Gabai arrea (Calonectris diomedea) Procellariiformes ordeneko Procellariidae familiako itsas-hegaztia da[1].

Gabai arre
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaProcellariiformes
FamiliaProcellariidae
GeneroaCalonectris
Espeziea Calonectris diomedea
Scopoli, 1769
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa74 g (pisua jaiotzean)
arra: 955,6 g (helduen pisua)
emea: 817,3 g (helduen pisua)
Zabalera126 cm
Kumaldiaren tamaina1
Errute denbora52 egun
Calonectris diomedea

Mediterraneo itsasoan eta Ozeano Atlantikokoan bizi den hegaztia da.

Deskribapena aldatu

Gabai arrea gabai handia da, 44 eta 49 cm luze bitartekoa da buztana kontutan hartuta, hegoen zabalera 135 cm izatera irits daiteke, batezbestekoa eta ohikoena 120-125 cm-koa izanik.

Bere izenak dioenez, gorputzaren atzealdea edo kanpoaldea (burua, bizkarraldea, hegoen kanpoaldea eta buztana ingurua) arre kolorekoa da, burua eta buztana ilunagoak izanik. Aurrealdea edo barnealdea aldiz, alegia sabelaldea eta hegoen barnealdea zuri kolorekoak dira, hego muturrak izan ezik, horiek ere arre kolorekoak. Mokoa horia da, punta beltzarekin. Zangoak arrosak dira.

Itsas hegazti gehienekin gertatu bezala, gabai arreak ere hego luze eta zorrotzak ditu, haizea arazo barik mozteko eginak. Hego morfologia hau oso eraginkorra da distantzia luzeak planeatzeko hegoak ia astindu gabe, adaptazio ona itsasoko haize frontaletan hegaldi efizientea izateko. Normalean bere hegaldia planeaketan oinarritzen da, planeatze luzeak egiten ditu, tarteka hegoak sekuentzia laburrean astinduz (5-6 aldiz).

Ikusmen onaz gain usaimen oso ona ere badute, hau bidaiatzeko, orientatzeko eta harrapakinak detektatzeko erabiltzen dute, ikusmenarekin batera.

Taxonomia eta etimologia aldatu

Gabai arrea Calonectris generoak dituen lau espezietako bat da, Procellariidae (gabai eta petrelen familia) familian sailkatuta dagoena, Procellariiformes ordenekoa. Gabai arrea Giovanni Antonio Scopoli naturalista tiroldarrak deskribatu zuen zientifikoki lehen aldiz, 1769. urtean. Gabai arreak izan zuen lehenengo izen zientifikoa (Giovanni Antonio Scopoli-k ezarria) "Procellaria diomedea" izan zen, gerora Mathews eta Iredale-k sortutako Calonectris generora igaro zen, 1915-ean. Lehen gabai arrea, gabai kanariarra (Calonectris borealis) eta Calonectris edwardsii espezie berekoak zirela jotzen zuten, alegia espezie bereko azpiespezieak, gerora (gaur egun mantentzen dena) espezie ezberdinak zirela jo zuten adituek.

Generoaren izena, Calonectris, Kalos (ona) eta Nectis (igerilaria) hitz grekoen terminoetan oinarrituta dago, alegia, "igerilari ona" grezieraz eratorritako esanahia. Bere izen espezifikoak aldiz, "diomedea", Diomedes heroe mitilogikoari egiten dio aipu eta erreferentzia, bere heriotzean itsas hegazti zuri batean bilakatu omen baitzen.

Banaketa eremua aldatu

Gabirai arrea Mediterraneoko uharte gehinetan eta Makaronesiako uharte multzoan ugaltzen da.

Mediterraneoaren kasuan Balearretan, Hyères uharteetan, Elban, Sardinia eta Sizilia inguratzen dituzten uhartetxoetan, Pantellerian, Lampedusan, Maltan, Kroaziako kostaldean, Ziteran eta Ziklade uharteetan ugaltzen da.

Makaronesiako uhartediaren kasuan Alegranzan (Kanariak) eta Desertas uharteetan (Madeira) ditu populazio dentsitate handienak, biak natura erreserba gisa babestuak eta aitortuak izateari esker.

Populazio gehienek, ugalketa garaia ez denean, Ozeano Atlantikoan igarotzen dute bere bizitzako zatirik handiena, Afrikako mendebaldeko eta Brasilgo kostaldeak barne.

Euskal Herrian aldatu

Espezie hau Euskal Herrian ere behatu daiteke, kostaldetik gertuko uretan hala itsaso zabalean. Bere sakabanaketa mugimenduetan eta migrazioetan sorte apur batekin eta itsasoratuta espezie hau ikusteko aukera dago Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko uretan, baina ez da batere erraza, bere lehengusua den gabai kanariarra edo atlantikoko gabaia (Calonectris borealis) askoz ere ugariagoa baita gure eremuetan, eta beraz, askoz errazagoa eta ohikoagoa da hura behatzea gabai arrea baino.

Habitata aldatu

Itsas hegazti pelagikoa da eta Ozeano Atlantikoko latitude edo zonalde bero zein epeletan bizi da udazken eta neguan eta Mediterraneo itsasoan udaberri eta udan. Kostaldean edo itsaso zabalean aurki daiteke, lurra ugalketa garaian bakarrik zapaltzen du, udaberri eta uda bitartean.

Itsasoko gune produktiboetan ikustea erraza da, hala nola, plataforma kontinental zabaletan, fronte ozeanikoetan hala ur sakonetako sorburuetan.

Biologia eta portaera aldatu

Oso baxu hegan egiteko ohitura du, maiz itsas azaletik oso gertu. Haize ufada indartsuekin arazo barik hegan egiteko gai da. Ugalketa garaian, gauetan bere habira itzultzen denean sudur eta eztarri hotsak egiten ditu. Ugalketa garaitik kanpo, itsasoan oso hegazti isila da, baina esan bezala, ugalketarako kolonietan sudurreko hotsak oso entzungarriak dira.

Elikadura aldatu

Bere dietaren zatirik handiena arrain epipelagikoek eta zefalopodoek osatzen dute. Arrainen artean bere harrapakin ohikoenak bokarta (Engraulis encrasicolus) eta txitxarro espezie ezberdinak (Trachurus sp) dira. Zefalopodo espezie ezberdinak ere oso ohikoak dira harrapakin gisa. Krustazeoak eta itsasontzi arrantzaleen soberakinak ere harrapatzen ditu noizean behin. Bere harrapakinak itsas azalean harrapa ditzake uretan pausatuta dagoenean edo hegan dabilenean eta baita ere urpean igeri eginez, oso igerilari onak baitira urpean. Maiz bere harrapakinak urpean segitu eta harrapatzen dituzte. Urpeko lokomozioa hegoekin burutzen dute, hegoak astinduz hegan egongo balira bezala. Tunisiako Zembra uharteko populazioak monitorizatuak izan ziren bere arrantza modua ikertzeko, bertan ikusi zen gabai arre horien urpekaritza 0,7-5,4 metroko sakonera bitartekoa izaten zela, 5,6-14 segunduko iraupenarekin.

Harrapakinak ikusmenarekin eta usaimenarekin detektatzen dituzte.

Ugalketa aldatu

Ugalketarako koloniak uharteetan, uhartetxoetan eta kontinenteetako kostaldeko itsaslabarretan osatzen dituzte. Habiak tunel edo lurpeko zein harrien arteko zirrikitu edo zuloetan egiten dituzte, maiz kareharrizko haitzuloetan, haitzulo bolkanikoetan edo beraiek eginiko tunel edo zuloetan. Kolonietara gauean bakarrik iristen dira (Selvagens uharteetako populazioak izan ezik).

Espezie monogamoa eta filantropikoa da, uharte kolonia bera aukeratuz urtez urte, askotan habi-zulo bera ere erabiliz urtez urte.

Otsailaren bukaera eta martxoaren hasiera bitartean heltzen dira gabai arreak bere kolonietara, kopulazioa apirilean izan ohi da eta arrautza bakar bat erruten dute maiatzaren bueltan. Arrautzaren inkubazioak 53 egun behar ditu eta behin txitak jaiota, hauek 90-99 egun egongo dira gurasoekin habia utzi aurretik. Txiten zaintzan eta elikaduran guraso biek parte hartzen dute. Lehenengo urtea gaindituta, gazteen batezbesteko biziraute-tasa %52-koa da. Gabai arre gazteak bere kolonia uhartera edo hurbileko uharte batera itzuliko dira 5 urteren bueltan, nahiz eta horietatik asko 6-9 urte bete arte ez diren ugalduko.

Bizi-itxaropena aldatu

Itsas hegaztiak bizitza luzeko animaliak dira, gabai arreak 30 urte bizi daitezke.

Portaera aldatu

Hegazti taldekoiak dira urte osoan zehar. Ugalketa garaian, gabai arre ale asko koloniatik gertu dauden uretan batzen dira, gaua heltzeko zain koloniara itzultzeko (gauean heltzen baitira kolonietara). Migrazio garaian talde monoespezifikoak osatzen duituzte eta negua pasatzeko aukeratzen duten lekuetan ere talde handietan ibiltzen dira, kasu honetan, migrazio bidaietan ez bezala, neguko gotorlekuetan itsas hegazti espezie ezberdinen arteko talde mistoak osa ditzakete.

Mugimenduak aldatu

Urria eta azaroa bitartean negua Ozeano Atlantiko irekian igarotzeko Mediterraneotik Gibraltarko itsasartea zeharkatzen duen espezie migratzailea da. Mediterraneorako itzulia otsailaren bukaera eta apirilaren hasiera bitartean izaten da.

Arrek eta emeek ez dute batera egiten migrazioa. Arrek emeek baino lehenago uzten dute kolonia udazkenean eta bueltatzen ere lehenak dira, horrez gain, normalean arrak hegoalderago mugitzen dira, bidai luzeago bat eginez.

Bidaiatzeko erreferentzia topografikoak eta usaimen-seinaleak erabiltzen dituzte, ez seinale magnetikorik. Azken ikerketek diotenaren arabera, usaimenak paper garrantzitsua jokatzen du bere migrazioetan. Gaueko hegaldietan eta distantzia handiko bidaietan orientaziorako tresna garrantzitsua dute usaimena.

Espeziekiko elkarrekintzak aldatu

Chafarin uharteetan C. borelis-en populazioak asko handitu dira C. diomedea populazioekiko, 2000. eta 2010. urte bitartean eginiko ikerketa baten arabera %6-tik %23 handitu ziren C. borealisen populazioak eta bi espezie hauen arteko bikote mistoek uharte horretako populazio guztiaren %14 osatzen zuten.

Balearretan beste espeziekin batera kolonia mistoak osa ditzake, adibidez gabai balearrarekin (Puffinus mauretanicus) batera.

Batzuetan arrantza jardunean ari direnean izurdeekin eta atunekin partekatu dezakete arrantza edo ehiza eremua.

Parasitoak aldatu

3 zorri espezie ezberdinek, arkakuso batek, akain batek eta gutxienez 5 akaro espezie ezberdinek parasitatzen dute gabai arrea. Parasito hauen kopurua eta proportzioa ezberdina izan daiteke ale eta kolonia ezberdinen artean.

Harrapariak aldatu

Gizakiak eraman eta sartutako harrapari naturalizatuak dira espezie honen harrapari nagusiak, batez ere etxe-katu naturalizatuak eta arratoiak (bereziki arratoi beltza). Hauek arrautzak, txitak eta hein txikiago batean helduak ehizatzen dituzte. Katu naturalizatuen kopuru handi batek kalte handia eragin diezaioke gabai arrearen kolonia bati eta sartutako harrapari naturalizatu hauek dira itsas hegazti honen populazio dentsitateari (batez ere arrautzak eta txitak ehizatuz) presio handien egiten diotenak.

Bestalde, harrapari naturalen kasuan, marikaka espezie handiek eta kaio espezie handiek noiz behinka eta han hemenka arrautzak, txitak eta ale gazteak edo zaurituak hil ditzakete, baina ez du suposatzen presio handiegirik populazioen dentsitatean. Helduek ez dute harrapari askorik.

Gabai arreak zuloetan eta haitzuloetan egiten ditu habiak eta koloniak, beraz harrapari gutxi dago horra irits daitekenik.

Kontserbazioa aldatu

Mundu mailan "Kezka Txikia" gisa katalogatuta dago IUCN zerrendan. Hala ere, egoera ez da berdina tokian toki. Herrialde batzuetan arrisku handiko egoeran dago eta beraz tokian tokiko kontserbazio egoera ezberdina da. Mundu mailako populazioa beheranzko joeran dago, eta horren erantzuleak habitataren suntsipena, gizakiak kolonia uharteetan sartutako animalia naturalizatuak eta kutsadura dira.

Kutsaduraren mehatxua bi arlotan ematen da, lehenik eta behin itsasoan isuritako erregaiek eta istripuetan isuritako petrolioak mehatxu handia suposatzen diote hegazti espezie honi jokaera taldekoia duelako, alegia, taldeka ibiltzen den espeziea da eta itsasoko zonalde bat kutsatzen bada kolonia zati handi bati eragingo dio. Bestetik argiaren kutsadura aipatu behar da, gabai arrea koloniarako bidea gauez egiten duen hegaztia da, askotan argiteriagatik desorientatu egiten da ondorio larriekin (istripuak...).

Irudiak aldatu

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Harrison, Peter (1983): Seabirds: An Identification Guide. Croon Helm, Beckenham. ISBN 0-7099-1207-2


  Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.