Corpus hizkuntzalaritzan, kolokazio hitzak hauxe adierazten du: kasualitateak azal lezakeena baino maizago elkarrekin agertzen diren hitzen edo terminoen andana. Fraseologian, kolokazioa esapide mota bat da. Era honetako adibide bat amets gaiztoa da: nahiz eta *amets txarra ere posible izan, euskaldun askorentzat bestea bakarrik da onargarri; alderantziz, jenio txarra esan ohi da (aiurri haserrekorraz ari garela), eta ez *jenio gaiztoa.

Komeni da kolokazio fraseologikoak esapideetatik bereiztea, nahiz eta biak antzekoak izan, zertan eta bietan badelako esanahiaren alderdiren bat edo beste osatzen duten hitzen baturak ezin osoki azal lezakeena. Alabaina, esapideetan esanahia osoki da halakoa, eta kolokazioetan ñabarduraren bat edo beste bakarrik. Muga non dagoen jakitea ez da beti erraza.

Sei kolokazio mota nagusi daude:

  • izena eta izenondoa,
  • izena eta izena (...-ren..., ...-ko...),
  • izena eta aditza,
  • adberbioa eta izenondoa,
  • aditza eta adizlaguna,
  • aditza eta adberbioa.

Kolokazioak ateratzea deitzen zaio hizkuntzalaritza konputazionalean corpus batean dauden kolokazioak automatikoki ateratzeko lanari.

Ezaugarri komunak aldatu

Kolokazio baten osagaiak ordezkatzeko murriztapen arbitrarioa

Adibidez, ingelesez highly sophisticated ('oso sofistikatua') esan dezakete, eta extremely happy ('oso zoriontsua'). Adberbio biek funtzio lexiko berak dituzte: izenondoari maila eranstea edo haren eragina handitzea. Halere, ezin dira bata bestearen truke jarri kolokazio horietan. Alabaina, very ('oso') bezalako beste adberbio batzuek highly eta extremely ordezkatzeko aukera dute.

Aldagarritasun sintaktikoa

Esapideak ez bezala, kolokazioak sintaktikoki aldakorrak dira. Adibidez, ingelesez posible dira bai effective writing ('idazkera eraginkorra'), bai write effectively ('idatzi modu eraginkorrean').

Definizioa zabaltzen aldatu

Kolokazio bat maiz entzuten baldin bada, osatzen duten hitzak elkarri itsatsita bezala geratzen dira gure gogoetan. Ardo beltz, goi kargu, alor semantiko edo zirujia estetiko kolokatutako hitz bikoteen adibideak dira. Hitz batzuk maiz agertzen dira elkarrekin izen elkartu bat osatzen dutelako, hala nola behi esne edo errepide sare.

Kolokazioak erlazio sintaktikoan egon daitezke (hala nola objektua-aditza: esku eta eman), erlazio semantikoan (adibidez, antonimoak izan), baina egon daitezke linguistikoki ezin defini daitekeen erlazio batean. Kolokazioak ezagutzea ezinbestekoa da hizkuntza behar bezala erabiltzeko: perpaus bat txarra izango da, nahiz eta gramatikaren aldetik zuzena izan, baldin eta kolokazioak ezartzen dituen arauak hausten baditu. Beraz, kolokazioen alorra oso interesgarria da hizkuntz irakaskuntzarentzat.

Corpus hizkuntzalaritzak Testuinguruko Gako Hitza (ing. Key Word in Context, KWIC) eta inguruan dituen hitzak identifikatzen ditu. Horrek erakusten digu hitzak nola erabiltzen diren.

Kolokazioak prozesatzeko zenbait parametro hartu behar dira kontuan, eta haien artean garrantzizkoena elkarketaren maiztasuna da: honek baloratzen du ea hitzak elkarrekin agertzea kasualitateari zor zaion, ala estatistikoki esanguratsua den. Hizkuntza berez ez-ausazkoa denez, kolokazio asko esanguratsutzat jotzen dira, eta emaitzak elkartearen maiztasunaren arabera sailkatzen dira. Elkartearen maila balorartzeko erabili ohi diren neurriak: elkarren informazioa (ing. mutual information), t puntuazioak (ing. t scores) eta egiantzekotasunaren algoritmoa (ing. log-likelihood).[1]

Definizio bat hautatu beharrean, Gledhill-ek[2] proposatzen du kolokazioak gutxienez hiru ikuspegi dituela: (i) ikuspegi estatistikotik, kolokazioa testu batean adabegi bat eta haren kolokatuak (ing. its collocates) behin baino gehiagotan agertzea aintzat hartzen da;[3][4][5] (ii) egituraren ikuspegitik, kolokazioa da edo lexema bat eta eredu lexiko-gramatikal baten arteko korrelazioa,[6] edo oinarri bat eta haren kolokazio-lagunen (ing. 'collocative partners') arteko erlazioa;[7] eta (iii) ikuspegi pragmatiko batetik, kolokazioa adierazpen-unitate konbentzional bat baino ez da, bere forma gorabehera.[8][9] Kolokazioa azaltzean hiru ikuspegi horiek denak batera erabili ohi dira, continuum baten erara: ‘elkarte askea’ ↔ ‘kolokazio lotua’ ↔ ‘esapide izoztua’

Kolokazioa hiztegietan aldatu

1933an, Harold Palmer-ek Second Interim Report on English Collocations lanean azpimarratuta geratu zen kolokazioen garrantzia bigarren hizkuntzen irakaskuntzan.[10] Harrezkero, ikasleentzat egindako hiztegi elebakarretan ohikoa da hitz konbinazio errepikariei buruzko informazioa ematea. Hiztegiak zenbat eta hitzetan gutxiago zentratu, eta gehiago perpausetan,[11] hainbat eta arreta gehiago eskaini zaie kolokazioei. Joera honi lagundu dio, XXI. mendearen hasieratik, testu corpus handiak erabiltzeko aukerak, bai eta corpusak kontsultatzeko software adimentsuak izateak ere, zeren eta bidea ematen baitute hiztegietan kolokazioak sistematikoago jasotzeko. Honelako baliabidei eskerrak, zenbait hiztegik (hala nola Macmillan English Dictionary eta English Longman Dictionary of Contemporary English) kolokazio ohikoen zerrendak ematen dituzte. Badira baita hizkuntza bateko kolokazio ohikoenak biltzeko egindako hiztegi berezituak ere:[12] adibidez, gaztelaniaz, Redes: Diccionario combinatorio del espanol contemporaneo (2004) eta ingelesez LTP Dictionary of Selected Collocations (1997) eta Macmillan Collocations Dictionary (2010).

Erreferentziak aldatu

  1. Dunning, T. (1993): "Accurate methods for the statistics of surprise and coincidence", Computational Linguistics 19, 1 (Mar. 1993), 61-74.
  2. Gledhill, C. (2000): Collocations in Science Writing, Tübingen: Narr.
  3. Firth, J.R. (1957): Papers in Linguistics 1934–1951, Oxford: Oxford University Press.
  4. Sinclair, J. (1996): "The Search for Units of Meaning", in Textus, IX, 75–106.
  5. Smadja, F.A. & McKeown, K. R. (1990): "Automatically extracting and representing collocations for language generation", Proceedings of ACL’90, 252–259, Pittsburgh, Pennsylvania.
  6. Hunston, S. & Francis G. (2000): Pattern Grammar. A Corpus-Driven Approach to the Lexical Grammar of English, Amsterdam: John Benjamins
  7. Hausmann, F.J. (1989): "Le dictionnaire de collocations", in F.J. Hausmann, O. Reichmann, H.E. Wiegand, L. Zgusta (arg.), Wörterbücher: ein internationales Handbuch zur Lexikographie. Dictionaries. Dictionnaires, Berlin/New-York: De Gruyter, 1010-1019.
  8. Moon, R. (1998): Fixed Expressions and Idioms, a Corpus-Based Approach, Oxford: Oxford University Press.
  9. Frath, P. & C. Gledhill (2005): "Free-Range Clusters or Frozen Chunks? Reference as a Defining Criterion for Linguistic Units", in Recherches anglaises et Nord-américaines, 38: 25–43.
  10. Cowie, A.P. (1999): English Dictionaries for Foreign Learners, Oxford: Oxford University Press, 54-56.
  11. Bejoint, H. (2010): The Lexicography of English, Oxford: Oxford University Press, 318.
  12. Herbst, T. & M. Klotz (2009): "Syntagmatic and Phraseological Dictionaries", in A.P. Cowie (arg.), The Oxford History of English Lexicography, part 2, 234-243.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu