Gurutzadak

Erlijio-gerren multzo bat

Gurutzadak Erdi Aroko gerra espedizioak izan ziren, Jesusen hilobia eta Lur Santuak musulmanen mendetik askatzeko kristauek egindakoak. Zortzi gurutzada izan ziren guztira, eta 1095etik 1270era bitartean banatu ziren.[1] Gurutzadetako partaideek, gurutzatu izenez ezagutuak, erlijio-botoak hartzen zituzten aldi baterako, eta indulgentziak ematen zitzaien bekatuengatik.

Gurutzadak
Bederatzi kanpaina izan ziren
Gurutzatuak Konstantinoplara iristen, Grandes Chroniques de France, Jean Fouquet, 1455 aldean
DataXI. eta XIII. mende bitartean
LekuaEuropa eta Ekialde Hurbila

Etimologia aldatu

 
Gurutzea gurutzatuen ikurra zen; hortik izena.

Gurutzada hitza espediziokideek banderan zeramaten gurutzetik dator. Terminoa, bereziki, XIII. mendean aplikatu zen, musulmanen, herri paganoen, heretiko kristauen eta Aita Santuen etsai politikoen aurkako gerretan. Baina, hedaduraz, edozein gerra erlijioso, politiko, espiritual eta, batzuetan, zenbait mugimendu politiko edo moral deskribatzeko erabiltzen da terminoa. Adibidez, Espainian, 1936an gobernu legal errepublikarraren aurka altxatutako militar kolpistek laster deitu zioten gerrari gurutzada, beren helburua ateismoa, komunismoa eta nazionalismo periferikoak gainditzea zela iritzita.

Egoera aldatu

Gurutzadak, aditu batzuen ustez, Europak Aro Berrian eta Garaikidean hedatu zuen kolonialismoaren hasiera izan ziren; beste batzuen iritziz, berriz, musulmanen jihad edo gerra santuaren kristau aldaera izango lirateke; azkenik, beste batzuentzat erromesaldi armatuak besterik ez ziren izan. Nolanahi dela ere, historialari gehienak bat datoz zenbait gauzatan. Arabiarren, magyarren eta normandiarren erasoen ondoren Europa kristauan gertatzen ari zen demografia eta ekonomia susperraldiaren erakusgarri dira Gurutzadak. Bestalde, aita santuek zeresan handia izan zuten; beren nagusitasun morala eta politikoa finkatzeko eta beren presentzia eta eragina Ekialdera hedatzeko baliatu ziren haietaz. Bizantzioko enperadoreek turkiar seljuktarren erasoetatik babesteko egin zuten laguntza eskaera izan zen, hain zuzen, Aita Santuak mugimendu hura guztia antolatzeko erabili zuen aitzakia.[2]

Bederatzi kanpainak aldatu

Gurutzada Hasiera Bukaera
Lehenengo Gurutzada 1095 1099
Bigarren Gurutzada 1144 1148
Hirugarren Gurutzada 1187 1192
Laugarren Gurutzada 1198 1204
Bosgarren Gurutzada 1217 1222
Seigarren Gurutzada 1228 1229
Zazpigarren Gurutzada 1248 1254
Zortzigarren Gurutzada 1270 1270
Bederatzigarren Gurutzada 1271 1272

Aurrekariak aldatu

1000. urtearen inguruan, Konstantinopla zen mundu ezaguneko hiririk aberatsena eta boteretsuena. Leku estrategikoan kokaturik zegoen, defendatzeko erraza eta merkatari bide nagusien erdi erdian; gobernu zentralizatua zuen, enperadorea agintari absolutu zela, eta gaitasun handiko armada profesionala. Beraz, Bizantziar Inperioaa parekorik gabeko nazioa zen. 976–1025 bitartean, Basilio II.a enperadorearen ekintzei esker, Inperioko mugetatik hurbilen zeuden etsaiak garaituak eta azpiratuak izan ziren.

 
Seljuktar Inperioaren hedadura handiena (1092 aldean)

Basilioren heriotzaren ondoren, enperadore ezgaiagoak eseri ziren bizantziar tronuan, erdialdeko Asiatik arrisku berri bat agertzearekin batera. Turkiar herriak ziren, Islamera bihurtutako tribu nomadak. Tribu hauetako batek, seljuktarrak (Seljuk buruzagi mitikoagatik horrela deituak), Konstantinopla fedegabearen aurka jo zuen. 1071eko Manzikerteko Guduan, turkiarrek armada inperialaren zati nagusia suntsitu zuten eta enperadorekideetako bat bahitu. Hondamen horren ondoren, bizantziarrek eman behar izan zizkieten seljuktarrei gaur egungo Turkiako lur eremuak. Horrezaz gainera, turkiarrek hegoalderantz ere aurrera egin zuten; Siria eta Palestinako hiriak, bat bestearen atzetik, haien esku gelditu ziren, eta 1070ean Jerusalem hiri santua konkistatu zuten[3].

Gertaera hauek kolpe latza izan ziren, bai mendebaldeko, bai ekialdeko Europarentzat. Turkiarrek mundu kristaua irentsiko zuteneko izua hedatu zen, eta Jerusalemera zihoazen erromesei turkiar agintariek egindako torturen zurrumurruak zabaltzen hasi ziren. 1081ean, Alexio I.a Komneno jeneral iaoak hartu zuen Bizantzioko koroa, eta seljuktarrei aurre egitea erabaki zuen[3]. Baina laster konturatu zen ezin zuela lan hau bakarrik egin, eta loturak sendotzen hasi zen mendebaldearekin (1054tik moztua zen kristautasunaren ekialdeko eta mendebaldeko adarren arteko harremana). Alexiok mendebaldeko mertzenarioz osatutako gudaroste bat nahi zuen, armada inperialarekin batera turkiarrak erdialdeko Asiara itzularazi zitzakeena. Urbano II.a aita santuari mezulariak bidali zizkion, armada erreklutatzen lagun ziezaion. 1095eko martxoan, Urbanok Piacenzako Kontzilioa deitu zuen enperadorearen proposamena aztertzeko, baina bertaratuen arteko liskarrengatik, Konstantinoplaren eskaera bazterturik geratu zen. Alexiok itxaron beharko zuen.

Lehenengo Gurutzada (1095-1099) aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Lehenengo Gurutzada»

Clermonteko Kontzilioan, Urbano II.a aita santuak (1042-1099), «Jainkoak nahi du!» ohuarekin, gurutzadara deitu zuenean hasi zen dena; 1095. urteko azaroaren 27a zen. Aita Santuari propaganda egiten lagunduz, apaiz asko ibilia zen jendea sutzen. Horien artean famatuena Petri Amiensekoa izan zen, Eremutarra deitua. Gerra santua egiteko deia berehala hedatu zen Frantzian, Alemanian eta Italian, eta bi gurutzada desberdin antolatu ziren. Lehenengoa, Behartsuen Gurutzada deitutakoa, anarkikoa izan zen, eta herritar xumeak eta abenturazaleak bildu zituen; erlijioaren defendatzaile suharrak ziren hartan parte hartu zutenak, baina ez zuten diziplinarik ez borrokarako bitartekorik; horregatik, Asia Txikiko turkiarrek erraz menderatu zituzten, 1096an.

 
Antiokiako setioa (1098), Jean Colomberen miniatura, 1474 aldean

Beste gurutzada, Printzeen Gurutzada deitutakoa, zaldunez osatua eta hobeto antolatua, garaile atera zen; Europako alde askotako gudariak bildu zituen: hegoaldeko Italiako eta Siziliako zaldunak, Bohemundo Tarentokoa buruzagi zutela; lorrenatarrak, Godofredo Bouillongoa buru zutela; Raimundo Saint-Gilleskoaren tolosarrak; eta Flandriako, Bloisko eta Normandiako Dukerriko gudarosteak. Konstantinoplako egonaldian, turkiarrek okupatutako lurralde oro Bizantziar Inperioari itzultzea zin egin zuten. Printze musulmanen harridura eta batasunik eza aprobetxatuz, Jerusalem aldera abiatu ziren gurutzatuak, Asia Txikia eta Sirian barrena. Bidean Nizea setiatu zuten (Dorileoko Gudua, 1097ko uztaila), Edesa hartu zuten 1097ko bukaeran eta Antiokia, asko kostata, 1098ko ekainean menderatu zuten. Bizantziarrei itzuli beharrean, Bohemundok beretzat hartu zuen Antiokia. 1099ko uztailaren 15ean, Jerusalem harturik eta hango biztanleria –musulmanak eta juduak– sakailaturik, bukatu zen ekinaldia.

Ekinaldi hura ez zen, ordea, uste daitekeenaren kontra, arazorik gabe antolatu; buruzagien artean desadostasunak izan ziren gauza askotan eta jende askok desertatu zuen. Ekinaldiaren bukaera ere, Jerusalem hartzea, gurutzatu soilak hala tematu zirelako egin zen, buruzagiek eta handikiek nahiago baitzuten Sirian gelditu. Arazoak arazo, espedizio hartatik sortu ziren gurutzatuen estatuak, latin estatuak edo estatu frankoak ere deituak, bi aldetan banatuak: iparraldean, gaur egungo Sirian, Edesako Konderria eta Antiokiako Printzerria eratu ziren; hegoaldean, gaur egungo Israel, Jordaniako mendebaldea eta Libano gehiena hartuz, Jerusalemgo Erresuma eratu zen. Handik gutxira, 1102-1109 bitartean, beste latin estatu bat jaio zen: Tripoliko Konderria, iparraldeko eta hegoaldeko lurraldeen artean. Garaipen horrek adoreturik, beste gurutzada bat antolatu zen 1101ean, baina azken hau turkiarrek deuseztu zuten Anatolian. Hondamen horrek gurutzadaren espiritua itzali zuen 50 urtez.

Gurutzatuen estatuak aldatu

 
Ekialdeko Mediterraneoa 1135ean; Gurutzatuen estatuak eta inguruko herrialdeak ageri dira

Siria eta Palestinako latin herriak lehendik zegoen biztanleriari gehitu zitzaizkion: arabiarrak, juduak, greziarrak, turkiarrak, kurdoak eta armeniarrak. Kostaldean eta barrualdeko zenbait tokitan, Galilean, adibidez, lehengoan jarraitu zuen hango nekazaritza emankorrak, ureztatze sistema arabiarra baliaturik. Laboreak, mahatsondoak, olibondoak, barazkiak eta fruitu arbolak lantzen ziren batez ere, Mediterraneo aldeko eskualdeetan ohi den bezala. Halaber, azukre kanabera eta kotoi-landarea lantzen ziren, baina esportatzeko soilik, garrantzi handiko diru iturria baitziren. Ekonomiak, bere funtsean, lehengoan jarraitu bazuen ere, merkataritzan, berriz, aldaketak izan ziren. Kostaldeko hirietan asko aurreratu ziren Europarekiko merkataritza harremanak; merkatarien kolonia nagusiak italiarrek sortu zituzten: genovarrek, Akren, eta veneziarrek, Tiron.

Sartaldarrek, nolanahi ere, gutxiengoa osatzen zuten, baina gizarte maila gorenak hartu zituzten: noblezia eta apaizteria, latin erritokoa. Aipatu diren Italiako merkatari horiek ez ezik, nekazariak ere izan ziren, Europako beste lurralde batzuetatik joanak; ez, ordea, bertako biztanleria ordezkatzeko adinako sailetan. Hori dela eta, agintari berriek, erlijio fanatismoaren lehenengo suharraldia itzalirik, menderatuekin bizitzeko modua egiten ikasi behar izan zuten. Salbuespenak salbuespen, juduek, musulmanek eta kristau maronitek ez zuten beren errituak praktikatzeko eragozpenik izan. Hala ere, arazoak izan zituzten kristau ortodoxo greziar erritokoekin, gurutzatuek aitalehen eta apezpiku katoliko propioak jarri nahi izan baitzituzten, tradizionalen ordez.

Oinarri horren gainean, erakunde feudalen multzo bat sortu zen, basailutza harremanen sare batez osatua. Noble handiek askatasun handi samarra izan zuten erregeari buruz eta, halaber, eskubide bereziak zituzten, dirua jotzekoa, adibidez. Hala ere, pribilejio horiek ez ziren doan emanak. Adibidez, gudarostea txikia izanik, basailuek ezin zioten uko egin zerbitzu militarrari, erregeak hala eskatzen zuenean, eta ekinaldi militarretan parte hartzen eta gotorlekuak zaintzen betetzen zuten eginbehar hura. Lur Santuan jaunek zituzten botereen artean bat nagusitu zen: ordena militarrak. Erlijiotasuna, batetik, eta gudaritza, bestetik, nahasten ziren ordena horietan. Aipagarriak dira, adibidez, Tenpluko Ordena, 1129an sortua, eta Ordena Ostalaria, laguntza emateko eta karitatea egiteko sortua, baina XII. mendetik aurrera ordenakideen parte bat soldadu izatera behartu zuena.

Bigarren Gurutzada (1147–1149) aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Bigarren Gurutzada»
 
Bernardo Clairvauxkoa Bigarren Gurutzada predikatzen Vézelayn, 1146an

Gurutzatuen estatuen iraupenari gehiago lagundu zion inguruko printze musulmanen artean zeuden desadostasunak beren indar propioak –oso urriak– edo Mendebaldeko laguntza noizbehinkakoak baino. Izan ere, arabiar eta turkiar gobernarien jarrera kontrajarria izan baitzen. Batzuetan, Ekialde Hurbileko politikaren beste faktore bat bezala hartzen zituzten europarrak, eta itunak eta guzti egin zituzten haiekin; era horretan, estatu kristau bat estatu musulman baten lagun izan zitekeen, eta beste estatu kristau baten etsai.

Hala ere, kristauen artean gurutzadaren espiritua itzaltzen ari zen bezala, musulmanen artean jihadarena indartuz joan zen, batez ere herri xumearen artean. Ezari-ezarian, Islamaren hiri gurtuetako bat –Jerusalem– mendean hartuta zuten arrotzenganako gorrotoa nagusitu zen. Hainbat agintarik probetxu atera zion sentimendu honi, estatu musulmanen batasuna lortu eta erresuma kristauen aurka jotzeko.

Gurutzatuen aurkako lehen eraso gogorra Mosul eta Alepoko emir Imad ad-Din Zengik egin zuen: Edesako Konderria suntsitu zuen 1144an. Sartaldeko kristandadeak, larriturik, Bigarren Gurutzada antolatu zuen, eraso horri erantzuteko asmoz. San Bernardo Clairvauxkoak predikaturik eta Frantziako errege Luis VII.aren eta Germaniar enperadore Konrado III.aren agindupean egin zen. Frantziarren eta alemaniarren arteko ezadostasunak etengabeak izan ziren espedizio osoan.

Lurralde Santura heltzean, Edesa ez zela helburu garrantzitsua erabaki zuten eta Jerusalemera joan ziren. Han, Jerusalemgo erregearen etsaia zen Nur al-Dini eraso beharrean, Damasko eraso zuten, artean Jerusalemen aliatu zena. Espedizioak porrot egin zuen, astebeteko setioaren ondoren, gurutzatuak erretiratu eta beren herrietara bueltatu baitziren. Zentzugabeko eraso horren erruz, Damasko Nur al-Dinen esku erori zen, pixkanaka estatu kristauak inguratzen ari zena.

Hirugarren Gurutzada (1189–1192) aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Hirugarren Gurutzada»
 
Saladin Jaffa erasotzen

Musulmanen arteko desadostasunak zirela-eta, Edesako Konderria erori ondoren geratu ziren gainerako lurralde frankoek beste hamarkada batzuk iraun zuten, ia kalterik gabe. Jerusalemgo Erresuma Egiptoko Fatimitar Kaliferrian esku sartu nahian zebilela eta, Nur al-Din sultanak Saladin laguntzailea bidali zuen egoeraren kargu egitera. Berehala Saladin Egipto osoko jaun eta jabe egin zen, nahiz eta Nur al-Din hil zen arte honen agintea errespetatu zuen. Hau hiltzean, Egipto eta Siriako sultan izendatu zuen bere burua.

Saladin gizon jakintsua zen eta, Nur al-Din bezala, musulman fededuna eta gurutzatuak kanporatzearen aldekoa. Alderdi musulmanen batasuna lortu zuen eta Egiptotik Siriarainoko kontrol politiko eta militarra. Jerusalemeko Erresumari, Saladinek inguratua eta erregea, Balduin IV.a, legenarrak jota zegoela, ez zitzaion denbora asko geratzen.

Jerusalemgo Erresumaren amaiera Renaud de Châtillonek eragin zuen. Bere hitza errespetatu gabe jokatzen zuen zaldun horrek karabanak eta Mekara zihoazen erromesak erasotzen zituen. Saladinen arreba omen zihoan karabana bat eraso zuenean, sultanak gerra santurako deia egin zuen[4]. Gurutzatuen gudarostea, tenplarioekin batera, Saladinen aurka borrokatu zen Hattingo Adarretan, 1187an. Kristau armada suntsitua izan zen, Jerusalemgo Erresuma babesgabe utziz[3]. Hitzemana zuen bezala, Saladinek bere eskuekin hil zuen Renaud de Châtillon. Hainbat gurutzatu hilaraziak izan ziren arren, beste asko preso hartu eta gerora askatu zituzten. Ondoren, Saladinek erreinuaren zati gehiena okupatu zuen, kostaldeko hiriak izan ezik, eta 1187ko urrian Jerusalem hiria konkistatu zuen[4]; 1099koaren aldean, hiriaren hartzea ia odolgabea izan zen. Era horretan, Jerusalemgo Erresuma desagertu egin zen.

 
Donibane Akrekoaren setioa (1191), 1280ko hamarkadako miniatura

Hattingo hondamendiak gogor kolpatu zuen berriro sartaldetarren kontzientzia. Gregorio VIII.a aita santuak deiturik, Hirugarren Gurutzada antolatu zen, Germaniar enperadore Frederiko I.a Bizargorria, Ingalaterrako errege Rikardo Lehoi Bihotza eta Frantziako errege Felipe II.a Augustoren gidaritzapean. Federiko Bizargorria zen talde indartsuenaren buru, baina Siriara iristean ibai batean itota hil zen; gudarostea sakabanatu eta zati txiki bat soilik heldu zen Palestinara.

Ingeles eta frantziar armadak, berriz, itsasoz joan ziren. Harakoan, Zipre uhartea Rikardo Lehoi Bihotzaren mende geratu zen, bizantziarrei 1191n kendurik. Palestinara iritsirik, Donibane Akrekoaren konkista izan zen haien garaipen bakarra. Hiria hartu ostean, Rikardok milaka preso hilarazi zituen. Filipe II.a Frantziara itzuli zen, bere herrialdeko arazoengatik eta Rikardorekin zuen lehiarengatik kezkatua. Rikardok hala-holako arrakasta izan zuen. 1192an Jerusalemera heldu eta bakea izenpetu zuen Saladinekin, erromesei Palestinara sartzeko baimena ematen ziena. Ondoren, Jerusalemgo Erresuma berreraiki zuten, baina lurraldearen eremua murriztuta, Beirut eta Askalon arteko kostalde zerrenda besterik ez baitzen orduan frankoen mendean. Bake akordioen arabera, herrialde haren barrenaldea eta hiri santua bera musulmanen esku geratu ziren. Paradoxa bitxia, baina Jerusalemgo erreinu berriak ez zuen kontrolatzen izen ofiziala ematen zion hiria. Saladin 1193ko martxoan hil zen, eta Rikardo 1199n, gezi zauri batez, Europara itzultzean.

Laugarren Gurutzada (1202–1204) aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Laugarren Gurutzada»

1192an sinatu zen akordioari eta Saladinen heriotzari esker, urte batzuk bakean igaro ziren. Gurutzatuen estatuak, itsasbazterreko zerrenda estu batean kokatuak, aberatsak ziren ekonomiaren aldetik baina oso ahulak erakunde militarren aldetik. Aberastasuna itsasaldeko hirien bidez egiten ziren salerosketei zor zitzaion gehienbat: Akre zen, esate baterako, Mediterraneo Sortaldeko merkatu nagusietako bat; eta halaxe bizi ziren hango buruzagiak, handizki eta esne mamitan. Ahultasun militarra, berriz, giza baliabideen urritasunak eta muga defendagarririk ez izateak eragina zen; europarren laguntza militarra hutsa izan baitzen.

 
Gurutzatuak Konstantinoplan sartzen (1204), Eugène Delacroixen olio pintura, 1849

Horiek horrela, 1198an Inozentzio III.a aita santuak Laugarren Gurutzadarako deia egitea erabaki zuen, estatu kristau haien egoera hobetzeko. Erantzunik hoberena Frantzian izan zuen, Tibalt Xanpainakoa, Balduin Flandriakoa eta Luis, Bloisko kondea buruzagi zirela. Tibalt 1201ean hil zenean, Bonifazio Montferratekoa bihurtu zen gurutzadako buru. Espedizioan ez zuten erregeek parte hartu eta helburua Egipto zen[3].

1200ean gudaroste gurutzatua Venezian bildu zen, bidea itsasoz egiteko asmoz. Bertan, Enrico Dandolo duxak, Bonifazio Montferratekoak eta Alexio IV.a Angelo bizantziar usurpatzaileak elkar hartu zuten, gurutzadaren helburua aldatu eta Konstantinopla erasotzeko, hiruren nahia baitzen Alexio III.a Angelo, bizantziar enperadorea, kargutik kentzea. 1202ko azaroan, gurutzatuek Zadar hiri katolikoa setiatu eta arpilatu zuten; hori dela eta, Inozentzio III.ak eskumikatu zituen[5]. 1203an Bizantzio eraso eta Alexio IV.a enperadore jartzea lortu zuten. Horrek liskar asko eragin zituen, eta 1204ko apirilean gurutzatuek hiria hartu zuten. Erasoa izugarria izan zen. Gurutzatuek milaka kristau hil zituzten, emakumeak eta haurrak barne. Elizak eta jauregiak lapurtu eta txikitu zituzten, hiriko artelan guztiak ostuz. Gertaera hauekin amaitu zen Bizantziar Inperioa, hainbat estatutan banatu baitzen, eta Balduin Flandeskoa bilakatu zen Konstantinoplako Inperio Latindarra sortu berriaren enperadore[6].

Konstantinoplako arpilatzea gertatu ondoren, Erromako eta Bizantzioko elizen artean harreman onak izateko itxaropenak eten egin ziren, Aita Santuak soldaduak gaitzetsi zituen arren. Palestinako estatu kristauentzat, berriz, kolpe bikoitza izan zen; batetik, espero zuten laguntza ez zen iritsi eta, bestetik, Konstantinoplan zaldunentzako erakarpen polo bat sortzeak, Lurralde Santuetan zeuden asko bertara joatea ekarri zuen.

Azken gurutzadak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Bosgarren Gurutzada»
Sakontzeko, irakurri: «Seigarren Gurutzada»
Sakontzeko, irakurri: «Zazpigarren Gurutzada»
Sakontzeko, irakurri: «Zortzigarren Gurutzada»
Sakontzeko, irakurri: «Bederatzigarren Gurutzada»

Laugarrenaren porrotarekin, gurutzadaren espiritua ia erabat itzali zen Mendebaldean, errege eta aita santu batzuk berpizten saiatu ziren arren. Palestinako estatu kristauek 1291 arte iraun ahal izan zuten, mongoliarrek Ekialde Hurbila inbaditu baitzuten, musulmanen arreta osoa berenganatuz.

1210eko hamarkadaren hasieran, gurutzatuen xalotasun faltari egotzi zitzaion gurutzaden porrota, eta Jerusalem bihotz garbiek bakarrik konkista zezaketelako sinesmena zabaldu zen. 1212an, hamabi urteko predikatzaile batek Haurren Gurutzada delakoa antolatu zuen. Gertakizunaren bertsio tradizionalaren arabera, 40.000 haur inguru abiatu ziren Alemaniatik fedegabeen aurka borroka egiteko, eta Frantziatik igarotzean beste 30.000 haur batu zitzaizkien. Baina Italian engainatuak izan ziren, eta ia denak esklabo saldu zituzten[7]. Gaur egungo ikerlarien iritziz, ordea, egia eta elezaharra nahasirik daude kontakizun horretan, eta parte hartu zuten erromes gehienak helduak omen ziren[8].[9]

Bosgarren Gurutzada (1217-1221) ere Inozentzio III.ak deitu zuen, Egipto konkistatzeko asmoz, eta frantziar eta germaniar soldaduek parte hartu zuten. Niloren ahoan dagoen Damietta hiria hartu ondoren, 1221ean Kairo erasotu zuten; han, ordea, Al-Kamil sultana buru zuen armada nagusitu zitzaien, eta ordura arte konkistatutako guztia galdu zuten. Aita Santuek eratutako azken gurutzada izan zen hori. Seigarren Gurutzadan (12281229), Germaniar enperadore Federiko II.ak Jerusalem, Betleem, Nazaret eta itsasbazterra bitarteko lur zerrenda estu zehaztezin bat berreskuratu zituen. Baina gurutzada berezia izan zen, lurraldea ez baitzen armen indarrez eskuratu, musulmanekin negoziatu ondoren baizik.

 
Luis IX.a Zazpigarren Gurutzadan, XIII. mendeko miniatura

1244an, turkiarrek Jerusalem hartu zuten egiptoarren laguntzarekin. Frantziako errege Luis IX.ak Zazpigarren Gurutzadarako deia egin zuen 1248an. Huts egin zuten eta erregea, bere armadarekin batera, Egipton espetxeratu zuten. 1270ean Luis erregea bera izan zen Zortzigarren Gurutzadaren buru, baina Tunisian lehorreratu ondoren, soldadu asko, eta erregea bera ere, gaixotu eta hil egin ziren.

Bederatzigarren Gurutzada ikerlari batzuen ustez Zortzigarrenaren parte izan zen. Ingalaterrako Eduardo Printzeak, gero Eduardo I.a Ingalaterrakoa izango zena, bere armada eraman zuen Akreraino lorpenik izan gabe. 1268an Baibars sultan mameluko egiptoarrak, Jerusalemgo erresuma Sidon eta Akre arteko lurralde estura bilakatu zuen. Nahiz eta mongoliarren laguntza jaso[10], Eduardok eta Nikolas IV.a aita santuak barnealdean bakea mantentzea eta kanpoaldean mugak babestea besterik ez zituzten lortu.

Aita Santu batzuk gurutzada gehiago deitzen saiatu arren, ez ziren gehiago antolatu. Handik hara, Egiptoko sultan mamelukoek, Baibars I.a eta Al-Ashrafek, hartu zuten geratzen ziren estatu gurutzatu guztiak suntsitzeko ardura. Haien azkeneko ekinaldia Akre, gurutzatuen Palestinako azken jabegoa, setiatu eta hartzea izan zen (1291ko martxoaren 18an). 208 urte pasa ondoren gurutzatuek Lur Santua utzi zuten behin betiko. XV. mendea arte lurralde horietan erasoak izan ziren arren, gurutzaden aroa orduan amaitu zen.[11]

Beste Gurutzadak Europan aldatu

Iberiar Penintsulan eta Ekialdeko Europan erlijio-izendapena zuten beste gerra batzuk izan ziren, horietako batzuk XV. mendean amaitu zirenak, gurutzadatzat jo zituen Erromako elizak. Horien artean daude kristauek penintsulako lurraldeetako gobernari musulmanen aurka egindako borroka, Errekonkista izen okerrarekin ezagututa; Frantzia hegoaldeko kataristen aurkako jazarpena eta, kasuren batean, Bizantziar Inperioaren edo otomandarren aurkako jazarpena.

Kronologia laburra aldatu

Hauek dira fenomeno horren data nagusiak:[12]

Gudu nagusien kronologia aldatu

 
Gurutzaden guduen inguru nagusiak egungo Palestina, Siria, Anatolia eta Egiptoko lurraldeak izan ziren.
Lehenengo Gurutzada (1095-1099)
bitarteko garaia
Bigarren Gurutzada (1147-1149)
Bigarren tarteko aldia
Hirugarren Gurutzada (1089-1092)
Laugarren Gurutzada (1202-1204)
Bosgarren gurutzada (1217-1221)
Seigarren Gurutzada (1228-1244)
Zazpigarren Gurutzada
Zortzigarren Gurutzada (1270)
Bederatzigarren Gurutzada (1271-1272)
azken guduak

Erreferentziak aldatu

  1. https://blogak.eus/gurutzadak
  2. https://www.euskadi.eus/web01-a2lurent/eu/contenidos/articulo/c1503/eu_d1503021/1503021.html
  3. a b c d Barker, Ernest. Crusades. in: 1911 Encyclopædia Britannica, Volume 7. en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2016-06-19).
  4. a b Makarian, Christian. L'épopée de Saladin. lexpress.fr (Noiz kontsultatua: 2016-06-19).
  5. Gibbon, Edward. The Decline And Fall Of The Roman Empire, Chapter 60. ccel.org (Noiz kontsultatua: 2016-06-21).
  6. The Sack of Constantinople. roman-empire.net (Noiz kontsultatua: 2016-06-21).
  7. Haurren gurutzada. anakel.com (Noiz kontsultatua: 2016-06-21).
  8. Comtois, Céline. La croisade des enfants (1212): mythe ou réalité?. in: Le Passé composé, no 5. cvm.qc.ca (Noiz kontsultatua: 2016-06-21).
  9. https://www.anakel.com/liburua/ikusi/gizartezientziak/2eso/4/curiosidad/1
  10. Histoire des Croisades III, Rene Grousset, 653. orr.
  11. Runciman, Steven (1994). A history of the Crusades, volume III : the kingdom of Acre and the later Crusades. Folio Society. 448 or. OCLC 933889320.
  12. https://www.hiru.eus/eu/historia/la-europa-de-las-cruzadas

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu