Iparraldeko belarrihandi arre

Iparraldeko belarrihandia edo belarrihandi arrea (Plecotus auritus) vespertilionidae familiako saguzarra da, Europan bizi dena. Bere ezaugarri nagusia belarri handiak izatea da[1].

Iparraldeko belarrihandi arre
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaChiroptera
FamiliaVespertilionidae
GeneroaPlecotus
Espeziea Plecotus auritus
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Habitatbaso eta Sastrakadi
Zabalera0,254 m
Eguneko zikloagaueko

Belarrihandi arrea Plecotus generoko espezieen artean Europan banaketa zabalena duen saguzarra da. Gainerako generokideen antz handia du, baina kolore arre-horixka da espeziea bereizteko ezaugarri bisual nabarmenena. Baso-inguruneetan ehizatu ohi du eta zuhaitzak, kobazuloak zein giza eraikinak erabiltzen ditu gordeleku gisa.

Taxonomia aldatu

Iparraldeko belarrihandi arreak bost azpiespezie ditu:

  • Plecotus auritus auritus, Linnaeus, (1758).
  • Plecotus auritus begognae, de Paz, (1994).
  • Plecotus auritus homochrous, Hodgson, (1847).
  • Plecotus auritus sacrimontis, G. M. Allen, (1908).
  • Plecotus auritus uenoi, Imaizumi eta Yoshiyuki, (1969).

Deskribapena aldatu

Tamaina ertaineko saguzar-espeziea da, 4,5-5 cm-ko luzera eta 30 cm inguruko hego-zabalera duena. Gainerako belarrihandiek bezala, euren izen arruntaren erakusgarri, tamaina handiko belarriak dira espezie honen ezaugarri morfologikorik nabarmenena; ia 4 cm-ko luzera izatera iritsi daitezke. Kolore arre-marroiko bizkarraldea du, eta sabelaldea Euskal Herriko gainerako belarrihandiena baino horixkagoa da.

Ekokokapena aldatu

Intentsitate baxuko FM motako ekokokapen-pultsuak erabiltzen ditu 27 eta 54 kHz arteko frekuentziadunak. Intentsitate maximoa 45 kHz inguruan izaten dute, eta pultsuen batez besteko luzera 2,5 milisegundukoa da. Gai da ekokokapen-deiak erabili gabe ehizatzeko, harrapakinek sortutako zaratak eta ikusmena soilik erabiliz.

Banaketa aldatu

Azken hamarkadara arte Eurasia guztian banaturiko espeziea zela uste zen. Ikerketa molekularrek, ordea, espezie bakartzat jotzen zena hainbat espezie direla erakutsi dute[2][3], eta, egun, badakigu espezie honen banaketa Europara mugaturik dagoela. Ia kontinente guztian aurki daiteke. Hegoaldeko muga Iberiar Penintsularen, Italiaren eta Balkanetako Penintsularen erdialdean dago, eta, iparraldera, Eskandinavia erdialderaino hedaturik dago. Ekialdeko muga, berriz Ural mendietan eta Kaukasoko mendikatean du[4].

Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke espeziea, kostaldetik Pirinioetako mendietaraino[5].

Habitata aldatu

Baso-inguruneei loturiko espeziea da, eta hariztietan, pagadietan zein pinudietan aurki daiteke[6]. Ingurune oso itxietan ehizatzen duenez, hegaldi maniobrakor eta geldoa egiteko gaitasun handia du.

Elikadura aldatu

Europako belarrihandien artean dieta aberatsena duen espeziea da, hegaz ehizatzeaz gain, lurrean zein landarediaren gainean pausaturiko animaliak harrapatzeko gai baita gleaning izeneko teknika erabiliz[7]. Sitsez elikatzen da batez ere, baina armiarmak, euliak eta kakalardoak ere irensten ditu[8]

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Kumatze-koloniak txikiak izan ohi dira, 50 aletik beherakoak normalean. Gordeleku gisa arrakalak erabiltzea atsegin dute, eta kobazuloetan zein zuhaitzetako zuloetan topa daitezke. Kumatze-kolonia asko giza eraikinetan egon ohi dira, elizetan edo etxe zaharretako ganberatan[9][10], eta kasu horietan teilatuko egurren artean edo bestelako arrakalatan sartu ohi dira.

Bizimodua aldatu

Belarrihandi arrek banaka edo 2-3 aleko taldetan hibernatzen dute kobazulotan. Hotza toleratzeko gaitasun dezente handia duela erakusten dute 2000 m inguruan topaturiko kumatze-koloniek[11] eta bere banaketaren iparraldeko mugak.

Antzeko espezieak aldatu

Hegoaldeko belarrihandi grisa (Plecotus austriacus) aldatu

Antzekotasun morfologiko oso handia dute, baina ezaugarri bereizgarriena ilajearen kolorea da. Hegoaldeko belarrihandi grisa, izenak berak dioen bezala, grisaxkagoa da, eta sabelalde argia gu. Muturra eta belarriak ilunagoak dira P. austriacusen kasuan. Bi espezieak bereizteko ezaugarri onenak, dena den, ezaugarri biometrikoak dira.

Alpetar belarrihandia (Plecotus macrobullaris) aldatu

Belarrihandi grisarekin gertatu bezala, honen itxura P. auritusenaren oso antzekoa da. Alpetar belarrihandiaren sabelaldea ere zurixka da. Bestalde, beheko ezpainaren azpian triangelu-formako kuxina du belarrihandi alpetarrak, eta belarrihandi arrearen kuxina ahurra da, ertz zorrotzik gabea. Azkenik, P. macrobullaris Pirinioetako goi-mendietan bakarrik ezagutzen da Euskal Herrian Larra-Belagua inguruan.

Kontserbazioa aldatu

IUCN erakundearen arabera kontserbazio-egoera ona duen espeziea da. Euskal Autonomia Erkidegoan interes berezikoen kategorian katalogaturiko espeziea da.[12] Nafarroan, aldiz, ez dago katalogoan.

Erreferentziak aldatu

  1. Obrist, M.K., Boesch, R. eta Flückiger, P.F. (2004) 'Variability in echolocation call design of 26 Swiss bat species: Consequences, limits and options for automated field identification with a synergic pattern recognition approach.' Mammalia., 68 (4): 307-32. orr.
  2. Juste J, Ibañez C, Muñoz J, Trujillo D, Benda P, Karatas A, Ruedi M. (2004). «Mitochondrial phylogeography of the long-eared bats (Plecotus) in the Mediterranean Palaearctic and Atlantic Islands» Molecular Phylogenetics and Evolution 31 (3): 1114-1126..
  3. Spitzenberger F, Strelkov P, Winkler H, Haring E. (2006). «A preliminary revision of the genus Plecotus (Chiroptera, Vespertilionidae) based on genetic and morphological results» Zoologica Scripta 35 (3): 187-230..
  4. Dietz C, von Helversen O, Nill D. (2009). Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. Londres: A&C Black.
  5. Aiharza JR. (2001). Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Bilbo: EHU.
  6. de Paz O. (1984). «The distribution of the genus Plecotus (Chiroptera: Vespertilionidae) in the Iberian Peninsula and Balearic Isles» Mammalia 48 (4): 585-592..
  7. Entwistle AC, Racey PA, Speakman JR. (1996). «Habitat exploitation by a gleaning bat, Plecotus auritus» Phil. Trans. R. Soc. Lond. B (351): 92-1931..
  8. Razgour O, Clare EL, Zeale MRK, Hanmer J, Borholm Schnell I, Rasmussen M, Gilbert MTP, Jones G. (2011). «High-throughput sequencing offers insight into mechanisms of resource partitioning in cryptic bat species» Ecology and Evolution 1 (4): 556-570..
  9. Boyd IL, Stebbings RE. (1989). «Habitat exploitation by a gleaning bat, Plecotus auritus» J. App. Ecol. (26): 101-112..
  10. Entwistle AC, Racey PA, Speakman JR. (1997). «Roost selection by the brown long-eared bat Plecotus auritus» J. Appl. Ecol. (34): 399-408..
  11. Krapp F (ed). (2004). Handbuch der Saugetiere Europas. Aula Verlag.
  12. Eusko Jaurlaritza. (2013-7-5). Agindua, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda aldatzen da. .

Kanpo estekak aldatu