Izan ala ez izan (Hamlet)

Izan ala ez izan William Shakespeare ingeles antzerkigilearen Hamlet antzezlaneko 3. ekitaldiko 1. eszenako 1. lerroan aipatzen den bakarrizketa da. Literatura unibertsaleko aipamen ezagunenetakoa da, eta ziurrenik antzerkigile honen idazlanetako ospetsuena ere bai.

«Izan ala ez izan» pasartearen testua, Bad Quarto (1603) deritzon argitalpena.
« Izan, ala ez izan: horra hor auzia;

ea nobleago zaigun fortuna gaitzaren
harri eta gezikadak pairatzea, ala
nahigabe-itsaso baten aurka altxaturik
aurre egin eta azkena ematea nahigabeoi?
Hiltzea, lo egitea, besterik ez; eta lo horrez
amaituko balitzaizkigu, bihotz-minarekin,
haragiari berez datxezkon mila ezbeharrak...
bai akabera irrikagarria horixe. Hiltzea, lo egitea;
lo, ausaz amets egitea: horra hor, bai, koska;
ezen, herio-lo horretan zer amets datozkeen
bizi-lor hau gainetik ken dezagunean,
atzeragarri baitugu noski. Gogoeta horrek du
hain luzaro bizirik iraunarazten miseria.
Ezen, nork lituzke jasango munduaren ukaldiak,
zapaltzailearen makurra, harroaren destaina,
maitasun gaitzetsiaren penak, legearen geldoa,
kargudunen burgoikeria, eta baliozkoak etsi-etsian
eskasarengandik jasotzen dituen purrustadak,
berak lezakeelarik bertan kito egin kontuaz
sastakai huts batez? Nork lituzke zamok eramango,
bizi astun baten nekepean kexu-izerditan,
ez balitz heriotzaren —beraren mugatik
bidaiaririk itzultzen ez den lurralde
ikertu gabe horren— ondorengo zerbaiten ikarak
gogoa aztoratzen digulako eta hobetzat joarazten
munduko gaitzak pairatzea, ezen ez oldartzea
ezagutzen ez ditugun beste batzuetara?
Hala gaitu kontzientziak koldar bilakatzen guztiok;
eta hala du deliberoaren jatorrizko kolorea
arras gaizkitzen pentsamenduaren zantzu zurbilak,
eta hainbat egiteko funts eta munta larrikok
horren kariaz du bere oldea bestetaratzen,
eta ekintza izena galtzen... Apal dezadan, baina, ahotsa:
horra Ofelia ederra. —Ninfa, heure otoitzetan
oroit ene hoben guztiez.

»
2002ko Juan Garziaren bertsioa.

Kanpo estekak aldatu