Eutrofizazioa da elikagaiak kontzentrazio handietan pilatzea ekosistema batean, batez ere ur-ekosistemetan (aintziretan, ibaietan, itsasoan...). Materia nutritiboaren sarrera bere kontsumoa baino handiago duen ekosistema bat eutrofiko bihurtzen da denborarekin, elikagaien ugaritasuna dela-eta. Eutrofizazioa eragiten duten elikagai nagusiak nitratoak, fosfatoak eta materia organikoa dira. Lehenengo biak hazkundearen faktore mugatzaileak direnez, beren ugaritasunak landareen hazkundea, batez ere, areagotzen du.

Potomac ibaiaren eutrofizazioak berde kolorea ematen dio urari, zianobakterio asko hazten direlako

Eutrofizazioa, gehienetan, giza-kutsaduraren ondorio zuzena da. Industriak, nekazaritza-jarduerak eta hondakin-urek, esaterako, fosfato asko dituzten garbigarri edo detergenteak daramatzate, eta baita materia organikoa ere. Nekazaritza-jardueran erabilitako ongarriak, bestalde, nitratoz aberatsak dira. Material horiek guztiek ibai, laku edo itsasora isurtzen direnean beren eutrofizazioa eragiten dute, landareen (batez ere algen) gehiegizko hazkundea sortuz.

Algen eta fitoplanktonen hazkunde handi horrek geruza bat sortzen du uraren gainean, argiaren sarrera oztopatzen duena. Ondorioz, uraren hondoan fotosintesia ez da gertatzen, eta oxigenoa kontsumitzen duten prozesu katabolikoak nagusitzen dira (materia organikoa ugari delako). Modu horretan uraren oxigeno-kontzentrazioa asko jaisten da, giro hipoxikoa -oxigenorik gabekoa- eutrofizazioaren ondorioetako bat izanik.

Oxigenorik eza horrek bizidun askoren heriotza eragiten du (arrainena, adibidez). Eutrofizazioak epe laburrean ur-ekosistemaren bizia areagotzen badu ere, epe luzean kaltegarria da, bizidun askoren desagerpena bultzatzen duelako. Horregatik mundu mailako arazo ekologiko nagusietako bat bihurtzen ari da (Europan, esaterako, lakuen %53ak eutrofikoak dira)

Kanpo estekak aldatu