Irena Stanisława Sendler edo Sendlerowa (Otwock, Varsovia, 1910eko otsailaren 15a - Varsovia, 2008ko maiatzaren 12a), ezizenez Varsoviako Ghettoko Aingerua, II. Mundu Gerran 2.500 bat haur judu salbatzen lagundu zuen erizaina izan zen. Azkenean eman ez bazioten ere, 2007ko Bakearen Nobel Sarirako hautagai izendatu zuten.

Irena Sendler

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakIrena Krzyżanowska
JaiotzaVarsovia1910eko otsailaren 15a
Herrialdea Polonia
HeriotzaVarsovia2008ko maiatzaren 12a (98 urte)
Hobiratze lekuaPowązki Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza
Familia
AitaStanisław Krzyżanowski
Hezkuntza
HeziketaVarsoviako Unibertsitatea
Hizkuntzakpoloniera
Jarduerak
Jarduerakclinical nurse specialist (en) Itzuli, Erresistentziaren kidea, gizarte-langilea, aktibista, ekintzaile soziala, administrator (en) Itzuli, hezitzailea eta gizaldeko ekintzailea
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaEliza latinoa
Alderdi politikoa Poloniako Langileen Alderdi Batua
Poloniako Alderdi Sozialista

IMDB: nm3882356 Find a Grave: 26800705 Edit the value on Wikidata

Holokaustoko haurren zaintzaile aldatu

« Zergatik lagundu nien haur haiei? Behar duenari lagundu egin behar zaio, erlijio edo naziotasunari erreparatu gabe. Horrelaxe hezi ninduten. »

1939an Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, Irena erizaina zen eta Varsovian egiten zuen lan, hiriko jangela komunitarioen arduradun zen Gizarte Ongizatearen Departamentuan. Bai judu eta baita katolikoak ere penatuta bizi ziren garai hartako Varsovian eta aipatutako erakundea arduratzen zen umezurtz, agure eta txiro andana luze hartaz, botika, arropa edo behar zutena eskuratzen lagunduz.

1942an, naziek ghettoa egin zuten Varsovian eta Irena erabat larrituta zegoen ikusten zuenarekin. Horrela batu zitzaion juduen laguntzan aritzen zen Zegota taldeari.

« Ni eta nire lagun Irena Schultzentzako nortasun agiriak lortu nituen osasun bulegoan eta, geroxeago, beste laguntzaile batzuentzako paseak ere eskuratu genituen. Alemaniarrek tifus edo bestelako izurriez kutsatzeko beldur ziren eta poloniarrei uzten ziguten hango ardura. »

Irenak Daviden izarra eraman ohi zuen besoan ghettoko kaleetan zihoanean. Elkartasuna adierazi nahi zien juduei eta, aldi berean, disimuluan pasatu nahi zuen. Familiei gerturatu zitzaien eta seme-alabak ghettotik ateratzen saiatuko zela adierazi zien, baina, hori bai, ezin zien arrakastaren bermerik eskaini. Hala ere, gero eta argiago zegoen, ghettoan haur haiek ez zutela inongo etorkizunik izango eta heriotza ziurra izango zela. Behin baino gehiagotan, Irena iristen zenean familiarengana, berandu zen eta haurrak trena hartua zuten, kontzentrazio-esparrura eramango zituen trena, alegia.

Urte eta erdian zehar, 1942ko udan ghettoa lekualdatu zuten arte, 2.500 bat ume salbatu zituela uste da. Batzuk anbulantzietan atera zituen, tifusak harrapatu zituela-eta. Haurrak ateratzeko aitzakia zen. Berehala ezkutatzen zituen, zaku, zabor, patata, hilobi... azpian.

Elzbieta Ficowska da salbatu zuten haur haietako bat. 5 hilabete besterik ez zituen. Sendlerren lagunetako batek lokartzeko botika eman zion eta zuloak zituen egurrezko kutxa batean sartu zuten. 1942ko uztailean, adreiluekin batera atera zuten kutxa hura ghettotik, zaldiz tiratutako gurdi batean. Elzbietaren amak zilarrezko kutxara ezkutatu zuen haurraren arropa artean eta hantxe zegoen bere ezizena grabatuta, Elzunia, eta jaiotza eguna ere bai: 1942ko urtarrilaren 5a. Sendlerren laguntzaile zen Stanislawa Bussoldowak alargunak hezi zuen Elzbieta eta honen ama poloniarra izan zen. Ama juduak, berriz, hilabetez aritu zen telefonoz deika Elzuniaren kontu txikik entzuteko. Azkenean, guraso juduak ghettoan hil ziren eta Elzbieta Ficowska gaztea zilarreko kutxararen neskatxa izan zen.

Irenak ez zuen benetako izenak eta nortasunak galtzerik nahi eta artxibategi bat eraiki zuen nortasunak eta historiak hantxe bilduz.

Naziek izan zuten Irenaren lanaren berri eta, 1943ko urriaren 20an, Gestapok atxilo hartu zuen eta Pawiak presondegira eraman torturatzeko. Han zegoen lastozko koltxoian Jesusen estanpa bat aurkitu zuen eta 1979ra arte berekin izan zuen. Urte horretan Joan Paulo II.a aita santuari oparitu zion.

Berak bakarrik zekizkien haurren izenak eta haiek jaso zituzten familien helbideak, baina ez zituen sekula esan. Heriotza-zigorra eman zioten eta soldadu alemaniar bati agindu zioten zigorra gauzatzeko. Uste guztien kontra, soldaduak askatu egin zuen eta alde egiteko esan, baina, hurrengo egunean, Irenaren izena exekutatutako poloniarren zerrendan aurkitzen zen. Zegota taldeak alemaniarrak sobornatu eta Irenaren heriotza-zigorra bertan behera geratzea lortu zuen. Horrelaxe eta nortasun berri batekin, jarraitu zuen Irenak bere lanarekin.

1943an Varsovia altxatu zen eta bi kristalezko potetan ezkutatu zituen zerrendak eta gero, bizilagunaren jardinean lurperatu. Gorde behar zirela uste zuen, baina bera hilko balitz, ez zuen zerrendak aurkitzerik nahi. Gerraren amaieran, Irena bera joan zen poteak ateratzera eta Adolfo Berman doktoreari eman zizkion, bizirik iraun zuten juduen salbamendu komitearen lehen lehendakariari, alegia. Tamalez, familia judu gehienak hil egin ziren nazien kontzentrazio-esparruetan eta, hasieran, adoptatu gabeko haurrak umezurztegietan egon behar izan zuten, pixkanaka, Palestinara bidaltzen joan zirelarik.

Komunisten erregimena aldatu

Michal Glowinski izan zen Sendlerrek 1943ko urtarrilean komentu batean ezkutatu zuenetako bat. Haren hitzetan, komunistek juduen historia isilarazi zuten. Gainera, Irena Alderdi Sozialistaren kide zen eta horrek arazoak ekarri zizkion komunistekin. Glowinskiren hitzetan, polizia sekretuak jazarri zuen Sendler eta bere seme Andrzej garaia baino lehen jaiotzera eragin zion, 2 aste geroago hil zelarik. Bere alaba Janinak ere arazoak izan zituen heziketa lortzeko.

Errekonozimenduak eta heriotza aldatu

Salbatu zituen haurrek ez zuten bere izena ezagutzen eta Jolanta esaten zioten, baina urte batzuk geroago, gerrako ekintzagatik saritu zutenean, Irenaren argazkia azaldu zen egunkarietan eta gizon batek deitu omen zion telefonoz:

« Zure aurpegia gogoan dut. Zuk atera ninduzun Ghettotik »

Horrelaxe hasi zen eten gabe deiak jasotzen.

1965ean, Jerusalemgo Yad Vashem erakundeak nazioarteko sari bat eman zion eta Israelgo ohorezko hiritar egin zuten.[1]

2003ko azaroan, Errepublikako presidentea zen Aleksander Kwasniewskik Polonian estimatuenetakoa den Arrano Zuriaren Ordeneko (Order Orła Białego) kondekorazioa eman zion Irenari. Hantxe izan zuen familia lagun eta Elzbieta Ficowska, zilarrezko kutxararen neskak ere ez zuen huts egin.

2007an, Poloniako Lech Kaczyńskiren gobernuak Bakearen Nobel Sarirako izendatu zuen eta Israelgo estuaren bultzada ere izan zuen. Azkenean ordea, ez zioten eman.

Varsovian hil zen 2008ko maiatzaren 12an.

Erreferentziak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Irena Sendler