Artikulu hau Finlandiako udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kemijärvi (argipena)».

Kemijärvi

Kemijärviko armarria
Armarria
Berezko izena Kemijärven kaupunki
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Ekialdeko Lappiko azpieskualdea
Alkatea Atte Rantanen
Sorrera 1869
Kemijärvi Finlandiako mapan
Koordenatuak 66°42′50″N 27°26′00″E / 66.71389°N 27.43333°E / 66.71389; 27.43333
Azalera
- Ur-azalera
3.930,91 km²[1]
425,93 km² (%10,8)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Suediera
- Besteak
7.612 (2017.08.31)[2]
2,17 bizt/km²
(2016)[2]
% 98,7 (ofiziala)
% 0,2
% 1,1
Webgune ofiziala

Kemijärvi (inarieraz: Kemijävri; ipar samieraz: Giemajávri) Lappi eskualde finlandiarrean dagoen hiri bat da. Ia 4.000 km²-ko azalera duen udalerri honetan, basogintza industriak ekonomian izan duen eragina izugarria izan da; hala nola, 60ko hamarkadako urre-aroa eta 90eko hamarkadan izandako gainbehera ekonomikoak basogintza-industriaren gorabeherek eragindakoak izan ziren. 1973. urtean, hazkuntza ekonomikoari aurre egiteko, Kemijärven kauppala burguak eta Kemijärven maalaiskunta landa-herriak bat egin zuten eta udalerri sortuberriak hiri eskubideak eskuratu zituen 15.000 laguneko biztanleriari esker. Bestalde, aipatzekoa da hiriari izena ematen dion aintzira, Kemijärvi; aintzirak, mundu osoko ur-eremu garbi eta naturalena eskaintzen die hau bizileku duten izokin eta perka antzeko arrain-mota guztiei.

Lappi eskualdearen erdialdean dago hiria, Rovaniemi hiriburuaren ekialdean; bizilagun honi eta baso-industriari esker azpiegitura garatuak iritsi dira udalerrira. Beste bizilagun garrantzitsu batzuk, Salla eta Pelkosenniemi dira, ekialde eta iparraldean, hain zuzen. Bigarrenarekin erlazio oso estua mantentzen du hiriak eta elkarrekin turistentzako hainbat programa jarri dituzte abian azken urteotan; hala nola, Pyhä-Luosto Parke Nazionalaren zabalkuntza.

Azken 30 urteetan, biztanleria ia erdira jaitsi da (70eko hamarkadako 15.000 biztanletik, gaur egungo 8.500era). Izan ere, azken hamarkadan, Salcomp, Orion eta Stora Enso enpresen hiriko fabrika guztiak itxi egin dira, eta honek, langabezi maila altua utzi du hirian; herritarrek lanpostu eta bizimodu hobe baten bila Rovaniemi hiriburura alde egiten jarraitzen dute eta Kemijärvi hiltzen ari den hiri bihurtu da alkatearen esanetan [3].

Geografia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kemijärviko geografia»
 
Kemijärvi aintzira.

Udalerria Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dago, Ekialdeko Lappi azpieskualdean eta Zirkulu Polar Artikoaren gainean. Herrialde osoko iparren dagoen hiria da, Rovaniemi hiriburua baino pixka bat goraxeago baitago; bere bizilagunak, Posio eta Salla, hego eta ekialdean, Rovaniemi mendebaldean, eta iparraldeko Sodankylä eta erlazio oso estua mantentzen duen Pelkosenniemi udalerriak dira. Kemijärvik 3.931,44 km²-ko azalera dauka, Rovaniemi ondoren Lappiko hiri zabalena da, eta metro gutxi batzuk baino neurtzen ez duten muinoz betea dago. Aipatzekoak dira, nahiz eta 500 metroak ozta-ozta pasatzen dituzten, Pyhä eta Suomu muinoak; bertan daude finlandiarren artean ospetsu bihurtu diren eski-azpiegiturak. Baso borealek estaltzen dute hiria eta sahastiak, haltzadiak, urkidiak, makaldiak, pinudiak eta izeidiak dira zuhaizti ohikoenak.

Klima subartikoa da nagusi, prezipitazio urriekin urte osoan zehar. Udak motzak eta epelak dira, eta ekain eta uztail bitarteko lau astetan (ekainaren 4tik uztailaren 8ra), eguzkia ez denez guztiz ezkutatzen, gauerdiko eguzkia eta gau zuri fenomenoak ematen dira; negu izoztuak aldiz, luzeak izan ohi dira (zazpi hilabete gutxi gorabehera), eta lurzoru elurtuak azarotik maiatzera arte irauten du. Samiek, antzinean eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten zituzten: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Iparrargiak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan, batez ere, irailean, urrian, otsailean eta martxoan [4].

 
2009ko Kemijärviko klima datuak [5]
Kemijärvi
Klima subartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC 2,6 -2,1 2,5 10,8 24,7 24,8 24,2 26,6 20,5 5,7 2,5 0,3 11,9
Batez besteko maximoa ºC -7,3 -8,5 -2,2 3,1 13,6 16,5 18,4 19,8 12,4 0,6 -0,5 -7,1 4,9
Batez bestekoa ºC -12,5 -12,3 -6,9 -1,5 8,2 10,2 13,1 13,3 8,5 -2,4 -3 -11,7 -0,5
Batez besteko minimoa ºC -17,1 -17,6 -12,7 -7,9 1,7 5,8 8,8 7,9 3,2 -6,2 -5,2 -15,2 -5,0
Minimoa ºC -32,1 -30,8 -26,9 -15,8 -1,9 -0,7 3,1 -0,2 -4,7 -15,1 -9,7 -30,9 -13,8
Prezipitazio-egunak 10 15 13 11 16 12 16 12 18 14 16 15 168
 
Suomu muinoko eski-azpiegiturak.

Guztira, ia 400 aintzira daude udalerrian, 396 zehazki, eta Kemijoki ibai luzearekin batera, 426,78 km²-ko ur-azalera osatzen dute; udalerriaren azalera osoaren %10a baino gehiago. Aipatzekoak dira hala nola, Enijärvi eta Kyröjärvi aintzirak, hala ere, udalerriaren bihotza Kemijärvi aintzira da, Lappiko laugarren eta Finlandiako hemeretzigarren aintzira handiena; aintzira hau, udalerriko biztanleen sostengua izan da historian zehar, batez ere gosete garaian. Gainera, aintzira eta hau zeharkatzen duen Kemijoki ibaia, Kanada herrialdean dauden hainbat aintzira eta ibaiekin batera, mundu osoko ur kalitate onena duten aintzira eta ibaia dira. Lutxoperka eta izokina bezalako ur gezatako arrainak gustora bizi dira bertan, eta ur korronte indartsu eta harroek udalerria eta herrialdea energiaz hornitzen dute.

Landaredia eta udalerriko faunak oso aberatsak dira eta ondorioz, Kemijärvik natura babesteko hainbat egitasmo gauzatu ditu; 2005. urtean esaterako, Pelkosenniemi eta Sodankylä udalerriekin batera Pyhä-Luosto Parke Nazionala sortu zuen. Bertan, altzeak, azeri artiko eta gorriak, elur-orein basati eta etxekotuak, hartz arreak, igarabak, laurehun urteko zuhaitzak eta Finlandia osoko hegazti espezie sorta luzeena dago; hala nola, antzarak, eskinosoak, mokozabal zuriak, urubiak, zapelatz liztorjaleak eta zingira-hontzak [6].

 
Noita muinoko ikuspegia; Pyhä-Luosto Parke Nazionala.

Pyhä-Luosto Parke Nazionala 1938. urtean sortu zen Pyhätunturi izenarekin, baina 2005. urtean, Pelkosenniemi eta Sodankylä udalerriko Luosto parkearekin bat egin zuenean, gaur egungo izena jaso zuen. Urteko ia 100.000 turista jasotzen ditu parke nazionalak eta hiru udalerrien oinarri ekonomikoa bihurtu da.

Azken hamarkadan, eta bereziki 2005. urtean, Greenpeace eta iparraldeko samien, eta Stora Enso konpainiaren eta bertako langileen artean hainbat liskar izan dira enpresak zelulosa orea egiteko erabiltzen zuen egurraren jatorria zela-eta. Greenpeace erakundeak salatu zuenez, Stora Enso enpresak erabiltzen zuen egurra, Finlandiako Parke Nazionalak kudeatzen dituen Metsähallitus konpainiak Lappiko basoetatik ematen zion. Bertako basoen gehiegizko ustiapenaz, iparraldean abeltzaintzaz bizi diren samiek euren elur-oreinak pinudietako likenez elikatzea oztopatzeaz eta milaka urteko ohitura arriskuan jartzeaz salatu zuten enpresa. Hala ere, ika-mika guzti hauek amaitu egin dira konpainiak negozioak Hego Amerikan errentagarriagoak zirela erabaki eta Kemijärviko frabrika itxi zuenean 2008ko apirilean [7].

Azkenik aipatzeko, Finlandiako Lurreko Armadarena den eta Kemijärvi eta Rovaniemi hirien artean dagoen Rovajärvi tiro eremua. Eremu hau, entsegu zelai bat da eta Lurreko Armadak praktikak egiteko erabiltzen du. Ez asko, bertako naturaren alde egiteko bizilagun batzuk batu eta Pro Rovajärvi elkartea sortu zuten.

Historia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kemijärviko historia»

Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k. a. VII. mende inguruan; izan ere, Enontekiö bizilaguneko Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k. a. 6.000. urtekoak dira gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, haien artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi. Kemijoki ibaiaren ertzean bizi ziren samiek (haien artean kemijärviarrek), gaur egun desagertua dagoen hizkuntza berezi batean hitz egiten zuten, kemieraz edo kemiko samieraz.

 
Kemijoki ibaiaren XIX. mendeko marrazkia.

Erdi Aroan, Moskuko Dukerri Handiaren eta Suediako Erresumaren eskuen artetik zebilen lurraldea zen Kemijärvi, baina Behe Erdi Aroan suediarren boterea nagusitu eta hauen eragina nabarmentzen hasi zen; lurraldea Suediar Erresumako antzinako Ostrobotnia probintziaren barruan zegoen. Gaur egungo Kemijärvi elizatearen lehen eraikinak Oulu ingurutik iritsitako familia talde batek eraiki zituen XVI. mendearen bukaeran. Bertara iritsitako lehenengo finlandiar hauek, hurrengo mendean herri finko bat sortzea lortu zuten [8].

Kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XVI. mendean eta, orduan, lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera zela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko eta laster batean, Kemijärvi, Kemitik bereizi eta elizbarruti garrantzitsu bat bilakatu zen. Kristautasunarekin batera, samiek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. XVIII. mende bukaerarako ez zen samirik gelditzen udalerrian, akaso noizean behin iparraldetik Kemijärvi aintzirara etortzen ziren arrantzale nomadak.

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta herritarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu behar izan zuten. Garai hartako kemijärviarrak, eguraldiak baimentzen zuenean behintzat, arto, patata eta zereal nekazaritzatik, arrantzatik, larru merkataritzatik, elur-orein zaintzatik eta, XVIII. mendetik aurrera batez ere, basogintzatik bizi ziren.

 
Joutsijärviko geltokia.

XVIII. mendean Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta, eskubide osoko udalerria bilakatu zen Kemijärvi 1869. urtean; udalerri berri honek, herrixka guztiak batzen dituen aintziraren eta elizatearen izena jaso zuen, Kemijärvi hain zuzen. XIX. mendean, Lappiko eta Finlandiako hirien hazkundea eman zen (Kemi eta Torniorena), eta udalerria, garai berriak asetzeko behar ziren produktuak (egurra esaterako) lortzeaz arduratu zen. Basogintza industria eratzen hasi zen. 1903. urtean Kemiko portuarekin eta Rovaniemirekin batzen zuen trenbide ospetsua iritsi zen udalerrira, Laurila–Kelloselkä izenekoa; trenbide honen bidez, herriak ekoizten zituen basogintza industriako produktuak nazioarteratu ziren.

Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Kemijärviarrek udalerritik alde egin behar izan zuten hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra) eta Finlandiak lur-eremu asko galdu zituen; haien artean, Salla bizilagunaren zati bat. Hala ere, herrialdeak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Finlandiarrek Kemi eta Tornio ingurura jo zuten alemaniarrak portu estrategiko hoietatik urruntzen saiatzeko eta bitartean, hauek finlandiarren gotorleku sendoena zen Rovaniemi suntsitzera abiatu ziren. Bidean Kemijärviko eraikin guztien %70a erre eta elizatea lurraren pare utzi zuten; herritarrak behintzat, iparraldean babestu zirenez, onik itzuli ziren bertara. Galtzaile nagusia udalerria izan zen, baina finlandiarren garaipenak behintzat, hiriaren berreraiketa arindu zuen.

 
Kemijokiko Seitakorva zentral hidraulikoa.

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Udalerriaren erdigunea Kemijoki ibaia bihurtu zen, eta bertan, herrialdea energiaz hornitzeaz arduratzen diren zentral hidraulikoak eraiki zituzten 60ko hamarkadan. Honek, bultzada handia eman zion ekonomiari eta 1973. urtean Kemijärvi kauppalak (Kemijärvi burgua) eta Kemijärven maalaiskuntak (Kemijärvi landa-hiria) bat egin zuten. Baterakuntza honi esker, udalerriak 15.000 biztanleko muga igaro zuen eta urte berean Kemik, Rovaniemik eta Torniok aspalditik zuten hiri eskubideak jaso zituen [8].

90eko hamarkada hasieran ekonomia finlandiarrak hondoa jo zuen. Hainbat faktorek eragin zuten ekonomiaren gainbehera, haien artean SESBen desegiteak, eta ondorio larrienak langabeek jasan behar izan zuten gehienbat. Izan ere, hauen kopurua izugarri hazi zen, batez ere oinarri industriala zuten udalerrietan. Herrialdea EBn sartu ondoren, ekonomia suspertu egin zen baina Kemijärvi atzean gelditu eta apurka biztanleak Rovaniemi zerbitzu-bizilagun-hiriburura alde egiten hasi ziren. Errentagarritasun kontuak zirela-eta, 2000ko hamarkadan enpresa guztiek alde egin zuten hiritik. Lehenak, Salcomp enpresak, bi fasetan egin zuen alde (2001ean eta 2003an), eta guztira, 391 langile kaleratu zituen; bigarrena, Orion farmazeutikoa izan zen, eta denera, 240 lagun kaleratu zituen 2002. urtean; azkenik, hiriak jasotako azken kolpea Finlandiako Gobernuak akzio gehien dituen Stora Enso paper-enpresak eman zion. Hego Amerikan negozioak errentagarriagoak zirela erabaki eta enpresak 2008an bertako frabrika itxi eta 214 langile bidali zituen. Nahiz eta azkeneko kaleratze hauek eragozteko hiri guztia mobilizatu zen (Helsinkin esaterako, seiehunen bat manifestatzaile bildu ziren 2008ko otsailaren 4ean), ez zuten fabrikaren itxiera eragotzi eta udalerria gaur egun dirauen langabezia garai luze batean sartu zen [9][10][11].

 
Kemijärviko errepidea.

Azken 30 urtetan, biztanleria ia erdira jaitsi da, 70eko hamarkadako 15.000 biztanletik, gaur egungo 8.500era. Herritarrek lanpostu eta bizimodu hobe baten bila Rovaniemi hirira alde egiten jarraitzen dute eta Kemijärvi hiltzen ari den udalerri bihurtu da alkatearen esanetan. Dena den, badirudi turismoaren garrantziaren hazkundeak, lanpostu berriak sortzen dituela; batik bat, Pyhä-Luosto Parke Nazionalaren eraginagatik eta hiriak, Pelkosenniemi udalerriarekin batera eskaintzen dituen natura eskaintzengatik, (Pyhä eta Suomu muinoetako eski-azpiegiturak esaterako) [12].

Administrazioa aldatu

Azpiegiturak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kemijärvi geltokia» eta «Laurila–Kelloselkä trenbidea»

Aspaldi, alemaniarrek II. Mundu Gerran eraikitako aireportu bat zegoen udalerrian. Hala ere, Rovaniemiko aireportuaren gertutasunagatik bidaiari gutxi zegoenez, itxi egin behar izan zuten; gaur egun, aerodromo txiki bat da.

Finlandiako Gobernuarena den VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenak udalerriraino iristen dira Laurila-Kelloselkä trenbideari esker. Trenbide honek Kemitik ekialderako bidea egiten du eta Kemijärvitik igaro ondoren, Sallako Kelloselkä herriraino iristen da. Udalerrian zazpi geltoki daude: Pirttijärvi, Kuusivaara, Hanhikoski, Kemijärvi, Isokylä, Kortavaara eta Joutsijärvi geltokiak. Garrantzitsuenak elizateko geltokia eta Sallako mugan dagoen Juotsijärvi geltokia dira. Trenbide hau 1934. urtean iritsi zen Kemijärvira eta bertako basogintza industriak ekoitzitako produktuak nazioarteratzeko oso baliagarria izan zen [13].

 
Pyhä muinoko eski-azpiegiturak.

Herrixketan zehar ibiltzeko edo inguruetako udalerrietara joateko Kantatie 82 errepidea edo Valtatie 5 autobidea hartu beharra dago. 82a Rovaniemin hasi eta udalerritik igaro ondoren, Salla udalerriko Kelloselkä herriraino doa; guztira, 150 km-ko luzera dauka eta Kemijärvi zeharkatzen du mendebaldetik ekialdera. Udalerritik igarotzen den autobidea aldiz, Valtatie 5a da. Autobide hau hegoaldeko Heinola udalerrian hasi eta Sodankyläraino doa; 905 km-ko luzera dauka eta herrialdea zeharkatzen du hegoaldetik iparraldera [14][15].

Pyhä muinoa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Pyhätunturi»

Pyhä eta Sodankyläko Luosto muinoen artean eta izen bereko parke nazionalean, Lappiko eski-azpiegitura handienetako bat dago. Vuostimo herrixkaren ondoan dago, udalerriaren iparraldean, eta sasoi eta urtaro guztietarako jarduerak eskaintzen direnez, azpiegitura hauek urte osoan irekiak daude. Iraupen eta alpino eski-pistak daude bi muinoen inguruan; Pyhä muinoan esaterako, umeentzako, hasiberrientzako eta adituentzako eski alpinoa praktikatzeko hamar pista daude, Luoston aldiz, zazpi baino ez.

Eski-estazioaz gain, jatetxeak, spak, dendak eta hotelak daude inguruan. Urte osoan zehar eskaintzen diren ekintzak daude; hala nola, elur motor safariak, husky txakurrek eta elur-oreinek gidatutako lera safariak, Kemijärvi aintzirako arrantza, txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, Pyhä-Luosto Parke Nazionalean ibilaldiak eta piraguismo ikastaroak [16].

Kemijärviko leku bisitatuena da eta hiriaren eta Pelkosenniemi bere bizilagunaren motore ekonomiko garrantzitsuena bilakatu da azken urteotan.

Suomu muinoa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Suomutunturi»

Nahiz eta aurrekoa baino txikiagoa izan, Pyhän bezainbeste jarduera eskaintzen dira Suomu muinoko eski-estazioan: iraupen eta alpino eski-pistak daude; elur-orein, elur-motor eta husky safariak eskaintzen dira; eta ibiltaritza, piraguismoa, izotz arrantza, txirrindularitza eta zaldiketa egin daiteke. Eski-pisten amaieran eta Suomu muinoaren hegalean neguro bisitariek betetzen duten Suomu Hotel ospetsua dago. Eski-azpiegiturak Räisälä herrixka ondoan daude, Kemijärvi aintziraren hego-ekialdean. Eski jauziko arrapala bat eraikitzeko egitasmoa abian jarri zen 2001. urtean [17].

Banaketa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kemijärviko herrixkak»
 
Kemijärviko herrixken mapa euskaraz

Udalerriak izugarrizko azalera dauka, Araba baino handiagoa da eta hainbat herrixka eta auzo desberdinetan banatua dago. Izan ere, Finlandiako Dukerri Handiak emandako erraztasunez baliatuta, herrixka hauen baterakuntzak sortu zuen udalerria 1869. urtean; udalerri berri honek, herrixka guztiak batzen dituen aintziraren eta elizatearen izena jaso zuen, Kemijärvi hain zuzen. XX. mendean izandako hazkuntzari aurre egiteko aldiz, 1973. urtean, Kemijärven kauppala burguak eta Kemijärven maalaiskunta landa-hiriak bat egin zuten. Honela, gaur egun ezagutzen dugun Kemijärvik hiri eskubideak eskuratu zituen 15.000 laguneko biztanleria igaro ostean. Orduan, Finlandiako iparren dagoen hiria bihurtu zen.

Hirigunea Kemijärvi herria edo elizatea da eta bertan kemijärviar guztien %60a bizi da. Herri hau, hiru auzotan dago banatua: Pöyliövaara, Särkikangas eta Sipovaara.

Gainontzeko herrixka garrantzitsuenak ondokoak dira:

100 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.

Hiri senidetuak aldatu

Udalerriak 70eko hamarkadan hazkundea izan zuenean, hainbat laguntza akordio sinatu zituen Finlandiako mugan dauden Norvegiako bi udalerrirekin eta Kandalakxa hiri errusiarrarekin. Pelkosenniemi bizilagunarekin ere, harreman estuak mantentzen ditu gaur egun; Pyhä-Luosto Parke Nazionalaren 2005. urteko batasuna eta natura turismoaren eskaintzetan eginiko elkarlanak esaterako.

Udala aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kemijärviko Udala»

Kemijärviko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Kemijärviko Udalbatza[18]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa  
-- Zentroko Alderdia 13   2 % 45,0
-- Ezker Elkartasuna 5   0 % 16,6
-- Benetako Finlandiarrak 4   1 % 13,3
-- Koalizio Nazionala 2   2 % 9,4
-- Alderdi Sozial-Demokrata 2   2 % 9,4
-- Alderdi Kristau-Demokrata 1   0 % 6,4

Nahiz eta industria hiria izan, landa udalerri guztietan nagusitzen den Zentroko Alderdia suertatu zen garaile. Hala ere, honek ez zuen lehengo gobernualdiko gehiengo osoa lortu, eta bi batzarkide galdu zituen. Bigarren postua, Ezker Elkartasuna alderdiarentzat izan zen zortzi eserlekurekin, aurrekoan baino bat gehiagorekin, eta Zentroko Alderdiari aurre egiteko oposizio gogorrena bilakatu zen. Atzetik eta inongo aldaketarik gabe, gainontzeko alderdiak: Alderdi Sozial-Demokrata eta Alderdi Nazionala, bakoitza hiru eserlekurekin, eta Alderdi Kristau-Demokrata birekin. Aipatzekoak dira Talde Independentearen bi batzarkideak, eta nahiz eta ordezkaritzarik ez lortu, Finlandiako Langileen Alderdi Komunistaren hazkundea. Azkenik, esan beharra dago Greenpeace erakunde ekologista eta Stora Enso enpresaren arteko ika-mikatik Liga Berdea atera zela galtzaile; Alderdi honek hirian duen babes sozial hutsagatik, udal hauteskundeetara aurkeztu ez zen Finlandiako udalerri bakarrenetarikoa izan zen. Udalbatzak Arto Ojala alkate aukeratu zuen.

 
Kemijärviko eliza.

Hurrengo udal hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.

Demografia aldatu

Biztanleria aldatu

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Kemijärvin, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa oso baxua da, %10,8, eta 65 urte gehiagoko biztanleria aldiz, altuegia, %27,6koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak. Udalerriko hizkuntza ofizial bakarra finlandiera da; izan ere, biztanleria osoaren %99aren ama hizkuntza da. Bigarren mailako hizkuntzak samiek hitz egiten duten ipar samiera eta suediera dira. Udalerri honetako jatorrizko biztanleak samiak dira; hala ere, XVII. mendetik aurrera finlandiarren kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten. Gaur egun, ez da gelditzen kemiko samirik eta beraien berezko hizkuntza zen kemiera ere galdu da [19].

8.500 biztanle inguru dituen udalerri hau, biztanle gehien dituen Lappiko seigarren udalerria da. 70eko hamarkadan hazkunde izugarria izan zuen biztanleriak, 15.000 biztanleko kopurura iritsi zen, eta 1973. urtean Kemijärven kauppala eta Kemijärven maalaiskunta udalerriek bat egin zutenean Kemijärvi bateratuak hiri titulua jaso zuen; kaupunki hain zuzen. Hala ere, 90eko hamarkada hasierako Finlandiako krisialdian, biztanleria kopurua jaitsiz hasi zen eta enpresa asko hiritik alde egin zuten. Krisialdia igaro ondoren, gauzak hobetzen hasi zirenean 2000ko hamarkada hasi eta hiriko enpresa guztiak bertan zituzten fabrikak itxi egin zituzten. Langabezi garai luzea hasi zen eta kemijärviar askok Rovaniemi hiriburura joan ziren. Une honetan, biztanleriaren bilakaera beheranzkoa izaten jarraitzen du, gutxi gorabehera 8.500 bat lagun bizi dira hirian, eta Kemijärvi hiltzen ari den udalerri bihurtu da alkatearen esanetan.

Biztanleriaren bilakaera [20]
1970 19751 1980 1985 1990 1992 1994 1996 1998 2000 2002 2004 2006 2008 2010 Orain
7.429 12.759 12.621 12.762 12.331 12.103 11.987 11.628 11.036 10.484 9.936 9.529 9.065 8.658 8.484 8.393

11973. urtean, 7.717 biztanle zituen Kemijärven maalaiskunta udalerriak eta Kemijärven kauppalak bat egin zuten. Bategiteari esker, Kemijärvik hiri eskubideak jaso zituen.
Kemijärviar famatuen artean bi kirolari ospetsu daude, 2002ko Neguko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Janne Lahtela mogul-eskiatzailea; eta Sami Mustonen freestyle-eskiatzailea.

 
Suomu muinoa.

Samiak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Sami etnia»

Nahiz eta hiriaren jatorrizko biztanleak samiak diren, finlandiarrak baino ez dira bizi aspalditik; kemijärviar batzuk sami erroak dauzka noski, dena den, gutxi batzuk baino ez dira jakitun. Kemijoki ibaiaren ertzean bizi ziren samiek (haien artean kemijärviarrek), kemiko sami deitura jasotzen zuten, eta gaur egun desagertua dagoen hizkuntza berezi batean hitz egiten zuten, kemieraz edo kemiko samieraz. Sami hauek, XVII., eta bereziki XVIII. mendeko finlandiar etorrera masiboaren ondorioz iparralderantz jo zuten, Inari eta Sodankylä udalerrietara batik bat.

XXI. mende hasieran, iparraldeko samien eta kemijärviar langileen artean hainbat ika-mika izan ziren. Izan ere, abeltzain samien elur-oreinak Ipar Lappiko ipar zuhaiztietako likenez elikatzen dira neguan eta Stora Enso enpresak bertako basoetatik lortzen zuen Kemijärvin zuen fabrikarako zura. Hala ere, liskar guzti hauek alde batera utzi ziren enpresak bere fabrika itxi zuenean 2008. urtean [7].

Inarieraz Kemijävri eta ipar samieraz Giemajávri izena du hiriak; dena den, izendapen hauek ez dira ofizialak.

Hezkuntza eta Osasuna aldatu

Guztira zazpi eskola daude udalerrian; hiru Kemijärvi herrian daude, eta beste lauak aldiz, Isokylä, Kallaanvaara, Soppela eta Tohmo herrixketan. Eskola garaia amaitzean, ikasten jarraitzeko, ikasleek Kemijärvi herrian dagoen institutura joan behar izaten dute, Kemijärven Lukiora hain zuzen [21].

Lappiko Ospitalea Rovaniemi hiriburuan dago, baina Kemijärvin gutxiengo zerbitzuak dituen erietxea dago.

Kultura aldatu

 
Kemijärviko armarria

Armarria aldatu

Armarria 1952. urtean udal kontseiluak antolatu zuen lehiaketan aukeratua izan zen (Barne Ministerioak 1954ko apirilaren 3an onartu zuen). Irabazlea Olof Eriksson artistaren armarria izan zen eta hiriaren ikur nagusi bihurtu zen hiru urtez. Hain zuzen ere, 1957an, hiria bitan banatu zen: Kemijärven kauppala edo hirigunea alde batetik, eta Kemijärven maalaiskunta edo landa-herria bestetik. Erikssonen armarria landa-herriak bereganatu zuen, eta hirigune edo burguan Ahti Hammar margolariak propio sortu zuen armarria ezarri zen. Azkenik, hamasei urteren ostean –1973. urtean–, bi udalerriek berriro ere bat egin zuten eta bateratze horren ikurra bihurtu zen beste behin Kemijärviko armarria.

Zelai beltz baten gainean, sustraiak zabaltzen dituen zilarrezko enborra ageri da, zilarrezko sei puntako bi izarrek gordetzen dutena. Enbor moztuarekin, egileak hiriaren bi bereizgarri nagusiak irudikatu nahi izan zituen: alde batetik, hastapenetik ekonomiaren muina izan den basogintza eta, bestetik, Kemijärvi aintzira; izan ere, azken honek aingura edo ertzetatik zabaltzen diren sustraien itxura du. Izarrek eta atzealde ilunak, azkenik, hiriaren kokapena adierazten dute, Zirkulu Polar Artikoaren bihotzean; hain zuzen, kolore hitsak (grisa, beltza) eta izarrak Lappiko udalerriko armarrien bereizgarri nagusiak dira, eskualdeko zerua irudikatzen dutenak [22][23].

Ondasun nabarmenak aldatu

Aipatzekoak dira, hala nola, liburutegia eta gaztetxea dagoen 1987ko Kultur Etxea, Elur-motorren Museoa, Poukama Spa, 1998ko Musika Eskola, aintzira ertzean dagoen hondartza, Kirol Etxea eta iraganeko argazkiak erakusgai dauden Galeria. Zeresanik ez dago udalak kultura arloan inbertitu duela azken urteetan. Taivaan tulet YLE TV2 kateko polizia serie arrakastasua gainera, Kemijärvi eta Pelkosenniemi artean grabatzen da eta hiriko ikuspegi zoragarriak herrialde osoan zehar erakusten dira [24].

Bertako eraikinen aspaldiko egiturei esker, Javarus, Juujärvi eta Isokylä herrixkak monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean [25].

 
Avautuva Napapiiri.

Hiria berezi egiten duten hainbat eraikin eta oroitarri dauzka, gehienak Nazioarteko Egur-Eskulturagintza Txapelketari esker. Hauen artean aipatzekoak dira ondorengoak:

  • Avautuva Napapiiri: udalerriko Kultur Etxearen ondoan dagoen altzairuzko oroitarria da. 20 metroko luzera dauka, Zirkulu Polar Artikotik gora dagoen oroitarri handiena, eta paraleloa irudikatzea eta gauerdiko eguzkiaren izpiak xurgatzea du helburu. 1988ko Nazioarteko Egur-Eskulturagintza Txapelketan parte hartu zuen Lucien den Arend eskultoreak sortu zuen; kemijärviarren abegitasunak eta gauerdiko eguzkiak harritu ondoren, espreski hiriarentzat izango zen oroitarria sortu zuen 1990. urtean [26].
Oroitarri honez gain, Nazioarteko Egur-Eskulturagintza Txapelketak saritutako eskulturak daude hiri osoan zehar [27].
 
Varppausankkuri.

Kirola aldatu

Herrian bi kirolari ospetsu daude, 2002ko Neguko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Janne Lahtela mogul-eskiatzailea; eta Sami Mustonen freestyle-eskiatzailea. Kemijärviko kirol talde ezagunena aldiz, KeKi izotz-hockey taldea da; bosgarren mailan dabil [30].

Kemijärviarrak motorzaleak dira. Negu luzeetan elur-motor txapelketak ospatzen dituzte eta udan aldiz, elurra ez dagoenez, ur-motor lehiaketak izaten dira Kemijarvi aintzirako ur hotzetan [31].

Sōbetsu udalerri senidetutik iritsitako txapelketa berezi bat ospatzen da Kemijärvin; Yukigassen izena duen lehiaketa hau elurbola borroka bat da eta Sōbetsun eta Kemijärvin ez ezik, Vardø eta Luleå eskandinaviar udalerrietan ere oso ospetsua bihurtu da [32].

Ospakizun bereziak aldatu

Udalerriko ospakizun bereziena Nazioarteko Egur-Eskulturagintza Txapelketa da. 1985. urtean izan zen lehenengo txapelketa eta 1997tik bi urtero ospatzen da; gaur arte hamazazpi izan dira. Eskultoreek sortzeko erabiltzen duten material nagusia pinu-egurra izaten da eta epaimahaiak aukeratzen dituen eskulturak hiriko leku berezietan jartzen dira. Munduko egur-eskultore famatuenek parte hartzen dute, eta gaur egun arte, guztira 52 herrialdetatik etorritako 246 eskultorek esku hartu dute. Ekainean ospatzen da lehiaketa, eta gutxi gorabehera aste bat irauten du; azkenekoa, 2009koa, ekainaren 22tik 28ra izan zen eta hurrengoa aldiz, 2011ean izango da [27].

Kemijärviarrak motorzaleak dira. Negu luzeetan elur-motor txapelketak ospatzen dituzte eta udan aldiz, elurra ez dagoenez, ur-motor lehiaketak izaten dira Kemijarvi aintzirako ur hotzetan [31].

Ekonomia aldatu

Gaur egun, hirugarren sektorea da nagusi eta langile guztien %72ak, bai zerbitzu lanetan, bai turismoan, bai garraioan, bai hezkuntzan, bai merkataritzan egiten du lan. Gainontzekoak industrian (%17a), eta nekazaritza eta abeltzaintzan egiten du lan batik bat [28].

Kemijärviko ekonomiak inguruko udalerrien ekonomiarekin lotura handia izan du betidanik, eta ondorioz, industria, hiriko diru-sarreren motorea izan da aspalditik. Iraganean, Kemiko portuak eta Tornioko merkataritzak zeresan handia zuten Lappin eta Kemijoki ibaiak Kemijärviri eskaintzen zion abantaila aprobetxatu eta hirian basogintza industria garatu zen.

 
Antzinako industriagunea; zelulosa orea egiten zuen fabrika irudian.

60ko eta 70eko hamarkadetan izan zuen eragin handien basogintzak, baina garai oparoa igaro eta 90eko hamarkadako Finlandiako krisialdi ekonomikoa iritsi zen. Enpresa askok hiritik alde egin zuten, baina krisialdia igaro ondoren, industriak bere lekua mantentzea lortu zuen hirian. Hala ere, errentagarritasun kontuak zirela-eta, 2000ko hamarkadan enpresa guztiek alde egin zuten Kemijärvitik. Lehenak, Salcomp enpresak, bi fasetan egin zuen alde (2001ean eta 2003an), eta guztira, 391 langile kaleratu zituen; bigarrena, Orion farmazeutikoa izan zen, eta denera, 240 lagun kaleratu zituen 2002. urtean; azkenik, hiriak jasotako azken kolpea Finlandiako Gobernuak akzio gehien dituen Stora Enso paper-enpresak eman zion. Hego Amerikan negozioak errentagarriagoak zirela erabaki eta enpresak 2008an bertako frabrika itxi eta 214 langile bidali zituen. Nahiz eta azkeneko kaleratze hauek eragozteko hiri guztia mobilizatu zen (Helsinkin esaterako, seiehunen bat manifestatzaile bildu ziren 2008ko otsailaren 4ean), ez zuten fabrikaren itxiera eragotzi eta udalerria langabezia garai luze batean sartu zen [9][10][11].

Azken 30 urtetan, biztanleria ia erdira jaitsi da (70eko hamarkadako 15.000 biztanletik, gaur egungo 8.500era) eta kemijärviarren arazo nagusia langabezia da. Herritarrek lanpostu eta bizimodu hobe baten bila Rovaniemi hirira alde egiten dute eta Kemijärvi hiltzen ari den udalerri bihurtu da alkatearen esanetan. Dena den, turismoaren garrantziaren hazkundeak lanpostu berriak sortu ditu; batik bat, Pyhä-Luosto Parke Nazionalaren eraginagatik eta hiriak, Pelkosenniemi udalerriarekin batera, eskaintzen dituen natura eskaintzengatik (Pyhä eta Suomu muinoetako eski-azpiegiturak) [12].

Ikus, gainera aldatu

Sodankylä Pelkosenniemi Pelkosenniemi
Rovaniemi   Salla
Rovaniemi Posio Posio

Kanpo estekak aldatu

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu