Ginea Berriko oihana Ginea Berria izeneko uhartean kokaturik dagoen oihana da. Mendebaldeko zatia Indonesiari dagokio eta ekialdekoa Papua Ginea Berriari[1]. Munduan dauden oihanen artean hirugarrena da garrantziari dagokionez. Fauna eta flora oso aberatsak ditu eta munduko handienetakoa ere bada.

Ginea Berria uhartea.
Indonesia aldeko oihana.
Mendialdeko paisaia.

Geografia aldatu

Oihanak 668.100 km²-ko azalera hartzen du, Ginea Berria uhartearen %85a, eta munduan dauden oihanen artean gizakiaren eragin txikienetakoa jasan duena da. Uhartea alderik alde Ginea Berriko mendilerroak zeharkatzen du eta oso garaia da, punturik altuena Puncak Jaya mendia baita (4.884m)[2]. 4.000 metrotan kokatzen da zuhaitzen lerroa eta hortik gora glaziarrak aurkitzen dira. Mendilerro honek hiru oihan mota eratzen ditu uhartean:[3]

  • oihan ekuatoriala: Uhartearen iparraldean kokatzen da. Prezipitazioak ugariak dira, mendilerroaren haizealdean kokatzen baita.
  • oihan tropikala: Uhartearen hegoaldeko zatia hartzen du eta ez da hain euritsua, haizebean gelditzen baita.
  • Oihan lainotsua: Mendialdean lainoa pilatzen da eta hezetasuna maximoa da ingurune horretan.

Klima aldatu

Uhartearen batazbesteko tenperatura 28 °C-tik gorakoa da eta ingurune oso euritsua da, prezipitazioak 3.142 mm-tara iristen baitira. Uhartearen iparraldea freskoagoa da eta hegoaldea beroagoa. Tenperatura hotzenak mendialdean neurtu dira, 23 °C batazbeste.

Prezipitazioak montzoi garaian izaten dira ugarienak eta bi urtero bereizten dituzte; urtaro lehorra ekainetik irailera eta urtaro euritsua abendutik martxora.

Biodibertsitatea aldatu

 
Ornitorrinkoa.
 
Kasuarioa.
 
Ginea Berriko krokodiloa.

Aurkitzen diren espezie gehienak endemikoak dira. Planeta guztiko espezieen %10 bertan aurkitzen dela esan izan da.

Fauna aldatu

Hegazti aniztasun handia dago, milaka intsektu eta anfibio espezie, eta Australiakoen antzeko ugaztunak ere ugariak dira. Ugaztunen artean martsupialak dira nagusi, Dasyuromorphia, Peramelemorphia eta Diprotodontia ordenetakoak. Ornitorrinkoa ere bertan bizi da. Martsupialak ez direnen artean karraskariak eta saguzarrak aurkitzen ditugu.

79 hegazti familia daude, 730 espezie inguru guztira. Hegazti handienak kasuarioak dira, 1'8 metrotako altuera hartzera iristen direnak. Hegazti arriskutsua da, gizakiak erasotzen baititu hanka gogorrekin eta heriotza ere eragin dezake[4]. 46 loro espezie eta 45 uso espezie ere aurkitzen dira. Harrapari nagusia Ginea Berriko harpia da.

Gainerako animalien artean 320 anfibio espezie eta 300 narrasti inguru ere badaude.

Flora aldatu

15.000-25.000 landare espezie aurkitzen dira, hauetako 9.000 Ginea Berriko oihanean baino ez daudenak. Oraindik aztertu gabeko eremu ugari daude ordea. 200 zuhaitz espezie zerrendatu dira, batez ere iparraldeko oihan ekuatorialean aurkkitzen direnak. Mangladiak ere ugariak dira uhartearen itsasertzean.

Erreferentziak aldatu

  1. «West Papua | Tapol» web.archive.org 2020-02-09 (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
  2. (Ingelesez) gatta, philippe. «Carstensz Pyramid (Puncak Jaya), 4884 m. Normal route, West Papua, Indonesia» www.philippegatta.fr (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
  3. (Ingelesez) «Southeastern Asia: Extends across central New Guin | Ecoregions | WWF» World Wildlife Fund (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).
  4. (Ingelesez) Kofron, Christopher P.; Chapman, Angela. (2006). «Causes of mortality to the endangered Southern Cassowary Casuarius casuarius johnsonii in Queensland, Australia» Pacific Conservation Biology 12 (3): 175–179.  doi:10.1071/pc060175. ISSN 2204-4604. (Noiz kontsultatua: 2021-06-08).

Kanpo estekak aldatu