Haemophilus influenzae

Haemophilus influenzae, lehen Pfeifferren baziloa[1] deitua, Haemophilus generoko bakterioa da. Lehendabizikoz 1892an Richard Pfeifferrek deskribatua, hasieran gripe pandemikoaren iturburua zela pentsatu zuten.[2] Gero, 1933an, gripearen eragilea birus bat zela topatu zuten ikerlariek. Hala ere, Haemophilus influenzae beste gaitz batzuen atzean dago: meningitis, epiglotitis, pneumonia, otitis eta sinusitis, besteak beste, eragin ditzake.

Haemophilus influenzae
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaPseudomonadota
KlaseaGammaproteobacteria
OrdenaPasteurellales
FamiliaPasteurellaceae
GeneroaHaemophilus
Espeziea Haemophilus influenzae
Lehmann & Neumann 1896)
Winslow et al. 1917
Datu orokorrak
GaixotasunaEpiglotitisa
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Bakterio honen genoma osoa 1995ean sekuentziatu zuten. 1740 genek osatzen dute genoma hori.[3]

Ezaugarriak aldatu

Haemophilus influenzae bazilo Gram negatiboa da, oso pleomorfikoa (itxuraz aldatzen du). Anaerobio fakultatiboa, ez da mugikorra. Oxidasa (+). Andui batzuek (birulentzia handienetakoak) kapsula dute, baina beste batzuek ez.

Haemophilus influenzae da transformazio genetikoa egin dezakeen bakterio urrietako bat [4]

Haemophilus generoko bakterio guztien antzera, H. influenzae odola behar du egoki hazteko (hortik datorkio izena). Izan ere, beste bakterioen aldean hemofiloek ezin dute hainbat molekula sintetizatu: heminak eta porfirinak, besteak beste, bakterioen zitokromoek behar dituztenak. Molekula hauek odolaren globulu gorrietan ugariak direnez, Haemophilus laborategian hazteko hazkuntza-inguruari odola gehitzen zaio beti (odol-agarra eta txokolate-agarra izanik mikrobio hauekin gehien erabiltzen diren hazkuntza-inguruak).

Patogenia aldatu

Haemophilus influenzae ohiko bakterioa da giza organismoan: gizabanako askok daramate bakterioa, saprofito moduan, inongo gaitzik jasan gabe (batez ere ahoan eta nasofaringean).

Gizakia da bakterio honen gordeleku bakarra [5].

Aipatu den bezala, bakterio honen andui batzuek zelula hormaren gaineko kapsula dute. Kapsula honek mikrobioaren birulentzia areagotzen du, makrofagoen eta beste zelulen fagozitosia ekiditen duelako. Andui kapsuladunek gaitz larriak eragiten dituzte: haurren meningitisa, esaterako, eta baita pneumonia eta epiglotitisa ere. Kapsularik gabeko anduiek birulentzia gutxiago dute, eta hain larriak ez diren gaitzak sortzen dituzte (otitisa, sinusitisa...).

1990. urtean mota honetako meningitisaren aurkako txertoa lortu zen, H. influenzaek haurrengan sortzen duen infekzioaren ondorio larriak prebenitzen dituena. Hego Euskal Herrian txerto hori umeen txertaketa-egutegian ezarrita dago.

Haemophilus influenzaek erresistentzia garatu du penizilinarekiko, dituen beta-laktamasei esker. Mikrobioa sentikorra da, aldiz, zefalosporinekiko (zeftriaxona), kloranfenikolarekiko eta amoxizilinarekiko, hauek izanik erabilitako antibiotikoak mikrobioak sortutako gaitzak tratatzeko.

Erreferentziak aldatu

  1. Euskalterm: [Hiztegi Terminologikoa] [2004]
  2. Kuhnert P; Christensen H (edi.).. (2008). Pasteurellaceae: Biology, Genomics and Molecular Aspects. Caister Academic Press ISBN 978-1-904455-34-9..
  3. Fleischmann R, Adams M, White O, Clayton R, Kirkness E, Kerlavage A, Bult C, Tomb J, Dougherty B, Merrick J (1995). «Whole-genome random sequencing and assembly of Haemophilus influenzae Rd». Science 269 (5223): 496–512. [1]
  4. Ingraham, J; Ingraham, C.: Introducción a la Microbiologia, vol. 1: 163 orr
  5. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 214-216 orr.

Kanpo estekak aldatu