Isats (kometa)

kometa baten zati ikusgaia eta sarritan bereizgarria

Kometa baten isatsa edo buztana kometa baten zati ikusgaietako bat da, koma bestea delarik. Eguzkiak argitzen duenean ikusten da kometa baten isatsa, barnealdeko eguzki-sistemara sartzen hastean eta bertan kokatzen den bitartean. Isatsa kometaren osatzen duten material lurrunkorrek sortzen dute, zeinak eguzki-erradiazioaren ondorioz lurrundu egiten diren eta nukleotik erauziak izaten diren, isats itxurako behin-behineko egitura bat sortuz. Material lurrunkor horiek hauts-gisakoak dira hein handi batean eta horiek eguzki-argia islatzen dute zuzenean, isatsa ikusgai bihurtuz. Alabaina, kometa gehienek ez dute nahikoa tamaina (eta material) begi-hutsez ikusi ahal izateko, teleskopio bat behar izaten da normalean; baina hamarkada bakoitzean zenbait aldiz kometa argitsu eta handiak igarotzen dira Lurretik gertu, begi-hutsez ikusgarriak.

Kometa baten isatsa erakusten duen animazioa. Ikusten den bezala, kometaren nukleotik partikula lurrunkorrak askatzen dira, isatsa osatuz eta horiek argia islatzen dute, ikusgarri bihurtuz.

Isatsaren eraketa aldatu

Kanpoaldeko eguzki-sisteman kometak izoztuak daude eta oso zaila edo ezinezkoa da Lurretik atzematea, haien tamaina txikiarengatik. Kuiper gerrikotik gertu Hubble espazio-teleskopioak zenbait kometen nukleo inaktiboak atzeman dituela aditzera eman da, teknika estatistikoak baliatuz,[1][2] baina aurkikuntza hauek zalantzan jarri dira eta oraindik ez dira era independentean egiaztatu.[3][4] Kometa barnealdeko eguzki-sistemara hurbiltzen den heinean, bere osagai diren material lurrunkorrak lurruntzen hasten dira, gasgabetze izeneko prozesuaren bidez, hala, nukleotik erauziak izatean dira eta aske egiten dute "hegan" kometatik urruntzen diren bitartean. Kometaren koma izeneko atmosfera erraldoi baino ahuletik askatuak izaten diren hauts edo gas partikulek osatzen dute isatsa. Horiek erauziak izatearen arrazoia eguzki-erradiazioaren presioak eta eguzki-haizeak duten eragina da. Isatsaren noranzkoa beti Eguzkira joatekoaren aurkakoa da.

Hauts eta gas korronte bakoitzak isats jakin bat sortzen du, eta horiek noranzko ezberdinetara zuzenduak egongo dira, nahiz eta denak ere antzekoak izan. Batzuetan kontraisats izeneko egitura bat sortzen da, zeina isats arrunt baten antzekoa den baina Eguzkira zuzendua dagoen. Bestalde, ioizko isatsak, gasez eginikoak, beti eguzki-haizearen eremu-lerroek adierazten duten norabidera zuzendua egongo da; haren osagaiak ioiak izanik eguzki-haizearen plasmaren eremu magnetikoaren eragin bortitza pairatzen duelako. Lurretik eginiko paralaxi-behaketetan noizbait gertatu izan da kometa baten bi isats aurkako noranzkoetara zuzenduak baleude bezala ikustea.[5]

Erreferentziak aldatu

  1. Cochran, Anita L.; Levison, Harold F.; Stern, S. Alan; Duncan, Martin J.. (1995-12). «The Discovery of Halley-sized Kuiper Belt Objects Using HST» The Astrophysical Journal 455: 342.  doi:10.1086/176581. ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  2. Cochran, Anita L.; Levison, Harold F.; Tamblyn, Peter; Stern, S. Alan; Duncan, Martin J.. (1998-08-10). «The Calibration of the HST Kuiper Belt Object Search: Setting the Record Straight» The Astrophysical Journal 503 (1): L89–L93.  doi:10.1086/311515. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  3. Brown, Michael E.; Kulkarni, Shrinivas R.; Liggett, Timothy J.. (1997-11-20). «An Analysis of the Statistics of the [ITALHubble Space Telescope[/ITAL] Kuiper Belt Object Search»] The Astrophysical Journal 490 (1): L119–L122.  doi:10.1086/311009. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  4. Jewitt, David; Luu, Jane; Chen, Jun. (1996-09). «The Mauna Kea-Cerro-Tololo (MKCT) Kuiper Belt and Centaur Survey» The Astronomical Journal 112: 1225.  doi:10.1086/118093. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  5. (Ingelesez) Perez, Author Jeremy. «Chasing an Anti-Tail» Astronomy Sketch of the Day - Drawings and sketches of an astronomical nature (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).

Kanpo estekak aldatu