François Rabelais

idazle frantziarra

François Rabelais (La Devinière, Chinonetik hurbil, 1483/1494 bitartean - Paris, 1553ko apirilaren 9a) frantziar idazlea izan zen. Literatura satirikoaren maila gorena lortu zuen Gargantua eta Pantagruel obra ospetsuarekin.

François Rabelais

Bizitza
JaiotzaSeuilly eta Chinon, XV. mendea
Herrialdea Frantziako Erresuma
BizilekuaHouse of Rabelais (en) Itzuli
Lehen hizkuntzafrantses ertaina
HeriotzaParis, 1553 ( urte)
Hobiratze lekuaParis
Familia
AitaAntoine Rabelais
Ezkontidea(k)ezkongabea
Hezkuntza
HeziketaMontpellierreko Unibertsitatea
Poitiersko Unibertsitatea
Hizkuntzakfrantses ertaina
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, mediku idazlea, monjea, eleberrigilea eta umorista
Lan nabarmenak
MugimenduaLibrepentsalaria
pizkundeko humanismoa
Izengoitia(k)Seraphin Calobarsy, Alcofribas Nasier, Maistre Alcofribas Nasier eta M. Alcofribas
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna
Erlijio-ordenaFrantziskotarren Ordena
Beneditar

Musicbrainz: 49f6cad9-f4e6-4822-a5af-eb9d455c7d1c Discogs: 750556 Edit the value on Wikidata

Idazle humanista izan zen, parodiaren bidez bere garaiko arazorik larrienak plazaratzen zituena. Fede handia erakutsi zuen gizakiaren izaerarekiko eta zientziarekiko, eta kritika zorrotzak egin zizkion Elizari eta hark bultzatzen zuen hezkuntza-sistema atzerakoiari. Errukirik gabe satirizatzen zituen dogma guztiak, eta kristautasun humanista defenditu zuen, muturreraino eramandako katolizismo eta protestantismoaren aurrean. Bere ideiengatik pertsegitu zuten Erromako Elizak eta baita Sorbonako Unibertsitateak ere eta Nafarroako erregina izandako Margarita Angulemakoak babestuko zuen, Meauxen lehenbizikoz eta Nafarroako Errege Gortean, Néracen, geroxeago. Han idatzi zuen Rabelaisek Gargantua eta Pantagruel eta euskarazko hitzak sartu zituen Gargantua liburuko V. kapituluan eta ahapaldi bat Pantagruel obrako IX. kapituluan.

Bizitza aldatu

Aditu batzuen arabera, 1483an jaio zen, eta beste batzuen arabera 1494an. Haren aita erregeren legegizona zen eta La Devinièren, Chinondik hurbil, bizi zen bere familiarekin. Haurtzaroa inguru hartan igaro zuen Rabelaisek; izan ere, inguru hartako oroitzapenez beterik dago haren lana. Frantziskotarra izan zen Fontenay-le-Comteko komentuan (Poitou), eta han egin zituen literatura ikasketak. Guillaume Budérekin izan zuen eskutitz bidezko harremanak erakusten duenez, maila handiko ikasketak egin zituen; besteak beste, grekoz eta latinez idazten zion lagun hari.

1523an Erasmok Lukasen ebanjelioaren grekozko testuari buruz egin zuen komentarioa argitaratu zuen, eta argitalpen horrek eraginda, Frantzian grekoa ikastea debekatu zuten Sorbonako teologoek. Rabelaisek urte asko eman zituen grekoa ikasten, eta debeku haren ondorioz, 1525ean Saint-Pierre-de-Maillezaiseko beneditarren komentura joan zen, giro jasankorragoa aurkitzeko asmoz.

1527. urteaz geroztik komentuko bizitza utzi eta Frantziako unibertsitateetako hirietan bizi izan zen. 1530ean Montpellierko Medikuntza fakultatean sartu zen eta hiru hilabetetan batxiler titulua eskuratu zuen (1537an doktore zen). Oso denbora gutxian ospe handia lortu zuen mediku-filologo gisa; Giovanni Manardiren eskutitzak eta Hipokratesen Aforismoak argitaratu zituen (1532). Urte horretan bertan, Lyongo ospitaleko mediku zela, Les horribles et épouvantables faits et prouesses du très renommé Pantagruel Roi des Dipsodes, fils du Grand Géant Gargantua («Dipsodoen errege Gargantua erraldoiaren seme zen Pantagruel ospetsuaren gertaera eta balentria izugarri eta beldurgarriak») argitaratu zuen.

 
François Rabelaisen etxea Metzen

1534an lehenbizi, eta 1535ean ondoren, Erromara joan zen Parisko apezpiku zen Jean du Bellayrekin; garai hartan Geoffroy d'Estissac-i idatzi zizkion eskutitzak Erromako bizitzaren kronika dira. Bien bitartean, 1534an La vie très horrifique du grand Gargantua, père de Pantagruel («Pantagruelen aita Gargantua handiaren neurriz gaineko bizitza») idatzi zuen. 1539-1543 urteen bitartean Piemonten izan zen Rabelais Guillaume du Bellay gobernariarekin, eta bitarte horretan idatzi zuen Les stratagèmes...du...chevalier de Langey («Langeyko zaldunaren amarruak»). Garai horretan bere eleberriaren lehenengo bi liburuak berrargitaratu zituen hainbat zuzenketa egin eta gero, Sorbonak zentsura gogorra ezarri baitzion.

1546 kaleratutako Le tiers livre des faicts et dicts héroïques du bon Pantagruel («Pantagruel onaren gertaera eta esaera heroikoen hirugarren liburua») lanak ere zentsura latza izan zuen, eta Rabelaisek babesa bilatu behar izan zuen; hala, denboraldi batez, Metzen bizi izan zen. 1547an egin zuen hirugarren bidaldia Erromara Jean du Bellayrekin eta Henrike II.aren seme gazteenaren jaiotzaren ohorezko jaiei buruzko kontakizuna argitaratu zuen (Schiomachie et festins faits à Rome au palais de mon seigneur reverendissime cardinal du Bellay, pour l'heureuse naissance de mon seigneur d'Orléans).

1548-1552 urteen bitartean Le quart livre des faicts et dicts héroïques du bon Pantagruel («Pantagruel onaren gertaera eta esaera heroikoen laugarren liburua») argitaratu zuen; liburu hori ere zentsuraren helburu izan zen eta, ziur asko, Rabelais espetxera bidali zuten. Rabelaisen bizitzako azken urteei buruzko daturik ez dago ia; apostasiaren barkamena eskatu zion aita santuari, eta Meudongo parroko izendatu zuten hil aurretik.

Rabelaisen idazgintza aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Gargantua eta Pantagruel»
Gargantua eta Pantagruel

V. Kapitulua: Edaleen elkarrizketa [1]

Ondoren, askaria han bertan hartzea erabaki zuten, eta hasi ziren flaskoak batetik bestera ibiltzen, urdaiazpikoak trostan, edalontziak hegan eta kopak tintin egiten.
- Bota, dantza, itzuli, nahasi.
- Kendu niretik ura, honela adiskide.
- Zigor nazazu edalontzi horrekin, adeitasunez.
- Botaidazu ardo gorria edalontziak negar egin arte.
- Egarriz izerditzen gara.
- Gartsu samar zaude, adiskide.
- Normala da.
- San Quenesen sabelagatik, aritu gaitezen edateari buruz!
- Nik nire orduetan baino ez dut edaten, Aita santuaren astoak bezala.
- Nik nire otoitz orduen liburuan besterik ez dut edaten, aita zaindari onak bezala.
- Zer izan zen lehenbizi: egarria ala edaria?
- Egarria, bestela nork edango zukeen lañotasun denboran egarririk gabe?
- Edaria, Privatio presupponit habitum delako. Ni apaiza naiz: Faecundi calices, quem non fecere disertum?
- Guk, inozo, egarririk ez dugunean baino ez dugu edaten

Rabelais Frantziako Pizkundeko intelektual handienetako bat izan zen, eta bere obra paregabea izan da hainbat garaiko literaturan. Pantagruel pertsonaian oso nabarmen erakusten du zientzian eta zuhurtasunean oinarritutako bizitza ideala, izadiarekin ados bizitzearen aldeko jarrera hain zuzen. Naturalismoa, kultura klasiko aberatsa, izpiritu tolerantea eta bihozbera, jakintzaren alor guztietarako jakin-mina; ezaugarri horiek guztiak indar handiz agertzen dira Rabelaisengan.

Rabelaisen hizkuntzaren oparotasuna izugarria da, eta medikuntza, nekazaritza, merkataritza, literatura, erlijioa, eta beste hainbat alorretako hizkuntza teknikoak erakusten ditu bere lanetan; horrezaz gainera, hizkuntz asmazioak eta deformazioak ere ugariak dira: guztia egokitzen zaio narrazioari. Zehaztasun filosofikotik hasi eta txantxa arrunterainoko bidea egiten du, bestalde, narrazio horrek. Komikotasuna, hizkuntzaren bizkortasuna eta hizkuntza sortzeko gaitasuna dira Rabelaisen obraren ezaugarri nagusiak. Elkarren ondoan jartzen ditu komikotasuna batetik, eta bestetik, larritasuna. Errejistro, diskurtsu eta egoera nahasketa izugarria da, eta oso zaila da horien arteko hierarkia bat osatzea.

Lanetarako materiala hiru eremutatik hartzen du Rabelaisek: ahozko tradizioa eta herritarra, humanista eta hurbileko errealitatea. Azken eremu horretatik hainbat gai hartu zituen: gerra, inperioa (zentzu orokorrean eta zehatzean), hizkuntza, inprimategia, bolbora, gosea, kolonialismoa, ezkontza, hezkuntza... Baina egoera horiek erabat itxuraldatzen ditu egileak hainbat eragileren bidez: gai horiek hainbat egoeretan sortzen dituzten diskurtsuen bidez, batetik, eta bestetik, nobelaren fikzioaren eta egoera barregarrien bidez. Azkenik, maila horietan guztietan gai nagusi bat, erraldoikeriarekin, gorputzarekin, sexuarekin, janarekin eta edariarekin zerikusia duena, hain zuzen. Hori guztia da komikotasun argi eta zorrotzaren oinarria, zeinetan zaharkeria eta arrunkeria umore apartaren osagaia besterik ez diren.

Pantagruelen leinuaren ezaugarrietako bat erraldoikeria da, eta ezaugarri horren alderdi onak eta txarrak hartzen ditu Rabelaisek. Janariaren eta edariaren gaiak, sexuaren gaiarekin batera, gorputzaren eta bizitzaren atseginak goresten ditu. Baina obraren osotasunean garrantzi gehien duen erreferentzia elkarbizitzarena da. Banketearen gaiaren bidez, gizakiaren gizarteratzea adierazten du; atsegin fisikoak eta intelektualak biltzen ditu horretan, eta zenbaitetan baita izpirituari dagozkien arazoak ere.

Dena dela, Rabelaisen obraren osagai nagusia hizkuntza da, hizkuntza oro har. Rabelaisek ez du mundu opako bat erakusten, mundu absurdua baizik. Eta hori, zalantzarik gabe, askoz ere pozgarriagoa da. Hizkuntzaren bidez, egileak atsegin ematen dio irakurleari; eta ekintza horren bidez, egilearen sormena nabarmentzen da, eta horrexegatik goraipatu zuten Rabelais hizkuntzaren artista handiek, Gustave Flaubertek eta Louis-Ferdinand Célinek, besteak heste. Euskarazko hitzak sartu zituen Gargantua liburuko bosgarren kapituluan, eta ahapaldi osoak Pantagruel obrako 9. kapituluan.

Erreferentziak aldatu

  1. Rabelais, François. Gargantua eta Pantagruel, V. Kapitulua. in: Lur erredakzioak euskaratua, Lur Entziklopedia Tematikoa, 1999. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-06-21).

Kanpo loturak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: François Rabelais