Islamiar Talde Armatua

Islamiar Talde Armatua, frantsesez Group Islamique Armé (GIA), Aljeriako islamiar talde armatu aktiboena da.

Islamiar Talde Armatua
Datuak
Motaerakunde armatua
HerrialdeaAljeria eta Frantzia
Historia
Sorrera1992
Desagerpena2004

1993ko udaberrian egin zituen lehen ekintzak. Taldearen helburu nagusia Aljeriako judu, kristau eta sinesgabe guztiak desagerraraztea da. GIAko kideak gerra santua egiten ari dira, eta egungo gobernua aginpidetik kentzea lortu arte ez dutela etsiko diote.

GIAri buruzko informazioa, baina, nahasia eta urria da, GIA ez baita talde aspaldi sortua, eta Aljeriako informazioa herrialde hartako egoera politiko nahasiak desitxuratua iristen baita atzerrira. Djamel Zitouni, Abu Aberrahman Amin deitua, hartzen da GIAko buruzagitzat.

1992-1997 bitartean, Aljerian, indarkeriazko ekintzetan, 60.000 pertsona inguru hil direla uste da: epaileak, kazetariak, intelektualak, segurtasun-guardiak, militante islamiarrak, atzerritarrak, eta milaka herritar. GIAren erasoen eta gobernuaren zapalkuntzaren ondorioz, batzuetan ez da erraza jakitea zein izan den ekintza jakin baten erantzulea.

GIA taldea 1992an sortu zen, Aljeriako gobernuak, militar laikoen gidaritzapean, FIS (Front Islamique du Salut) alderdi fundamentalistak irabazitako hauteskundeak baliogabetu eta FIS bera legez kanpoko erakundetzat izendatu ondoren. Gobernuak FISek GIA laguntzen duela dioen arren, FISeko buruzagiek (preso edo erbesteraturik) GIAren bortxakeria salatu dute, eta GIAk heriotza-mehatxua egin die herrialdearentzat irtenbide politikoa bilatzen ari diren FISeko kideei.

GIAren sortzailea "afganiar" talde bat izan zen. Hala deitzen diete Aljerian 1980ko hamarraldian sobietarren aurkako borrokan Afganistango islamiar fundamentalistei lagundu zietenei. 1992. urtean hildako gehienak segurtasun-guardiak eta militarrak izan ziren. 1993an, baina, indarkeria herritar arrunten aurka ere erabili zen, eta bai GIAk bai gobernuaren segurtasun-indarrek zibil asko bahitu eta hilarazi zituzten. Militarren diktadura bakartzeko eta petrolioaren ekoizpena geldiarazteko asmoz, 1993ko irailean GIAk atzerritar guztiak mehatxatu zituen, herrialdetik irteten ez baziren hil egingo zituela esanez. Abenduaren 14an indarretxe bateko hamalau langile bosniar eta kroaziar izan ziren GIAren erasoaren lehen biktimak. Geroztik beste ehun eta gehiago atzerritar hil zituen.

GIAren ustean Frantzia da Aljeriako erregimenaren zutabe eta euskarri nagusia. Horregatik, 1994ko abenduaren 24an, GIAko kideek Air France konpainiako hegazkin bat bahitu zuten, hura Paris gainean leherrarazteko asmoz. Hiru bidaiari hil zituzten, Marseillan parakaidistek zelata jarri eta bahitzaileak hil baino lehen. Hurrengo udan hamar lagun baino gehiago hil ziren GIAk Frantzian egindako ekintzetan; besteak beste, bonbak leherrarazi zituzten Parisko metroan. Aljerian, bien bitartean, bortxakeria eta indarkeria handituz zihoan, bai alde batetik bai bestetik. 1995eko azaroko lehendakaritzarako hauteskundeetan, GIA boto-emaileak hiltzen ahalegindu zen. Nolanahi ere, aljeriarrek karguan berretsi zuten lehendakaria. 1996an gobernuak armaz hornitu zituen herritarrak beren burua babesteko, baina horrekin herritarrak tartean sartzea besterik ez zuen lortu. 1997ko abuztutik urrira bitartean 1.500 zibil baino gehiago hil zituzten, Aljerko hegoaldeko herri eta hirietan gehienak. Gobernuak GIAri leporatu zion sarraskia, baina soldaduek ez zuten ezer egin hilkintza eragozteko.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu