Georges de La Tour

Georges de la Tour» orritik birbideratua)

Georges de La Tour (Vic-sur-Seille, 1593ko martxoaren 13a - 1652ko urtarrilaren 30a) frantziar pintore barrokoa izan zen, gehienbat Lorrenako Dukerrian bizi izan zena. Georges de La Tour oso ospetsua izan zen bere garaian; ondorengo mendeetan, aldiz, erabat bazterturik gelditu zen, eta 1915. urtetik aurrera aintzakotzat hartu zen berriz ere. «Errealitatearen Margolariak» (1943) erakusketaren ondoren, eta batez ere Francois-Georges Pariset-en (1948) tesiaren ondoren, garrantzizko lekua hartu zuen La Tour-ek Frantziako pinturaren historian.

Georges de La Tour

Bizitza
JaiotzaVic-sur-Seille1593ko martxoaren 13a
HerrialdeaLorrenako Dukerria
HeriotzaLunéville1652ko urtarrilaren 30a (58 urte)
Heriotza modua: epidemia
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta arkitektura proiektuen marrazkilaria
Lantokia(k)Lunéville
Lan nabarmenak
InfluentziakJacques Bellange (en) Itzuli eta Caravaggio
MugimenduaKlasizismoa
Genero artistikoaCaravaggismoa
genero-margolana
margolaritza erlijiosoa
Zarrabete-jotzailea

Biografia aldatu

La Tour 1593an jaio zen Vic-lur-Seillen. 1610-1616 urte bitartean Erroman egon zen, eta, han, manieristen lanez gainera, Caravaggioren lanak ezagutu eta aztertu zituen. Ez dago, ordea, ordu arteko La Tour-en lanaren berririk. 1617an Diane Le Nerf-ekin ezkondu zen (Lorrenako dukearen zilarginaren alaba zen), eta emaztearen herrira, Lunevillera, joan zen bizitzera. Lorrenako dukeak aitoren semeen eskubideak eman zizkion, eta frantsesek dukerria beren mendean hartu zutenean, erregearen margolari-titulua eman zioten. Lunevilleko gobernariarentzat ere hainbat lan egin zuen: San Sebastian (1649), Done Petriren damua (1650). Bere lanak oso aintzat hartuak ziren, eta diru asko ordaintzen zen haiengatik (600-700 liberatik gora). La Tour 1652an hil zen, izurriak joa, beraren ospea goreneko mailan zegoen unean. Hil ondoren, haren seme Etiennek hartu zuen errege-margolariaren titulua, baina ondasun asko jaso zuen aitarengandik, eta berehala utzi zuen margolari-lana.

Obra aldatu

 
San Sebastian Santa Irenek zaindua

La Tour-ek hirurogeita hamabost lanetik gora egin zuen, baina horietatik hogeita hamabost original hesterik ez dira ezagutzen, erlijio-gaikoak eta generoko lanak guztiak.

Lan horiek, bestalde, bi sailetan banatzen dira: eguneko ikuspegiak eta gaueko ikuspegiak. Lehenengoek argitasun hotza eta garbia dute, eta pintzelkada, berriz, oso zehatza, zimurretan eta arropetan batez ere (San Jeronimo, bi bertsio, Stockholm-eko eta Grenobleko museoak). Gaueko lanetan, ordea, argi artifiziala erabiltzen du argi-ilunetan, eta arrasto gorri bizi bat besterik ez du erabiltzen koloreak biziagotzeko. Bolumenak plano sinple moduan erabiltzen ditu, eta horrek kubismoak espazioa lantzeko zuen teknika ekartzen du gogora (San Sebastian Santa Irenek zaindua, Paris, Louvre).

La Tour-en lan guztiek ez dute data idatzirik, eta, horregatik, ezin egin daiteke lanen kronologia zehatza; hala ere, zenbait ikerketaren arabera, bi aldi bereizten dira.

Lehenengo aldian (1620-1630 urteen bitartean), nabarmena da Caravaggioren errealismoaren eragina, eta Dirck van Baburen-en edo Hendrick Jansz ter Brugghen-en lanetatik oso hurbileko lanak egin zituen (Kristo eta hamabi apostoluak, Albiko museoa). 1630etik aurrera, La Tour-ek errealismo pertsonalago baterantz egin zuen (Zarrabete-jotzailea, Nantesko museoa).

Lorrenan izan zen krisi handiaren eta Lunevilleko sutearen ondoren (1638ko irailaren 30ean izan zen, eta La Tour-en lehenengo aldiko lan asko galdu zen), Parisa joan zen, eta egonaldi horrek eragin handia izan zuen La Tour-en bigarren aldiko lanetan. Garai horretan eguneko ikuspegi handiak egin zituen (Zorionaren jainkosa, Metropolitan Museum) eta baita zenbait gaueko lan ere (San Sebastian. Luis XIII.ari opari emana).

 
Jaioberria, 1643, Louvre

1643an Lunevillera itzuli zen, eta berrogeita hamar bat gaueko ikuspegi egin zituen han (Jaioberria, Rennesko museoa; Job, emaztea iseka ari zaiola, Epinal-eko museoa). Azken urteetan, bere seme Etiennerekin aritu zen lanean, eta antzinako gaiak lantzen hasi zen berriz ere (Dado-jokalariak, Preston Hall museoa, Stockton-on-Tees).

Erreferentziak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Georges de La Tour