Frantzisko Fernando Isidro Austriakoa

Filipe IV.a Espainiakoaren seme sasikoa

Frantzisko Fernando Isidro Austriakoa (Madril, 1626ko maiatzaren 15a - Eibar, 1634ko martxoaren 11) Espainiako Filipe IV.aren sasiko semea izan zen, haurra zela hil zena, bizitako urte gutxien erdiak Euskal Herrian (Eibarren) igaro zituena.

Frantzisko Fernando Isidro Austriakoa
Bizitza
JaiotzaMadril1626ko maiatzaren 15a
HeriotzaMarkeskua jauregia1634ko martxoaren 11 (7 urte)
Hobiratze lekuaPanteón de Infantes
Familia
AitaFilipe IV.a Espainiakoa
AmaCatalina Manrique
Jarduerak

Biografia aldatu

Filipe IV.a Espainiakoak 17. mendearen lehen zatian ezkontzaz kanpo izandako seme-alaba ugarietako bat izan zen. Ama Catalina Manrique izeneko nerabe bat izan zen, eta haurra Manrique honen etxean, Charelako Markesen etxean, jaio zen Madrilen, Catalinaren gurasoak gorteko nobleak baitziren. Jatorri horrengatik El Charelo ezizenaz ezaguna izan zen mutikoa.[1]

Haurra amarengandik banandu zuten erregearen aginduz, eta 4 urtez Madrilgo beste etxe noble batean egon zen, Ogasun Kontseilariarenean (Baltasar Álamos de Barrientos). Ama, bere aldetik, Burgosko monja konbentu batean sartu zuten.

 
Markeskua jauregia, erdian, Frantzisko Fernando Isidro bizi izan zen eta hil zen Eibarko etxea.

Ondoren, Juan Isasi Idiakez noble euskaldunarekin, Eibarren egoitza zuen Isasiko Markesarekin, akordioa erdietsi zen Isasik hezi zezan mutila. Dokumentua sinatu zen 1631ko ekainaren 1ean zaintza gortean hori ofizialki emanez, eta haurra erregeren seme zela ziurtatuz, sinatzaileak izan zirelarik erregea bera, Olivaresko Konde-Dukea, Isasiko markesa eta Jerónimo de Villanueva Erresumako Protonotarioa eta Estatu Idazkaria. Handik gurtxira Isasiren etxera joan zen bizitzera Frantzisko Fernando, Eibarko Markeskua jauregira. Haurtzaroko hurrengo urteak Eibarren bizi izan zituen, baina 8 urte bete aurretik Markeskuan bertan hil zen, 1634ko martxoaren 11n.

Gorpua San Lorenzo de El Escorialera eraman zuten, non erregeak berak jaso zuen, eta bertako errege panteoian ehortzi zuten.

Ez dirudi Frantzisko Fernandoren heriotzak zalantzarik sortu zionik Filipe IV.ari Juan Isasik eman zion tratuaz, zeren haren legezko seme Baltasar Karlos printzearen irakasle eta zaindari izateko izendatu baitzuen Isasi, beste semea hil eta gutxira, 1634ko azaroaren 12an. Printze hau ere, oinordeko ofiziala eta Asturiasko Printzea, gazte hil zen (Zaragozan), 16 urterekin, baina gortera lotua bizi izan zen, ez Eibarren bere anaiordea bezala.

Erreferentziak aldatu

  1. Moreno Meyerhoff, Pedro. (2008). «Ascendencia y descendencia de D. Juan de Isasi Idiáquez, I Conde de Pie de Concha» Hidalguía: la revista de genealogía, nobleza y armas (328-329): 469–518. ISSN 0018-1285. (Noiz kontsultatua: 2023-05-19).

Kanpo estekak aldatu