Kaligrafia (antzinako grezierazko κάλλος kallos, «eder» + γραφή graphẽ, «idazkera») modu egokian idazteko artea da, orokorrean eskuzko tresna batekin, hala nola luma estilografiko bat, zurdaki bat edo arkatz bat.[1]

Kaligrafia txinatarra

Idazketa ezagutzen duten ia zibilizazio guztiek kaligrafiaren artea garatu dute, gutxiago edo gehiago. Nolanahi den ere, batzuek estatutu berezi batera eraman izan dute, testuinguru historiko edo filosofiko partikularren arabera. Horren ondorioz, zalantzan jar daiteke «kaligrafia» hitza erabiltzea, kultura ez-grekoerromatarrei buruz ari garenean.

Izan ere, «eder» kontzeptua ez da ageri Mendebaldean «kaligrafia» itzultzen den japonierazko hitzean: japonierazko 書道 (shodo) hitzak «idazketaren bidea» esan nahi du, «bide» kontzeptu hori ikusmolde budista edo taoista batez ulertuta, ez modu estetiko huts batean. Maisu handien edo monje budisten idazkien kasuan, kaligrafiaz hitz egitea kontraesan bat izan daiteke, egintza horrek edertasunaren eta itsusitasunaren dualtasuna gainditzen baitu haientzat (bide kontzeptua).[2]

Ekialdean antzinatik txit aintzat harturiko antzea izan da. Txinan eta Txinaren eragina duten idazketa sistemetan, kaligrafia pinturaren eta eskulturaren parekotzat hartu izan da. Gainera, kaligrafiaren arteak Asian izan duen tokia eta Mendebaldearekiko oso desberdina da; izan ere, artearen ikaskuntza Asiako margolarien formazio klasikoaren oinarria zen, letra eta marrazkia ez baitzuten bereizten. Ekialdeko zenbait zibilizaziotan, kaligrafia ezkutuko zientzien parte da, liturgia moduko bat (pentsamendua, pintzela, marra eta ideia filosofikoa bereizezinak dira).

Herrialde musulmanetan, Koran liburu sakratua kopiatu beharrak itzal handia eman zion kaligrafiari eta bide horretatik arte mailara iritsi zen.

Mendebalean, greziarren artean idazketa silabikoa K.a. VIII. mende inguruan agertu zen. Bizantzion erabili zen lehen aldiz letra xehea. Erdi Aroan eta lehen Pizkundean, monasterioetako kopiatzaileen lanari esker garatu zen batez ere kaligrafia. XVI. mendeaz gero, inprentaren hedapenak kopiatzaileen lana murriztu zuen eta kaligrafia gehiegizko apaingarriz hornitu zen ondoko 300 urteetan. XIX. mendearen amaierarekin kaligrafiaren tradiziozko formen pizkundea etorri zen ostera.

Pedagogiaren alorrean, garai guztietan kaligrafiak garrantzi handia izan bazuen ere, haren irakaskuntza galduz joan zen, ikasleen artean boligrafoa sartu zen heinean. XVI. mendean Joanes Itziar bizkaitar kaligrafoa nabarmendu zen antze honetan Espainian eta Europan.

Historia aldatu

 

Tradizioaren arabera, txinatar karaktereak ―ezagutzen diren idazketen artean zaharrena― Cang Jiek asmatu zituen (K.a. 2650. urte inguruan). Beste tradizio baten arabera, Fuxi Txinako lehen enperadorearen garaikoak dira.

Txinatar kulturan garrantzi handia ematen zaio kaligrafiari. Hauetan oinarritzen da: ideogramen edertasun bisualean, horiek egiteko teknikan eta Txinako kultura tradizionalaren arau metafisikoetan.

Mendebaldeko kaligrafia modu guztiz independentean garatu zen. Jatorrian latindar alfabetoa du; hori baliatzen zuten Erdi Aroan monje kopistek pergaminoan idazteko. Sasoi bertsuan, islamdar kulturak bere kaligrafia propioa garatu zuen, arabiar alfabetoan oinarritua, eta, izaki bizidunak irudikatzeko debeku erlijiosoaren ondorioz, arkitekturan asko erabilitako dekorazio-arte bihurtu zen.

Beste kultura batzuetan, beste alfabeto batzuk garatu ziren, eta gaur egun ere badaude, gehienak Asian, eta beren herrialdeetan erabili ohi dira, nahiz eta askoz gutxiago zabaldu diren munduan.

Gutenbergek inprenta asmatu ondoren, liburuek ordura arte baino zabalkunde are eta handiagoa lortu zuten, eta tipografiak garrantzia irabazi zuen kaligrafiaren kaltetan.

Lehenik boligrafoak eta ondoren idazmakina eta ordenagailuek kaligrafia gure eguneroko bizitzatik desagertzea eragin dute. Nolanahi ere, gaur egun oso bizirik dago arte hori; idazketa eta beste arte plastiko batzuk (marrazketa eta pintura) uztartzen dituen adierazpide artistikoa da, eta edertasun plastiko handiko obrak sortzeko aukera ematen du. Tipografia berrien sortzaileek, adibidez, sarri bilatzen dute inspirazioa kaligrafian. Era berean, kaligrafia presente dago gure inguruan: publizitatean, enpresen logotipoetan eta produktu askoren etiketetan. Nolanahi ere, denborak aurrera egin ahala, gero eta gutxiago erabiltzen da.

 
«Kalegrafiti» bat, Limoges (2020)

Kaligrafiak gaur egun duen adierazpenetako bat «kaligrafiti» deritzona da. Kaligrafiaren antzea grafitiarekin fusionatu duen mugimendu artistikoa da, oro har, giro urbanoarekin lotua; hala, tradizioa eta modernitatea uztartzea lortu dute.

Tresnak aldatu

Luma eta pintzela dira kaligrafoen tresna nagusiak. Kaligrafiako lumek luma mutur lauak, biribilak edo zorrotzak izan ditzakete.[3][4] Dekorazio helburu zehatz batzuetarako, punta anitzeko lumak edo altzairuzko pintzelak erabil daitezke. Hala ere, errotulagailuekin edo boligrafoekin ere sortu izan dira lanak, nahiz eta horiek ez dituzten baliatzen lerro angeluarrik. Kaligrafia estilo batzuek, hala nola idazketa gotikoak, puntadun lumak erabiltzea eskatzen dute.​

Idazteko tintari dagokionez, ur oinarria izaten dute, eta ez dira inprentan erabiltzen diren olio oinarridunak bezain likatsuak izaten. Zenbait paper berezitan (tinta xurgatzen dutenak eta testura konstantekoak) marra garbiagoa gelditzen da; hala ere, pergaminoa erabili ohi da sarritan, akatsak ezabatzeko labana erabil daitekeelako eta ez delako argi kutxarik behar lerroek zeharka dezaten. Normalean, argi kutxak eta txantiloiak erabiltzen dira, lerro zuzenak egiteko eta arkatzez egindako lerroek ez dezaten lana hondatu. Paper marradunetan (izan argi kutxekin erabiltzeko edo zuzenean), marren artean hazbete erdiko edo laurdeneko tarteak egoten dira, eta, batzuetan, hazbete beteko tarteak ere erabiltzen dira. Hori da litterea uncialesen kasua (hortik datorkio izena), eta eskoletako paper marradunak ondo funtzionatzen du gidalerro gisa.

Hauek dira kaligrafiako luma eta pintzel ohikoenak:

Ekialde Urruneko kaligrafia aldatu

 
Iris Yawén Hsúren kaligrafia (徐雅雯).
 
Txinera klasikoko karaktereak lurrean.

Garapena aldatu

Tradizioaren arabera, txinatar karaktereak Cang Jiek asmatuak izango ziren (K.a. 2.650 inguruan). Haren konposizioak naturaren behaketan oinarritzen ziren, eta horregatik esaten zen bi begi pare zituela.[5] Beste tradizio baten arabera, karaktereen asmakuntza Fuxi izeneko lehen enperadore mitikoari dagokio.[6] Nolanahi ere, marrazketaren artea lehen pintzelak sortu baino lehenagokoa da, dortoka oskoletan grabatutako ale batzuk geratzen baitira.[7]

Kaligrafoa bere kulturako testu espiritual eta literarioen ezagutza sakona duen letradun bat da; tradizioak «letradunaren lau altxorrak» deitu dituenak erabiltzen ditu beti: tinta makila, tinta motrailua, papera eta pintzela. Ez dira «objektuak», baizik eta «bidean» jarduten duen maisuaren edo artistaren gorputzaren eta adimenaren luzapen.

Txinatar artearen oinarria da kaligrafia, hitzaren adiera modernoan. Izan ere, ideogramen edertasun bisualak, oinarritzen den teknikak eta lotutako erronka plastikoek islatzen dituzte txinatar kulturaren arau metafisiko guztiak. Arte nagusi bat bihurtu da.

Txinatar idazkera txineraren eta hura osatzen duten hitzen transkripzioa da, baina ez da fonetikoa. Oro har, bi erro monosilabiko behar dira hitz bat osatzeko, eta, beraz, bi karaktere (sinograma). Erro guztiak monosilabikoak dira, zeinu bakoitzak ideia bat adierazten du eta idatzitako hizkuntza Txinako hizkuntza guztietan irakur daiteke.

Hala ere, sinograma kopuru handi batek ―gehiengoa, txinatar karaktereen artean― dimentsio fonologikoa hartzen du, bi hitz desberdinen antzekotasun fonikoan oinarritzen baitira. Hala, «ama» esan nahi duen karaktereak ma hitza (zaldia) adierazten duen karakterean oinarritzen da. Batzuetan, karaktere horiei «fonologograma» esaten zaie.[8]

Nahiz eta hizkuntza grafiko kodetua K.a. 2.000 urtetik eta lehenagotik asmatua zen, hizkuntza klasiko txinatarraren ideogramak K.a. VI. mendean sortu ziren.[9] K.a. 210 urtean, Li Sik txineraren idazketaren ezaugarriak honela azaldu zituen: «Karaktere baten idazketan, konposizioak ez ezik pintzelaren indarra ere inportatzen da. Egin itzazu zure marrak hodei bat zeruan dantzan balira bezala, batzuetan astun, besteetan arin. Horrela eta ez bestela ezarriko diozu zure izaera idazketari eta lortuko duzu egiazko izatea».[10]

Txinako kultura eremuko arte mota bereizgarriena da kaligrafia, hartatik eratorri baitziren pintura estilo tradizionalak. Artearen jatorrian dago, beraz, terminoaren mendebaldeko zentzuan, sorkuntza plastikoa ezin banatuzkoa baitzen idazketaren helburu erabilgarrietatik.

Kaligrafiaren artea asko garatu zen Japonian ere, kanjijaponieraz, «Hanen idazketa» esan nahi du, ideogramak adierazten ditu― izeneko karaktere asko bi hizkuntzetan berdinak edo antzekoak baitira. Alabaina, gramatikari dagokionez, japoniera oso desberdina denez txinerarekin alderatuta, japoniarrek bi alfabeto silabiko sortu behar izan zituzten: hiragana eta katakana.[7]

Labur, kaligrafia Txinan bezain sendo sustraitu zen Japonian, testu budisten kopian, poesian eta literaturan oinarrituta. Bi alfabeto silabiko desberdin zirenez, Japoniako kaligrafiak bere noblezia letrak pintzel fineko kaligrafiari zor dizkio; aldiz, Txinako kaligrafiak marra mamitsuagoak lehenesten ditu beti. Bi herrialdeetan pintzelak fabrikatzeko dagoen aldeak kontuan hartzen ditu bereizgarri horiek, baita gaur egun ere, guztiz eskuz egiten den prozesu baten esparruan.[11]

Kaligrafiarik ez litzateke izango zigiluen grabaturik ez balego (l篆刻, tenkoku).[7] Tintekin eta pigmentuekin bezala (pinturarako), artistak berak grabatzen ditu bere zigiluak; obra batek 7 zigilu izan ditzake.

Txinatar nahiz japoniar tradizioan, ongi kaligrafiatu ahal izateko, oso garrantzizkoak dira gorputzaren, besoen, buruaren eta eskumuturren posizioa.[12]

Asian, kaligrafiaren ikaskuntza dago pinturaren oinarrian, margolaritza marraren artea berezi bat baita. Alde horretatik begiratuta, artistaren prestakuntza klasikoa oso desberdinak dira Asian eta Mendebaldean. «Kolore» kontzeptua ere ez da berdina. Mendebaldeko batentzat, tinta beltza da beti, baina berez ez da hala: kalitatezko tintek (tinta makil) kolore ñabardura ugari dituzte.[7]

Tresnak aldatu

Ekialde Urruneko kaligrafiaren tresnak «letradunaren lau altxorrak» dira: tinta makila, tinta motrailua, papera eta pintzela.

  • Pintzel kaligrafiko txinatar edo japoniarra. Kirtena desberdina dute, ilearen konposizioa ere bai.[7]
  • Txinatar paper tradizionala, batzuetan arroz papera oker deitua; izan ere, Txinako paper tradizional erabilienak arroz lasto pixka bat du, baina batez ere qing tan edo sandalo urdinaren zur samurra.[13] Paper horri xuan zhi (宣纸) esaten zaio txineraz (sen-shi edo gasen-shi japonieraz). Paper japoniarrak ez du inoiz arroz lastorik.[7]
  • Tinta makila: Txinako tinta makila egiten da kedarra eta musketa erabilita. Alegia, ez da erabiltzen zefalopodoek sortzen duten jariakin beltza.
  • Tinta motrailua: artistak bere tinta egiten du bertan. Tinta kimikoa erabiltzea (aurrefabrikatua eta botilan saldutakoa), akats handi bat da, baita arte horretan hasten direnentzat ere.

Karaktere multzoa aldatu

Sinogramen izaera ez denez fonetikoa, errepertorio grafikoa ia amaigabea izan daiteke (121. urtean, 10.516 karaktere aipatzen ziren, baina 1717an 40.000 karaktere baino gehiago); izan ere, inprentak, ez bakarrik ez zuen pintzelaren erabilera geldiarazi, baizik lagundu egin zuen kaligrafia estiloen errepertorioak eta praktikak zabaltzen.[14] Horrek guztiak azaltzen du, hein handi batean, idazketaren eta artearen arteko baliokidetasuna Txinan.

Arabiar kaligrafia aldatu

 
Koranen orria, XI. mendekoa, alfabeto kufikoz idatzia.

Idazketa arte gisa erabiltzea da Islamdar arteen osagai bereizgarrienetako bat. Arabiar kaligrafia (arabieraz: فن الخط, fann al-jaṭṭ) arabiar alfabetoa eta bere aldaerak erabiltzen dituzten herrialdeetako berezko apainketa arte bat da.

Arabiera da erlijio musulmanaren errebelazio koranikoaren hizkuntza. Hizkuntza hori oso azkar zabaldu zen islamdar mundu osoan, konkista musulmanarekin batera. Idazketak gauza bera egiten zuen, Korana behin eta berriz kopiatua baitzen, eta idatzia erlijio mezua zabaltzeko bide nagusietako bat bihurtu baitzen. Hizkuntza aldi berean baldin bada liturgia, komunikazio eta jakintza tresna bat, idazketak bere aldetik hiru funtzio ditu: erlijiosoa, utilitarioa eta apaingarria. Idazkera aldatu egiten da idazkien eta euskarrien izaeraren eta xedearen arabera.[15]

Estilo kaligrafiko asko daude, bi kategoria handitan banatuta: alde batetik, estilo kufikoa, karaktere angeludunez eratua; oso goiz sortu zen, lehenengo Koranak hijazi (خَطّ حِجَازِيّ ḫaṭṭ ḥijāzīy) idazkeraz kopiatzen hasi orduko, bai Egipton, bai Iranen; eta, bestetik, estilo kurtsiboa, bereiz idatzitako karaktereekin. Bi estilo handi horiek izugarri aldatzen ahal dira, herrialdearen eta garaiaren arabera. Esate baterako, kaligrafia angeludunen barruan, kufiko txirikordatua aipa daiteke, hizkien kirtenak nahasten dituena, edo kufiko animatua, zeinaren letrak giza eta animalia aurpegiekin amaitzen baitira.

Modu kurtsiboan, oro har, sei estilo kanoniko bereizten dira:[16]

  • naskhi (arabieraz: قلم النسخ‎, qalam an-nasj), garatzen lehenetako bat, azkarra eta irakurgarria, oso erabilia arabiar munduan. Maghribi izeneko aldaera bat Al-Andalusen eta Magreben erabili izan da;
  • muhaqqaq (arabieraz: محقَّق), mamelukoen garaian garatua, ezkerrerantz okertua;
  • thuluth (arabieraz: ثلث, ṯuluṯ), Egipton mamelukoen garaian oso erabilia, hizkien kirtenen altuera bereizgarri duena;
  • rayhânî (arabieraz: ريحان): aurrekoen gisakoa da, baina nabarmen finagoa da eta lerro azpiko horizontaltasun handiagoa du;
  • riq'ah’ (arabieraz: رقعة): thuluten antzekoa, administrazio dokumentuetan bakarrik erabiltzen da;
  • tawq’ (arabieraz التوقيع): aurrekoaren berdintsua, dokumentu ofizialetarako erabiltzen da.

Arabieraz bestelako hizkuntzen kasuan (persiera, turkiera, amazigera, urdu, kroaziera edo swahili), beste estilo batzuk garatu izan dira, hala nola nasta'lîq, idazkera etzana, naskhi eta ta'lîq nahasita, bereziki balio duena persieraz idazten diren eskuizkribuetan.

Kaligrafien kopuru zabal bat izateak ez du galarazten gainerako arte islamikoan ohikoa ez den batasun bat: idazkuntza, beraz, batasun eta bereizketaren ikur indartsu bat da, nahiz eta, batzuetan, sasikalligrafia batzuk sortzen dituen, irakurtezinak, oro har, baina identitate islamdar baten markatzaile sendoak.

Hebrear kaligrafia aldatu

 

Rashi רבי שלמה יצחקי Rabi Shlomo Yitzjaki-ren akronimoa da; Rashiren iruzkinak Talmuden nahiz Tanakhen inprimatzeko erabiltzen diren letra erdi-etzana da. Beraren izena badarama ere, Rashik ez zuen inoiz erabili idazkera hori: letra-tipoa XV. mendeko eskuzko semi-kurtsiba sefardian oinarrituta dago.

Georgiar kaligrafia aldatu

Georgieraren kaligrafia edo idazkera artistiko mota bat da, hiru alfabeto georgiarretan erabili izan dena. Bada mendeetako tradizio bat arte horretan, eta kristautasunak literatura-bizitza georgiarrean zeregin garrantzitsua izan du; izan ere, eliza ortodoxo georgiarreko monjeek eta beste erlijioso batzuek eskuizkribu eta erregistro historiko asko utzi dituzte.

Mendebaldeko kaligrafia edo latindarra aldatu

Mendebaldeko kaligrafia edo kaligrafia latindarra alfabeto latindarraren erabileran oinarritzen da, eta erromatarrek sortu zuten; zentzu zabalagoan, alfabeto grekoa erabilita egindako lanak ere hartzen ditu bere baitan. Idazkera kaligrafiarekin osatzen duten elementuak bost dira: morfologia, idazketa-angelua, duktusa, modulua eta idazketaren pisua.

  • Jatorria: erromatarrek, gubil zabalez, harri gainean zizelkatzen zuten alfabetoa, eta gaur egun letra larri deitzen ditugunez osatzen zen; proportzio harmonikoei esker, gaur egunera ia aldaketarik gabe iritsi dira. Ordenagailuetako Times New Roman tipografia hedatuaren oinarri zuzena letra erromatarrak dira; izenak ere argi adierazten du jatorri hori
  • Teknika: harrizko inskripzioez gain, erromatarrek papirozko biribilkien gainean ere idazten zuten, letra larria imitatuz (trazuen muturretako apendizeek, harriaren gaineko tailerrean, horietako bakoitza «ixteko» balio zuten, harkaitza trazuaren bukaeratik harantzago ez zedin pitzatu) edo antzeko forma batean, baina «Landatar» izeneko euskarri materialera egokituago. Dokumentu informalagoetarako, erromatarrek letra etzanak erabiltzen zituzten, eta, mendeetan zehar, gaur egungo letra xehe bihurtu ziren.

Erromatarrak, papiro-biribilkien ordez, erditik tolestutako pergaminoz (animalien larru ondua) egindako lehen liburuak erabiltzen hasi ziren. Erdi Aro osoan, monjeek kodexak kopiatu zituzten eskuz, gehienetan testu sakratuak, monasterioetako scriptoriumetan. Haientzat, kaligrafia lana baino askoz gehiago zen: errezatzeko modu bat zen.

Monjeen dedikazioaren emaitza arte-mota bat izan zen: hasierako letra ederrak, kapitularrak edo bertsalak izenekoak, bertsoaren hasieran kokatuta zeudelako, eta iluminazio deituriko ilustrazio ñimiñoak.

Beste irizpide batzuk aldatu

Egilearen arabera aldatu

Haurren kaligrafia: haurrek eta, oro har, hizkuntza baten idazketan hasten direnek ikasi behar dituzten ezaugarri eta elementuei dagokienez behar bezala eratutako idazketa da..

Estiloaren arabera aldatu

Esate baterako, hauek daude Mendebaldekoen artean:

Kaligrafia gaelikoa aldatu

 
Kaligrafia gaelikoa

Latindar alfabetoko 26 letrez gainera, letra gaelikoak azentu zorrotza duten bokalak ditu (Áá Éé Íí Óó Úú), bai eta puntu diakritikoa duten kontsonante multzo bat ere (Ḃḃ Ċċ Ḋḋ Ḟḟ Ġġ Ṁṁ Ṗṗ Ṡṡ Ṫṫ) eta agusen erabiltzen den zeinu tironianoa ere: irlanderaz eta esan nahi du. Era berean, s eta r letren forma intsularrak erabiltzen dira, eta horietako batzuek hasierako kaligrafian erabiltzen ziren ligatura zenbait dituzte, zeinak eskuizkribuen tradiziotik datozen. i xehea punturik gabe idazten da (nahiz eta ez den turkierazko punturik gabeko turkierazko i-a [ı]). Eta d, f, g eta t letrek forma intsularrak dituzte. Letra tipo gaeliko askok forma zeltak dituzte letra hauentzat: j, k, q, v, w, x, y eta z; beste hizkuntza zelta batzuetako bokalentzako euskarri gisa balio izaten dute. Halaber, & eta zeinuak bereizi egiten dira (hala gertatzen zen tipografia tradizionalean ere), nahiz eta letra mota moderno batzuetan, errakuntzaz, et-en ordez zeinu tironianoa erabiltzen dute, biek eta esan nahi dutelako.

Kaligrafia untziala aldatu

Kaligrafia untziala (latineko unciālis hitzetik; ‘hazbete batekoa’) idazketa mota bat da, non testua letra larriz erabiltzen zen, maiuskularen zentzu paleografikoan, hau da, bi lerro paralelo horizontalek mugatutako letra mota (xeheak edo minuskulak lau behar ditu). Ohiko erabilera izan zuen K.o. III. mendearen eta VII. mendearen artean, batez ere eskribau latindar eta grekoen artean. K.o. VIII. mendetik XIII. mendera arte, letra mota ohikoa zen izenburu eta letra nagusietan.

Gaiaren araberako kaligrafia aldatu

Ikuspuntu artistiko batetik:

Kaligrafia modernoa aldatu

Berpizkundea aldatu

 
Edward Johnston, Mendebaldeko kaligrafia modernoaren sortzailea, lanean, 1902an.

XV. mendetik aurrera inprenta leku guztietan zegoen zerbait bihurtu zela-eta, eskuizkribuen ekoizpena jaisten hasi zen.​ Hala ere, inprentaren gorakadak ez zuen kaligrafiaren amaiera ekarri.

Mendebaldeko kaligrafiaren berpizkundea XIX. mendearen amaieran hasi zen, William Morrisen estetikak eta filosofiak eta Arts and Crafts mugimenduak eraginda. Edward Johnston kaligrafia modernoaren aitatzat hartzen da.[17][18] William Harrison Cowlishaw arkitektoaren eskuizkribuen kopia argitaratuak aztertu ondoren, William Lethaby ezagutu zuen 1898an, Arte eta Ofizioen Eskola Zentraleko zuzendaria, eta Britainiar Museoan eskuizkribuak aztertzea gomendatu zion.

Horrek Johnstonen interesa piztu zuen kaligrafiaren artean, aho zabaleko boligrafoa erabiliz. Southampton Row-eko (Londres) Central School-en kaligrafiako ikastaro bat hasi zuen 1899ko irailetik aurrera, eta bertan eragina izan zuen Eric Gill diseinatzaile tipografiko eta eskultorearengan. Frank Pickek agindu zion diseina zezala Londresko metrorako letra molde bat, eta gaur egun ere horixe erabiltzen da (moldaketa txiki batzuekin).[18]

 
Mendebaldeko kaligrafia modernoa.

Kaligrafiaren eta hizki modernoen artea inoren laguntzarik gabe berpizteko merezimendua eman zaio bere liburu eta irakaskuntzen bidez: gaiari buruzko bere eskuliburuak[19] eragin berezia izan zuen tipografo eta kaligrafo britainiarren belaunaldi batean, besteak beste, hauengan: Graily Hewitt, Stanley Morison, Eric Gill, Alfred Fairbank eta Anna Simons. Johnstonek idazkera kaligrafiko biribila ere asmatu zuen: era soilean landua, luma zabal batekin idatzia, gaur egun sortze eskua deitzen dena. Hasieran, Johnstonek angelu lauko arkatz bat erabiliz irakatsi zien ikasleei esku untziala, baina, gero, angelu inklinatuko arkatz bat erabiliz.[20] Lehenik, horri deitu zion «sortze eskua», bere 1909ko argitalpenean.[21]

Ondorengo garapenak aldatu

Edward Johnston kaligrafoaren bideak garapen zabal bat ukan zuen XX. mendean zehar mundu anglofonoan, batez ere Graily Hewitten lanen bitartez.[22][23][24]

Johnstonen ikasle Anna Simons funtsezkoa izan zen Alemanian kaligrafiarekiko interesa pizteko, alemanera itzuli baitzuen, 1910ean, Johnstonen Writing and Illuminating, and Lettering.[25]

Gaur egungo ordenagailuek gehien erabiltzen dituzten letra mota garaikideek (izan testu prozesatzaileetan, adibidez, Microsoft Word, Apple Pages; izan diseinu profesionaleko software paketeetan, Adobe InDesign, esaterako) zorretan dira, alde batetik, iraganeko kaligrafia estiloekin; eta, bestetik, gaur egungo letra mota profesionalen diseinatzaile zenbaitekin.[26][27][28]

Unicodek kaligrafiarako erabil daitezkeen «Script» eta «Faktur» alfabeto latindarrak eskaintzen ditu.[29]


Erreferentziak aldatu

  1. Mediavilla, Claude. (1996). Calligraphy : from calligraphy to abstract painting. ISBN 90-803325-1-8. PMC 36585304. (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  2. (Frantsesez) Monnet, Nathalie. «Taoïsme et calligraphie» BnF Essentiels (Noiz kontsultatua: 2023-08-28).
  3. (Ingelesez) Reaves, Marilyn. (1994). Brush lettering: an instructional manual in western brush calligraphy. New York: Design Books ISBN 978-1558212695..
  4. (Ingelesez) Fraser, Newman (Illustrator). (1989). The calligrapher's handbook. New York: Gallery books ISBN 978-0831711573..
  5. (Txineraz) Bibliothèque municipale de Hefei. (2016-03-03). «Les Origines de l’écriture» 论衡 Lunheng (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  6. (Txineraz) «史记 - 司马迁 - 中国古籍全录» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  7. a b c d e f (Frantsesez) Suzuki, Yuko. (2021). Calligraphie japonaise : une initiation. Paris: Mango ISBN 978-2317033803..
  8. (Katalanez) «Phonogram (linguistics)» dbpedia.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  9. Lucas, Nadine. (2003-03-25). «Le retour des idéogrammes Unicode CJC vu du Japon» Document numérique 6 (3-4): 183–210.  doi:10.3166/dn.6.3-4.183-210. (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  10. (Txineraz) Si, Li. (1980). 秦峄山碑 (Qin Yishan bei). .
  11. (Frantsesez) Durix, Claude. (2005). Ecrire l'éternité l'art de la calligraphie chinoise et japonaise. Paris: Belles Lettres ISBN 978-2251490137..
  12. (Frantsesez) Siu-Mui, Ngan. (2013). La calligraphie chinoise, art abstrait, peinture de l'esprit. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  13. (Frantsesez) Polastron, Lucien X.. (1999). Le papier : 2000 ans d'histoire et de savoir-faire. Paris: Impr. nationale Editions ISBN 978-2743303167..
  14. (Ingelesez) Dawson, Raymond Stanley. (2005). The Chinese experience. London: Phoenix Press ISBN 978-1898800491..
  15. (Frantsesez) UNESCO. (2020). La calligraphie arabe : connaissances, compétences et pratiques. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-29).
  16. (Frantsesez) BnF. (2023-05-31). «Les écritures calligraphiques» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  17. (Ingelesez) «The Legacy of Edward Johnston» web.archive.org 2023-04-26 (Noiz kontsultatua: 2023-09-03).
  18. a b (Ingelesez) «The Eric Gill Society: Edward Johnston (1872-1944)» web.archive.org 2008-10-10 (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  19. (Ingelesez) Johnston, Edward. (1906). Writing & Illuminating & Lettering. .
  20. (Ingelesez) Holliday, Peter (et al.). (2007). Edward Johnston: master calligrapher. New Castle: The British Library ISBN 978-1584561989..
  21. (Ingelesez) Johnston, Edward. (1950). Manuscript & inscription letters for schools & classes & for the use of craftsmen. London: Sir I. Pitman & Sons.
  22. (Ingelesez) Hewitt, Graily. (1928). The Pen and Type-Design. London: The First Edition Club.
  23. (Ingelesez) Hewitt, Graily. (1930). Lettering for students and craftsmen. London: Seeley, Service & Co. Ltd.
  24. (Ingelesez) Hewitt, Graily. (1934). The illuminated manuscripts of William Morris by Graily Hewitt. The typography of William Morris by Holbrook Jackson and James Shand. London: Shenvel Press.
  25. «The Legacy of Edward Johnston» www.ejf.org.uk (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  26. (Ingelesez) Mediavilla, Claude. (1996). Calligraphy: from calligraphy to abstract painting. Wommelgem: Scirpus Publications ISBN 978-9080332515..
  27. (Ingelesez) Zapf, Hermann. (2008). Alphabet stories: a chronicle of technical developments. Rochester: RIT Cary Graphic Arts Press ISBN 978-1933360294..
  28. (Ingelesez) Henning, William E.. (2012). An Elegant Hand: The Golden Age of American Penmanship and Calligraphy. Oak Knoll Press ISBN 978-1584560678..
  29. (Ingelesez) «Unicode 15.0.0» www.unicode.org (Noiz kontsultatua: 2023-09-11).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu