Helicobacter pylori Helicobacter generoaren bakterio ezagunena da, giza patogenoa delako. Bakterio honek urdaileko zein duodenoko ultzerak (ultzera peptikoak) eta gastritis kronikoa, batik bat, eragiten ditu. Hala ere, bakterio honen eramaile osasuntsu asko ere badaude, gaixotasun gastrikoen arrastorik ez dutenak.

Helicobacter pylori
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaPseudomonadota
KlaseaEpsilonproteobacteria
OrdenaCampylobacterales
FamiliaHelicobacteracae (en) Helicobacteraceae
GeneroaHelicobacter
Espeziea Helicobacter pylori
Goodwin, 1989
Datu orokorrak
GaixotasunaHelicobacter pylori infectious disease (en) Itzuli
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Frogatu da, halaber, Helicobacter pyloriak eragindako gastritis kronikoak urteen poderioz urdaileko minbizia bihur daitezkeela.

Mikrobio hau gai da urdaileko mukosetan bizitzeko, bertako azidotasun gogorrari (pH=2) aurre eginez. Bakterioak ureasa izeneko entzima ekoizten du, urea deskonposatzen duena, amoniako sortuz eta inguruko pH azidoa alkalino bihurtuz. Bakterioa, beraz, mikroingurugiro alkalino batean bizi da, urdaileko pH azidotik babestuta.

Berezitasun horretan oinarritzen da, hain zuzen ere, ultzera peptikoa duten gaixoengan bakterioa antzemateko teknika: arnasaren testa. Helicobacter pylori-ak urea molekula karbono dioxido (CO2) eta amoniako bihurtzen duenez, gaixoak urea markatuta hartu ondoren botatako arnasan CO2 markatuta neurtzen da, ureasa egotearen adierazlea dena.

Gaur egun gastritis kronikoa eta ultzera peptikoaren tratamenduan Helicobacter pyloria desagertarazteko antibiotikoak erabiltzen dira, urdaileko mukosaren babeslearekin batera. Hiru antibiotiko batera hartzen dira, amoxizilina, tetraziklina eta metronidazola erabilienak izanik.

XX. mendeko 80ko hamarkadan Robin Warren eta Barry Marshall patalogoek garbi frogatu zuten Helicobacter pyloria ultzera peptiko gehienen eragilea zela, eta gaitz hori estresa edo elikadura ohituren ondorioa ez zela, ordura arte uste zen bezala. Ikerketa horiek 2005eko Medikuntzako Nobel Saria ekarri zieten aipatutako bi zientzilariei

Kanpo estekak aldatu