Jose Luis Arenillas Oxinaga (Bilbo, Bizkaia, 1904 - ib., 1937ko abenduaren 18) euskal mediku eta politikaria izan zen, Espainiako Ezker Komunista eta Partido Obrero de Unificación Marxista alderdietako militantea.

Jose Luis Arenillas
Bizitza
JaiotzaBilbo, 1904
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo1937ko abenduaren 18a (32/33 urte)
Heriotza modua: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta medikua
Zerbitzu militarra
Adar militarraEusko Gudarostea
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaCommunist Left of Spain (en) Itzuli
Batasun Marxistaren Langile Alderdia

Ibilbide politikoa aldatu

Arrantzale-kofradia batean udal-medikua zelarik, 1932an egin zen Izquierda Comunistako kide, Jose Maria anaiarekin batera. Alderdi hura estalinismoaren aurkako militante komunistek osatzen zuten, eta ezker komunistaren joerakoa zen. Ikerketa teorikoan sakon jardun zuen, ICren Comunismo agerkari ofizialean kolaboratzaile gisa lan eginez.

POUM alderdiaren fundazioan parte hartu zuen 1935ean, eta bertako batzorde zentraleko kide izatera igaro zen. 1936an El problema nacional de Euzkadi (Euzkadiko nazio-auzia) eman zuen argitara. Lan hori, bere artikulu batzuekin batera, lehenengoetakoa da euskal nazio-auziari buruz analisi marxista bat egiten. Bere testuetan euskal nazio aske baten alde agertzen da.

1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren ondoren Gerra Zibila piztu zenean, Arenillasek Bilbotik ateratako lehen miliziano-lerroak antolatzen parte hartu zuen. Urte hartako urrira arte mediku lanetan aritu zen Ubide, Urkiola eta Otxandion. Eusko Jaurlaritza osatzean, Eusko Gudarosteko osasun ikuskari orokor izendatu zuen Agirre Lehendakariak, eta lanbide horretan aritu zen gerrak iraun zuen artean. 1937ko ekainaren 16an, Bilbo tropa nazionalen eskuetan erortzear zela, lehendakariak Euzko Gudarosteko osasun saileko buru izendatu zuen. Garaitsu berean gertatu ziren izendatze hori eta Errepublikako gobernuaren POUM eta CNTko militanteen aurkako errepresio kanpaina. Kanpaina horren barruan, bi erakundeok legez kanpo jarri, beren buruzagiak atxilotu eta Andreu Nin POUMeko idazkari politikoa eta Kataluniako Generalitateko sailburua bahitu eta hil egin zuten.

Arenillas Bilbon egon zen ekainaren 19ra arte, gero Karrantzara eta azkenik Santanderrera joateko. 37ko abuztuaren 14an Euzko Alderdi Jeltzaleko ordezkariek Santoñako hitzarmenean errendizioa izenpetu ondoren, itsasontziz ihes egiten ari zela atxilotu zuten abuztu bukaeran. Irailean epaiketa sumarisimoak egin ziren Euzko Gudarosteko ofizialen kontra, eta heriotza zigorra ezarririk, Jose Luis Arenillas 1937ko abenduaren 18an fusilatu zuten, 33 urte zituela. Bere anaia Jose Mari 1938an hil zuten Asturiasen.

Obra aldatu

  • "El problema de las nacionalidades en Euzkadi" (Comunismo 38, 1934ko iraila)
  • "La lucha de clases en el movimiento nacionalista vasco" (La Batalla 5, 1935eko urriaren 11)
  • "La liberación nacional de Euzkadi debe ser obra de las masas oprimidas" (La Batalla 14, 1936ko abenduaren 13a)
  • "El problema de las nacionalidades ibéricas" (La Batalla 258, 1936ko uztailaren 3a)
  • "El problema nacional de Euzkadi" (La Nueva Era 1, 1936ko urtarrila)

Kanpo estekak aldatu