Konpantzia[1], Gipuzkoan Faisaien uhartea eta Lapurdin Konferentziako/Konferentziaren uhartea izenez ere ezaguna, jatorriz Intzura, Bidasoa ibaiaren bokaletik gertu dagoen uhartea da, Pausu, Irun eta Hendaia artean. 6.820 m2 ditu eta inor ez da bertan bizi. Antzina Hondarribiaren esku izan zen, baina gaur egun Irun eta Hendaia hirien esku dago. Bi hiriak arduratzen dira, txandaka, uhartea zaintzeaz; txanda bakoitza sei hilabetekoa da. Espainiako eta Frantziako estatuen artean dago, eta bi estatu horiek dira uhartearen jabeak.

Konpantzia

Konpantzia (ezkerraldean Irun eta eskuinaldean Hendaia)
Geografia
KokapenaBidasoa
Azalera0,00682 km2
Punturik garaiena3 m
Politika
Herrialdea Euskal Herria
UdalerriakIrun eta Hendaia
Gizartea
Biztanleria0 bizt.

Izena aldatu

Gipuzkoan Faisaien uhartea deitzen zaion arren, itzulpen oker bat dela dirudi, eta Konpantzia deitu izan diote euskaraz (antza denez, konferentzia izenetik eratorria)[2] edo Konferentziako uhartea du, Faisaien uhartea Hendaia aldean, ibaiaren eskuinaldean, zegoen padura-uharte handiago bat baitzen, egun lehorrari erabat eratxikia (gaur egungo Intzura edo Les Joncaux auzo berria, Hendaian). Uharteak Erietxearen Uhartea[3] eta Intzura zituen izenak lehenago.

Historia aldatu

1659. urtean, bertan izenpetu zuten Luis de Harok, Filipe IV.a Espainiako erregearen ordezkariak, eta Mazarinok, Luis XIV. Frantziako erregearen lehen ministroak, Pirinioetako Bakea. Hitzarmen horren arabera, besteak beste, Frantziako eta Nafarroako erregeak Espainiako erregearen eskutan utzi zuen Nafarroa Garaia. Kataluniako iparraldea (Roselló, Cerdanya), aldiz, Frantziako estatuaren barne geratu zen. Hortaz, Pirinioetako mendiak hartu ziren Espainiako eta Frantziako estatuen arteko muga gisa, eta bitan banaturik geratu ziren Euskal Herria eta Katalunia. Bakea Luis XIV.a Frantziakoaren (Eguzki Erregea) eta Maria Teresa Espainiako infantaren arteko ezkontzarekin izenpetu zen.

Lauko Aliantzaren Gerran, frantses armadek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeak okupatu zituzten; aldiz, hitzarmen batera heldu eta, Frantzia eta Espainiako dinastien arteko aliantza berriaren lokarri, bi koroek Louise Elizabeth (12 urte) eta Maria Ana Victoria printzesak elkartrukatu zituzten Konpantzian 1722ko urtarrilaren 6an, geroko estatu ezteietan horiek emazte egiteko: Asturiasko printzearena eta Luis XV.arena (5 urte), hurrenez hurren.

Erreferentziak aldatu

  1. «B5M > Konpantzia» b5m.gipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-16).
  2. http://www.irun.org/turismo/arquitectura.asp?id_idioma=2
  3. «ZUBERNOA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-25).

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa