Imagologia da literatura konparatuko alorrean erabil daitekeen literatur lanak aztertzeko metodologia bat, besteak beste. Imagologiak herrialde baten irudia jasotzen du. Lotura estua izan dezake bidaia-literaturarekin. Izan ere, bidaiariak ibilbidean zeharkatzen duen herrialdearen hainbat alderdi jakingarri jasoko ditu, eta geroago idatzita utzi.

Daniel Henri Pageaux hispanista frantsesak doitutako metodologian iruditeria horrek hainbat osagai ditu: hitzak, ideologia eta eszenatokia. Garrantzitsuak dira bisitatutako herrialdean bolo-bolo dabiltzan hitz bereizgarriak, eta baita gutxiagotan erabiliak diren beste batzuk ere: eman dezagun simpático hitza Espainian, edo saudade Portugalen, edo seny Katalunian, edo jatorra Euskal Herrian... Ideologiari dagokionean aipatzen du Pageauxk bidaiariak herrialdearen bisitariak dituen betaurrekoak ikusten dituenak galbahetzeko eta bere ikuspegi propioa emateko. Eszenatokia da bidaia garatzen den ingurunea: historikoa, geografikoa, kulturala... Estereotipo kulturalak ere hor sartuko lirateke. Jakina da herrialde bakoitzean estereotipo bereziak daudela: ingeles flematikoa, frantses jendetasun handikoa, alemaniar sistematikoa, hitz gutxiko bizkaitar ekintzetan abila, etab.

Euskal Herrian aspaldi eginak dira horrelako saioak. Juan Martin Hiribarren lapurtarrak XIX. mendean liburu hau ondu zuen: Escaldunac. Iberia, Cantabria, Eskal-herriac; Eskal-herri bakhotcha eta hari darraicona (1855, Baiona). Bertan, euskaldunen gorazarre modukoa jasotzen da, eta herrialdearen hainbat alderdi zerrendatzen dira eta azaltzen: historia, herrialde historikoak, merkatuak, lanbideak, pertsonaia famatu batzuk, etab.

Nikolas Ormaetxea Pellejerok (Orexa, Gipuzkoa, 1888ko abenduaren 6aAñorga, Gipuzkoa, 1961eko abuztuaren 9a), Orixe ezizenaz ezagunagoa, Euskaldunak (1950) izeneko freskoa paratu zuen bertsotan. Euskal mundu tradizionala deskribatu zuen, gure herrialdeko hainbat alderdi zerrendatu eta garatuta.

Aurreko biak apaizak baziren, Jean Etxepare Bidegorri (1877-1935) laikoa zen. Beribilez haren 1931ko liburua autoz egindako bidaia alai baten kontakizuna da. Bertan agertzen da idazlearen jarrera humanista, aurrerazalea, euskaltzalea eta ilustratua bideko zerak iruzkinduz ikuspegi orginal batetik, prosa ederrean emana[1]. Berebilezen ikusten da idazleak egiten duen ahalegina eta autozentsura, testu onargarriak sortzeko gizarte haren aurrean bere ideiei uko egin gabe.

Aipagarriak dira hainbat pasarte liburu honetan. Aipagarria da duen asmo diplomatikoa mugaren alde bietako euskaldunak elkarri hurbiltzeko kontakizun legendario komun baten abaroan (Orreagako gudua), eta Historia hurbila ere aipatuz “zauriak berritu” gabe (Napoleonen inbasioa). Aipagarria da Loiolako Santutegiko bisitaren kontakizuna, non hizkuntzaren efektu sotilen bidez adierazten duen bere ikuspuntu kritikoa luxu barrokoari buruzkoan, hautsik harrotu gabe. Aipagarria da Zarauzko etxeen deskribapen enpatikoa, belaunaldiz belaunaldi irauteko asmoz egindako etxe sendo-ederrak. Aipagarria da Donostiako giroa nola kritikatzen duen, eta gizarte hartako arinkeria, arazo latzei itzuri egiteko ihesbidea: Belle Époque eta gero etorri behar zuen Bigarren Mundu Gerrako hondamendiaren zantzu iragarlea. Hazkunde ekonomiko eta sozial etengabearen baitako sinesmena putzura eroria zen Lehen Mundu Gerrarekin…

Aipagarriak dira, era berean, herri-bizimoduaren laginak, estanpa modukoak: euskal bazkaria, Iruneko jaiak, euskararen soziolinguistika…

Aipagarriak dira ere, jakintzaren ikuspuntutik egiten dituen ekarpenak, hala zientifikoak nola humanistikoak. Zientzien aldetik, jaso egiten du: munduaren sorrera “ziliporta” (txipristin) batetik, ikastun askoren gogoan oraindik Kreazioaren baitako sinesmena zegoenean; petrikiloren eta sasi-medikuntzaren estanpa umoretsua ematen du; itsasoak labarrak nola higatzen dituen deskribatzen du, ikuspegi positibistaz; landa-garapena (forestalismoa, sagardogintza, ur termalak)… Ikuspuntu humanistikotik jasotzen ditu: euskaldunek modernizazio industrialarekin dituzten kezkak eta erronkak; Greziako espiritu neurritsua beretzen du, bere biografiako aldarte suharrago batzuen aldean, non fedea galdu zuen, besteak beste: azken puntu honi dagokionez, hala ere, ez dakigu xuxen noraino hartu zuen asmoa bere benetako iritziak estaltzekoa, zer gerta ere bere idazle-bokazioarekin.

Imagologiaren helburuetako bat da herrialdeen arteko elkar ulertzea eta harremanak sendotzea, itun-kutxa moduko bat. Euskal Herrian horretan dabil Etxepare Institutua, mundu mailako trukeak sustatzeko ahaleginean euskal kulturari bideak irekita.

Azken aldi honetan imagologiaren ildoko lanak argitaratu dituzte ikertzaile hauek: Garbiñe Iztueta, Frederik Verbeke, etab.

Erreferentziak aldatu

  1. Ortiz de Pinedo, Aitor. (2018). «Jean Etxepareren Beribilez (1931): bidaia eta ideologia» addi (Euskal Herriko Unibertsitatea) (addi (EHU/UPV-UBM III)) (Noiz kontsultatua: 2022-08-16).

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu