Ku Klux Klan (KKK) Estatu Batuetako hainbat taldek bereganatutako izena da. Taldeok arraza zuriaren nagusitasuna, antisemitismoa, arrazakeria, antikomunismoa, xenofobia eta geozentrismoa dauzkate ardatz ideologiko. Sarritan terrorismoa, indarkeria eta gurutzeak erretzea bezalako mehatxuzko ekintzak egin dituzte, batez ere euren biktimak zapaltzeko.

Ku Klux Klan
Datuak
Motaerakunde politikoa, hate group (en) Itzuli, erakunde terrorista, erakunde armatua eta erakunde kriminala
IdeologiaNazionalismo zuria, Christian terrorism (en) Itzuli, nativism (en) Itzuli, anti-Catholicism (en) Itzuli, antikomunismoa, neo-fascism (en) Itzuli eta Supremazismo Zuria
Osatuta
Historia
Sorrera1865
Sortzailea
SorlekuaPulaski (Tennessee)
OndorengoakKnights of the Ku Klux Klan (en) Itzuli
webgune ofiziala
Sugarretan dagoen gurutzea Ku Klux Klanen ikurretako bat da.

Klanaren lehendabiziko taldea 1865ean agertu zen eta Ameriketako Estatu Konfederatuen Gudarosteko kide beteranoek osatzen zuten, Gerra Zibilaren ostean gertatu zen berreraikitzearen aurka oldartuta. Laster erakundeak bere helburuak lortzearren metodo bortitzak bereganatu zituen: denbora laburrean euren aurkako kontraekintzak gertatu ziren eta erakundearen gainbehera etorri zen, hegoaldeko eliteek gudaroste federalak Hegoaldeko Estatuetan egotearen aitzakiatzat Klana bera hartzen baitzuten. 1870an Ulysses S. Grant lehendakari Errepublikarrak KKK formalki desegin zuen, horretarako 1871ko Eskubide Zibilen Agiriaz ("Ku-Klux Klan Agiria" bezala ezaguna).

1915an izen berbereko beste erakunde bat eratu zen, batez ere komunikabideek jendetzan zuen boterean oinarrituta: D.W. Griffith zinema zuzendariaren The Birth of a Nation filma mugarri izan zen ordu arte ikusi gabeko zinema efektu eta teknikengatik, artean ia inork zinema ikusi ez zuenean; gerraosteko Klaneko kideen irudi idealizatu bat eman zuen, emakume zurien ohorearen babesle.

Prestutasun horren irudiaz elikatu eta hedatu zen bigarren KKK, filmaren araberako janzkera erabiliz. Leo Frank judua hilketagatik epaitu eta hargatik aske utzi zutenean herritar zuri asko asaldatu egin ziren, baita Frank lintxatu ere, garai horretako kazeta kroniketan azaleratutako antisemitismoaren erdian KKKari mesede egin ziona.

Bigarren KKK erakunde ganorazkoagoa izan zen, kidetasun erregistratua eta estatu nahiz herrialdeko egitura nazional batekin. Kideen kopurua 4tik 5 milioi artekoa izan zen.[1] Bere goiburuetako bat lege lehorraren aldeko borroka zen. Aldiz, 1927an, KKK-ko publizitate arduraduna alkohol edanean eta putetan ibiltzen zela argitaratu zen; are okerrago, eskandalu gordin bat piztu zen KKKren mago edo buruzagiak bere emakumezko idazkari zuria bortxatu, torturatu eta hil zuenean; Klanak ospe ia guztia galdu zuen.

Ordutik eta bereziki 1929ko Depresio Handi ondoko urteetan, klase xumeetako pertsonek utzi egin zioten kuotak ordaintzeari, eta utzi egin zuten erakundea. Bigarren Mundu Gerrarekin bere ondoa jo zuen, Klaneko kide nabarmen batzuk Alemania naziaren aldeko agertu baitziren. Kideak milaka batzuk izatera pasa ziren. Herritar beltzak erabateko segregazioan bizi ziren, gutxiagotasun egoera batean, baina AEBren gerra ahaleginean parte hartu zuten, eta heroi bihurturik eta beren buruaren beste irudi batekin itzuli ziren: eskubideak exijitzen zituzten.

Ondorioz, KKKren inguruan, beltzak izutzeko eta bizitza publikotik uxatzeko kanpaina hasi zen AEB hegoaldean, haiei jipoiak emanez eta hilketa eredugarriak eginez. Erabateko inpunitatea zuten, poliziaren lankidetzaz. Herri juratuek hiltzaileak absolbitzen zituzten, eta J. Edgar Hoover FBIko buruak ez zuen inolako interesik agertu haien kontra jotzeko; bai, aldiz, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren kontra. KKK talde desberdinetan banatu zen. Eskubide Zibilen Agiriaren aurka agertzen ziren, baita 1950-1960 hamarkadetako segregazioaren aurkako agiriari gogor egin ere.

Alta, KKK kideak axolagabe agertu ziren beren buruak ezkutatzeko orduan delituak egiten zituztenean. Artean, harrokeriaz mintzatzen ziren segregazioaz eta esklabotzaz. KKK-kideak aktibista zuriak ere hiltzen hasi ziren, baita umeak hilik suertatu ere. 1964an, Lyndon Johnson AEBko presidenteak aholku eta ohartarazpen publiko bat eman zien, inpunitate gehiago ez zela izango aditzera emanez. 1968an Hoover hil zen, eta administrazio berriak aurpegi gogorragoa agertu zuen KKKren kontra. 1970eko hamarkadaren hasieran auzi zahar batzuk berriz ireki ziren, FBI KKKn infiltratu zen, eta kideek elkarren susmoak izateko gutun kanpaina bati ekin zion; agintariek, gainera, KKK-ren finantzen kontra jo zuten. KKK ia desagertu egin zen.

Erakunde hauetako hainbat kide zenbait krimenengatik zigortuak izan ziren. Nahiz eta gaur egun dozenaka erakundeek izen hori edo bere zati bat beren izendapenetan erabiltzen jarraitzen dute, benetako kidetasunaren kopurua zenbait miletan zenbatu daiteke. Talde hauek, euren artean banandutako ekintza isolatuen bidez, muturreko gorrotodun taldetzat hartuak ohi izan dira. Estatu Batuetako erlijio gizonek, politikariek, nahiz jende multzo handien aurrean lanean dabiltzen komunikabideek KKK taldea erabat gaitzesten dute.

Erreferentziak aldatu

  1. [1]1920ko erroldaren arabera, 18 urtez gaineko pertsona zurien biztanleria 31 milioikoa zen, baina hauetako asko ez ziren KKKeko kideak izateko hautagai egokiak, immigranteak, juduak eta katolikoak izateagatik. Klanaren kidetasunak bere gailurra 4 eta 5 milioien arteko kopuruan lortu zuen.

Kanpo estekak aldatu