Idalion[1] (antzinako grezieraz: Ιδάλιον) Zipreko antzinako hiria izan zen, egungo Dali herritik hurbil zegoena[2]. Kobre merkataritzari esker aberastu eta Zipreko hiri-estatuetako bat izatera iritsi zen.

Idalion
Idaliongo taula
Datuak
Estatu burujabe Zipre
Zipreren banaketa administratiboaNikosiako barrutia
Koordenatuak35°01′N 33°25′E / 35.02°N 33.42°E / 35.02; 33.42
Map
Historia
GaraiaK.a. III. milurtekoa
KulturaZipretarrak
Altitudea294 m

Zipreko antzinako hiri-estatuen mapa

Historia aldatu

Sorrera aldatu

Eteozipretarrek K.a. III. milurtekoan sortu zuten asentamentua Gialias ibaiaren iparraldeko ertzean[3]. Troiako Gerraren ondoren, Kalkanor erregeak (K.a. 1194-K.a. 1184) ibaiaren hegoaldeko ertzera zabaldu zuen eta Ed-di-al izena eman zion, grezierazko izen honek euskaraz “eguzkia ikusten dut” esan nahi du.

Urrezko aroa aldatu

K.a. VIII. mendearen inguruan neo-asiriarren esku zegoen Zipre eta Troodos mendietako kobre merkataritzaren sustatzeko hiri handi bat eratzea erabaki zuten. Toki estrategikoan kokaturik zegoen, Gialias haran emankorrean, Troodos mendietako meategien eta Zipreko itsas-portuen erdibidean. Uharte hiri garrantzitsuenetako bat bihurtu zen; K.a. 707. urteko Sargonen hilarrian idatzirik dago Ed-di-al[3] eta Asarhaddon asiriar erregeak (K.a. 680-K.a. 669) zerrendatutako Zipreko hamar hiri-estatuetako bat izan zen[4]. Zipreko jainkosa handia gurtzen zen, Wanasa izenekoa (Zeruko erregina), gerora Afrodita izenarekin ezagutuko zena[5].

Idalionek bi akropolis zituen eta tarteko lautadan zabaltzen zen hiria. Mendebaldeko akropolisa Ampileri muinoan kokaturik zegoen eta bertan eraiki zen jauregi gotortua K.a. 750-600 inguruan[6]. Kitiondarrek erasotu eta suntsitu ondoren K.a. 600-450 artean. Atenaren tenploa ere bertan zegoen. Ekialdeko akropolisa Moutti tou Arvili muinoan zegoen eta eremu sakratua zen, Afrodita, Apolo eta beste hainbat jainkoren tenpluak zituena. Azpiko hiria ere gotortua zegoen, K.a. V. mendean gutxienez bai. Zipretarrez gaindiko aurreneko aztarnak K.a. 550. urteko idazki feniziarrak dira. Idalion hiriaren iparraldean Kafizingo ninfeoa aurkitu zuten, Ka.a. 225-218 urteko zipretar alfabetoko idazkiak dituena[7].

K.a. 535. urtean txanpona ekoizten hasi ziren, hiriaren aberastasun eta garrantziaren erakusle[5]. Aurreneko erregeak greziar kulturakoak zirela ikusten da hala txanponetan nola Idaliongo taulan. Taulak erakusten duenez Stakyspros erregeak sistema demokratikoa erabiltzen zuen, legeetan ikasiak ziren hiritarren kontseilu batek hartzen baitziteuk gobernu erabakiak. Pertsiarren eta Kitiondarren setio garaietan osasun sistema publiko bat ere bazela agertzen da taulan.

Kitionen menpe aldatu

K.a. 450. urtean Kitiondarrek konkistatu zuten Idalion. Kition hiri feniziarra zen eta Zipreko hiri indartsuenetako bat zen garai hartan[7]. Hauen agintepean Resheph-Apolo greziar-feniziar jainkoaren gurtza ere zabaldu zen[8].

K.a. 3000. urtearen inguruan mendebaldeko akropolisa bertan behera gelditu zen eta hiria ekialdeko muinoaren alboan zentratu zen, Afrodita eta Adonies tenpluen inguruan. Erromatarren garaian hirian jarraitu zuen, baina ez da ezagutzen haren hedadura. Propertzio poeta latindarrak (K.a. I. mendea) "Erromero usaineko Idalion" aipatzen du, Afroditak eta Adonisek elkar ezagutu zuten tokia zela esanez[9].

Arkeologia aldatu

Indusketak aldatu

 
Suediar-Zipretar espedizioko kideak (1927-1931)

Mendeetan zehar eraikitzeko erabili izan ez den eremua izanik indusketa arkeologikoetarako toki aproposa da. Alboan dagoen Daliko herritarrek bildutako keramika eta kareharriko estatuatxo ugari eskuratu zituen XIX. mendean Estatu Batuetako kontsula zen Luigi Palma di Cesnolak. 3.000 hilobi hustu zituen eta hiru itsasontzi bete zituen New York hiriko Metropolitan Museum of Art museora eramateko[10].

1868an R. Hamilton Lang britainiar kontsulak Londresko British Museumen Apoloren tenploa izeneko aire libreko santuarioa sortu zuen eta kareharrizko 142 estatuatxo eraman zituen hara[11].

1927tik aurrera Suediar-Zipretar espedizioak abiatu ziren Zipren eta mendebaldeko muinoko jauregiaren harresiak azaleratu zituzten. Sei erakuntza-fase identifikatu zituzten eta akropolisaren aztarna zaharrenak K.a. 1200 urte ingurukoak zirela ondorioztatu zuten[12].

Idaliongo taula aldatu

Atenko tenpluan aurkitu zuen Daliko nekazari batek 1850. urtearen inguruan[13]. K.a. V. mendeko brontzezko taula bat, alde bietatik idazkiak dituena. Zipretar alfabetoa erabiltzen den arren grezieraz idatzita dago. Erregearen eta hiriaren arteko kontratu bat ageri da bertan eta hiriko familia aberatsei ordaindutako saria agertzen da pertsiarren eta kitiondarren setioan (K.a. 478-470) izandako zaurituei emandako osasun zerbitzuak eskertzeko[14]. Gaur egun parisen aurkitzen da, Frantziako Liburutegi Nazionaleko Cabinet des Médailles ("Dominen gela") mintegian.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. (2006-1-27). Antzinateko hirien euskarazko izenak. .
  2. «Dali – Idalium: a polis and a museum | Cyprus For Travellers» cyprusfortravellers.net (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  3. a b «History Atlas» www.historyatlas.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  4. (Ingelesez) Radner, Karen. 2010 The stele of Sargon II of Assyria at Kition: A focus for an emerging Cypriot identity? In R. Rollinger et al. (ed.), Interkulturalität in der Alten Welt: Vorderasien, Hellas, Ägypten und die vielfältigen Ebenen des Kontakts. Philippika 34 (Wiesbaden 2010) 429-449.. (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  5. a b «Dali – Idalium: a polis and a museum | Cyprus For Travellers» cyprustravellers.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  6. «Department of Antiquities - Excavations» www.mcw.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  7. a b Mitford, Terence. (1980). The Nymphaeum of Kafizin: the inscribed pottery. Walter de Gruyter ISBN 9783110066630..
  8. (Ingelesez) «Idalium | Location, Description, & Facts» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  9. (Ingelesez) Propertius, Sextus. The Elegies of Propertius. Georg Olms Verlag ISBN 978-3-487-40075-4. (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  10. (Ingelesez) Lightfoot, Christopher S.. (2017-12-22). The Cesnola Collection of Cypriot Art: Ancient Glass. Metropolitan Museum of Art ISBN 978-1-58839-657-0. (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  11. (Ingelesez) Museum, British. (1894). A Guide to the Exhibition Galleries of the British Museum (Bloomsbury) with Maps and Plans. The Trustees (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  12. «Idalion – abode for the goddess of love and war» ARKEOLOGI, KONST OCH KULTUR (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  13. (Ingelesez) Assembly, New York (State) Legislature. (1876). Documents of the Assembly of the State of New York. (Noiz kontsultatua: 2020-12-05).
  14. Chadwick, John. (1987). Linear B and Related Scripts. Reading the Past.. London and Berkeley: British Museum and University of California Press, 55 or. ISBN 0-520-06019-9..

Kanpo estekak aldatu