Euskal estatubatuarrak

Euskal estatubatuarrak edo euskal amerikarrak (ingelesez Basque Americans) euskaldun jatorria eta estatubatuar herritartasuna duten gizabanakoak dira. Ameriketako Estatu Batuetako 2000ko erroldan, 57.793 estatubatuarrek alde bateko edota euskaldun jatorri osoa dute. Euskal estatubatuar gehien dituzten estatuak Kalifornia (20.868), Idaho (6.637), Nevada (6.096), Washington (2.665) eta Oregon (2.627) dira.

Euskal estatubatuarrak


Biztanleak guztira
57.793
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
Kalifornia: 20.868
Idaho: 6.637
Nevada: 6.096
Washington: 2.665
Oregon: 2.627
Hizkuntza
estatubatuar ingeles, euskara, gaztelania eta frantses
Erlijioa
Gehiengo katolikoa, gutxiengo sekularizatua
Zerikusia duten beste giza taldeak
Euskaldunak

Historia aldatu

Euskal inmigrazioa bere gorenera iritsi zen 1830eko hamarkadako Lehen Gerra Karlistaren ondoren eta 1860ko hamarkadan, Kaliforniako Sierra Nevada mendikatearen inguruetan urrea aurkitu ondoren[1][2]. Euskal etorkinen gaur egungo ondorengoek, batez ere, inguru horretan eta, Sierra Nevadan zehar, Nevadako iparraldean eta, iparralderago, Idahon irauten dute. Kalifornia, Arizona eta Mexiko Berriko egungo estatuak Estatu Batuek bereganatu zituztenean Mexikoko eta Estatu Batuetako gerraren ondoren (1848), milaka euskaldun zeuden Mexikon, batez ere Pazifikoko kostaldean.

1850eko hamarkadan, euskal artzain batzuk lanean ari ziren Cahuenga Valleyn (gaur egun Los Angeles, Kalifornia). 1870eko hamarkadan, Los Angelesko eta Inland Empireko lurren sukarrak, ustez, jada Mexikon zeuden eta Euskal Herrian zeuden milaka euskaldun erakarri zituen, baina informazio horiek ez dira berresten Estatu Batuetako hegoaldean dauden euskaldunen zentsuan, non euskaldunak oso bakanak baitira AEBko zentsuaren txostenetan. 1880ko hamarkadan, euskal immigrazioa Oregon, Utah, Montana eta Wyomingera hedatu zen, eta kopuru askoz txikiagoa iristen zen Arizona, Mexiko Berria eta Texasko hegoaldeko estatuetara. 1895ean euren burua euskalduntzat zuten 10.000 pertsona inguru zeuden Ameriketako Estatu Batuetan. AEBra migratu zuten euskaldunek, Hego Amerikara migratu zutenek ez bezala, ingelesa ikasi behar izan zuten, hizkuntzaren aldetik muga zail bat ezarriz migrazioari.

Euskal estatubatuarrak Bigarren Mundu Gerran aldatu

Euskal herritarrak mendebaldeko frontean ez ezik, Ozeano Barean ere aritu ziren, baita euskal diasporako kide ugari ere. Urte luzez euskara Bigarren Mundu Gerran code talker gisa erabili zela esan da[3], baina mito bat da, ziurrenik AEBko zerbitzu sekretuek bultzatua[4]. Izan ere, euskara ezaguna zen alemanentzat zein japoniarrentzat: Hiroshiman baziren 35 jesuita, Txinan eta Filipinetan baziren pilotari euskaldunen taldeak, eta Asian baziren Falange Españolako kide euskaldunak. Pedro Arrupe zen Hiroshiman (Japonia) zeuden 35 jesuita haietako bat. Hantxe, gerrari bukaera emango zitzaion ekintzaren lekuko izan zen: hiriko bonbardaketa atomikoaren lekuko, alegia[5].

Mitoak mito, euskal diasporako pertsona ugarik hartu zuten parte Pazifikoko Gerran, AEBko militarren adar guztietan[6]. Sancho de Beurko Elkarteak egindako ikerketa batek Ameriketako Estatu Batuetako Marineen Gorputzean parte hartu zuten 48 euskal jatorriko militar aurkitu ditu, gehienak AEBn jaioak, Mexikon jaio zen Federico Clavería[7] eta Euskal Herrian jaiotako André Iratçabal Coscarat urepeldarra izan ezik. Marineen Lehen Dibisioan euskal jatorriko bost marine egon ziren; Gloucester Lurmuturreko guduan, Talaseako guduan, Peleliuko guduan eta Okinawako guduan hartu zuten parte. Bigarren Dibisioak hamahiru euskal marine izan zituen; hor zegoen Laurence Urizalqui Zalba sarjentua, Saipango guduan, Tiniango guduan eta Okinawakoan parte hartu zuena. Hirugarren Dibisioan bi euskal marine izan ziren eta Laugarrenean bost, horietatik lau 24. erregimentuan. Bernard Elissagaray Amestoy erregimentu horretakoa zen, Saipanen borrokatu zuen eta Tinianen zauritu zuten. Bosgarren Dibisioan euskal marine bakarra egon zen, Albert Pagoaga Yribar, Iwo Jimako guduan zauritu zutena. Bere konpainiako 200 kideetatik soilik 32 atera ziren bizirik guda horretatik[8]. Seigarren Dibisioan bi marine izan ziren, horietako bat John Salaberry Berra sarjentua. Gudalcanalgo guduan kide bat salbatzeagatik Zilarrezko Izarra jaso zuen. Tarawako guduan, Saipanen eta Tinianen ere izan zen[6]. Beste bederatzi marine abiazioko kide izan ziren. Agian ezagunena Pete T. Cenarrusa kapitaina izan zen. Horien artean daude Philip Olano Hernandez, Tarawako guduan hil zena. [9], hegazkin instruktorea gerra osoan zehar. Bost izan ziren Pazifiko Gerran hildakoak: Sebastían Garde Baca Tarawako guduan hil zen; Lawrence Erburu Kwajelaingo guduan izan zen, baina Saipango guduan hil zen, alderdi bereko suaren ondorioz[10]; Lawrence Amoriza Guerricabeitia Okinawako guduan hil zen; azkenik, Felix Ordoquihandy Barthelemy gerraren ondoren hil zen Okinawan, itsasoan itota[11].

Euskal estatubatuar ospetsuak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Euskal estatubatuar ospetsuen zerrenda»

Euskal estatubatuar ospetsuen zerrenda luzea da, eta izen-deitura horien guztien artean aipatzekoak dira John Sevier (1745-1815) Tennesseeko lehen gobernadorea, Jose Iturbi (1895-1980) musikagilea, Frenchy Bordagaray (1910-2001) beisbol-jokalaria, Pete T. Cenarrusa (1917-2013) Idahoko estatu idazkari ohia, Paul Laxalt (1922-2018) Ameriketako Estatu Batuetako senataria, John Garamendi (1945-) Kaliforniako gobernadoreordea, Ben Ysursa (1949-) gaur egungo Idahoko estatu idazkaria, John Etchemendy (1952-) Stanfordeko Unibertsitateko nagusia, Joe Ansolabehere (1959-) animazio-gidoilari eta ekoizlea, David H. Bieter (1959-) Boiseko (Idaho) alkatea eta Adam Archuleta (1977-), NFLko jokalaria, beste askoren artean.

Herri-kulturan aldatu

Amerikanuak aldatu

 
Euskal Jaialdia AEBetako Nevada estatuko Winnemucca udalerrian.

Amerikanuak dokumentalak (Berde Produkzioak, 2009) AEBetara joan ziren eta han bizi diren bost amerikanoren testigantzak jasotzen ditu, elkarrizketen bidez. Gernikako Audience musika taldearen soinu bandarekin egin zuten.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

  1. (Ingelesez) Lasagabaster, David. (2008-01). «Basque Diaspora in the USA and Language Maintenance» Journal of Multilingual and Multicultural Development 29 (1): 66–90.  doi:10.2167/jmmd567.0. ISSN 0143-4632. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  2. Douglass, William. (2013-10-03). «Basque Immigration in the United States» BOGA: Basque Studies Consortium Journal 1 (1)  doi:10.18122/B2D13T. ISSN 2325-7628. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  3. «La orden de desembarco en Guadalcanal se dió en vascuence para que no lo descubrieran los nipones», Diario Vasco, 1952-12-26.
  4. (Ingelesez) Oiarzabal, Pedro J.. «El enigma del mito y la historia: ‘Basque code talkers’ en la Segunda Guerra Mundial. La OSS y el Servicio Vasco de Información—la Organización Airedale» Saibigain (Noiz kontsultatua: 2017-06-15).
  5. Aita Arruperen biografia
  6. a b (Gaztelaniaz) «Los otros vascos de la Batalla de Guadalcanal (1942): La Historia frente al mito» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  7. (Gaztelaniaz) «El marine navarro Federico Clavería, primer corresponsal en la SGM» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  8. (Gaztelaniaz) Beurko, Asociación Sancho de. (2020-03-02). «Albert Pagoaga, un marine vasco en la batalla de Iwo Jima» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  9. (Gaztelaniaz) «Pete T. Cenarrusa, amor por lo vasco» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  10. (Gaztelaniaz) «Lawrence M. Erburu, el tercero de los Marines de nuestro calendario, será nuestro héroe del mes de julio de 2018» www.fightingbasques.net (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
  11. «Texasek II. Mundu Gerran borrokatu zuten euskal jatorriko soldaduei omenaldia egingo die» EITB 2023-02-17 (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).