Jacquerie herri matxinada izan zen, 1358an, Ehun Urteetako Gerran, iparraldeko Frantzian, batik bat Oise ibaiaren arroan, gertatutakoa. Arrazoiak anitzak izan ziren, gizartea, armada eta politika krisian baitzeuden; esate baterako, nobleziaren ospe txarra, batez ere Poitiersko porrotaren ostean.

Presoak atxilotuta, Jean Froissarten eskuizkribu batean.

Izenaren jatorria aldatu

Jean Froissart Erdi Aroko kronikagilearen arabera, garaiko jaun feudalek beraien lurretan lan egiten zuten morroi zein nekazariei Jacque edo Jacque Bonhomme (jacque izeneko jupoia zela eta) deitzen zituzten modu despektibo batean eta hori litzateke izenaren jatorria.[1][2]

Izendapen hura gaur egunera heldu zaigu kronikagileari esker, zeinak nekazari hauei horrela izendatu zituen bere pasartetan. Nekazariek zeramaten arropengatik, hots, jantzi bat janztearen ondorioz. Hortaz, hortik landa mugimendu sozial honen izenaren jatorria, eta izendapen hau erabilia izan da honelako tamainako edozein nekazal altxamendu adierazteko.[3]

Testuinguru ekonomiko eta soziala aldatu

XII. mendearen amaiera aldera, mendebaldeko eta erdialdeko Europak gutxienez bizi izan zuen bi mende lehenagotik garatzen ari zen zabalkuntza. Lehenik eta behin, ekonomiaren bilakaerak ekoizpen baliabideak garatu zituen, eta horiek, aldi berean, kontzentrazio demografikoarekin batera gatazka sozialen nukleoa izan ziren. Bestalde, garapen ekonomiko handiak klaseen arteko ezberdintasun sozial eta ekonomikoak ere handitu zituen, horrela gizarte askatasunen polarizazioa handituz. Prozesu hau nabarmena izan zen landa eremuan. Erregistratutako dokumentuei esker, nekazarien bizi-maila nahiko baxua zela ikus daiteke; ustiategien hedadura kaskarrak, ondasun higigarrien pobrezia eta, aurrezkiak izateko gabezia, batez ere, biziraupen ekonomia jorratu behar zutelako. Nekazari familien biziraupena autohornikuntzan oinarritu zen eta, gainera, ekoizpenaren zati bat jaun feudalak jasotzen zuen. Aberatsen menderatze ekonomikoa zen sistema feudalaren oinarria, eta sistema hori gizarteko edozein esparrutan nagusitzen zen. Hortaz, landa-eremuko jaun feudalek edo hirietako aristokraziak udal-gobernua edo botere jurisdikzionala haien eskutan zutenez, soilik haien interesen alde baino ez zuten jarduten.[3]

Garapen ekonomiko orokorrak, ekoizpen munduaren antolaketa mailakatuak eta finantza esparruak egoera berri bat eratu zuten. Beraz, XIII. mendean  estatuaren antolaketa eta finantzen protagonismoa handitu zen. Frantziaren kasuan adibidez, botere monarkikoaren gorakadaren ondoren agiri ekonomikoen beharra areagotuko da. XIII. mendearen amaieran nabarmentzen den zorpetzeak, bai nekazaritza munduan bai hirietan, pobretze orokorra eragin zuen. Hori dela eta, nekazari askok maileguak kontratatu zituzten hartzekodunekin, aldi baterako zailtasunak gainditzeko edo ekipamendua hobetzeko. Eta aldi berean gero eta zerga altuagoak ezartzen ziren zorpetzea ordaindu ahal izateko. Era berean, finantza zailtasunak herritarren gaineko presioa areagotu zuen, zeinak, aldi berean, gizarte-tentsioa larriagotu baitzuten, eta Europa osoan mendearen erdialdean garatutako gizarte-mugimenduen emaitza eta jatorria izan baitziren.[3]

XIII. mendearen amaieran, Europar mendebaldeko gizartea, landa-gizartea zen, biztanleria gehiena landa-munduan bizi zen hiriguneetan baino. Sistema feudalaren egitura ekonomikoa nekazari familietan oinarritzen zen, nekazaritza, abeltzaintza eta baso-ustiapena jorratzen zutenak. Hala ere, artisautza eta merkataritza jardueren garapenak landa eta hiri eremuen arteko lotura erraztu zuen. Horrek, aldi berean, nekazaritzako produkzio-sistemaren hazkundea bultzatu zuen.[4]

Bestalde, landa-gizartearen hazkunde aldia amaitu egin zen. Hortik aurrera, landa-munduak faktore exogeno bortitzak jasan zituen, hala nola; gosea, epidemiak edo gerra. Aitzitik, ekoizpen eta banaketa-sisteman ere aldaketa sakona egon zen; sistema feudalaren egiturak krisian sartu ziren hurrengo faktoreengatik: luberritzeen agortze fisiko eta politikoak eta honek eragindako jaur-errentaren beherakada. Edonola ere, testuinguru horrek eragin zuen jaun feudalek neurri berri eta gogorragoak hartzea, hala nola, zerga-presioa handitzea. Gizartearen  biolentzia  eta matxinaden gertaerak piztea areagotuko zuena.[4]

Matxinada aldatu

Ingelesek Frantziako erregea, Joan II.a, atxilotu zuten Poitiersko guduaren ostean. Hori zela eta, Frantziako boterea Estatu Nagusien, Karlos II.a Nafarroakoaren eta Karlos dofinaren artean banandu zen. Nolanahi ere, Estatu Nagusiak oso bereizita zeuden estatua era eraginkorrean gobernatu ahal izateko, eta aipaturiko bi gobernarien arteko borrokek zatiketa ekarri zuten nobleen artean. Horiek horrela, Frantziako klase pribilegiodunek (nobleziak, merkatari nagusiek eta apaizteriak) zerga handiagoak ordainarazi zizkieten nekazariei (taille esaterako), eta ordainsaririk gabe, gerrak hondatutako ondasunak konponarazi zizkieten (corvée). Horrezaz gain, ingelesez, gaskoiez, nafarrez eta alemaniarrez osatutako talde mertzenarioek bere horretan jarraitu zuten Frantzian, desegin gabe, nahi zuten guztietan lurrak arpilatzeko.

1358an, arazo multzo horrek matxinada odoltsuak abian jarri zituen. Altxamendua Saint-Lue d’Esserent-en hasi zen, hala ere, azkar zabaldu zen mantxinadaren sua, zabalduz Île-de-Franceko kanpiña guztietara, Txanpanan, Normandian, Lorrenan edo Artoisen eragitera iritsi zelarik. Nekazariak batzen joan ziren, nagusi parrokial edo eliztarrak aukeratu zituztelarik. Goi buruzagi bat ere aukeratu ere, Guillaume Carle delakoa. Honek 5000 inguru nekazariko ejerzito bat bildu zuen, bere estrategia nagusia, Parisen nekazarien auzia jarraitzen zutenekin batzea izan zen. Azken hau ez zuen lortu, batik bat, denbora faltaren ondorioz, gutxira altxamendua bukatuz. Karlos II.a Nafarroakoak, kontra-jacqueriare burua zenak, jacqueria den matxinada zapaldu zuen Melloko batailan, Clermont-en-Beauvaisis ondoan, ekainak 9an edo 10an[2]. Bere armadak eta nekazarienak aurrez aurre egin zuten Mellon. Karlosek Guillaume Carle, matxinatuen burua, menia hitzartzera gonbidatu zuen, baina noble frantziarrek, etsaien kanpalekura joanda, atzeman zuten. Izan ere, noblea ez izanda, zalditeriaren arauak ez ziren betetzekoak berarekin[1]. Hurrengo borrokan, zaldizkoek suntsitu zuten burugabetutako nekazari-armada. Horren ostean, soldaduek lurraldea arpilatu eta nekazari andana erail zuten Beauvais aldean.

Azpimarratu behar da, matxinadak ez zuela inoiz erregearen aurkako kutsurik izan. Aldiz, egoera politikoa kritikatu eta nobleziaren gehiegikeriei aurre egitea bilatzen zuen. Matxinatuek erregearekiko lehialtasuna mantentzen zuten, eta honen babesa espero zen.

Matxinadak iraun zuen 15 egunetan, nekazariek nobleen jabetzak suntsitu, lapurtu eta desjabetu zituzten. Hala nola, hainbat gaztelu eta dorretxe erre zituzten. Horrez gain, hainbat noble bortxatuak eta exekutatuak izan ziren. Bestalede, gertakari bortitz hauek kroniken bitartez heldu zaizkigu guri, eta azpimarratu behar da kronika hauek klase boteretsuen bertsioa kontatzen dutela, kasu askotan errealitatea esajeratuz[5].

Hona hemen, Jean Froissart historialariaren eskutik heldu zaigun haren kronikaren pasarte bat. Bertan interpretatu daiteke bere ikuspuntutik nolakoa izan zen matxinada. [6]

Nafarroako erregea askatu eta gutxira, asaldura handia sortu zen Frantziako hainbat lekutan. [...]. Herrixketako jendea biltzen hasi zen, ehun baino gehiago ez zirela, eta esaten zuten Frantziako noble guztiak, zaldunak eta ezkutariak, erresumaren traidoreak zirela, eta onuragarria izango zela haiek akabatzea [...]. Gero, handik hurbil bizi zen zaldun baten etxerantz abiatu ziren, makila ferratuak eta aiztoak eskutan eramanez, beste armarik gabe. Bertan sartu ziren, zalduna, emaztea eta seme-alabak hil zituzten, txikiak eta handiak, eta etxeari su eman zioten [...] Gauza bera egin zuten beste gaztelu eta etxe honetan. Aztoratzaileak hainbeste hazi ziren, non sei milara iritsi baitziren. Beren kopurua igarotzen zen leku guztietatik hazten zen, beren izaerako jendea batzen baitzitzaien, eta zaldunek eta ezkutariek beren etxeak uzten zituzten [...]. Beauvaisis osoan eta Corbie, Amiens eta Montdidier inguruetan hirurogei etxe eta gaztelu baino gehiago erre eta bota zituzten [...]. Beauvaiseko, Corbesiseko, Vermandoiseko eta Valoiseko lurraldeetako gizon jatorrek beren etxeak suntsituta eta lagun erailak ikusi zituztenean, gaiztagin hauen eskutik, laguntza eskatu zieten Flandes, Henault, Brabante eta Hesbayeko lagunei. Asko etorri ziren berehala leku guztietatik. Atzerritar hauek herrialde hartako nobleekin elkartu ziren. Jende hura errukirik gabe hiltzen eta suntsitzen hasi ziren, eta zuhaitzetan, edozein lekuetan, jendetza ukatzen hasi zuten. Era berean, Nafarroako erregeak egun bakar batean hiru mila hil zituen Clermontetik gertu [...][oh 1]

Matxinatuenganako errepresioa gogorra izan zen. Nobleek euren jabetzak eta bizitza arriskuan ikusi zuten matxinada honen ondorioz, eta hauen erantzuna zigor bortitzak izan ziren. Hala, Karlos II.ak bakea negoziatzera gonbidatu zuen Guillaume Carle, baina gonbidapen hau iruzur bat besterik ez zen, eta Guillaume Carle atxilotu zuten. Ostean nekazarien liderra torturatu eta gero erail egin zuten. Jarraian nobleek ehundaka nekazari hil zituzten. Hurrengo bi hilabetetan exekuzioak, bortxak eta etxeen erreketak nagusitu ziren. Meaux herrian adibidez biztanle guztiak hil eta herriko etxe guztiak erre ziren. Abuztuaren 10ean Karlos dofinak esku-hartu zuen errepresioa amaierarazteko. Hala matxinatuak barkatu zituen bakea berrezarriz. Dena den, ezaguna da mendeku erasoak jarraitu zirela ematen nobleen eskutik, baina hauek askoz ere txikiagoak izanen ziren.[5]

Oharrak aldatu

  1. Itzupen propioa. J. Froissart, Chroniques, lib. I, part. II.

Erreferentziak aldatu

  1. a b Barbara Tuchman. A Distant Mirror. Alfred A. Knopf, NY (1978), 155 or..
  2. a b Bonnassie, Pierre. (1999). Vocabulario básico de la historia medieval. (1. ed. argitaraldia) Editorial Crítica ISBN 84-7423-987-7. PMC 53990033. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  3. a b c Mollat, Michel. (1976). Uñas azules, Jacques et Ciompi : las revoluciones populares en Europa en los siglos XIV y XV. (1. ed. argitaraldia) Siglo Veintiuno de España ISBN 84-323-0232-5. PMC 4160797. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  4. a b García de Cortázar, José Ángel. (2008). Manual de historia medieval. Alianza ISBN 978-84-206-4903-0. PMC 433952339. (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  5. a b Monsalvo Antón, José María.. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  6. García de Cortázar, José Ángel. (2014). Manual de historia medieval. ISBN 978-84-206-8875-6. PMC 992035514. (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).

Bibliografia aldatu

  • J. B. Bury, The Cambridge Medieval History: Decline of Empire and Papacy, Vol. VII. New York: Macmillan Company, 1932.
  • Samuel K. Cohn, Jr., Popular Protest in Late Medieval Europe. Manchester: Manchester University Press.
  • Jean Froissart. Chronicles. London: Penguin Books, 1978.

Kanpo estekak aldatu