Kantabriar hilarriak bi metro inguruko diametroa duten harrizko diska monolitikoak dira, oro har, Kantabriaren erromanizazioaren aurreko mendeetan zizelkatuak. Bere ohiko apainduran, esbastikak, triskelak, gurutzeak, kiribilak, aspak, gerlariak edo erromatarren aurreko hil irudikapenak agertzen dira. Ospetsuena, Barroseko hilarria da, Kantabriako Los Corrales de Buelnako Barros herriko Hilarrien Parkean ikus daitekeena. Hilarri hau, egungo Kantabriako armarriaren zati da, eta tetraskel edo esbastikaren esanahia, eguzkiaren gurtzarekin lotua dago. Hilarrien Parkean, aipaturiko Barroseko hilarriaz gain, tamaina handiagoko bat ere ikus daiteke.

Barroseko kantabriar hilarria. Hareharrizkoa eta oinarrian morrua duena. Bere neurriak, 1,70 metroko diametroa eta 32 zentimetroko sendoera dira.

Aurkitutako gainontzeko hilarriak, Santanderren dagoen Kantabriako Historiaurre eta Arkeologiaren Museoan erakutsita daude. Lomberan aurkitutako bi estela eta Zuritan aurkitutako beste bat dira, eta apaindura ikonografikoa daramate: Euren aurpegietako batean, putre bat eroritako gerlari batengana nola doan ikus daiteke.

Aldi berean, beste kantabriar hilarri batzuen txatalak aurkitu dira, Lomberako hirugarrena eta San Vicente de Toranzokoarena bezala, azken honen aurpegietako batean, zaldian doan kantabriar gerlari bat agertzen delarik.

Kantabriar hilarriak, erromatarren aurreko herri kantabriarren testigutzarik garrantzitsuena eta egugno Kantabriako ikurrik bereizgarrienetako bat dira.

Hilarri hauen interpretazio moderno baten ondorioz, Labaroa sortu zen, ofiziala ez den baina Kantabrian asko erabiltzen den bandera bat.

Kanpo estekak aldatu