari (barne sega nagusia): aurretik hanka tartean sartu.
    • Kosoto gake (kanpoko gako txikia): hanka krokatzea.
    • Deashi harai: oinarekin bere oina kendu lurretik, desorekatu.
    • Hiza guruma (belaun blokeoa): belauna blokeatu desorekatuz.
  • Koshi waza (aldaka-teknikak)
    • Ogoshi: gerritik helduta alborantz bota.
    • Koshi guruma: lepotik helduta albora bota.
    • Tsuri goshi: gerrikoa heldu eta altxa aldakatik.
  • Te waza (esku-sorbalda teknikak)
    • Ippon seoi nage: sorbalda gaineko proiekzioa beso batez.
    • Morote seoi nage: sorbalda gaineko proiekzioa bi besoz.
  • Sutemi waza (sakrifizio-teknikak)
    • Tomoe nage: bota lurrera eta, bere azpian jarrita, proiekzioz bota.
    • Tami otoshi: alde batera bota.

Katame waza (lurreko kontrol teknikak) aldatu

  • Osae waza (menderatze-teknikak)
    • Hon kesa gatame (lepoa heldu): gorputza orekatua lurrean, pisua arerioaren gainean eta lepoa ondo eutsita.
    • Kata gatame (sorbaldako-kontrola): besoen giltzak arerioaren sorbalda lerroa kontrolatzen du besoa azpitik hartuz. Belaunarekin aldaka lerroa kontrolatu eta beste hanka zabaldu.
    • Kami shio gatame (atzetik kontrolatua, lau puntuen-kontrola): eskuak sorbalda azpitik eta gorputz enborraren pisua gainean, eta hankak arerioaren posizioaren arabera aldatu.
    • Yoko shio gatame (albotik kontrolatua, lau puntuen-kontrola): aurkariari esku batez sorbalda eutsi, eskua buruaren azpitik eta sorbalda azpitik pasaz, aldaka ere hanka azpitik pasatuz.
    • Tate shio gatame (zaldi eran lau puntuen-kontrola): sorbaldak lepoa eta besoa inguratuz aurkaria estutu, eta gorputza eta belauna beheratu oreka ona lortzeko.
  • Shime waza (estrangulazio-teknikak) (besoen-teknika ona, besoak ondo estututa)
    • Hadaka jime (esku biluziarekin).
    • Okuri eri jime (bi sorbalden estrangulazioa, kimonotik helduz)(shime wazaren berdina).
    • Kata ha-jime (sorbaldakoa)
  • Kansetsu waza (luxazioak)
    • Ude garami (beso tolestua)
    • Juji gatame (gurutzean kontrola besoa, besoa luzatu)

Atemi waza (kolpe teknikak) aldatu

Atal honetan, judoka batek beste desorekatzean datza kolpe baten bidez eta horrela lurrera bota.

Tatami-a aldatu

Judoa tatami izeneko tapiz bigun batean burutzen da. Tatamia Japoniako terminoa da eta bere sorreran “tolestua eta pilatua” esan nahi zuen. Japoniako etxeetako elementu bereizgarria da eta antzina etxeko gela garrantzitsuen zorua estaltzeko erabiltzen zen. Tradizionalki, lastozkoak ziren eta gaur egun poliestirenozkoak izan ohi dira. Orokorrean, tatamiak egurrezko zoru baten gainean jartzen dira.

Lehiaketako tatamiak 2 x 1 metroko neurria du, eta 4 edo 5 zentimetroko lodiera; lodiera horrek erorketak arintzen laguntzen du. Lehiaketako tatamien koloreak askotarikoak dira, baina joko olinpikoetan eta judoaren munduko lehiaketetan ohikoenak horia eta urdina dira.[1]

Lehiaketetarako homologatutako judo-tatamiak 8 x 8 metro ditu, 2-3 metroko segurtasun-eremuaz gain. Olinpiar jokoetan eta judoko mundialetan, borroka eta segurtasun eremuak Judoko Nazioarteko Federazioak ezarritako neurriak izan behar ditu. Borroka-eremuak 8 x 8 metro izan behar du eta, segurtasun-eremuak, aldiz, 14 x 14 metro, borroka eremua inguratuz.

Janzkera aldatu

Judogi-a aldatu

Judoan erabiltzen den janzkera berezia da: judogi deitzen den arropa da, praka eta jaka batez osatua dagoena. Horrez gain, obi izeneko gerrikoa erabiltzen da.

Judogia XX. mendea baino lehenago Japonian erabiltzen zen janzkeratik eratorri da. Judogiaren kolorea urdina edo zuria izan daiteke, hala ere, zuria da gehien erabiltzen dena. Kolore urdineko judogiak berau baimenduta dagoen lehiaketetan bakarrik erabil daiteke, eta inoiz katak egiteko. Orokorrean, judogiak kotoizkoak dira.

Obi-a edo gerrikoa aldatu

Esan bezala, judogiaz gain, judokek gerriko bat erabiltzen dute, obi izenekoa. Obiak, jantzia lotzeaz gain, judokaren maila adierazten du. Hau da, judoaren gradu-sistema (kyu eta dan-ak) gerrikoaren kolorearen araberakoa da. Mailaketa progresibo hau Mikonosuke Kawaishi maisuak asmatu zuen Frantzian.

Zinta edo gerrikoaren koloreak pertsonaren ikasketa eta hazte prozesua sinbolizatzen du. Kolorea iluntzen doa, diziplinaren praktika-urteekin batera. Japonen bakarrik kolore zuria, marroia eta beltza erabiltzen dira. Baina mendebaldean, zazpi kolore erabiltzen dira, bakoitzak ikasketa-prozesuaren fase bat adieraziz.

Obiaren koloreak honako ordenan lortzen dira, maila apalenetik altuenera:

Kyu-ak aldatu

Kyu-ak judoka hasiberrien gerrikoak dira:

  • 6. kyu: Rokkyu - Zuria (bakuntasuna - garbitasuna)
  • 5. kyu: Gokyu - Horia (aurkikuntza)
  • 4. kyu: Yonkyu - Laranja (ilusioa-maitasuna)
  • 3. kyu: Sankyu - Berdea (esperantza - fedea)
  • 2. kyu: Nikyu - Urdina (idealtasuna)
  • 1. kyu: Ikkyu - Marroia (jakinduriaren hasiera)

Haurrak kyu batetik bestera oso azkar pasatu ez daitezen, hurrengo kolorea zuriarekin nahasten da, kolore osoko gerrikoa lortu baino lehen. Adibidez 6 kyu-a duen haur batek horia lortu baino lehen, gerriko zuri-horia izango du.

Dan-ak aldatu

Dan-ak “maila” esan nahi du eta Txinan du jatorria. Dan mailako pertsonak senpai (ikasle aurreratua), sensei, irakasle edo maisuak (adituak) dira.

  • Beltza, 1. dana: Shodan
  • Beltza, 2. dana: Nidan
  • Beltza, 3. dana: Sandan
  • Beltza, 4. dana: Yodan
  • Beltza, 5. dana: Godan
  • Gorria eta zuria, 6. dana: Roku dan
  • Gorria eta zuria, 7. dana: Shichi dan
  • Gorria eta zuria, 8. dana: Hachi dan
  • Gorria, 9. dana: Ku dan
  • Gorria, 10. dana: Ju dan

Lehiaketak aldatu

Lehiaketa arauak erregulatzeaz arduratzen den mundu-mailako erakundea Judoko Nazioarteko Federazioa da. Halaber, federazio honek hainbat lehiaketa antolatzen ditu, horien artean  munduko judo txapelketa. Judoa gizonezkoen kirol olinpiko gisa ezarri zuten lehen aldiz 1964ko Tokioko Jokoetan, non Anton Geesink holandarrak urrezko domina olinpikoa irabazi zuen, Japoniako Akio Kaminaga garaituz. Emakumezkoen judoa 1988an aurkeztu zen Olinpiadetan, erakustaldi gisa lehenik eta, 1992an, lehiaketa gisa.

Judoa kirol paralinpiko gisa 1988ko Udako Joko Paraolinpikoetan sartu zuten, Seulen.

Judo lehiakorrean bi puntu mota bereiz daitezke:

  • Ippon: puntu osoa da eta borrokaldia irabazten du. Arerioa lurrera bota eta bere bizkarrak lurra ukitzen duenean, ippon bat lortzen da. Ippon bidez ere puntuatzen dira ondorengo egoerak: aurkaria 20 segundo baino gehiagoz immobilizatzea, tatamia bi aldiz edo gehiagotan kolpatuz amore ematea edo, estrangulazio edo luxazio batean, borroka amaitu behar dela ikusten bada. Mendebaldean, askotan, ippon bat 10 punturen baliokidea da.
  • Waza-ari: puntu erdia. 2 waza lortzean, ippon bat lortuta bezala irabazten da borroka.

Balioa duten ekintzetarako puntuazio sistema bat dagoen bezala, judokak egiten dituen akats edo arau-hausteetarako beste bat ere badago:

  • Hansoku-make: ekintza honek, berez, judoken deskalifikazioa suposatzen du, 10 punturekin zigortzen baita. Aurkariari ippon bat ematea bezala da.
  • Shido: zigorra dakar, egindako hutsegitea arina denean. Shidoak metatu egin daitezke.

Pisuaren araberako sailkapena aldatu

Gaur egun 7 maila daude, parte-hartzaileen pisuaren arabera:

Gizonezkoak:

  • 60 kg baino gutxiago
  • 60-66 kg
  • 66-73 kg
  • 73-81 kg
  • 81-90 kg
  • 90-10 kg
  • 100 kg baino gehiago

Emakumezkoak:

  • 48 kg baino gutxiago
  • 48-52 kg
  • 52-57 kg
  • 57-63 kg
  • 62-70  kg
  • 70-78 kg
  • 78 kg baino gehiago

Judokari famatuak aldatu

  • Teddy Riner: judoan lehiatzen den kirolari frantsesa da. Hogeita hamar urte besterik ez ditu, eta kirol honen mito bihurtu da. Inoiz ikusi gabeko judoka baten garaipen-zerrenda  handiena du: bi urre olinpiko eta brontze bat, hamar munduko urre, bost europar. Noraino iritsi daitekeen ikusteko dago.[2]
  • Ryoko Tani: Munduko Judo Txapelketan titulu gehien dituen emakume judoka da, izan ere, bere esku ditu 8 titulu (horietatik 7 seniorrak dira eta bat unibertsitatekoa, brontzezko domina batez gain). Gainera, domina olinpiko gehien dituena da, bost hain zuzen ere: bi urre olinpiko, bi zilarrezko eta brontzezko bat. 1990ean hasi zen lehiatzen, eta 2010ean erretiratu zen, 48 kg-ko kategorian lehiatuz beti. 2011n, Nazioarteko Judo Federazioak “inoiz izan den emakume judokarik onena” izendatu zuen.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Tatami oficial para competiciones de judo. Reglamento y Medidas» Solo Artes Marciales (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  2. (Gaztelaniaz) TOP 10 GRANDES JUDOKAS DE LA HISTÓRIA. 2019-04-17 (Noiz kontsultatua: 2022-03-31).
  3. (Gaztelaniaz) Veitía Quiñones, Ronaldo. (2018-11-14). Ryoko Tani (Tamura) la mejor judoka de todos los tiempos. (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).

Kanpo estekak aldatu