Kautokeinoko matxinada

Kautokeinoko matxinada 1852an Norvegiako iparraldeko Kautokeino hirian sami talde batek Norvegiako agintearen ordezkarien kontra egin zuten erasoa izan zen. Matxinatu batzuek tokiko merkatari bat eta gobernuaren ordezkari bat hil zituzten, haien zerbitzariak eta herriko apaiza zartailuz zigortu zituzten, eta merkatariaren etxea erre zuten. Ondoren, beste sami batzuek matxinatuak geldiarazi zituzten, artean bi matxinatu hil zituztelarik. Aurrerago, Norvegiako agintariek matxinadaren bi buruzagiei (Mons Somby eta Aslak Hætta) burua moztu zieten.

Gizarte ingurunea aldatu

Garai hartan sami herria Norvegian finkatutako biztanleak baino behartsuagoa zen diruz (elur-orein gutxiago baitzituzten), eta gizartean norvegiarrak baino maila baxuagoan zeuden. Sami asko alkoholiko bilakatzen ari ziren, eta horrek beren gizartean eta kulturan arazo larria eragiten zuen. Lars Levi Læstadius predikadoreak Norvegiako iparraldeko samien artean erlijioa berpiztu zuen. Erlijioaren arauek eraginda, beren bizimoduari eta alkoholari uko egin zieten. Laestadiusen jarraitzaileek alkohola saltzearen eta edatearen kontra zeuden. Haren jarraitzaileek, Norvegiako elizaren eta alkohola saltzen zuen Estatuaren arteko lotura zela eta, Estatuaren elizatik aldendutako kongregazioa eratu zuten. Aurrerago, elizan meza ospatzen zen bitartean elizara sartzea eta meza etetea leporatu zieten. Gainera, Estatuaren elizatik at predikatzea Norvegiako legearen kontrakoa zen.

Ondorioak aldatu

Matxinadan parte hartu zuten gizon guztiak Osloko Akershus gotorlekura preso eraman zituzten, eta emakumeak Trondheimeko espetxera. Matxinatuen artetik, preso eraman ez zituzten bi gizonezko bakarrak Aslak Hætta eta Mons Somby izan ziren, matxinadaren bi buruzagiei burua moztu baitzieten Alta hirian. Presoetako asko, urte gutxiren buruan hil ziren, espetxean.[1][2][3][4][5] Bizirik atera zenetako bat Lars Hætta[6] izan zen; espetxean emandako hemezortzi urteetan, Biblia ipar samierara itzultzeko baimena izan zuen.[7]

Kaukoteinoko matxinada Norvegiako aginteak samiak menperatzeko neurrien kontra samiek indarrez emandako erantzun bakarra izan zen, eta hilketak eragin zituen samien eta norvegiarren arteko liskar bakarra. Matxinada ez zen asimilazio behartuko politikaren kontrako erantzun zuzena izan, baina aurrerago Norvegiako Estatuak aukeratu zuen asimilazio politika ofizialean eragina izan zuen. 1905etik aurrera, Norvegia Suediatik bereizi zenez, asimilazio politika (norvegizazioa) gogortu zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, Altako auzian, samien eskubideen gaia eztabaidara atera zen, eta handik aurrera norvegizazioa eteten hasi zen, 2001eko udan guztiz ezabatu zen arte.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu