Kaio beltza (Larus marinus) Laridae familiako hegazti zangaluzea da[1].

Kaio beltz
Kaio beltza
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaCharadriiformes
FamiliaLaridae
GeneroaLarus
Espeziea Larus marinus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera1,67 m

Bizkarralde beltz iluna duen kaio beltza (Larus marinus) kaio familiako (Laridae) kiderik handiena da. New Yorken dagoen Cornell unibertsitateak duen hegaztien ikerketarako eta kontserbaziorako unitateak, Cornell Lab of Ornithology deiturikoak, honela deskribatu zuen hegazti hau: "Atlantikoko kostaldeko kaio erregea". Oso ehiztari oldarkorra da, pirata eta sarraskijalea da. Europako eta Ipar Amerikako kostaldean eta Ipar Atlantikoko uharteetan hazten da, eta nahiko sedentarioa da, nahiz eta batzuk hegoalderago edo kostaldetik barrualderago mugitzen diren laku edo urtegi handietara. Kaio helduak bizkarralde beltza du, burua, lepoaldea eta behekaldea zuriak ditu, mokoa hori kolorekoa eta zangoak arrosak.

Europa eta Ipar Amerikako kostaldetan bizi da. Mendebaldeko euskalkian (bizkaieraz) Kalasantza izenaz ere ezagutzen da.[2]

Taxonomia aldatu

Kaio beltza Carl Linnaeusek 1758ko Systema Naturae bere 10. edizioan deskribatu zituen espezie ugarietako bat izan zen, eta oraindik Larus marinus du jatorrizko izena. Izen zientifikoa latinezkoa da eta marinus itsastar esan nahi duenez, bere osotasunean "itsas-kaio" gisa har daiteke bere izen zientifikoaren esanahia.

Ezaugarriak aldatu

Hau munduko kaiorik handiena da, kaio hauskara (Larus argentatus) edo kaio hankahoria (Larus michahellis) baino nabarmen handiagoa. Kaio espezie gutxi hurbiltzen dira espezie honen tamainara, hauek gehien hurbil daitezkenak: Ichthyaetus ichthyaetus kaioa eta ipar-kaioa (Larus hyperboreus). 64 – 79 cm luze da, 1,5 – 1,7 m zabal eta masa 0,75 – 2,3 kg artekoa du. Ipar Atlantikoko 2009-ko lagin batean aurkitu ziren arren batez besteko pisua edo masa 1,830 g-koa zen eta emeena 1,488 g-koa. Ipar Itsasoan arrantza egiteko aukera duten kaio heldu batzuek 2,5 kg pisatu ditzakete, 1,96 kg-ko batez bestekoa izanik. Aipatu beharra dago, behin kaio beltz espezieko ale guztiak gainditzen zituen ipar-kaio bat aurkitu eta neurtu zela, baina salbuespeneko kasutzat jo daiteke, batez bestez, apur bat txikiagoak baitira.

Kaio beltz heldua nahiko bereizgarria da, goiko hegaletan kolore beltz iluna duen beste kaio handirik ez baita aurkitzen Ipar Atlantikoan. Kaio iluna (Larus fuscus) bizkarraldea oso antzekoa du, beltz ilun kolorekoa, baina hau kaio beltza baino nabarmen txikiagoa da, erdia pisatzen duelarik. Horretaz gain hanka horixkak ditu kaio beltzaren hanka arrosen parean. Ozeano barean eta tropikoetan kaio beltzaren gorpuzkera eta kolore antzekoa duten zenbait kaio espezie dago, esaterako Larus schistisagus, Larus occidentalis eta Larus dominicanus, baina banaketa eremu ezberdinak argi desberdintzen ditu bata eta besteak.

Kaio beltz gazteek kolore orbanadun xamarra dute marroi, beltz eta zuri koloreen arteko mosaiko baten moduan, kaio espezie guztien ezaugarria da hau. Heldutzen joaten diren heinean marroi koloredun orbanak eta mosaiko itxura hori galtzen joaten dira bere helduaroaren azkeneko kontraste handiko kolore beltz ilun eta zuri bereizgarria izan arte, hau normalean 4. urtea betetzean ematen da (heldutze ugaltzailea). Espezie honen deia, "barre" baten moduko "cry, kaa-ga-ga" da, beste kaio espezieen hotsa baino sakonagoa.

Banaketa eremua eta habitata aldatu

Espezie hau Errusiako ipar-mendebaldean, Eskandinaviako kostaldean, Itsaso Baltikoko kostaldean, Kantauri itsasora begira dagoen iberiar penintsularen iparraldean, Frantziako mendebaldeko kostaldean, Erresuma Batuko itsasertzean eta Irlandako ipar-mendebaldeko itsasaldean aurki daiteke. Atlantikoaren iparraldean zehar, kaio hau Islandian, Faroe Uharteetan, Groenlandiako hegoaldean eta Kanadako eta Ameriketako Estatu Batuetako kostalde atlantikoetan banatzen da. Itsaso Baltikoko neguan, hegaztia izotz-mugatik gertu egoten da. Uharteen iparraldean, itsasoa Suediatik Finlandiaraino izozten da askotan eta hori gertatzean hegazti honek ur irekietara migratzen ohi du. Salbuespen gisa, espezie honen banaketa eremua Karibeko hegoalderaino eta Hego Amerikako iparraldeko kostaldearen pareraino irits daiteke.

Habitata aldatu

kaio beltza kostaldeko habitat ugaritan dago, kostalde eta estuario harritsu eta hareatsuetan barne, baita barrualdeko hezeguneetako habitatetan ere, hala nola lakuetan, urmaeletan, ibaietan, eta edonolako eremu hezeetan, baina ez da itsasotik urrunegi aldentzen, bere izen zientifikoak ongi dioen bezala, hau itsas-kaioa da. Habia itsaslabarretan edo predatzaile gehiergirik gabeko uharteetan egiten du (ugaztun haragijaleengadik salbu).

Euskal Herrian aldatu

Kaio beltza kantauri isurialdean ikus daiteke, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Euskal Herrian ale gehienak dipertsio mugimenduetan dauden aleak dira baina habiagileak ere badaude euskal kostaldean. Bermeoko Izaro eta Aketx uharteetan habiagilea da, bertan kumatzen da, baita Gipuzkoako zenbait itsaslabarretan ere. Azken denboraldi honetan Donostian bertan bikote bat kumatzen behatu da, urtez urte itsaslabar bera aukeratuz. Honek sekulako berri ona suposatzen du Euskal Herrian oso urritza den espeziea delako. Donostiako albiste positibo honen berria Itsas Enara Ornitologia Elkarteak eman zuen, eta ordutik bikote kumatzaileen jarraipena egiten du Donostialdean. Izaro, Aketx eta inguruko Urdaibaiko habiagileen jarraipena eta eraztuntzea, ordea, Aranzadi-ren esku izan ohi da, batez ere Urdaibain duen Urdaibai Bird Center-en ornitologia sailaren eskutik.

Elikadura aldatu

Kaio beltza kaio espezie guztiak bezala hegazti oportunista da, irentsi dezakeen guztia jaten du. Harrapa ditzakeen animaliez gain gizakien zaborren hondarrak ere jaten ditu, zabortegien areagotzeak erakargarri bat suposatu du hegazti hauentzat bere banaketa eremu osoan.

Kaio gehienek bezala, kaio beltzek arrainak harrapatzen dituzte aldizka, eta ur-azaletik gertu dagoen bera baino txikiago den edozein arrain harrapakin potentziala da. Kaio beltzaren urdail-edukien inguruko ikerketek arraina elikagai nagusia dela erakusten dute. Eskozia Berriko Sable uhartean, urdaileko edukiaren % 25 arraina bazen ere, kumeei emandako erregurgitazioen % 96 arrainezkoa zen. Era berean, Ternuko Great uhartean urdaileko edukiaren % 25 arrainarena zen, erregurgitazioen % 68 arrainarena zelarik. Bestelako harrapakinak txipiroiak, karramarroak, itsas trikuak, itsas izarrak eta beste ekinodermatu, krustazeo eta molusku batzuk aukera dutenean.

Kaio honen oldarkortasuna eta tamaina dela eta, askotan pirata moduan jardun eta bera baino txikiago edo ahulagoak diren hegaztien harrapakinak lapurtzen dituzte, baita bestelako hegaztiak eta haien arrautzak zein txitak ehizatu ere. Noizbehinka, aukera baldin badute, untxiak eta mota ezberdineko karraskariak ehizatu ditzakete ere.

Hegazti harraparien atzapar zorrotzik eta moko kurbatu eta urratzailerik ez duenez, kaio beltzaren erasoa oldarkortasunean, indar fisikoan eta erresistentzian oinarritzen da. Ternuko eta Eskozia Berriko ikerketetan, kaio beltzen urdaileko edukiaren %10 hegaztiek osatzen zuten, eta beste %17 txenaden arrautzek soilik osatzen zuten, argi eta garbi adieraziz txenadak harrapakin ohi gisa dituztela.

Kleptoparasito trebeak dira eta bera baino txikiagoak diren kaio eta bestelako itsas hegaztien aurrean erraz nagusitzen da. Batzuetan hegazti harrapari ertainei lapurtzeko gai da. Belatz handi eme heldu baten aurkako erasoa eta lapurketa behatua izan zen behin, belatzak harrapatu berri zuen ahate buztanluzea arrakastaz lapurtuz, baita ere behatu izan da 3 urteko kaio beltz bat aztore arrunt eme heldu batekin borrokan bere harrapakina lapurtu nahian edo arrano arrantzaleen habiak erasotzen honen txitak ehizatu edota arrainak lapurtzeko asmoarekin.

Ugalketa aldatu

Espezie hau banaka edo kolonia txikietan ugaltzen da, batzuetan kaio hauskaren kolonia baten erdian. Heldu gazteen bikoteen kopula eta habiaren prestakuntza martxoan edo apirilean hasten da. Hurrengo udaberrian, hegaztiek bikotea osatu ohi dute berriro, eta aurreko urteko habian elkartzen dira. Kaioetako bat agertzen ez bada, bestea bikote berri baten bila hasiko da.

Habia algez, goroldioz eta belarrez forratu edo estaltzen dute arrautzak elementuetatik babesteko, askotan arrokak edo eroritako enborrak erabiltzen dituzte habiaren zutabe gisa. Habiak hirietako teilatuetan eraikitzen dituztenean, urtez urte habi berberak berrerabiltzen ohi dute.

Emeak hiru arrautza erruten ditu apirilaren amaieratik ekainaren amaierara bitartean. Habia batean bi arrautza bakarrik aurkitzen badira, arrautza bat arrazoi bategatik edo besteagatik suntsitu delako da. Emeak astebete inguru behar du hiru arrautzak erruteko, eta inkubazioa ez da hasten hiru arrautzak egon arte, hori dela eta hiru txitak egun berean jaiotzen dira. Normalean kaio beltzek arrakastaz ateratzen dituzte aurrera bere hiru txitak.

Arrautzak orban ilunez beteriko marroi berdexka kolorekoak dira. 28 egun inguru irauten duen inkubazioan bi gurasoek parte hartzen dute aktiboki, txandak eginez. Inkubazio epean gurasoak ahalik eta hots gutxien egiten saiatzen dira, arreta ez deitzeko. Guraso babesleak eta aktiboak dira, txandetaz baliatzen dira inkubatzerako, jakiak biltzeko eta txitak elikatzerako orduan. Kaio gazteek habia gunetik alde egiten dute 50 egun betetzean, eta gurasoekin egon daitezke sei hilabete inguru, nahiz eta gehienek beste kaio heldugabe batzuekin elkartzea erabakitzen duten, udazkenerako elikagai bila. Kaio hauek heldutasun ugaltzailea 4 urterekin lortzen dute, lumaje heldua eskuratzen duten momentuan, hala eta guztiz ere 6 urte bete arte hazten jarraitzen dute, aleagia, 4 urterekin ugaltzeko gai badira ere, arrakastaz kumatzeko zenbait kasutan 6 urte bete arte itxaron behar dute.

Bizi-itxaropena eta hilkortasuna aldatu

Itsas hegazti guztiak bezala, luze bizi da kaio beltza ere. Bizitza basatian espezie honetan inoiz erregistratutako gehieneko adina 27 urtekoa da, espezie hau gatibutasunean mantentzea oso zaila da, baina itsas hegaztietan hegazti handiagoek txikiagoek baino bizi luzeagoa dutela jakinda, espezie honen bizi-itxaropena baldintza optimoetan 27 urtekoa baino handiagoa dela suposa daiteke, behintzat egoera kontrolatuetan hazitako kaio hauskarak (kaio beltzak baino txikiagoak direnak) 44 urte arte bizi izan direla jakinda.

Bizitzaren lehenengo etapak dira zailenak bizirauteko, arrautzaren fasea eta txitaldia barne. Espezie honen biziraupenerako mehatxu natural nagusiak lehenengo etapetako gosea eta harrapakaritza dira. Arrautzak eta txitak direnean korbido ezberdinen, bestelako kaio espezieen, katuen eta arratoien menuan sar daitezke, nahiz eta normalean harrapari ez hegalariengandik salbu eraikitzen dituzten habiak. Helduak direnean oso harrapari gutxi dituzte, arranorik handienek soilik ehizatzen dituzte kaio espezie hauek, arrano beltzak, itsas arrano buruzuriak eta itsas arrano buztanzuriak zehazki. Norvegian egindako ikerketa batek agerian uzten zuen itsaso arrano buztanzuriak maiz ehizatzen zituela kaio beltzak, eta kaioek itsas arrano hauek ikustean oldarkor jokatzen dute (mehatxu potentzialaz jabetuta) eta mehatxua bere lurraldetik botatzen saiatzeko erasoak antolatzen dituzte. Han-hemenka hontza espezie handienek ere ehiza dezakete kaio espezie hau eta maiztasun txikiz orken edo marrazoen dietan ere sar daitezke itsasazalean pausaturik daudenean.

Eskozian marikaka handi heldu batek 2-3 urteko kaio beltz gazte bati nola erasotzen zion (berau hiltzeko asmoz) filmatu zen, eraso hura ez zen arrakastatsua izan onik atera zelako kaio gaztea, espezie honen oldarkortasuna eta indarra erakutsiz. Oro har, arrano handirik ez dagoen biometan kaio beltza goikaldeko harrapari gisa har daiteke.

Kontserbazio egoera aldatu

Garai batean espezie hau harrapatzen zen bere lumekin kapelak diseinatzeko, honek suposatu zuen presioa dela eta desagertu egin zen bere banaketa eremuko zenbait lekutik. Baina garai horiek bukatuta, espezie honen moldatze gaitasunagatik, hirietan edo giza eraikinetan habiak egitera azkar ohitzeagatik eta bere oportunismoagatik azkar berreskuratu zen bere kopurua eta desagertutako eremuetara indarrez itzuli zen. Hain da arrakastatsua bere moldaketa eta ugalketa ezen leku batzuetan plagatzat hartu izan dute bere kopuruaren igoera dela eta, batez ere egoera kalteberagoan edo zaurgarriagoan dauden espezi arraroagoak dauden leku batzuetan, espezie hauek ehizatzen baititu... honen adibide bat lanperna-musu hegazti txikia izan daiteke, hegazti kleptoparasito mota askoren biktima bat.

Bere populazioa mundu mailan momentuz arriskuan ez badago ere, 2022ko ikerketa batean kaio beltz espeziearen populazioaren beherakada orokor eta global bat baieztatu zen, arrazoi nagusiak gizakiak eragindako kostaldeko presioa, habitaten suntsipena eta itsasoko kutsadura. Ikerketa horretan kaio beltza, bere populazioaren etengabeko jaitsiera globala dela eta, IUCNren zerrenda gorrian "kaltebera" gisa izendatzea iradokitzen zen.

Euskal Herrian aldatu

Euskal Herrian kaio beltza espezie arraroa da, behaketa gehienak habiagileak ez diren aleenak dira, mugimenduan daudenekoak edo negua hemen pasatzen dutenekoak. Habiagile gutxi behatu dira Euskal Herrian, bikote bakan batzuk Bizkaian eta Gipuzkoan. Espezie arraroa izanik, euskal kostaldean dauden bikote kumatzaileak kontserbatu eta bere populazioak areagotzea premiazkoa da, horretan dihardute Aranzadik (honek Urdaibain kudeatzen duen Urdaibai Bird Centerrekin batera) eta Itsas Enara Ornitologia Elkarteak, jarraipen berezia egiten diote espezie honi, arraroak diren edo arriskuan dauden gainontzeko espeziei egiten dieten bezala.

Irudiak aldatu


Erreferentziak aldatu

  1. Malling Olsen, Klaus & Larsson, Hans. Gulls of Europe, Asia and North America, ISBN 0-7136-7087-8
  2. «Kalasantza», Orotariko Euskal Hiztegia.

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu