Hematopoiesia edo hemopoiesia odoleko elementu formeen (eritrozito, leukozito eta plaketa) eraketa prozesua da. Prozesu hau desberdintzatu gabeko zelula ama hematopoietiko pluripotentzialetik abiatzen da.

Odoleko elementu formeen bizi zikloa erlatiboki laburra da, egun batzuetatik aste batzuetarainokoa. Horregatik, bizitza osoan zehar ordezkatuak dira galerak berriztatzeko. Egunero eratzen diren elementu formeen kopurua izugarria da. Gizaki helduetan hezur muina da elementu hauen eraketa tokia.

Linfozitoen kasuan, organo linfoideetan eratzen dira eta prozesua linfopoiesi izenarekin ezagutzen da.

Kokapena aldatu

Jaio aurretik hematopoiesia leku desberdinetan gertatzen da:

  • Lehenengo fasean, enbrioiak bi aste dituenean, mesenkiman burutzen da. Lehenengo odol hodi eta zelulen formazioa da.
  • Bigarren fasean, enbrioiak sei aste dituenean, gibelean eta barean ematen da.
  • Azkenik, lau hilabete dituenean, lehendabiziko hezurrak eratzen hasten dira eta hauetan hezur muina egongo da, hematopoiesiaren gertalekua.

Jaio ondoren, hezur muinean soilik eratuko dira odoleko elementu formeak. Hala ere, larrialdi egoera batean gibelak eta bareak hematopoiesi ahalmena berreskura dezakete.

Hezur muina oso ugaria da jaioberrietan, denborarekin ordea odoleko zelula aitzindarien kopurua murriztuz doa eta toki askotan ehun adipotsuz ordezkatzen da. Dena den, humero eta femur hezurren mutur, saihets, esternoi, pelbi eta ornoetan hezur muina mantendu egiten da.

Desberdintzapena aldatu

Odoleko elementu formeen jatorria monofiletikoa da, hau da, zelula bakar batetik garatzen dira guztiak, hezur muinean dagoen zelula ama hematopoietiko pluripotentzialetik hain zuzen ere. Zelula hau edozein zelulatan desberdintzatzeko gai den zelula da, mitosiz zatitu eta bizi osoan mantenduko dena.

 
Zelula ama hematopoietiko pluripotentzialaren desberdintzapenez lortutako odol zelulen eskema.

Zelula ama pluripotentzialak hezur muinaren zelula guztien proportzio oso txiki bat osatzen dute. Egoera normalean %5-10 zatikatzen dira eta besteak atsedenaldian daude. Aktibatu ondoren, zelula batzuk zelula ama hematopoietiko gisa mantenduko dira (zelula ama proportzioa mantenduz) eta beste batzuk zelula aitzindarietan desberdintzatuko dira. Zehazki bi motako zelulak emango dituzte: zelula ama linfoidea (linfopoiesia) eta zelula ama mieloidea (mielopoiesia).

Zelula ama linfoideak linfozitok (B eta T linfozitoak) eta NK zelulak garatuko ditu eta mieloideak, beste guztiak (eritrozito, basofilo, neutrofilo, eosinofilo, makrofago eta tronbozioak).

Erregulazioa aldatu

Hezur muinean hematopoiesia errazten duen mikroingurune berezia dago. Hezur muineko estroma da eta zelula erretikular, makrofago, adipozito, matrize estrazelular eta kapilarretako zelula endotelialez osatuta dago. Hau beharrezkoa da zelula hematopoietikoen hazkuntza eta desberdintzapenerako.

Zitokina hematopoiesiaren fase desberdinetan erabiltzen den hazkuntza faktorea da. Faktore hauetako batzuk estromako zelulek jariatzen dituzte. Uste denez, oreka egoera edo egoera normaletan, estromak jariatutako faktoreen menpe dago. Hematopoiesiaren estimulazio bortitzak (esaterako infekzio bat dagoenean) bestalde, T linfozito laguntzaile edo makrofago aktibatuek jariatutako zitokinen menpe dago.

Kanpo estekak aldatu