Ius osculi (euskaraz, musu emateko eskubidea) Erromatar zuzenbideko lege bat zen, zeinaren arabera emakume ezkonduek, egunero, senarrari ahoan musu eman behar zioten[1].

Testuingurua aldatu

K. a. VIII. mendea, Erroman, kondairaren arabera, Romulok, hiriaren fundatzaileetako batek berak, Ius Osculi (musu emateko eskubidea) izeneko legea jarri zuen indarrean, beste arau askorekin batera[1].

Helburua aldatu

Ez zen hura senar-emazteen arteko harremana derrigorrez estutzeko neurri bat, emakumeei nolabaiteko alkoholemia kontrola egiteko bidea baizik: gizonak hatsean antzemango zion emazteari ardoa edan zuen ala ez[1].

Lehen erromatarrentzat (gizonezkoentzat) alkoholaren kontsumoa eta adulterioa guztiz lotuta zeuden (edaten zutenak emakumeak zirenean soilik). Horregatik emakumeek debekatuta zeukaten alkohola kontsumitzea. Derrigorrezko musuen bidez kontrolatzen zuten hori eta, senarraren alkoholimetroa beti nahikoa ez zenez, Ius Osculi legeak jasotzen zuen haren senitartekoek ere emazteari musu eman behar ziotela, hasierako emaitza positiboa ala negatiboa berresteko[1].

Zigorrak aldatu

Emaitza positiboa zenean zigorra senarraren esku geratzen zen: jipoia, zapuztea edota heriotza. Valerio Maximok dio Egnazio Mezenio izeneko erromatar batek emaztea kolpeka hil zuela ardoa edateagatik. Eta idazleak esaldi honekin justifikatzean zuen zigorra: “Ardo egarriz dagoen emakume orok bertuteari ateak ixten dizkio, eta bizioei ireki”. Eta Plinio Zaharrak azaldu zuenez, alkohola edandako emakumeak maiz gela batean giltzaperatu eta hantxe gosez hiltzen uzten zituzten[1].

Denboraz, lege zurruna lasaitu zen pixkanaka eta erromatar emakumeei Bakoren plazerraz, ardoaz, gozatzeko baimena eman zieten[1].

Bibliografia aldatu

  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore. (2018ko maiatzaren 13a). «'Ius Osculi', emazteak edan ez dezan» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak aldatu