Kalostra edo klaustroa patio baten inguruko ibiltoki estalia da, alde batean kolomadia duena eta sarrien elizen alboan edo monasterioen barnean eraikiak. Munduko kalostra handiena Salerno ondoko Certosa di Padula monasteriokoa da (12.000m²), Italia hegoaldean.

Atxuriko Gizakundearen Komentua izandakoaren kalostra.

Egitura eta historia aldatu

Lauki- edo laukizuzen-formakoak izaten dira klaustroak gehienetan; inguruan pasabide estaliak dituzte, eta erdian iturria edo putzua. Monasterioetan, klaustroek bertako eraikuntzak lotzen dituzte, eta batetik bestera joateko bide dira. Bi eratakoak ziren Erdi Aroko klaustroak: beneditarren erakoak eta zistertarrenekoak. Beneditarren klaustroek eliza zuten alde batean, eta beste aldean jangela, era horretan elizaraino sukaldeko zaratarik eta usainik ez iristeko; batzar-gela hegoaldean izaten zuten, eta logelak lehen pisuan. Zisterraren ordenako monasterioetan, bi pisu hartzen zituen askotan klaustroak; goikoan logelak izaten ziren, eta behean, berriz, fraide gazteen ikasgelak eta lantegiak. Nolanahi ere, klaustroa beti zen monasterioetako biltoki nagusia. Bestalde, klaustroen erdiko partea, askotan, monasterioko edo katedraleko hilobia izaten zen.

XI. mendea arte klaustroetako estalpea zurezkoa zen. Erromanikoaren garaian kanoi-ganga erabiltzen hasi zen, eta harroina eta kapitela zuten zutabeek. Zutabeen gainean puntu-erdiko arkua ezartzen zen, eta kapiteletan hornidurak; XII. mendekoak oso aberatsak ziren. Zisterraren erreforma iritsi zenean, hornidurak baztertu ziren, eta klaustroak soilagoak egin ziren, baina berehala, XIII. mendean, hasi ziren estilo gotikoko klaustro dotoreak. Klaustro gotikoak lauki luze baten forma zuen, estalpeak gurutze-eiteko ganga izaten zuen, zutabeak erromanikokoak baino fuste estuagoa, eta arkuetako hutsuneetan koloreetako beirak izaten ziren batzuetan. Klaustroen gainean beste igarobide bat, arkuduna eta estalia, izaten zen. Errenazimentu garaian klaustro gotikoa erabili zen batez ere, baina estilo horretako zutabe estuak erabili ordez, ordena klasikoetako zutabeak ezarri ziren. Katedraletan ez ziren klaustroak eraikitzen, baina hirietako eraikuntzetan hasi ziren jartzen.

Ikus, gainera aldatu


Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu