Estajanovismoa edo Stakhanovismoa (errusieraz стахановец, stajanovets) antzinako Sobietar Batasunean jaio eta Aleksei Stakhanov meatzariak sortu zuen langile mugimendu sozialista bat izan zen. Langile mugimendu hau produktibitatearen areagotzean oinarritzen zen, hau langileek euren kaxaz gauzatutako ekimenaren ondorioz etorri ohi zen.

Aleksei Stakhanov meatzaria (eskuinean) eta lankide bat meatzean lanean.

1935eko abuztuaren 31an Donetsk hiriko ikatz meatze bateko Stakhanov meatzariak egun bakar batez 114 tona ikatz ateratzea lortu zuen, hots, ohiko langile bakar batek egun bakarrean atera zezakeen bataz besteko ikatz kopuruaren hamalau bider gehiago. Berria Moskura iritsi zenean, Stalin eta Molotov ohartu ziren industrietako langileei Stajanov imitatzeko deia egitea lagungarria izango zela, gerenteek, teknikoek eta langileek Politburoren politikarekiko zuten erresistentzia eteteko.

Stajanov langile-klaseko heroitzat aurkeztu zuten, eta gertakari honen ondorioz, lan atal guztietan produktibitatearen areagotzea helburu zuen langile mugimendu bat sortu zen, ekimen hau sobietar industria guztian ezarri zelarik.

Langile mugimendu honek sekulako eragina izan zuenez, jada 1935an bere lehenbiziko biltzarra Moskuko Kremlin jauregian ospatu zuen, Stalinen goraipamena bereganatu zuelarik. Halere, denbora laburrean estajanovismoak langileen artean soldata ezberdintasunak eta arazoak ere sortu zituen.

Bestalde, langile mugimendu honek industria eta meatzaritzan Kolkhoz izeneko kooperatiben amaiera ere eragin zuen, nekazaritza eta landa eremuetara mugatzea lortu zuelarik.

Enpresetan estajanovismoa kritikatzen zutenak atxilotu egiten zituzten, probokatzaile izatea leporatuta. Bestalde, estajanovistek emaitza onak izanda ere, badirudi guztiz motibatuta egoteaz gainera, beste langileak baino material hobeagoa zutela. Aldi berean, batzuetan emaitzak "puztu" egin ziren erregimenaren aldeko propaganda lortzeko asmoz.

Alegoria kritiko bat eginez, Abereen etxaldea delako ipuinean, estajanovista papera egiten zuena Boxer zaldia zen.

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu