Artikulu hau igaraba arruntari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Igaraba».

Igaraba edo urtxakurra (Lutra lutra L.) mustelidoen familiako ugaztuna da. Hainbat igaraba mota daude Europan zein Asian. Mustelidoen artean, handienetakoa eta deigarrienetakoa da. Haren berezitasuna ingurunera oso moldatua egotean datza eta, moldaera hori dela medio, urarekiko eta horren baldintza jakin batzuekiko erabat menpeko da. Azken urteetan, Euskal Herrian nahiz beste leku askotan, izugarri eraldatu zaio habitata, giza jarduerak direla kausa (ibaien kanalizazioa, ur-obrak, erriberako landarediaren suntsipena…). Horregatik, eta haren larruaren balio altuagatik jasandako jazarpenaren ondorioz, leku askotan galdu da eta beste askotan erabat murriztuta geratu da.

Igaraba arrunt
Iraute egoera

Ia galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaMustelidae
GeneroaLutra
Espeziea Lutra lutra
Linnaeus, 1758.
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia67,5 egun
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakLutra lutra faeces (en) Itzuli
HabitatUr geza, Itsasertz, ibai, bokale, Marearteko zona, Ibarbaso eta hezegune
Masa110 g (pisua jaiotzean)
Kumaldiaren tamaina2,5
Eguneko zikloaeguneko eta cathemeral (en) Itzuli
Genomaren kokapenadnazoo.org…

Ezaugarriak aldatu

 

Gorputz luzanga du, eta gorputz-adarrak proportzioan motzak eta sendoak. Burua zabala eta zapala du, lepoa ez du bereizia, eta muturra biribildua eta ukimenarekiko sentikorrak diren bibrisa ugariz hornitua (muturrean, ahoan eta barailan); horiek begietan eta besaurreetan ere ageri dira. Belarri oso txikiak ditu, ile azpian ia ezkutatuak. Buztana zabala eta zapaldua da oinarrian, eta zorrotz samarra muturrean. Oinazpi biluziak ditu. Bost hatzak mintz interdigitalez elkartuak ditu aurreko eta atzeko oinetan[1].

Ilea oso motza, konpaktua, kolore lustreduna du, ilaun trinko eta motza ezkutatuz. Kolorea arrea edo kanela kolorekoa du; azpialdean, grisa, eta papar aldean, argiagoa, ia zuria. Kumeen ilajea helduena baino ilunagoa da[1].

Muturretik buztanaren puntaraino, arra 99,4-124 cm luze da eta emea, 94,9-116 cm luze. Pisua, berriz, 6,1-9,4 kg ditu arrak, eta 4,4-6,1 kg emeak[1].

Banaketa aldatu

Banaketa Paleartikoa duen espeziea da, Afrika iparraldea eta eskualde Indo-Malaysiarraren zati bat barne. XX. mende erdira arte Iberiar penintsula osoan zegoen, baina 1950etik aurrera egundoko beherakada izan zuen, bereziki inguru populatuenetan[2].

1980ko hamarkadaren amaieran, populazioaren gorakada nabaritzen hasi zen, gaur egun arte mantendua, hiri handietatik pasatzen diren ibai askotan igarabak aurkitzeak frogatzen duenez, bai Espainian, bai Euskal Herrian. Edonola ere, ugariagoa da Iberiar penintsulako mendebaldean (habitata jarraituagoa baitu) ekialdean baino, eta, oro har, hiriak eta gizakiak asko populaturiko inguruak baztertzen ditu[3].

Igabara arrunta Euskal Herrian aldatu

Igabara arrunta egon badago Euskal Herrian, nahiz eta azken hamarkadetan kopurua txikia izan eta oso murriztua, bereziki 1970eko hamarkadatik aurrera. Populaziorik handienak Nafarroa Garaian daude. Oso datu gutxi dago Euskal Herriko populazioez, baina jakin badakigu oso txikiak direla. Bizkaian ez dago alerik[4]; Araban, Bayas eta Zadorra ibaietan aurki daiteke; Nafarroan, Aragoi eta Ega ibaietan[5]; eta Gipuzkoan, berriz, Bidasoa ibaian soilik[6].

Habitata aldatu

 
Arrastoa ibai ertzean

Igaraba ekosistema urtarretako espeziea da eta kostatik goi-mendietaraino banatzen da. Habitat naturalen artean, ibaiak, arroak, aintzirak, padurak eta ura dagoen ia edozein leku erabiltzen ditu. Horren ondorioz, urtegietan ere ageri da, baita ubideetan, putzuetan, golf-zelaietako lakuetan eta beste ingurune artifizial askotan ere. Urtegiak eta ibai eta arroak konbinatzen ditu, lehenengoan janaria eskuratzeko eta besteetan, ezkutalekua. Haren habitat-hautaketari buruzko ikerketek diotenez, faktore garrantzitsuenak elikagaien eskuragarritasuna (horretarako uraren presentzia) eta ezkutalekuen presentzia dira. Landarediaren presentzia ez da beharrezkoa ezkutaleku askoko inguruetan edo harrapakinen presentzia mugatzen ez duenean; bestalde, ezkutaleku gutxiko inguruneetan landaredi-estaldura sarria izatea oso garrantzitsua da harentzat. Inguru itsastarretan, berriz, beharrezkoa izango da ibai edo arroren baten bokalea egotea, gesala gorputzetik kentzeko (Ruiz-Olmo, 2007).

Igaraba inoiz goi-mendietan bizi da, baina arraroa da 1500-1800 m-tik gora bizitzen eta 800-1000 m-tik gora ugaltzen aurkitzea. Kumeak beren kabuz ibiltzeko gai direnean eta gorago elikagaiak eskuragarriago badira egingo dute ugaltzeko mugatik gora. Altitude handietan, igarabaren presentzia azaltzen duten faktoreak ondorengoak dira: elikagai ugari egotea, uretara sartzea eragozten duen izotzik ez egotea eta oztopo handiak ez egotea (ur-jauziak, presak arroiletan...) (Ruiz-Olmo, 2007). Igarabak gehiago agertzen dira altitude horietan anfibioak ugaltzen diren garaian[7].

Elikadura aldatu

Igaraba bereziki arrainjalea da, baina inguru mediterraneoan karramarro, anfibio eta narrasti kopuru esanguratsua jan ohi du; batzuetan, aurrekorik ez badu, intsektuak, hegaztiak edo ugaztunak ere jan ditzake[8].

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Igaraba urteko edozein momentutan ugal daiteke, eta zikloa bere harrapakinak ugari diren garaietara egokitzen du. Kumaldia galduz gero berriz ugaltzen saiatzen da. Ernaldiak bi hilabete iraun ohi du eta 1-5 kume izan ditzake kumaldiko, baina normalean 1-2 izaten dira. Habitataren kalitateak paper garrantzitsua jokatzen du kumeen biziraupenean: baldintza normaletan oso altua da, dispertsio adina arte (Ruiz-Olmo, 2007).

Ernaldiak bi hilabete irauten du, gero bizpahiru hilabete egoten dira ezkutalekuan eta beste 8 - 12 hilabete amarekin, hau da, dispertsioan hasten diren momentua arte. Gehienez, 12-14 urtera heltzen dira (Ruiz-Olmo, 2007).

Bizimodua aldatu

Igaraba arrunta garbiketa egiten

Normalean, ilunabarrekoa edo gautarra bada ere, zenbait lekutan jarduera nahiko egunekoa izaten du. Arrak nahiko lurraldekoiak dira eta eme bat edo gehiagoko lurrak zaintzen dituzte; kilometro ugari ibiltzen dira ibaian zehar (Jiménez, 2005). Dispertsio-adinaren atariko kumeak dituzten emeek janari eta ezkutaleku ugariko inguru lasaiak bilatzen dituzte eta asko murrizten dira bizi-eremuak kasu horietan[9].

Araldian eta emeak kumeak dituztenean izan ezik, espezie bakartia da. Ezkutaleku asko erabili ohi dituzte (haitzak, landaredia, sasiak, zuhaitzen sustrai eta zurtoinak...), askotan egunean bat, kumatzen ari direnean salbu[8].

Lurraldea gorotzen bidez markatzen dute, baina lurraldea bainoago, darabiltzaten errekurtsoak markatzen dituztela proposatzen dute batzuek (Kruuk, 1995).

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Beste espezieekiko lehia oso urria da eta badirudi amerikar bisoia (Mustela vison) galtzen ateratzen dela igarabarekin topatzean. Harrapari nagusiak zakurra eta hontz handia (Bubo bubo) ditu, bereziki lehenengoa, baina arrano handiek eta otsoak (Canis lupus) ere ehizatzen dute tarteka (bereziki kumeak) (Ruiz-Olmo, 2007).

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Ruiz-Olmo, 2007
  2. Blas Aritio, 1970
  3. Ruiz-Olmo eta Delibes, 1998
  4. Hernando et al, 2004
  5. Elosegi, 1999
  6. Estonba, 1993
  7. Lizana eta Perez-Mellado, 1990
  8. a b Jiménez, 2005
  9. Ruiz-Olmo et al, 2005

Kanpoko loturak aldatu