Federiko Garralda

albaitari eta euskal idazlea

Federiko Garralda Argontz (Otsagabia, 18811929ko urria) albaitari eta euskal idazlea izan zen. Ziriako Garralda idazlearen semea izan zen.

Federiko Garralda

Bizitza
JaiotzaOtsagabia, 1881
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza1929ko urria (47/48 urte)
Familia
AitaZiriako Garralda
Hezkuntza
HeziketaZaragozako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakalbaitaria eta idazlea

Bizitza aldatu

Federiko Garralda 1881ean jaio zen, Otsagabiko Garralda etxean (Zaraitzu, Nafarroa), albaitari tradizioko familia karlista eta oso kristau batean. Ziriako Garralda Sanzet eta Viktoria Argontz zituen gurasoak, eta sei anai-arreba izan zituen, denak euskaldunak. Zaraitzuera babesteko lanean jardun zuten anai-arreba horietako batzuek, Tiburtziok, esaterako, anaia zaharrenak. Aitaren eta aitonaren moduan, Otsagabiko albaitaria izan zen Federiko. Aitak bezala, konpromiso handia hartu zuen Zaraitzuko euskara defendatzeko, euskalkiaren gainbehera sumatzen hasi zenean. Gizon humanista ere izan zen, eta letrak zientziak bezainbeste landu zituen, eta, horregatik, jarduera bikoitza izan zuen: albaitaria eta literatoa. Jakin badakigu historiazalea eta hizkuntzazalea ere izan zela. Euskara eta gaztelania ongi jakiteaz gain, frantsesez ere bazekien, eta esperantoa ikasteko ere interesa erakutsi zuen (ez dakigu zenbaterainokoa, ordea).[1] Euskara aldarrikatu eta defendatu zuen, garaiko elkarte aktiboenekin batera, eta batez ere zaraitzuera ezagutarazten saiatu zen, hamabost artikulu eta idazki ugari eginda. Lan horrengatik uste zuten askok Federiko zela «Sarasaitzu‘ko euskal-idazle ikasiena eta langil̄eena».

Albaitari gisa aldatu

 
Federiko Garralda, Zaraitzuko euskaltzalea: «Xardoki anitz euskaraz alkerik gabe. Beti aurrer Euskaraz xardoki, eta guzien gañetik, orit Euskaraz minzatu zuela gure aita t’amak, eta kala nola ayek egin baitzien ayen aldez, egin biar ziena guri erakusteko, eta etzadien gal Euskarara; gisa berian eginzagun guk».

Zaragozan ikasi zuen, eta, bere jardunean, abereen garatxoen kontrako produktu bat asmatu zuen: Garitxailzalea. Horrez gain, 1923an Asociación Nacional Veterinaria Española elkarte sortu berrian bazkidetu zen, eta beste albaitari batzuk saritzeko diru-bilketetan parte hartu zuen, birritan gutxienez. Urte berean, abereen garatxoak kentzeko produktua asmatu eta merkaturatu zuen, Garitxailzaléa («garatxo hiltzailea») izenekoa. Behin baino gehiagotan iragarri zuten produktua La Semana Veterinaria aldizkarian. Urte batzuk geroago irakaskuntzan ere aritu omen zen, eta osasun-abere irakasle gisa ibili zen hara eta hona. Abere-lehiaketa baten antolakuntza lanetan aritu zen Otsagabian 1927ko urrian

Honetaz gain, liburuan diotenez, jakintza horrengatik miresten zuten haren lankideek. Hark zuen lanari lotutako kontakizunak behin eta berriro ageri dira zaraitzueraz egin zituen testuetan. Are, abelgorriaren ezaugarriei eta historiari buruzko tratatu sakon bat itzuli zuen frantsesetik euskarara.[2]

Idazle eta euskaltzale gisa aldatu

1915 eta 1925 artean, Euskal-Esnalea aldizkarian argitaratu zizkioten testuak.

Federikoren literatura Ziriako eta Tiburtzio Garraldaren eraginez sortu zen, hau da, aita eta anaiaren euskal kontzientziaren aldeko lanaren ondorioa izan zen. Alta, hiru senideek ez zuten euskara salbatzeko ikuspuntu berbera. Ziriako eta Tiburtzioren aburuz, aurreko euskaltzaleen pentsamenduari segituz, hizkuntza salbatzeko aski zen dotrina euskaraz irakastea, baita mezetan eta aitorpenetan euskararen sustapena bultzatzea ere. Federiko, aldiz, hizkuntza modernizatu beharraz jabetu zen: euskara bizirik zegoen, eta bizirik jarraitzeko eboluzionatu beharra zuen, XX. mendeko testuingurura egokituz. Euskara erabili behar zen erregistro akademikoan eta zientifikoan, eta estetikoan ere bai , eta hala egin zuen haren artikuluetan.

1911n Ziriakoren lehenengo artikulua «Nola den Sarasaitzuko euskara egungo egunean» argitaratu eta gero, Federiko euskalkiaren enbaxadorea bihurtu zen. 34 urte zituela, zaraitzuera ezagutarazi zuen Hego Euskal Herrian. 1915etik 1927ra bitartean, 13 artikulu idatzi zituen euskaraz, gehienak Donostiako Euskal Esnalea aldizkarian. Beste testu bat idatzi zuen gaztelaniaz, euskal izenburuduna (Ni len!, 1927), Euskalerriaren Alde euskal kultur aldizkarian. Azkenik, «Aurrendako dostatzia, da osasuna bilatzia» haur-jolasen bilduma idatzi zuen, eta Iruñeko Udalak argitaratu eta saritu zuen lan hori 1926an. Bilduma horrek umeendako 13 ipuin zituen, eta bi zatitan banatua zegoen.

Badirudi beste bi idazki ere egin zituela: «El Castillo de Irati» eta «El producto de la oveja navarra es para los navarros». Bi lanak gaztelaniaz idatzi zituen, eta badakigu bazirela, sarituak izan zirelako, baina ez ziren argitaratu.

Ezaugarri orokorrak aldatu

Federiko Garraldaren literatura askotarikoa da eta arlo dezente lantzen du. Badira asmakizunak, txisteak, ipuinak, elkarrizketa kostunbristak, Otsagabiko egun garrantzitsuen kronikak eta ibarraren historiarekin lotutako mugarri historikoak. Horrez gain, abelgorriari buruzko albaitari tratatu bat (frantsesetik gaztelaniara itzulitako testu baten amaitu gabeko euskaratze-lana) eta Otsagabiko garai hartako haur-jolasen bilduma. Gaiak ere era askotakoak dira: euskararen galera, abelgorriaren zaintza, zerri-hiltzearen eguna (matatxerria), Muskildako Amaren debozio erlijiosoa, indianoen bidaiak Ameriketara; Pirinioetako artzainen transhumantzia Erriberara… Badira gertaera historikoak ere, Erronkari ibarreko biztanleen Abderramanen aurkako gerra, adibidez, Otsagabiko gari-jotzearen ohiturak, eta supazterreko dibertimendua (txisteak, asmakizunak eta haur-jolasak).

Ondarea aldatu

1929ko urrian zendu zen eta beherala gorazarrea idatzi zion, Pablo Fermin Irigaraik, Larrekok, Federiko Garraldari. Beste adibide bat aipatzearren, 1934ko ekainaren 14an,Zaraitzuko euskal festetan, Federiko Garraldaren hilondoko irakurketa ere antolatu zituzten, beste jarduerekin batera (meza, antzezlanak, etab.).

Gerra zibila eta gero, batez ere Frankismoaren lehenengo aroan, euskal idazleen memoria ezkutatuta egon zen. Hala ere, 1960ko hamarkadan, hainbat euskal idazle gogoratu zituzten berriz Euskal Herriko egunkariek. Aingeru Irigaraik, Apat-Etxebarnek (Larrekoren semeak) Zaraitzuko euskara, euskaltzaleak eta Federiko Garraldar bera aipatu zituen Diario de Navarra-ren artikulu batean.

Azken hamarkada hauetan, Joxe Miel Bidador[3] eta Kike Diaz de Ulzurrun bezalako idazleek gogoratu dute hainbat liburu eta artikulutan nor zen eta zer egin zuen Federikok. Horrez gain, idazle zaraitzuarraren inguruko liburu bat argitaratu da berriki: Euskal pizkundea Zaraitzuko ibarrean. Federiko Garralda Argontz eta haren ingurua (1881-1929).

Erreferentziak aldatu

  1. Garralda, Eduardo; Pulido, Alejandro eta Auzmendi, Iñigo, Euskal pizkundea Zaraitzuko ibarrean. Federiko Garralda Argontz eta haren ingurua (1881-1929), Lamiñarra, Iruñea, 2019, 59. orr.
  2. «Zaraitzuko memoria pizten» Berria 2019-11-30 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  3. BIDADOR, Joxe Miel, Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra, Iruñea, Pamiela, 2004.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu