Makila
Makilaren irudia
Euskal makila baten irudia. Adarrez eginiko heldulekua, larruz estalitako kirtena eta alpakazko osagaiak ditu.
Ezaugarriak
Mota Ikur kulturala, arma edo lanabesa.
Lekua  EH
Materiala zura eta altzairu herdoilgaitza

Euskal makila Euskal Herrian usadioz erabili izan den makila da. Gaur egun euskaldunon ikurretako bat bilakatu da. Irlandako shillelagharen antza du.

Hitza aldatu

Latinezko bacillam (erromatarren garaiko ahoskera: [bakilam]) hitzetik eratorria da eta euskalki guztietan erabiltzen da: euskalki batetik bestera alde txikiren batzuk baizik ez daude.

Euskalkietan aldatu

Euskaraz, egungo forma idatzi nagusia makila da, Euskal Herri osoan. Iparraldean ere hala da,[1] baina makhila forma ere erabiltzen da zenbait testutan.[2] Ahozko euskaran, hainbat aldaera ditu: makhil, makhila, makhilla, makil, makila, makill, makilla.

Erdaretan aldatu

Euskal Herrikoaz mintzatzean, frantsesez gehienbat makhila zein makila hitzak erabiltzen dira;[3][4] gaztelaniaz eta ingelesez ere makila da.

Erabilera aldatu

Euskaldunon artean, lau funtzio bete izan ditu:

  1. Batetik, bideetan zehar ibiltariaren lagungarri izatea.
  2. Bestetik, arma gisa erabil ahal izatea; horregatik, makila askok bere barnean eta heldulekua kanporantz ateraz gero, ezpata bat izaten dute.
  3. Aginte edo ohorezko makila gisa. Ohikoena elkarte edo erakunde bateko buruek jasotzea da.
  4. Estimua edo begirunea zaion norbaiti opari gisa eskaintzea.

Mitologia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Makilakixki»

Osagaia aldatu

Mizpiraren desagertzearekin bat, makilak egiteko sarritan gaztainondoaren zura erabili ohi da.[5]

Atalak aldatu

Gorputzaz gain euskal makilak honako atal hauek ditu:

  1. Heldulekua: adarrez egina dago. Antzina idiaren adarra erabiltzen zen.
  2. Ezpata edota altzairuzko arima: heldulekuaren azpialdean doa. Altzairu herdoilgaitzez eginda dago.
  3. Zorroa: larruzko heldulekuari eutsita doa eta une berean heldulekua presionatzen du. Esaera eta aipuak grabatu edo lantzen dira, betiere jabea edo bezeroaren gustu edo nahieraren arabera.
  4. Kirtena: antxume larruz estalitako tutu bat da. Antxume larruazko hainbat zati luze ebaki ondoren, artisauak tutua estaltzeko asmoz, elkar gurutzatu eta lotu egiten ditu. Halere, ohorezko makilak zilar edo alpakazko brida bat izaten du.
  5. Mizpira zura: itxura bereziko formez apainduta egoten da. Mizpira artisauak aurretik landutako zauriak sendatu ondoren, bere burua erliebe originalez apaintzen duen zur mota bakarra da. Horregatik, makilak egiteko zurik estimatuena da.
  6. Makilaren behealdean, beste zorro bat jartzen da. Hor, artisauak euskal grafiaz apainduriko gaiak lantzen ditu.
  7. Punta: lurzorua ukitzen duen makilaren atala da. Altzairu herdoilgaitzezkoa izaten da.

Leloak aldatu

Makilak ukitu pertsonala darama, eta duen karga sinbolikoaz gain, jabe bakoitzak bere esanahia eta helburua finka diezazkioke. Horretarako, artisauari makilan zer bozeldu edo landu behar duen esatea besterik ez dago.

Irudimenarentzako txoko hori makilaren goialdeko zorroa da. Esaldi laburrez osaturiko eskaintzak idazten dira bertan, horretarako esanahi handia duten hitzak aukeratuz. Makiletan paratzen diren eskaintzen artean, badira ohizkoak eta bitxiak. Adibidez, zera irakur daiteke:

  • Hitza hitz
  • Hitzemana zor
  • Ihes etsaiak
  • Nerekin beti zuzen
  • Nere bideko laguna
  • Nerekin inoren beldur
  • Nere laguna eta laguntza
  • Idiak adarretik gizona hitzetik

Ikus gainera aldatu

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. makila formaren bilaketa[Betiko hautsitako esteka], Iparraldeko euskal agerkari nagusia den Herria astekariaren webgunean.
  2. Larresoroko makilagile baten webgunea,[Betiko hautsitako esteka] lapurteraz idatzia.
  3. Frantsesezko Wikipediako artikulua.
  4. Le makila, Euskal Herriko makilari buruzko frantsesezko webgunea.
  5. http://www.argia.com/makilak/makzeres.htm[Betiko hautsitako esteka] Argia aldizkaria eta Iñaki Alberdiren eskutik. Argia.com

Kanpo estekak aldatu