Joana I.a Nafarroakoa

Joana I.a (Bar-sur-Seine, 1273ko urtarrilaren 14a - Vincennes, 1305ko apirilaren 2a), Xanpaina eta Brieko kondesa, 1274-1305 bitartean Nafarroako erregina eta 1285-1305 bitartean Frantziako erregina ezkontidea izan zen. Xanpaina leinuko Nafarroako azken erregina izan zen.

Joana I.a Nafarroakoa


Nafarroako erregea

1284 - 1305eko apirilaren 2a - Luis I.a Nafarroakoa
Bizitza
JaiotzaBar-sur-Seine1273ko urtarrilaren 14a
Herrialdea Nafarroako Erresuma
HeriotzaVincennes1305eko apirilaren 2a (32 urte)
Hobiratze lekuaSaint-Denisko basilika
Heriotza modua: arazo puerperala
Familia
AitaHenrike I.a Nafarroakoa
AmaBlanka Artoiskoa
Ezkontidea(k)Filipe I.a Nafarroakoa  (1284ko abuztuaren 23a (egutegi gregorianoa), 1284ko abuztuaren 16a (egutegi gregorianoa) -  1305eko apirilaren 10a (egutegi gregorianoa))
Seme-alabak
Anai-arrebak
LeinuaXanpaina leinua
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakagintaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna
katolizismoa

Find a Grave: 64956255 Edit the value on Wikidata

Bizitza aldatu

Nafarroako erregina aldatu

 
Joana Nafarroakoaren zigilua

Aita Henrike I.a Nafarroakoa eta ama Zuria Artoiskoa izan zituen. Jaio eta berehala gurasoek Nafarroara eraman zuten eta Tibalt anaiaren heriotzarekin Erresumako oinordekoa bilakatu zen. 1273ko azaroaren 30ean, artean jaio berria zela, aitak eta Eduardo I.a Ingalaterrakoak Henrike, Ingalaterrako printzearekiko ezkontza prestatu zuten (Lekuineko Ituna), nafar-gaskoien batasun proiektu bati ekiteko asmoz, baina Nafarroako erregea 1274an hil eta bertan behera geratu zen asmo hura[1].

Izan ere, aitaren heriotzarekin Nafarroako erregina bihurtu zen. Urte eta erdi besterik ez zuenez gero, ama izan zuen erreginordea. Egoera hau zela eta, inguruko Gaztela, Aragoi eta Frantziako erresumek beren erregegaietako bat erregina gaztearekin ezkondu nahi zuten, Nafarroako Erresuma berenganatzeko[2]. 1274ko abuztuaren 27an Nafarroako Gorteek Petri Antso Monteagudokoa, Aragoiko errege Jakue I.aren aldekoa, gobernari nagusi aukeratu zuten[3]. Erabaki honek Gartzea Almoravit, Gaztelako Erresumaren aliatuaren haserrea eragin zuen[4].

Laister Zuria Frantziara joan zen, Xanpainako konderria zela eta, Filipe III.a Frantziakoari omenaldia egitera. Luze gabe, istilu handiak piztu ziren Nafarroan, eta Joanaren eskubideak mehatxupean izan ziren. Horiek horrela, 1275eko maiatzean Filipe III.aren esku utzi zuen hark Nafarroako gobernua eta Joana I.a Filipe, Frantziako erregearen bigarren semearekin, ezkontzeko agindua eman zuen (Orléansko Ituna). Ordutik aurrera Joana Pariseko gortean hezia izan zen, eta Zuriak, 1276an Edmond Lankasterkoarekin ezkondua, Xanpainiako lurraldeak kudeatu zituen.

Bien bitartean, Nafarroan Gaztelaren eta Aragoiren aldekoen arteko gatazkak handituz joan ziren. Azkenik, 1276an Nabarreriako Gerra odoltsua piztu zen. Filipe III.ak Frantziako gudarostea bidali zuen Nafarroara, Eustakio Beaumarchèskoa buru zela. Honek Petri Antso Monteagudokoa ordeztu eta kontraforuak egin zituen. Frantziako tropak ia azpiraturik zeudelarik, Canfranc-etik barrena Roberto II.a Artoiskoa -Zuria Artoiskoaren anaia-, 20.000 soldaduren buru zela, Nafarroan sartu zen; armada honek Iruñea hartu eta Nabarreria suntsitu zuen[4]. Harrezkero, Nafarroako monarkia Frantziako Erresumaren satelite bilakatu zen, eta erresumako administrazioko zein gobernuko karguak frantziar funtzionarioen esku gelditu ziren[5].

1284ko abuztuaren 16an, Joana 11 urte eta Filipe Ederra ezkondu ziren. Lehenbizikoak 11 urte zituen, eta bigarrenak 16. Era horretan, Filipe Nafarroako errege (Filipe I.a Nafarroakoa) bihurtu zen, eta baita Xanpaina eta Brieko konde ere.

Frantziako erregina aldatu

1285an, Filipe III.a Frantziakoa hil zenean, Filipe Ederra Frantziako errege eta Joana erregina bihurtu ziren. Modu horretan, Frantzia eta Nafarroako erresumak koroa beraren azpian geratu ziren. Izaera biziko emakumea zen Joana eta eragin handia izan zuen bere senarrarengan. Nafarroako gobernuari zegokionez, ordea, axola gutxi erakutsi zuen erreginak; Parisen bizi zen, ordezkari batzuez baliatu zen gobernatzeko eta era horretan foruen aurkako ekintzak eta errege frantsesen aurkako matxinadak arras ugaldu ziren (Obanosko Infantzoien Biltzarra, 1281)[1]. Hala ere, Nafarroako Foru Orokorra ezin izan zuen indargabetu, 1250etik idatzirik baitzegoen errege-erreginen gehiegikeriak saihesteko.

Filipek gobernu zentralizatzaile eta ahalguztiduna bultzatu zuen Frantzian. Politika horri eusteko diru franko behar eta neurri hauek hartu zituen:

  • Monetaren baliogutxitzea, urre eta zilarrezko bere pisua gutxituz.
  • Juduei zerga handiak ezartzea. Izan ere, judu asko bankariak ziren, Elizak dirua lukuruan ematea galarazi zielako kristauei[6].
  • Burges aberatsei noblezia tituluak saltzea.
  • Jopuen betebeharrak diruaren truke salbuestea.
  • Apaizeriari hamarrena ezartzea.

Bonifazio VIII.a aita santuak ez zituen onartu neurri hauek, eta 1296an Clericis Laicos bulda kaleratu zuen, kleroari estatuaren zergak ordaitzea galarazten ziona; erantzun gisa, Filipek urrea eta zilarra erresumatik ateratzea debekatu zuen. Azkenean, Bonifaziok amore eman zuen. Baina 1301ean, Filipek Bernard Saisset, Pamierseko apezpikua, atxilotu zuenean, erregea eta Aita Santuaren arteko liskarra berpiztu zen. 1303ko abuztuan, Filipe eskumikatzekotan zegoela, frantziar mertzenarioek Bonifazio VIII.a atxilotu zuten, eta hilabete bat geroago hil egin zen[7][8]. Haren ondorengoek, Benedikto XI.ak eta, batez ere, Filiperen esku hartzeari esker aukeratutako Klemente V.ak atzera egin zuten; Klementek Filiperen aurkako erabaki guztiak ezeztatu zituen eta Avignonen jarri zen bizitzen.

 
Nafarroako Ikastetxearen sortze agiria

Tenpluko ordenak banku gisa jarduten zuenez gero, berealdiko aberastasunak zituen. Aberastasun horietaz jabetzeko asmoz, Filipek Ordena heresiaz salatu eta, gezurrezko frogak erabiliz, desegitea lortu zuen: 1307an Jacques de Molay maistru handia atxilotua izan zen, 1309an buruzagi talde bat sutan erre zuten, 1312an Klemente V.a aita santuak Ordena ezabatu zuen eta 1314an beste buruzagi talde bat erre zuten[9]. Modu horretan, Filipe eta emazteak Ordenaren higigarria hartu zuten; higiezina Maltako Ordenaren esku gelditu zen.

Nafarroako Erresuman juduen aurkako neurriak areagotu zituzten: emandako maileguetan printzipala baino ez zitzaien itzuli behar, hau da, korriturik gabe. Grandmont Ordenari, berriz, Corellako eliza eta bere ondasun guztiak, urteko 125 liberako balioa zutenak, eman zizkion Tuterako monasterioaren zenbait ondasunen truke. Ordenak monasterioa zegoen orubea, baratzea, akueduktua eta Bardeako mendiaren ustiapena baino ez zituen atxiki[10].

1304eko martxoaren 25ean Joanak testamentu egin zuen; bertan, besteak beste, Parisen Nafarroako Ikastetxearen sorrera agindu zuen[1]. Erregina 1305ko apirilaren 2an hil zen, Vincennesen, 33 urte inguru zituela[11]. Antza denez, erditzean hil zen, baina hain zen misteriozkoa haren herioa non kronikagile batek bere senarrak hil zuela esan baitzuen. Joanaren medikua Guido da Vigevano italiar asmatzaile ospetsua zen[12].

Joana I.a Parisko Cordelierseko komentuan lurperatu zuten[13]. Nafarroako tronuan Luis semea izan zuen ondorengoa, 1314an, Felipe Ederra hil zenean, Frantziako errege ere bilakatu zena (Luis X.a Frantziakoa). Joanak eta Filipek izandako beste bi semeek ere, Filipek eta Karlosek, Nafarroa eta Frantziako erregeak izan ziren, eta hiruak semerik izan gabe hil ziren. Haien ondorengotza Frantziako tronuan Ehun Urteko Gerraren eragileetako bat izan zen.

Familia aldatu

Aitona
  Tibalt I.a
Nafarroako errege
Amona
  Margarita
Borboikoa
Aitona
  Robert I.a
Artoisko konde
Amona
  Matilde
Brabantekoa
Aita
  Henrike I.a
Nafarroako errege
Ama
  Blanka
Artoiskoa
  Joana I.a
Nafarroako erregina

Ezkontza eta seme-alabak aldatu

1284ko abuztuaren 14an, Joanak Notre-Dame katedralean Filipe IV.arekin ezkondu zen.

Zazpi seme-alaba izan zituzten:

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Joana I.a. in: Lur Hiztegi Entziklopedikoa. euskara.euskadi.eus.
  2. Arozamena Ayala, Ainhoa. Joana I.a Nafarroakoa eta Frantziakoa. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia. euskomedia.org.
  3. Arozamena Ayala, Ainhoa. Joana I.a Nafarroakoa eta Frantziakoa: 1274ko Gorteen Deialdia. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia. euskomedia.org.
  4. a b Sánchez-Marco, Carlos. La Casa Capeta de Francia y los derechos sucesorios en Navarra. in: Historia medieval del Reyno de Navarra. lebrelblanco.com.
  5. Arozamena Ayala, Ainhoa. Joana I.a Nafarroakoa eta Frantziakoa: Iruñeko auzoen arteko gatazkak. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia. euskomedia.org.
  6. Contamine, Philippe. La economía medieval. Ediciones Akal.
  7. Philippe 4 le Bel. in: Histoire de France 1996. histoirdefrance.fr.
  8. Gaetano, Benedetto. Pope Boniface VIII. in: Catholic Encyclopedia. newadvent.org.
  9. Brillet, Jean. 13 octobre 1307: Arrestation des Templiers. Herodote.net.
  10. Goñi Gaztambide, José. La Orden de Grandmont en España. in: Príncipe de Viana, año nº 69, Nº 245, 2008. dialnet.unirioja.es.
  11. Arozamena Ayala, Ainhoa. Joana I.a Nafarroakoa eta Frantziakoa: Erregealdiaren azken urteak. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia. euskomedia.org.
  12. Doherty, P.C. Isabella and the Strange Death of Edward II
  13. Sánchez-Marco, Carlos. Sepultura de Juana I de Navarra. in: Historia medieval del Reyno de Navarra. lebrelblanco.com.

Bibliografia aldatu

  • (Alemanez) Heimo Rau: Die Adlerin. Roman der Johanna von Navarra F. G. Speidel'sche Verlagsbuchhandlung , Viena & Leipzig. 1936
  • (Gaztelaniaz) José Maria Lacarra: Historia politica del reino de Navarra, desde sus origenes hasta su incorporacion a Castilla, Iruñea, 1972-1973.
  • (Italieraz) Hilda Johnstone: Francia: gli ultimi Capetingi, Storia del mondo medievale liburuan, VI. liburukia, 569-607 orr. 1999.

Kanpo estekak aldatu



Aurrekoa:

Henrike I.a

 
Joana I.a
Nafarroako erregina
(1274-1305)
eta
Filipe I.a
Nafarroako errege
(1284-1305)
Ondorengoa:

Luis I.a

Aurrekoa:

Henrike III.a

 
Joana I.a
Xanpainako kondesa
(1274-1305)
Ondorengoa:

Luis I.a